187. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

318/2016 FORU AGINDUA, irailaren 8koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Haren bidez, arauak ezartzen dira 2016-2020 epean lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak erregulatzeko, eta laguntzen deialdia onesten da 2016. urterako.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruz 2013ko abenduaren 17an emandako 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, 14. artikuluan, neurri bat ezartzen du ezagutzen transferentziari eta informazio jarduerei buruz.

Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduak xedapenak ezartzen ditu aurreko idatz-zatiko erregelamendua aplikatzeko.

Abenduaren 19ko 1080/2014 Errege Dekretuak ezartzen du 2014-2020 epean landa garapenerako programak kudeatzeko agintaritzen koordinazio araubidea.

2014-2020ko landa garapenerako esparru nazionalaren agiriak estatuko eta erregioetako programen estrategiak garatzen ditu, koadro finantzarioa bildu eta landa garapenerako neurriak aplikatzeko baldintzak harmonizatu.

Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko landa garapenerako programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntzak ematearen ondorioetarako, 2015-2020 eperako.

Programa horretako 1. neurriak “Ezagutzen eta informazioaren transferentziaren jarduerak” du izena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikulua aplikatuz. Neurri hori horizontala da programazio estrategikoaren testuinguruan eta lagungarria da EBko focus arearen landa garapenerako erlazio handi baterako eta lehentasun guztietarako, hala nola: nekazaritzari buruzko ezagutzen eta berrikuntzen transferentzia, ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzari lotutako ekosistemen lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baliabideen eraginkortasuna sustatzea eta landa eremuen gizarteratzea eta garapen ekonomikoa garatzea.

1. neurri horren barrenean zenbait azpi neurri daude, hala nola 1.1 azpineurria, lanbide heziketaren jarduerei eta trebetasunak eskuratzeari buruzkoa. Azpineurri hori erregulatzen duten arauak foru agindu honetan garatzen dira. Azpineurri horren jardueretan, berariazko bilkurak eginen dira talde hartzaileen prestakuntza helburuak erdiesteko neurri zehatzetan, edo gaiaren araberako bilerak edo foroak gai zehatzei heltzeko.

Zehazki, azpineurri horrek bat egiten du, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.1.c) artikuluari jarraituz, Europar Batasunaren landa garapenerako lehentasunarekin, etengabeko ikaskuntza eta lanbide heziketa sustatzen baititu nekazaritzaren sektorean.

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapenerako neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14 artikuluan ezarritako xedapenen eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 47. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.43478 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Foru agindu honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Foru agindu honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta ekitaldi honetan aurrekontuan dagoen diru erabilgarria.

Foru agindu hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.–Arauak onestea.

Arauak onesten dira 2016-2020 epean lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak erregulatzeko, I. eranskinean jasotzen den moduan, eta foru agindu honen II. eranskinetik VII.era bitartekoak onesten dira.

Lehen xedapen gehigarria.–2016rako laguntzen deialdia.

1. Deialdia onesten da 2016an lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak emateko.

2. 2016an laguntzen eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak.

235.563 euroko gastua baimentzen da, 2016ko Gastuen Aurrekontuetako ‘’Prestakuntza jarduerak. Landa Garapenerako Programa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa 2014-2020’’ izeneko 710000 71210 4400 412109 kontu-sailaren kargura, foru agindu honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko. 2016an guztira eskatutako zenbatekoak kreditu baimendu hori gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sailean erabilgarri dagoen kreditua deialdi honi erantsiko zaio.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Diru-laguntzen deialdiaren erregistroa.

Arauok eta diru-laguntzen deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzeko agintzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 8an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako
Programaren 1. neurriko lanbide heziketaren jardueretarako
eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak erregulatzen
dituzten arauak, 2014-2020 eperako

1. artikulua. Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak” azpineurrirako laguntzak arautzea dute xede arau hauek, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua), eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 47. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

3. Europar Batasunaren Zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioaren arabera krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso, izan ere, zuzentarau horiek nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako dira eta landa eremuetarako estatu-laguntzei aplikatu behar zaizkie 2014tik 2020ra bitarte (2014/C/204/01), hemendik aurrera Zuzentarauak.

2. artikulua. Neurriaren helburua.

1. Bat eginik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatuarekin eta Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztuarekin, laguntza honen azken xedea da prestakuntza helburuak erdiestea talde hartzaileen neurri zehatzetan, sektorearen lehiakortasuna handitzeko, horien kualifikazioa eta prestakuntza hobetzeko, nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren nekazaritzako produkzio sistemak sustatzeko, nekazaritzaren arloko politikak eta sostengurako sistemak eta baliabideak ezagutzeko, Europar Batasunak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei ematen dizkien funtsen bitartez.

2. Helburu estrategikotzat jotzen da, zalantza izpirik gabe heltzen baitie 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan zehaztutako Europar Batasunaren lehentasunei, etengabeko ikasketa eta lanbide heziketa sustatuz nekazaritzaren sektorean.

3. artikulua. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak izanen dira nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan lan egiten dutenei lanbide heziketaren zerbitzuak eta trebetasunak eskuratzekoak eskaintzen dizkieten entitateak, baita Nafarroako Foru Komunitateko landa eremuetan aritzen diren ETEak ere.

4. artikulua. Definizioak.

1. Foru agindu honen ondorioetarako, ondokoetan zehaztutako definizioak aplikatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan laguntzaren araubideen arabera nekazariei ordainketa zuzenak egiteko aplikagarriak diren arauak ezartzen dituena; eta abenduaren 19ko Errege Dekretua, nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen dituena, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

2. Halaber, foru agindu honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira prestakuntza eta trebakuntza ikastaro, lantegi eta coaching jardueratatzat: berariazko bilkurak prestakuntza helburuak erdiesteko talde hartzaileen gai zehatzetan, edo gaiaren araberako bilerak edo foroak gai zehatzei heltzeko, neurrirako zerbitzuak behar zehatzei erantzuna emateko eta Internet bidezko prestakuntza ikastaroak.

3. ETEen definizioa izanen da Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei buruz ezarritakoa.

5. artikulua. Onuradunak onartzeko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuraduna izateko, entitateek, laguntzaren eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako, onartuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Nekazaritzaren edo ingurumenaren arloko unibertsitateko prestakuntza duten 2 pertsona gutxienez kontrataturik izatea lanaldi osoan, zeinek gutxienez 2 urteko esperientzia izanen baitute prestakuntza lanetan, baita administrazio lanetarako beste pertsona bat ere, lanaldiaren %50 gutxienez prestakuntza jardueretan ariko dena. Langile horiek denak laguntza eskatzen duen prestakuntza entitatearen kargura egonen dira kontrataturik deialdi hau argitaratu baino lehenago.

b) Bi urteko esperientzia frogatzea nekazaritza arloko sektorearekin lotutako prestakuntza jardueretan.

c) Bermatzea irakasleek gutxienez 20 orduko prestakuntza jasotzen dutela urtean, irakasteko lanak hobeki egiteko.

d) Izaera juridikoa izatea eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar fiskalak eta kotizazioak eguneratuak izatea. Eskaeraren inprimakian interesdunari jakinarazten zaio departamentuari baimena ematen diola hori frogatzen duten datuak kontsulta ditzan.

e) Laguntzaren eskaerarekin batera urteko jarduketa plan bat aurkeztea, gutxienez 300 ikaslerentzako prestakuntza jarduerak eta 200 orduko iraupena dituena. Aurkezten den urteko jarduketa planak ondoko 4 prestakuntza arloetako 3 landuko ditu gutxienez:

–Nekazaritzako lanetan hastea.

–Nekazaritzako lanak hobetzea.

–Nekazaritzako ingurumena.

–Nekazaritzako elikagaiak.

2. Onartua izateko irizpide horiei eutsi behar zaie plana gauzatzen den bitartean.

6. artikulua. Konpromisoak.

Entitate eskatzaileek konpromiso hauek hartuko dituzte egiaztatzeko prestakuntza zerbitzuak behar bezala ematen direla eta operazioa eraginkorra dela.

a) Eskatzen duten guztiei erantzutea bere lanean, inolako diskriminaziorik egin gabe.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egitea prestakuntza eta trebakuntza ikastaroak, lantegiak eta coaching jarduerak, eskola praktikoak izan ezik, bisitak egiten direnean Nafarroatik kanpo dauden intereseko beste ustiategi edo toki batzuetara, lotura badute irakasten diren gaiekin.

c) Objektibotasun osoz jardutea prestakuntza lanetan, eta, zehatzago, aipamenik egin gabe ez produktuei eta produktoreei, eta ez sustatzea produktu jakin batzuk.

d) Nafarroako Foru Komunitateko erakunde eskudunek kalitate teknikoaren kontrola eta egiaztapena egitea onartzea, eskaintzen duten zerbitzuaren fidagarritasuna egiaztatzeko.

e) Behar bezalako publizitatzea Europako ikurra prestakuntza jardueretan, https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols_es orrialdean aurkeztutako arau grafikoei jarraituz, baita materialetan, karteletan eta propagandan ere.

f) Urteko txosten bat aurkeztea egindako jarduerari buruz hurrengo urteko lehenbiziko hiruhilekoan. Horren ordez, azken txostena aurkez daiteke, azken ordainketa eskaerarekin batera.

g) Urteko jarduketa planean emandako zenbatekoaren %80 gutxienez gauzaturik izatea.

h) Kontabilitate edo erregistro liburuetan laguntza jaso izana erregistratzea, indarra duten arauei jarraikiz horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

i) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskuratu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

j) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea.

k) Erabiltzaileen erregistro sistema bateragarria izatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1307/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako kudeaketa eta kontrol sistema integratuarekin.

l) Urteko jarduketa planean egiten diren aldaketak jakinaraztea 14. artikuluan ezarritako epeetan.

m) 5 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza jardueretara joaten direnei balorazio galdetegi bat ematea jardueraren kalitateari buruz, II. eranskinaren arabera, eta galdetegi horren emaitzak igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, azken txostenarekin batera.

7. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren jarduerak eta gastuak.

1. Neurri honen esparruan, diruz laguntzen ahal dira ondoko baldintzak betetzen dituzten prestakuntza jarduera hauek:

a) Honakoak izatea diruz laguntzen diren jarduerak: ikastaroak, berariazko bilkurak, gaiaren araberako bilerak, foroak edo informazio jarduerak foru agindu honen 4.2 artikuluan zehazten diren gai zehatzei heltzeko.

b) Prestakuntza jarduerek lotuta egon behar dute foru agindu honen IV. eranskinean zehazten diren focus area horietako bati gutxienez, diru-laguntza jasotzeko.

c) Gutxienez 3 orduko iraupena duten prestakuntza jarduerek jaso dezakete diru-laguntza, eta ikasletzat hartuko dira jardueraren iraupeneko ordu guztien %80ra joaten direnak.

2. Prestakuntza jarduerak ez dira diruz lagunduko Nafarroatik kanpora egiten diren bidaiak eta praktikak jardueraren iraupen osoaren %20tik gorakoak direnean.

3. Neurri honen esparruan, antolaketa gastuak eta jarduerak egitekoak laguntzen ahalko dira diruz. Egozten ahal diren antolakuntzako langileen gastuek (soldaten kostua eta gizarte segurantza enpresaren kargura) ez dute irakasleen gastuen eta antolaketaren gastuen baturaren %15 gaindituko.

4. Diruz laguntzeko gastu horiek atal hauetan banatzen dira:

a) Langileriaren zuzeneko gastuak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza.

–Langileen gastu orokorrak. Kontzeptu horretan, entitatearen gastu orokorrak egozten dira, hala nola zuzendaritza eta koordinazioa, zerbitzu informatikoak, kontularitza zerbitzuak, telekomunikazioak, administrazio zerbitzuak, amortizazioak eta konponketak eta bulego eraikinen, ekipoen eta instalazioen mantentze-lanak, errentamenduak eta alokairuak, argiaren, gasaren eta abarren hornidura, paperak, finantza gastuak, eta abar. Gastu orokor horiek, behar bezala justifikaturik, ez dute gaindituko langileria gastu osoen %15 (soldaten kostua + gizarte segurantza).

b) Zuzeneko beste gastu batzuk, prestakuntza jarduerei eta trebetasunak eskuratzeari zuzenean egotz dakizkiekeenak:

–Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa.

–Berariazko materialak erostea.

–Material didaktikoen kostua.

–Antzeko beste gastu batzuk, behar bezala identifikatu eta justifikatzen ahal direnak.

c) Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak. Honako hauek barne:

–Jarduera irakatsi edo horretan parte hartzen duten langile teknikoen kilometrajea. Nafarroako “Ofizina eta bulegoak” sektorerako lan hitzarmenean finkatutako prezioan ordainduko da. Justifikatzeko, banakako joan-etorrien zerrenda aurkeztuko da, egiten dituen teknikariak eta horren nagusiak sinatua.

–Jarduera irakatsi edo horretan parte hartzen duten langile teknikoen mantenu gastuak, otorduak edo ostatu gastuak izan. Haien kostuaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Gehienez ere, 180 euro ordainduko dira egunean ostatu eta otorduengatik.

–Jarduera irakatsi edo horretan parte hartzen duten langile teknikoen autobideko bidesariak. Horien egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

Operazio honen esparruan, halaber, diruz lagundu daitezke ikasleen gastuak, zerbitzua ematen dutenei ordaindu beharrekoak. Zerbitzu horien artean sartzen dira prestakuntza jardueretan beretan egindako bidaiak, ostatua eta horiei lotutako dietak.

5. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagunduko.

6. Gastuak entitate onuradunaren azken txostenean zehaztuko dira, baita, besteak beste, prestakuntza jarduerak eta bertaratutakoak eta jarduera bakoitzaren kostu osoak ere. Entitateak, halaber, gastuen hiru kategoria horietako bakoitzaren justifikazio orokorra aurkeztuko du, baita kontularitzako informazioa eta jardueretan bertaratutakoei eta parte-hartzaileei egindako fakturak ere.

7. Diru-laguntza hauek ezin dira bideratu nekazaritza arloko eta nekazaritzako elikaduraren arloko prestakuntza ikastaro edo jardunaldiak egiteko, ez eta ekitaldi honetan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko finantzaketa izan duten bestelako jarduketetarako ere.

8. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat.

8. artikulua. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. laguntza urteko diru-laguntza bat izanen da, hots, zerbitzuen hornitzaileak kasuan kasuko jarduketa planean ezarritako prestakuntza programak prestatu, koordinatu eta irakastean benetan egin eta ordaindu dituen eta diruz laguntzen ahal diren kostuen itzulketa.

2. Jarduerak landa eremuko ETEentzat badira, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua bete beharko da. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Kasu horretan, laguntza gehieneko portzentaje hauetara mugatuko da:

–%60, enpresa ertainak izanez gero.

–%70, mikroenpresak edo enpresa txikiak izanez gero.

3. Laguntzaren intentsitatea eta diruz laguntzen ahal diren kostuak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Diruz laguntzen ahal diren kostuak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

4. Diru-laguntza ez den moduan ematen denean laguntza, horren zenbatekoa izanen da diru-laguntza gordinaren parekoa.

9. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, V. eranskinean ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du puntu gehien dituenak a), b), c), d), e), f), g), h), i) eta j) hautatze irizpideetan eta ondorengoetan.

Berdinduta jarraituz gero, urteko jarduketa planean jarduera gehien aurkezten dituen entitateari emanen zaio lehentasuna. Bigarren irizpidea izanen da prestakuntza orduen kopurua.

Aurrekontu erabilgarria nahikoa ez denean eskaera batean diruz laguntzen ahal diren gastu guztiak ordaintzeko, kontzesio partziala eginen da, urteko jarduketa planaren jarduera batzuei dagokiena. Lehenbizi, nekazaritzako lanetan hastearen prestakuntza arloko jarduerei helduko zaie, gero, nekazaritzako lanak hobetzearen arlokoei, nekazaritzako ingurumenekoei eta, azkenik, nekazaritzako elikadurakoei.

10. artikulua. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza honen norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean V. eranskinean ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da aurreikusitako balorazio irizpideen gehieneko puntuazioaren %20 eskuratzea gutxienez ere.

11. artikulua. Laguntza eskaera eta urteko jarduketa plana.

1. Laguntza eskatzeko, lanbide heziketako zerbitzuak eta trebetasunak eskuratzekoak eskaintzen dituzten entitateek laguntza eskaera bat aurkeztuko dute kasuan kasuko aurrekontuko ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera, urteko jarduketa planarekin batera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, kasuan kasuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Laguntza eskaera III. eranskineko ereduaren arabera eginen da, zein lortzen ahal baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuragai dagoen fitxaren bitartez ere. Eskaera Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (Iruñeko González Tablas kalea, 9, 31005), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Laguntza eskaerarekin batera, urteko jarduketa plana ere aurkeztuko da, ondoko informazioa ekarriko duena:

–Prestakuntza jardueren zerrenda, zehaztuta zer helburu eta metodo duten eta nori zuzentzen zaizkion. Prestakuntza presentziala edo on-lineko erdi-presentziala izan daiteke. Osatzeko, ustiategietara joan daiteke, landutako gaiei buruzko ezagutza sendotzeko.

–Jarduera guztietarako, honakoa adierazi behar da: zer egunetan aurreikusten den hasiera, zer tokitan eginen den jarduera, kalkulatzen den ikasle kopurua, jarduerak zer izen duen, eta kurtsoa zer focus area nagusiri lotzen zaion.

–Jarduera horietarako erabiliko diren lokalak eta baliabide materialak, informatikoak eta telematikoak barne, egokiak direnak prestakuntza lanetarako.

–Zer langile duen langileen prestakuntza eta trebakuntza jardueretarako.

–Aurreikusitako aurrekontua, barnean sartuta zerbitzuak antolatu eta egitearen kostuak, parte-hartzaileen kostuak eta aurreikusitako diru-sarrerak.

12. artikulua. Kostuen moderazioa.

1. Proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzeko eskatzen dute Batzordearen 2809/2014 Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako eta onuradunak proposatutako jarduketa planean kostuak apaltzeko printzipioa aplikatzeko, prestakuntza jarduera jakin batean diruz laguntzen ahal den gastua (BEZa kenduta), obra gauzatzeko kostuaren kasuan, 30.000 eurotik gorakoa bada edo, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatakoa aukeratzeko arrazoiak emanez. Onuradunak ez du aurreko lerroaldean adierazitakoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, esleitu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordaindu aurretik. Halaber, jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik, onuradunak aldaketa garrantzitsuak eskatuz gero, egiaztatu eginen dira.

4. Kostuen apaltzea zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak...) aurkeztu beharko ditu legez eska daitekeen informazio guztiarekin, agiria ematera behartuta dagoenaren identifikazio-datuei buruzko informazio fidagarriarekin eta azalpen zehatz batekin gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoei buruz.

5. Azkenik, onuradunak aurkeztutako agiriak ez badira nahikotzat jotzen, behar adinako bermerik ez bada jarduera batzuetan kostuak apalduta aplikatzeko, ez dira kontuan hartuko diru-laguntzarako.

13. artikulua. Instrukzio organoa.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

14. artikulua. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskabidea osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, diruz laguntzen ahal den aurrekontua eta foru agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako topeak hartuko dira kontuan.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau honetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek diru-laguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

14. artikulua. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 10. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 5. artikuluaren arabera.

Dena dela, konkurrentzia prozeduaren eteteko puntuan dagoen eskatzailea, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik ez badu, laguntza eska dezake dagoen aurrekontuaren arabera, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren, haiek identifikatu beharko ditu eskaeran. Eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete beharreko baldintzak eta konpromisoak jasoko ditu.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Ezagutzen transferentzia eta informazio jarduerak” izeneko neurrian.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Gobernuari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

15. artikulua. Eskaerak eta jarduketa planak aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasieran onetsitako Ekintza Planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu edo/eta jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik.

2. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta diru-laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

3. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz onetsi beharko dira Ekintza Planeko aldaketak eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doikuntza eginda ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira gehituko.

4. Jarduerak egiteko tokia edo ordua aldatzen denean eta jarduera planean sartutako jarduera bat bertan behera gelditzen denean, gutxienez 48 ordu lehenago egin beharko da horren jakinarazpena.

5. Programatutako jardueren gaiak eta iraupena aldatzen direnean eta hasieran urteko planean aurreikusita ez zeuden jarduerak egiten direnean, gutxienez 15 egun lehenago egin beharko da horren jakinarazpena.

6. Ez da onartuko aldaketa batek 5. artikuluan zehaztutako 4 arlo tematikoetatik kanpoko prestakuntza jarduerak egitea ekartzen duenean. Instrukzio organoak aztertuko ditu proposatzen diren jarduera berrien gaiak, eta ukatuko ditu irizpide hori betetzen ez dutenak.

16. artikulua. Ordainketa eskaera.

1. Eskaera egin ondoren, 2 ordainketa partzialera arte egin dakieke, baita kitatzeko azken ordainketa bat ere, 6. artikuluan ezarritako konpromiso guztiak betetzen dituzten zerbitzu hornitzaile guztiei, 14. artikuluan zehaztutakoari jarraituz izan badute kontzesio ebazpena.

2. Ordaintzeko eskaera VI. eranskineko ereduaren arabera eginen da, Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduta. Eskaera Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkez daiteke, Iruñean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

3. Hilabeteko epea dago azken eskaera aurkezteko, urteko jarduketa plana gauzatzen bukatzen denetik aurrera.

4. Ordaintzeko eskaeretan zehaztu behar da 8. artikuluaren arabera eskatutako laguntzaren zenbatekoa, eta ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Ordainketa partzialen eskaeren kasuan, egindako jarduerei buruzko informazioa eta jarduerak egiteko izandako gastuen ordainagiriak, horiek ordaintzearenak barne.

b) Azken ordainketaren eskaeraren kasuan, azken txostena edo memoria, diru-laguntzaren xedeko jarduera bete dela justifikatuko duena. Honako hau ekarriko du:

–Egindako prestakuntza jardueren zerrenda, honako hau zehaztuta: focus area, helburuak, metodoak, non eta noiz egin ziren, bertaratutakoen kopurua, irakaspen orduak, praktikak, irakasleak, kurtsoaren aurrekontua.

–Gauzatutako aurrekontuaren zerrenda, jardueraren arabera zehazturik, honako hau barne: antolaketaren eta zerbitzua egitearen kostuak, parte-hartzaileen kostuak eta kurtsoengatik lortutako diru-sarrerak.

–Ikasleen zerrenda, honako hau zehazturik: NANa, izen-abizenak, jaiotze-data, prestakuntza akademikoa, bizilekua, sexua eta zer prestakuntza jardueratara joan den.

c) Kalkulu orri bat, Excel gisako euskarri informatikoan, gogobetetzearen eta erabilgarritasunaren inkesten emaitzekin, II. eranskineko ereduan jasotzen diren eremu guztiak dituela.

d) Gobernu organoaren ziurtagiria urteko planari dagokionez egin eta diruz laguntzen ahal diren gastuei buruz.

e) Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta ordainketa eguna ere. Egindako gastutzat joko da gastuak justifikatzeko epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

f) Aurreko atalean aipatutako zerrendan sartutako fakturak edo antzeko froga balioa duten bestelako agiriak, eta ordaindu direla egiaztatzeko agiriak (aurkeztutako fakturekin bat datorren ordainketaren banku-agiria), ez badira aurkeztu aurreko ordainketa eskaeretan.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko erabili diren bestelako diru-laguntzen zerrenda zehaztua, zenbatekoa eta jatorria adierazita, eta, orobat, helburu bererako eskatutako beste laguntzen zerrenda.

h) Kasua bada, foru agindu honen 12. artikuluan aurreikusten diren hiru aurrekontuak.

17. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, jarduera plana aurkeztu zen proiektuaren arabera gauzatu dela egiaztatzearren. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke jarduketa planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo organo instruktoreak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Erakunde Ordaintzailearen Koordinaziorako Zerbitzuak kontrolak eginen ditu, tokian bertan, onuradunen jarduketen gainean. Horiek beharturik daude kontrolak erraztera.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzkako desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketaren eskaeratik, hurrengo 18. artikuluan aurreikusitako murrizketa eta salbueste irizpideak aplikatuko dira.

18. artikulua. Murrizketak eta bazterketak.

1. Eskaeren hurrenkera finkatu duen puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak ez betetzeak ekarriko du urteko ordainketa ukatzea, puntuazioa txikiagoa ekartzen badu eta, horren ondorioz, onuradun gisa bazterturik gelditu behar izan bada.

2. Onartuak izateko 5. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak edo 6. artikuluko b), d), e), f), g), h), i) edo k) letretako konpromisoei ez eusteak ekarriko du urteko ordainketa ukatzea.

3. 6. artikuluko a), c), j), l) eta m) letretako konpromisoak bete ezik, lehenengo urtean laguntza %20 murriztuko da, bigarrenean %40 eta, hirugarrenetik aurrera, %100.

4. Ordaindu beharreko zenbatekoa, ordainketa eskaeraren arabera eta kontzesioaren erabakiaren arabera, %10 handiagoa denean gastua noraino den onargarri aztertu ondoren zehazten den zenbatekoa baino, administrazio zehapen bat ezarriko zaio gastua noraino den onargarri aztertu ondoko zenbatekoari, bi zenbatekoen arteko tartea adinakoa. Zehapen hori ez da laguntza osoa kentzeaz haratago joanen.

19. artikulua. Entitate onuradunen gardentasun betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute foru agindu honen VII. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, foru agindu honen VII. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

20. artikulua. Beste laguntza batzuekin metatzea.

1. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

2. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a) Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak badituzte) eta Estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta diruz laguntzen ahal diren kostuak ezberdinak badira edo, diruz laguntzen ahal diren kostuak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak baditu.

d) Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak ez baditu, betiere bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate-portzentajeak.

e) Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan Estatuko finantzaketa besterik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f) Landa garapenerako estatu-laguntzak eta diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako gutxieneko laguntzak, betiere bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

3. Laguntza hauek ezin dira metatu:

a) Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 27. artikuluan, ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko ezarrita dauden laguntzak.

b) Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 EB Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) txataletan nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko aipatzen direnak, bien batuketa 702/2014 EB Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

4. Laguntza hauen entitate onuradunek justifikatuko dute, zinpeko aitorpenaren bidez, ordaintzeko eskaerarekin batera, xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman zien eta/edo laguntzaren zenbatekoa.

21. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza Zerbitzuak argitara emanen ditu deialdi honekin bat emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko izapideen katalogoan (www.navarra.es).

II. ERANSKINA

Galdetegia parte hartzen duten ikasleentzat.

III. ERANSKINA

Laguntza eskatzea.

IV. ERANSKINA

Prestakuntza jardueren focus areak

ARLO TEMATIKOA

FOCUS ÁREA

JARDUERA MOTEN ADIBIDEAK

Nekazaritzako lanak hobetzea

2a. Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta haien berregituraketa eta modernizazioa bultzatzea; bereziki, haien parte-hartzea eta merkatuarenganako orientazioa handitzearren, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere

–Kudeatzeko teknika orokorra edo berritzailea: produkzio teknikak, abeltzaintzako aldaerak/arrazak, makina berritzaileak, nekazaritzaren dibertsifikazioa (esaterako, ureztalur bihurtu diren tokietan)

–Kontularitzako eta finantzako kudeaketa nekazaritzako ustiategietarako

–Informazioa NPBari buruz (I. eta II. pilareak)

–Lan arloko kudeaketa nekazaritzako ustiategietan: nekazaritzako gizarte segurantza

–Segurtasuna eta lan arriskuak nekazaritzako ustiategietan

–Basoen kudeaketa jasangarria

Nekazaritzako lanetan hastea

2b. Lagungarria izatea behar bezalako prestakuntza duten nekazariak nekazaritzaren sektorean sartzeko eta, zehatzago, belaunaldi aldaketa egiteko.

–Gazteak sartzea nekazaritzako ustiategietan.

–Nekazari gazteen prestakuntza.

Nekazaritzako Elikagaiak

3a. Lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integratuta kalitate araubideen bidez, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan

–Kalitatearen ziurtagiria duten produktuak ekoiztu edo eraldatzea

–Merkaturatzeko estrategiak/antolaketak (kontsumo taldeak, banaketa zirkuitu laburrak, ustiategian saltzea...)

–Elikagaiak eraldatzeko teknikak/prozesuak (kontserbak, ardogintza, esnekiak...), ustiategirako edo produktoreen antolaketa baterako.

–Prestakuntza kooperatiben batzarrerako.

Nekazaritzako ingurumena

P4

–4. lehentasuna

4a. Biodibertsitatea lehengoratu, zaindu eta hobetzea, baita natur balio handiko nekazaritzako sistemak eta Europako paisaien egoera ere

–Produkzio ekologikoa

–Natur balio handiko nekazaritzako eremua zaintzeko lagungarriak diren nekazaritzako jardunak (larreak, estepako hegaztien habitatak, Natura 2000 sareko eremuak)

–Ardi zakurrak heztea (artzaintzari eusten laguntzeko)

4b Uraren kudeaketa hobetzea, ongarrien eta pestiziden kudeaketa barne

–Fitosanitarioak aplikatzea

–Ongarriketaren kudeaketa

–Ongarria/mindak kudeatu/biltzea

4c. Lurzoruen higadurari aurrea hartzea eta horien kudeaketa hobetzea

–Lurra gutxi lantzeko teknikak, landare estalkien erabilera

5a. Ura eraginkorrago erabiltzea nekazaritzan

–Ureztaketaren kudeaketa

5b. Lortzea nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan erabiltzen den energia eraginkorragoa izatea

–Energiaren kontsumoa murrizteko prozesuak/makinak (edo eraginkortasuna hobetzekoak)

5c Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea, bioekonomiaren garapena sustatzeko: energiaren iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak

–Biogasa eta biomasa sortzea (nekazaritzakoa eta oihanekoa), energia iturri gisa

–Nekazaritzako lehengaia elikaduraz kanpoko produktutan eraldatzea

Beste batzuk

6c. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien eskuragarritasuna hobetzea, baita haien erabilera eta kalitatea ere landa eremuetan

–Interneten zerbitzuak eta erabilera nekazaritzaren eta abeltzaintzaren kudeaketan (tramite telematikoak esaterako)

–Internetez baliatzea sustapenerako eta salerosketarako

V. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpideak

BALORAZIO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

a) Zenbat focus area estaltzen dituzten programatutako jarduerek

≥ 5

8

b) Zenbat irakasle teknikok parte hartzen duten planean

≥ 4 eta ≤ 6

4

≥ 7

8

c) Zenbat jarduera aurreikusi diren

≥ 12 eta ≤ 24

2

≥ 25 eta ≤ 36

4

> 36

6

d) Zerbitzuaren kalitatea (ikasleen kopurua/jardueren kopurua)

≥ 25 eta ≤ 50

3

< 25

6

e) Zerbitzuaren kalitatea (nekazaritzako eskualdeetan irekitako bulegoen kopurua)

≥ 1 eta ≤ 2

2

≥ 3 eta ≤ 4

4

≥ 5

6

f) Natura 2000 Sareari lotuta garatu diren jarduerak

≥ 5 eta <10

2

10

4

g) Programatutako jardueren ordu kopurua

≥ 300

3

h) Ikasleen kopurua

≥ 400

3

i) Programatutako jardueren zenbateko osoa

> 70.000 euro eta < 100.000 euro

1

≥ 100.000 euro

3

j) Jardueren zenbateko osoaren gaineko kostu pribatuaren kargurako fakturazioaren %

≥ %50

3

VI. ERANSKINA

Ordainketaren eskaera.

VII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1610379