186. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJON

Aldaketa, Castejongo Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan
Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2016ko ekainaren 26an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Castejongo Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan.

Iragarkia 2016ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 26an.

Hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat hartu da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2016ko irailaren 1ean.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

ORDENANTZA, CASTEJONGO (NAFARROA) UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udalerrian dauden bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 158. artikuluan eta Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 186. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Herrilarreen esleipena egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean edo enkante publikoaren bidez.

Herritarrendako zuzeneko esleipena

3. artikulua. Familia unitateak izaten ahalko dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak, titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez 1 urte bateko antzinatasunez.

c) Castejonen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Castejongo Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

4. artikulua. Esleituko diren bazkalekuak beherago zerrendatzen dira. Horietan, 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluko 2. lerroaldean aurreikusitakoari jarraikiz, belarren tasazioa egin da haren egiazko balioaren %90 hartuta, hortaz, urtean honako zenbateko hauek izanen dira bakoitzerako:

–Malacena bazkalekua: 286 ha, 9.603,60 euro.

–El Pozo bazkalekua: 200 ha, 6.256,90 euro.

–El Rincón bazkalekua: 72 ha, 1.925,55 euro.

–La Sarda 2 bazkalekua: 229 ha, 3.069,40 euro.

–La Sarda 1 bazkalekua: 199 ha, 2.206,30 euro.

5. artikulua. Aipatu bazkatokietako larreen esleipena herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez izanen da. Abeltzain interesdun guztiei eskainiko zaie, ordenantza honen 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte. Esleipenaren prezioa ordenantzako 40. artikuluan finkatutakoa da, aprobetxamenduaren balio errealaren %90 kalkulatuta.

Esleipenaldia 8 urtekoa izanen da, eta esleipenetik hasita zortzigarren urteko abenduaren 31n bukatuko da, eta ezin izanen da inolaz ere luzatu.

6. artikulua. Castejongo Udalak behin-behineko esleipena eginen du, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuna emanen zaie diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateei.

b) Bazkalekuen esleipena larratzek jaso dezaketen azienda-kargaren arabera eginen da. Bazkaleku osoak esleipenean hartzeko lehentasuna izanen dute haiei atxikitako azienda-zamaren antzeko abelburu kopurua duten abeltzainek.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain berari bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko abeltzainen eskaera guztiak bete badira.

Behin-behineko esleipena eginda, Udalaren iragarki oholean argitaratuko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko esleipena behin betikoa izanen da. Bestelakoetan, aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu Castejongo Udalak eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko esleipenari buruz.

Enkante publikoaren bidezko esleipena.

7. artikulua. Aurreko prozedura guztiak egin eta bazkaleku guztiak esleitu ez badira, hau da, herritarrendako zuzeneko esleipenaren prozedura agortu bada, Udalak enkante publikoan paratuko ditu bazkalekuak 8 urteko eperako, herritarrendako zuzeneko esleipenetik hasita, hots, gelditzen den eperako 8 urteak osatu arte, abenduaren 31 arte, eta ezin izanen da esleipena luzatu, 6/1990 Foru Legearen 162. artikuluari jarraikiz.

Enkantea eginen da horretarako behar diren argitaratzeko baldintza guztiak kontuan hartuta eta hasteko prezioak ordenantza honen 5. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

8. artikulua. Enkante publikoaren bidezko esleipena indarrean dagoen araudiaren araberakoa izanen da, baita ordenantza honetan aurreikusitakoaren araberakoa ere, aplikatzeko den orotan.

Bi esleipenetako xedapenak

9. artikulua. Osasun ziurtagiria.

Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 30. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

10. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko, 6/1990 Foru Legearen 161. artikuluari jarraikiz. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, esleipenak bertan behera geldituko dira, fidantza galduko da eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira. Castejongo Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko, N.T.E.O.E.ren 195. artikuluari jarraikiz.

11. artikulua. Larreen esleipen-hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, Castejongo Udalak baimena ematen ahalko dio beste norbaiten azienda sartzeko, horrela larre guztiak aprobetxa daitezen, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean. Bertzeren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, bertze mota batekoak badira. Ezin izanen da inola ere bertzeren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar esleipen-hartzailearen abelburu kopurua gutitzea.

12. artikulua. Esleipen-hartzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Azienda katastroan edukitzera, esleipenak dirauen bitartean. Abeltzain berrien kasuan, NAan abeltzain gisa alta eman beharko dute hiru hilabeteko epean esleipena hartzen dutenetik.

b) Larreen aprobetxamendua interesatzen ez bazaio, Udalari aditzera ematera horri egindako ukoa. Hori gertatuz gero, larreak Udalaren eskura egonen dira, hark egokia iruditzen zaion moduan eslei ditzan.

c) Ustiategiaren titularrak abeltzaintzan jarduteari uzten baldin badio esleipenerako epea bukatu baino lehen, hura Udalaren eskura egonen da, hark behar diren neurriak har ditzan aprobetxamendurako finkatutako epea bukatu arte.

d) Esleipen-hartzaileek eskortak egoki erabiliko dituzte eta mantentze-lan txikiak eginen dituzte, egunero erabiltzeko beharrezkoak direnak.

13. artikulua. Udalak beretako dauka edozein unetan lurraren erabilera bereganatzeko aukera, bidezkotzat jotzen dituen arrazoiengatik, hala nola, laboreak hobetzea, aldatzea, azpiegiturak egitea eta abar. Nolanahi ere, bi hilabete lehenago gaztigatuko dio esleipen-hartzaileari, eta, kasu horretan, dagokion kalte-ordaina ordainduko dio gozamena kentzeagatik, zenbateko osoari dagokion proportzionaltasuna eta Udalak daukan gainazalaren gaineko portzentajea aplikatuz.

14. artikulua. Bazkaleku bakoitzeko esleipen-hartzaileek urte bati dagokion esleipenaren prezioaren %20 jarri beharko dute, eta kopuru hori gordailutako geldituko da, eta azken kanonarengatik ordaindu beharrekotik kenduko da.

Enkante publikoan parte hartzen dutenek ere hasteko prezioaren %5eko fidantza jarriko dute enkantea baino lehen. Kopuru hori itzuliko zaie behin betiko esleipena hartzen ez dutenei.

15. artikulua. Bazkaleku bakoitzak baditu eskorta bat edo bi atxikirik. Esleipen-hartzaileek erabil ditzakete horiek. Eskortak artatzea eta mantentzea esleipen-hartzailearen kontura izanen dira, baita behar diren hobekuntzak ere, baina betiere Udalak aldez aurretik baimena emanda.

Orobat, La Sarda 1 bazkalekuaren esleipen-hartzaileak leku horretan den iturrira eraman dezake azienda edatera eta La Sarda 2 bazkalekuaren esleipen-hartzaileari bidea libre utziko dio aipatu iturrira joan behar duenean.

16. artikulua. Udal Diruzaintzan eginen dira ordainketak sei hilabetetik, enkantea behin betikoa dela deklaratzen den egunean lehenbizikoa eta hurrengo urteko ekainaren 30ean bigarrena. Gainerako urteetan ekainaren 30ean eta abenduaren 31n eginen dira ordainketak.

17. artikulua. Bazkaleku bakoitza baloratzeko eta esleitzeko prezioa urtero eguneratuko da, bizitzaren kostuaren gorakadaren arabera eguneratu ere, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeetan oinarriturik.

18. artikulua. Esleipen-hartzaileek ordaindu beharko dituzte iragarkien gastuak behar bada, eta aprobetxamenduaren garaian ezartzen den antzeko beste edozein.

19. artikulua. Errentamenduko denboran eskortetan sortzen den gorotza erremategilearentzat izanen da.

Berdin, lote bakoitzeko erremategileak haren inguruan izandako kalteen erantzukizuna izanen du, baldin kalte hori ardi edo ahuntz aziendak egina bada, bai eta ibaiak gurutzatzean egindakoena ere.

20. artikulua. Debeku da aziendak sartzea ureztatu diren finketan, lan hori egin zenetik sei (6) egun iragan baino lehen.

Orobat, debeku da aziendak sartzea landu ondoren lugorri utzi behar diren finketan, lan hori egin zenetik 3 egun iragan baino lehen.

Berdin, debeku da aziendak sartzea luzerna soroetan euria erruz egin ondoren, hau da, ubidetxoak sortu direnean, euria egiten duenetik 3 egun igaro baino lehen (baldintza horrek aipatzen duen debekuak luzerna soro berriak biltzen ditu, ez besteak, hots, lehen urtean erein direnak).

21. artikulua. Erremategileek eskubidea dute luzerna erabiltzeko urriaren 25etik otsailaren 5a arte, biak barne. Finketan luzerna ebakitzen bada urtero urriaren 25a baino lehen, aziendak ez du sartzerik izanen uzta jaso arte. Horretarako 20 eguneko epea izanen da gehienez, hau da, azaroaren 15a arte, eta hortik aurrera azienda sar daiteke finketan nahiz eta luzerna oraindik jaso gabe egon.

Urteko berriak ere erabil ditzakete, egiaztatzen bada haien jabeek bi aldiz ebaki dituztela, zehaztu zaizkien epeetan.

22. artikulua. Zerealak eta luzerna ereinak diren finketan ezin da sartu azienda hazia alorretik jaso arte; inoiz ez urriaren 25a baino geroago urtero.

Data hori iraganik uzta bildu ez bada, azienda sar daiteke nahierara.

23. artikulua. Zerealak ereinak dituzten finketan, era berean lehen urtean ebakitzeko luzerna hazia badute, ezin da azienda sartu urriaren 25a baino lehen.

Finka horietan ez da errespetatuko bigarren urtean luzerna hazia eta abeltzainak erabiltzeko geldituko da.

24. artikulua. Erremolatxa ereina duten finketan, hura atera eta bildu ondoren, usufruktudunak hostoak bildu beharko ditu hamar egunean. Horiek iraganik, azienda libre bazka daiteke finketan sei egunez jarraian, artatxiki iletsua ereina duten alorretan bezalaxe.

Finketan zereala eta artatxiki iletsua bada, aziendak ez du sartzerik izanen uzta jaso arte, eta hori kontuan hartuz lastoa eta artatxiki iletsuaren landarea ere uzta direla. Finka horiek lantzen dituztenek hamar egun izanen dituzte lastoa biltzeko eta hogei artatxiki iletsuaren landarea biltzeko. Horiek iraganik azienda libre sar daiteke. Lan horietarako ezin da erabili lurra mugituz aratzen duen makinarik. Horrelakorik eginez gero dagozkien belarrak ordaindu beharko dituzte.

Uzta bildu ondoren goldatu behar diren luzerna finketan, azienda bazkatu daiteke sei egunetan jarraian, goldatu baino lehen.

25. artikulua. Lanera nork bere azienda daramaten finken usufruktudunek, aipatu finketan baizik ezin dituzte lotu aziendak. Erabat debeku da belarra ebakitzea eta gelditutako galburuak biltzea.

Erabat debeku da uztondoak erretzea. Arau-hausleek abeltzainari egozten zaizkion kalte-galeren erantzukizuna izanen dute, eta erruduntasun-testigantza epaitegiari igorriko zaio. Salbuespenez baimenduko da uztondoak erretzea, uztondoak eta sastrakak erretzeari buruzko 145/1987 Foru Dekretuaren arabera eta urtero erreketa hasteko data ezartzen duen foru aginduari jarraikiz, betiere segidan eta Udal agintariak ezarritako epean lurra lantzen bada.

26. artikulua. Urte batean finka batean uztarik ez dela egin egiaztatzen denean, hura berriro erein daiteke. Nekazaritza Batzordeak txostena emanen du horretarako, interesdunak eskaturik.

27. artikulua. El Rincón eta El Pozo bazkalekuetako erremategileek erabateko debekua dute belarren gozamenean ahuntz azienda sartzeko, kontuan harturik azienda horrek zer kalte dakarkien zuhaitzei.

28. artikulua. Baimentzen da aixkola ereitea uztondo gainean %30ean, urtarrilaren 10etik.

Lugorri uzteko lanak egin daitezke otsailaren 15etik lehorreko lurrei eta ureztalurrei dagokienez; uztondoak abuztuaren 15etik aurrera landu daitezke azienda bazkatu bada gutxienez sei egunez.

29. artikulua. Nekazari oro behartua dago libre uztera finkaren zati bat erremategilearen azienda ondoko finkara igaro dadin larratzera, uztarik ez bada.

30. artikulua. El Rincón eta El Pozo bazkalekuetako errenta- hartzaileak beharturik daude igarotzen uztera La Sarda 1 eta La Sarda 2 bazkalekuen errenta-hartzaileen azienda, ura edatera.

31. artikulua. Zuhaitzak eta mahastiak landatzeko Udalaren baimena beharko da. Sail landatuak hartzen duen lur eremuko belarrei dagokiena ordainduko du eskatzaileak. Horregatik, Udaleko organo eskudunak, Gobernu Batzordeak, lur eremu hori larreen aprobetxamendutik atzera eskura dezake eta bazkalekua duenari larreei dagokiena kenduko die.

Landatzaileek nahi ez badute azienda sartzea zuhaitzen sailetan, mahastietan eta zainzurien sailetan, belarren zati proportzionala ordaindu beharko dute okupatutako lurrengatik.

32. artikulua. Ordenantza honetako edozein artikulu betetzen ez bada, esleipena bertan behera geldituko da, fidantza galduko da eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira.

33. artikulua. Castejongo Udalak beretako dauka udal ordenantza hau interpretatzeko ahalmena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da udal honek onetsitako aurreko ordenantza 1995eko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, azaroaren 27an.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1610051