182. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJON

Aldaketa, Solidaridad egoitza mistoan onartua izateko eta bertan egoteko barne erregelamenduan. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2016ko ekainaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Castejongo Solidaridad egoitza mistoan onartua izateko eta bertan egoteko barne erregelamenduaren aldaketa.

Iragarkia 2016ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 26an.

Hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, erregelamendua behin betikoz onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, erregelamenduaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2016ko irailaren 1ean.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

CASTEJONGO ZAHAR ETXEAN ONARTUA IZATEKO ETA BERTAN EGOTEKO BARNE ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Izaera eta helburuak

1. artikulua.

Solidaridad egoitza mistoa irabazi-asmorik gabeko fundazioa da, Castejonen (Nafarroa) dago, Julián Gayarre kalean, z.g., eta bizikidetzako zentro bat izatea du helburu, bizitoki iraunkor eta komuna izan dadin inguruabar pertsonalengatik bertan egotea on duten adinekoentzat eta beste pertsona batzuentzat, beren etxeetan familiak edo komunitateak eman ezin dieten laguntza behar izateagatik.

Lehenik eta behin, egoitza Castejongo herritarrentzat da, eta Foru Komunitateko eta Estatuko gainontzeko egoiliarrekin betetzen ahal dira hutsik dauden plazak.

2. artikulua.

Erregelamendu honetan ezarritako arauei jarraituz onartuko da jendea egoitzan, eta egonen dira bertan.

II. TITULUA

Onarpena

I. KAPITULUA

Informazioa

3. artikulua.

Egoitzak hurrengoari buruzko informazioa emanen die eskatzaileari eta bere familiartekoei:

–Onartua izateko baldintzak.

–Eskabidea.

–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Barne araubidearen erregelamendua, egoitzan onartua izateko eta bertan egoteko.

II. KAPITULUA

Baldintzak eta dokumentazioa

4. artikulua.

1. 60 urte eginak izatea eskabidea aurkezten den egunean.

Egoitzako gizarte-langileak edo/eta osasun zerbitzuek aldeko txostena eman ondoren, baldintza horretatik salbuesten ahalko dira, berrogeita hamar (50) urte eginik, mendekotasun egoera aitortua dutenak eta, inguruabar pertsonal edo sozialengatik, hirurogei (60) urteko pertsonen edo zaharragoen parekotzat jo daitezkeenak.

Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuak izatea bi urteko antzinatasunaz, gutxienez ere.

2. Egoitzan sartzeko eskaera hala nahita egiten dela adieraztea, non ez diren kasu nabarmenak, aitorpen hori egitea ezinezkoa dutenak.

3. Plaza modu pribatuan ordainduko dela bermatzea, kontratuan kontuan hartuko diren baliabideak erabiliz.

Horretarako behar adinako baliabide ekonomikorik ez bada, edo/eta, bere mendekotasunaren balorazioa dela-eta plaza itundu bermatu batean sartzeko baldintzak betetzen baditu Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako Departamentuko zerbitzuen zorroaren arabera.

5. artikulua.

Dokumentu hauez osatuko da onartua izateko espedientea:

1. Sartzeko eskaera (1. eranskina).

2. NANa (2 fotokopia).

3. Osasun txartela. Osasun txartel indibiduala. (Bestela, fotokopia).

4. Gizarte Zerbitzuen txostena, jasoko dituena familia unitateko kideekiko bizikidetasun egoera erreala eta lan egoera.

5. Osasun ziurtagiri eguneratua.

6. Egiteko dauden hitzordu medikoak/Pixoihaletarako baimena/Anbulantziarako baimenak.

7. Gaur egungo pentsioaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarena edo dagokion entitate ordaintzailearena.

8. Harremanetarako telefonoak.

9. Kuotak kobratzeko baimena eta bankuan helbideratzeko agindua. Bankuko libretako lehen orrialdearen kopia. Hilabetea aurretik ordaintzen da; modu horretan, diru-sarrera egiten deneko hil bukaeran, hilabete horri dagokion zatia eta hurrengo hilekoa igorriko dira ordainagirian.

10. Errenta aitorpen konpultsatuaren fotokopia edo hura egitera behartua ez dagoela frogatzen duen ziurtagiria. (Plaza pribatua bada).

11. Zorraren aitorpena. (Plaza pribatua bada). (2. eranskina).

12. Ondareari buruzko zinpeko aitorpena. (Plaza pribatua bada). (3. eranskina).

13. Tarifa baloratzeko, zuzendaritzak Delta testaren emaitza erabiliko du, eta horren arabera zehaztuko da erabiltzaileak zer tarifa ordaindu beharko duen behin-behinekoz, harik eta Nafarroako Gobernuaren mendekotasunaren behin betiko balorazioa iritsi arte. Behin betiko balorazioan erregularizatuko dira kuotak. (4. eranskina).

Baloraziorako, hauek dira puntuazioak:

–0 puntutik 10 puntura: bere buruaz baliatzen da.

–11 puntutik 20 puntura: mend. moderatua.

–20 puntu baino gehiago: mend. larria.

III. KAPITULUA

Onartua izateko irizpideak

6. artikulua.

Sartzeko eskaera guztiak behar diren agiriekin batera aurkeztuko dira. Solidaridad egoitza mistoko zuzendaritzaren ahalmena izanen da sarrera hori onestea edo ukatzea, kontuan izanik gizarte langilearen eta zentroko zuzendaritzaren balorazio txostena.

Behin aipatutako beharkizunak beterik, egoitzaren ezaugarrietarako egokitasuna izanik, tokirik ez badago itxaron zerrenda batera igaroko da. Horretarako ezarritako menpekotasun mailetan sartuko dira.

Pertsona berri bat sartu orduko, zuzendaritzak horren berri emanen dio batzordeburuari.

Pertsona berri bat sartutakoan, batzordea deitzen denean emanen zaie horren berri batzordekideei.

7. artikulua.

Hutsik gelditzen diren plazak antzinatasunaren arabera beteko dira, salbuespen kasuak izan ezik, egoitzako Jarraipen Batzordeak aldeko erabakia hartuta.

8. artikulua.

Plaza hutsik gelditutakoan, onartu denari komunikatuko zaio, eta 7 egun naturaleko epea emanen zaio egoitzan sartzeko.

9. artikulua.

Izangai onartuak sartzeari uko egiten badio edo aipatutako epean sartzen ez bada, ezinbesteko arrazoiren bat izan ezean, itxaron zerrendatik kentzen ahalko da sei hilabetez; epe hori pasatutakoan, onartzeko beste eskabide bat egiten ahalko du.

IV. KAPITULUA

Norberaren gauzak

10. artikulua.

Onartuak gauza hauek ekarri beharko ditu egoitzan sartzen den unean:

–4 soineko edo/eta gona edo galtza pare.

–4 ohe-atorra (atzetik irekiak, beharrezkoa bada).

–4 atorra edo/eta blusa.

–Barruko 6 kamiseta.

–6 galtzerdi pare.

–2 txapin pare, garbitzeko modukoak (zapaten antzekoak, itxura apaina ematen dutenak).

–6 kulero edo galtzontzillo.

–3 jaka/jertse.

–Beroki bat.

–Oihalezko mukizapiak (markatu gabe).

Egoitzan sartzeko egoiliarrak dakarren arroparen inbentario zehatza aurkeztuko du familiak, haien deskripzioa eta kopuruak adierazita.

Egoitzako langileek inbentario hori aztertuko dute. Bere egonaldian ekartzen zaion arropa langileen eskutan utziko da, marka dezaten.

V. KAPITULUA

Plazaren birkalifikazioa

11. artikulua.

Egoiliarren baten plaza birkalifikatzea beharrezkoa dela ikusten bada mendekotasun mailan aldaketaren bat izan delako, egoitzako Zuzendaritzak ahalmena izanen du hori erabakitzeko, baina aldez aurretik osasun txostena jaso beharko du eta egoitzako Erizaintza arloko unibertsitateko diplomadunak beharrak baloratu beharko ditu.

III. TITULUA

Egonaldia

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

12. artikulua.

Denen artean benetako familia giroa izan dadin, beharrezkoa da antolaketa izatea eta bizikidetza arauak errespetatzea. Hona hemen:

1. Ezinbestekoa da norberaren garbiketaren gaineko oinarrizko arauak betetzea, bai higienearengatik bai elkarrekiko errespetuarengatik.

2. Ezin dira gauzak edo janariak leihotik bota.

3. Objekturen bat aurkitzen denean, lehenbailehen eman egoitzako Zuzendaritzan.

4. Egoitzako aretoetan egotean edo eremu komunetan ibiltzean kaleko arropa jantzita ibili behar da.

5. Osasun ona badute, egoiliarrek, gizonezkoak edo emakumeak izan, laguntzen ahalko dute beren gela garbitzen eta txukuntzen.

6. Gelak eta eremu komunak txukun edukitzen saiatu beharko da, hautsontziak, paperontziak etab. erabiliz, eta erretzea debekatua dagoen tokietan arau hori errespetatu beharko da.

7. Une oro beharrezkoak diren argiak baino ez daitezen piztuta egon begiratuko dute, eta piztuta egon behar ez dutenak itzaltzen lagunduko.

8. 22:00etatik (gaueko hamarretatik) goizeko 07:00ak arte, eta 14:30etik (arratsaldeko ordu bi eta erdietatik) 16:30 arte (arratsaldeko lau eta erdiak arte) isiltasun handia eskatzen da, besteen atsedenaldia errespetatzeko.

9. Egoiliarrek askatasun osoa izanen dute egoitzatik irten edo bertan sartzeko goizeko 08:00etatik aurrera, baina bertan egon beharko dute gaueko 10:00ak baino lehen, udan gaueko 11:00ak baino lehen, eta bazkalorduetan, salbu behar den bezalako baimena izanik.

10. Norbaitek egoitzatik kanpo pasatu nahi badu gaua, baimena eskatu beharko du eta/edo egoitzan jakinarazi, inor asaldatu ez dadin.

11. Egoiliarrek, egoitzatik atera behar badute medikuarengana joateko, edo ospitaleratzen badituzte, beren familiakoen edo beste pertsona batzuen laguntza izan beharko dute, eta beren gain hartuko dute horren kostua, horrelakorik bada.

12. Egoiliarra, oporretarako edo osasun zentro batean sartzeko, egoitzatik ateratzen den unean gastuak eta behar dituen laguntzak ez dira egoitzaren erantzukizuna izanen, berriro egoitzara itzuli arte.

13. Egoitzak kapilau baten erlijio arreta du, eta egoiliarren eskura egonen da.

14. Egoitzako osasun langileen oharren arabera eginen zaizkie bisitak gaixorik dauden egoiliarrei.

15. Egoitzako beharrak direla-eta, egoiliarrak gelaz aldatzea erabaki daiteke.

16. Egoitzak ongi funtziona dezan eta denak gustura egon daitezen, oroitarazten dizuegu zeuen etxean zaudetela eta, beraz, egoitzako langileei lagundu behar diezuela.

17. Erabat debekatuta dago zentroko langileei eskupekoak ematea.

18. Egoitzak ez du erantzukizunik izanen desagertzen diren gauza baliotsuen edo eskudiruaren gainean, Zuzendaritzaren esku utzi ez badira.

19. Egoitzak ez du erantzukizunik izanen egoiliarren elementu pertsonalak mantentzearen eta eskuratzearen gainean (aulki gurpildun elektrikoak, betaurrekoak, bizarra kentzeko makina elektrikoak, eta abar).

II. KAPITULUA

Jantokia

13. artikulua.

1. Ordutegia:

–Gosaria:

  • 09:30ean.

–Bazkaria:

  • 13:00etan (mendekotasun handia dutenen txanda).
  • 13:30ean.

–Askaria:

  • 17:30ean.

–Afaria:

  • 19:30ean (mendekotasun handia dutenen txanda).
  • 20:30ean.

Ordutegi hori kontuan izanda, garaiz agertu beharko da, otordua zerbitzatzean atzerapenik izan ez dadin.

2. Menua bakarra izanen da denentzat eta iragarki oholean jarriko da, medikuak edo erizainak agindutako dietak izan ezik.

3. Jantokian ezin da janaririk sartu, ez eta janariak eta tresnak (mahai-tresnak, ezpainzapiak, edalontziak etab.) atera ere.

4. Errespetuz eta gizalegez, eta langileei eragozpenik edo trabarik ez egitearren, debekatuta dago mahaitik altxatzea, harik eta langileek irakiten dauden kafea eta esnea jantokitik atera arte. Horren bidez istripuak saihestu nahi dira, egoiliarrek eta langileek orgekin estropezu egin ez dezaten.

5. Jantokia denen bilgunea denez, bereziki zaindu behar da bertan kideekiko errespetua. Ez egin oihu gogaikarririk, are gutxiago irainik edo hitz edo keinu iraingarririk esan edo egin, ez egoiliarrei ez langileei. Horrelako jokaerak Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio.

6. Jatekoen edo zerbitzuaren kalitateari buruzko kexak izanez gero, edo mahaikoren baten jokaerak eragozpenak sortzen baditu, jakinarazi Zuzendaritzari.

III. KAPITULUA

Bisitak

14. artikulua.

1. Hauxe da bisiten egutegia:

–Lehen solairua:

  • 10:30 - 13:00.
  • 17:15 - 20:00.

–Bigarren solairua:

  • 10:30 - 12:00.
  • 16:30 - 19:00.

2. Gelak garbitzen ari direnean ezin izanen da bertan egon.

3. Gela partekatuak direnean, egoiliarren geletara igotzen diren bisitariek erabat errespetatuko dituzte gainerako egoiliarrak, bai eta haien gelak eta gauzak ere. Debekatuta dago edozein gelatan begiratzea, gela horretako pertsonak baimenik eman gabe. Zuzendaritzak kargu hartzeko eskubidea du.

4. Bisita gaixo dauden egoiliarrei egiten zaienean, medikuak edo, bestela, Zuzendaritzak gomendatzen edo ezartzen dituen neurriei kasu egin beharko zaie.

5. Pertsona edo talderen batek egoitzaren instalazioak ikusi nahi baditu, ondoan izan beharko du beti egoitzako langileren bat edo Patronatuko Batzordeko kideren bat.

IV. KAPITULUA

Gelak

15. artikulua.

1. Garbitzaileak gelan dauden bitartean gelatik irten beharko dute egoiliarrek, haien lana ez oztopatzeko.

2. Gaixo daudenen kasuan izan ezik, betiere medikuak behar bezala baimenduta, ezin izanen da geletan jatekorik zerbitzatu.

3. Debekatuta dago geletan edari alkoholdunak eta hondatu daitezkeen janariak gordetzea. Era berean, edozein janari sukaldatzea, usain txarrak sortzea eta altzariak hondatzea.

4. Egoitzako Zuzendaritzak edo langileek, behar bezala baimenduek, gelak ikuskatuko dituzte noizean behin, garbitasunaren edo higienearen kontrakoak diren arropak, tresnak edo objektuak ateratzeko.

5. Ezin izanen dira Zuzendaritzak baimendu gabeko aparatu elektrikoak erabili, hala nola tapaki elektrikoak, berogailuak edo bestelakoak, arriskutsuak baitira.

6. Gelara altzariak ekarri edo bertan beren kontura instalazioren bat egin baino lehen, kontsultatu egin beharko da. Ezin da paretak hondatu ditzaketen iltzeak edo beste gauzak batzuk jarri, aldez aurretik Zuzendaritzaren baimenik ez bada.

7. Ez dira erabiliko osasunerako arriskutsuak diren produktuak, gela hondatzen ahal dutenak, hala nola, lixibak eta abar.

8. Egoiliarrak eskubidea du egoitzan plaza bat izateko, baina Zuzendaritzak eskubidea du gela bakoitzaren erabilera nahi bezala antolatzeko. Horregatik, funtzionamenduak eskatzen duenean, beharrezkotzat jotzen diren gela aldaketak egiten ahalko dira.

V. KAPITULUA

Norberaren higienea eta zaintza

16. artikulua.

1. Beren burua garbitzeko gauza ez diren egoiliarrek egoitzako langileen laguntza izanen dute, beharrezkoa den maiztasunez.

2. Beren burua zaintzeko gauza diren egoiliarrak astean bitan behintzat dutxatuko dira.

3. Arropa aldaketa astean behin edo egunero eginen da, beharren arabera.

4. Arropa guztiak markatuta egonen dira garbitu aurretik. Ez da arroparik garbituko eta leihoetan, erradiadoreetan etab. hedatuko.

5. Egoiliarrak ongi jantzita eta garbi ibiliko dira beti.

6. Egoiliarren arropa guztiak garbigailuan garbitzeko modukoa eta lehorgailurako egokia izan behar du. Ez da aise hondatzen ahal den arropa onartuko.

VI. KAPITULUA

Ile-apainketa eta podologia

17. artikulua.

Ile-apainketa eta podologia zerbitzuak egoiliarrak ordainduko ditu.

IV. TITULUA

Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

Eskubideak:

1. Egoiliar guztiek beren nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatua izateko eskubidea dute, inolako bereizkeriarik egin gabe jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.

2. Egoiliar guztiek beren ezaugarri eta inguruabar pertsonalen araberako arreta jasotzeko eskubidea dute.

3. Egoiliar guztiek eskubidea dute egoitzak erraztasunak eman diezazkien beren harreman sozial eta pertsonalak mantendu eta handitzeko, eta berdin bisitaldiak, irteerak, komunikabideen eta kultur bideen erabilera, aisiako eta denbora libreko jarduerak...

4. Egoiliarrek eskubidea dute egoitzako zerbitzu eta prestazioek funtzionamendu egokia izateko, bizigarritasun, higiene, elikadura eta segurtasun aldetik baldintza onargarriak beteko dituztela bermatuz.

5. Erabiltzaileen intimitatea errespetatu beharko da, bai eta beraien espedienteetan dauden datuen konfidentzialtasuna ere.

6. Egoiliarrek eskubidea dute egoitzan sartzean hitzartutako baldintzetan egon daitezen prestazioak eta zerbitzuak, eta ezin izanen dituzte egoitzatik kanporatu beste norbaitek haien lekua hartzeko.

7. Informazioa izateko eskubidea.

8. Erabiltzaile guztiek kexak aurkezteko eskubidea izanen dute, eta eskura dituzten erreklamazio orriak erabiliko dituzte horretarako.

Betebeharrak:

1. Egoitzako funtzionamendu orduak errespetatzea.

2. Bizikidetza, higiene eta garbitasun arauak begiratzea, bai pertsonalak bai guztientzako instalazioei dagozkienak.

3. Gainerako egoiliarrak, langileak eta bisitariak errespetatzea.

4. Egoitzako instalazioak eta bitartekoak behar bezala erabiltzea.

V. TITULUA

Familiakoen eta legezko ordezkarien eskubide eta betebeharrak

18. artikulua. Familiakoen eta legezko ordezkarien eskubideak.

1. Familiakoaren egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, betiere langileek horretarako baimena badute; aukera izanen dute, halaber, banakako arreta planetan aurkezten diren esku-hartzeetan parte hartu eta iradokizunak egiteko.

2. Egoitzako erabiltzaileek eta langileek errespetatzeko eskubidea.

3. Langile teknikoengana jotzeko eskubidea eta une oroz elkarrizketen konfidentzialtasuna bermatzekoa.

4. Erabiltzaileari bisitak egiteko eskubidea.

5. Kexak, iradokizunak edo proposamenak aurkezteko eskubidea, horretarako ezarritako bideak erabiliz.

6. Erregelamendu honetan azaltzen diren eskubideak eta pertsona orori dagozkionak ezagutu eta erabiltzeko eskubidea.

7. Egoitzan familiakoentzat egiten diren jardueretakoren batean (musikoterapia, Eguberrietako festa...) parte hartzeko eskubidea; betiere Zuzendaritzak erabakitzen dituenetan, egoiliarraren ongizateari begira.

19. artikulua. Familiakoen eta legezko ordezkarien betebeharrak.

1. Erregelamendua ezagutu eta errespetatzea.

2. Ezarritako ordutegiak betetzea.

3. Egoitzako ezein tokitan ez erretzea, horretarako ezarri direnetan izan ezik.

4. Erabiltzailearen fitxako datuetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri ematea.

5. Bai erabiltzaileak eta haien familiakoak bai zerbitzuen arduradunak eta gainerako langileak errespetatzea.

VI. TITULUA

Egoitzako langileen eta boluntarioen eskubide eta betebeharrak.

20. artikulua. Langileen eskubideak.

Lan arloko araudietan xedatutakoa eta ezartzen ahal zaizkien eginkizunak galarazi gabe, lanean ari diren profesionalek eskubide hauek dituzte:

1. Errespetuzko eta duintasunezko tratua jasotzea bai zerbitzuaren arduradunen eta gainerako profesionalen aldetik bai erabiltzaileen eta haien laguntzaileen aldetik.

2. Bai erregelamendu honetan azaltzen diren eskubideak bai pertsona orori dagozkionak ezagutu eta erabiltzeko eskubidea.

3. Nagusi hurrenaren eta/edo egoitzako Zuzendaritzaren aurrean kexak aurkezteko eskubidea.

4. Erabiltzaileari ematen zaion arretari buruzko iradokizunak aurkezteko eskubidea.

21. artikulua. Profesionalen betebeharrak.

Lan arloko araudietan xedatutakoa eta ezartzen ahal zaizkien eginkizunak galarazi gabe, lanean ari diren langileek betebehar hauek dituzte:

1. Barne araubidearen erregelamendua ezagutu eta errespetatzea.

2. Erregelamendu honek erabiltzaileei, familiakoei, profesionalei eta boluntarioei onartzen dizkien eskubide guzti-guztiak errespetatzea, bereziki duintasuna eta pribatutasuna zaintzeko eskubidea, bai eta lanaren ondorioz erabiltzaileei buruz duen informazioaren konfidentzialtasuna mantendu beharra ere.

3. Era berean, erabiltzaileak ez dira bereizkeriaz tratatu beharko, ezaugarri hauek direla eta: sexua, sexu orientazioa, egoera zibila, adina, erlijio sinesmena, gutxiengo etniko batekoa izatea, maila ekonomikoa, desgaitasuna edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial.

4. Erabiltzaileekin elkarrizketak egiteko edo zerbitzuak emateko hitzartutako egun eta orduak errespetatzea; ezinezkoa bada, horren gaineko abisua eman beharko da.

5. Egoitzako instalazioak, altzariak eta gainerako ekipamendua egokiro erabiltzea.

6. Egoitzako ezein tokitan ez erretzea, horretarako ezarri direnetan izan ezik.

7. Edozein erabiltzailek eta/edo familiako edozeinek egiten dituen eskaerei behar bezala erantzutea, dagokion profesionalarengana bideratuz.

8. Eginkizunak betetzean erabiltzailearen egoeran aldaketaren bat sumatuz gero, langile eskudunei horren berri ematea.

22. artikulua. Boluntarioen eskubideak.

Boluntario guztiek eskubide hauek izanen dituzte:

1. Boluntario lana askatasunez hautatzea, talde teknikoak zer eginkizun mota dagoen azaldu eta norberak zer prestasun duen ikusi ondoren.

2. Bere lanari uko egin ahal izatea.

3. Bere lana eta iritziak errespetatuak izatea.

4. Erabiltzaileei ematen zaien arretari buruzko eta egoitzako funtzionamenduari buruzko iradokizunak aurkeztea.

23. artikulua. Boluntarioen betebeharrak.

1. Barne araubidearen erregelamendua errespetatzea.

2. Egoitzako teknikariek erabiltzaileekin egiten duten lanaren inguruan ematen dizkieten jarraibideak betetzea.

3. Laguntzen duen erabiltzailearen egoeran aldaketaren bat sumatuz gero, horren berri ematea.

4. Ez erretzea egoitzako ezein tokitan.

5. Egoitzako instalazioak, altzariak eta materialak errespetatzea.

VII. TITULUA

Parte-hartzea

24. artikulua.

Egoiliarrek Parte-hartze Kontseiluaren bidez hartuko dute parte egoitzaren kudeaketan (209/1991 Foru Dekretua, maiatzaren 23koa, Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak).

25. artikulua.

Ordezkari hori modu demokratikoan hautatuko da, Jarraipen Batzordean sartzeko, eta batzorde horrek adina iraunen du haren izendapenak.

VIII. TITULUA

Kexak eta erreklamazioak

26. artikulua.

Egoitzaren funtzionamendua egokia izan dadin, ezinbestekoa da ildo horretako iradokizun guztiak Solidaridad egoitza mistoko Zuzendaritzari edo Jarraipen Batzordeari jakinaraztea; orobat, kexak aurkeztea.

Bestetik, erreklamazio orriak daude egoiliarren eskura.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

27. artikulua.

Egoitzako Jarraipen Batzordeak araubide honen araberako zehapenak ezartzen ahalko ditu.

28. artikulua.

Zehatzen ahal diren arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

29. artikulua.

Hona hemen arau-hauste arinak:

–Bizikidetzako eta elkarrekiko errespetuaren arauak urratzea, egoitzan egonezina sortuz.

–Egoitzako instalazioak eta baliabideak modu desegokian erabiltzea edo bertako jarduerak nahastea.

–Edozein eratako liskar eta borrokak sustatzea eta haietan esku hartzea.

30. artikulua.

Hona hemen arau-hauste larriak:

–Arau-hauste arinak berriro egitea, hirugarrenetik hasita.

–Bizikidetzako eta elkarrekiko errespetuaren arauak urratzea, egoitzan egonezina sortuz.

–Ez adieraztea norbaitek egoitzatik kanpo egon behar duela, bazkarira eta afarira agertu behar ez dutenean edo gaua bertan pasatu behar ez dutenean.

–Egonaldiaren ordainketa hilabetez atzeratzea, bidezko arrazoirik gabe.

–Baimendu gabeko aparatuak eta tresnak erabiltzea geletan.

–Edozein prestazio edo zerbitzu jasotzeari buruzko datuak ezkutatzea edo gezurrezko datuak ematea.

31. artikulua.

Hona hemen arau-hauste oso larriak:

–Egoitzaren, langileen edo edozein erabiltzaileren ondasunak edo objektuak ebastea.

–Arau-hauste larriak berriro egitea, hirugarrenetik hasita.

–Eraso fisikoa edo tratu txar larriak beste erabiltzaile batzuei, Patronatuko Batzordeko kideei, egoitzako langileei edo harekin harremanak dituen edonori.

–Aitorpenak faltsutzea edo ezkutatzea edo datu okerrak ematea, egoiliar izaeraren inguruan garrantzizkoak direnean.

–Egonaldiaren ordainketa bi hilabetez atzeratzea, bidezko arrazoirik gabe.

–Ez adieraztea norbaitek egoitzatik kanpo egon behar duela, egun bat baino gehiago egon behar badu.

32. artikulua.

Izan litezkeen bestelako erantzukizunak deusetan galarazi gabe, hona hemen gorago aipatu diren arau-hausteak egiten dituzten egoiliarrei ezartzen ahalko zaizkien zehapenak:

1. Arau-hauste arina egiteagatik:

–Ahozko kargu-hartzea era pribatuan.

–Idatzizko kargu hartzea norbanakoari.

2. Arau-hauste larria egiteagatik:

–Egoiliar eskubideak hamar egunez kentzea.

3. Arau-hauste oso larria egiteagatik:

–Egoiliarraren eskubideak bi hilabetez etetea.

–Hiru arau-hauste oso larri eginez gero, egoiliar izaera galduko da behin betikoz.

33. artikulua.

1. Egoitzako Jarraipen Batzordeak ezarriko ditu hutsegite guztien zehapenak, eta batzordeburuak aplikatuko, bidezkoak diren arauak betez, eta egoitzako Zuzendaritzari horren berri emanen zaio, espediente pertsonalean idatzi eta artxiba dadin, bidezkoa bada.

2. Egoitzako Zuzendaritzak ahozko kargu-hartzea egin diezaioke erabiltzaileari, eta gero egoitzako Jarraipen Batzordeari horren berri eman beharko dio.

34. artikulua.

1. Arau-hauste arinak bi hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak lau hilabeteren buruan eta oso larriak sei hilabeteren buruan.

Arau-haustea noiz egin den, egun horretatik bertatik hasiko da preskripzio epea kontatzen.

2. Preskripzio epea eten eginen da egoiliarrak Patronatuko Batzordearen erabakia komunikatzeko idazkia jasotzen duenean.

35. artikulua.

1. Egoiliarriei ezarritako zehapenak haien espediente pertsonalean jasoko dira. Idatzoharrak deuseztatu eginen dira, egoiliar izaera behin betiko galtzen denean izan ezik, baldin eta egoitzako Jarraipen Batzordeak uste badu zehatuak jokaera normala izan duela epe hauetan:

–Arau-hauste arinen zehapenak: bi hilabete.

–Arau-hauste larrien zehapenak: lau hilabete.

–Arau-hauste oso larrien zehapenak: sei hilabete.

2. Zehapena betetzen den egunean hasiko dira epe horiek.

3. Arau-hauste larri eta oso larrien ondoriozko zehatuek ez dute hautagai izateko eskubiderik izanen Parte-hartze Kontseilua eratzeko hauteskunde prozesuetan, idatzoharra deuseztatu arte.

Jardueren ordutegia

Egoitzako jatorduak errespetatu beharko ditu egoiliarrak; honako hauek, hain zuzen:

–Mendekotasunik gabeko egoiliarrentzat eta mendekotasun ertainekoentzat:

  • Gosaria: 09:30ean.
  • Bazkaria: 13:30ean.
  • Askaria: 17:30ean.
  • Afaria: 20:30ean.

–Mendekotasun handiko egoiliarrentzat:

  • Gosaria: 07:30ean.
  • Bazkaria: 13:00etan.
  • Askaria: 16:15ean.
  • Afaria: 19:30ean.

Guztiek menu bera izanen dute, medikuak agindutako dietak izan ezik.

Irailetik maiatzera bitarte 21:30ean itxiko dira egoitzako ateak, eta maiatzetik irailera bitarte 23:00etan. Zuzendaritzak inoiz ordutegiak aldatzen ahalko ditu.

Bisitaldien ordutegia

–Lehen solairurako ordutegia:

  • 10:30etik 13:00ak arte.
  • 17:15etik 20:00ak arte.

–Bigarren solairurako ordutegia:

  • 10:30etik 12:00ak arte.
  • 16:30etik 19:00ak arte.

Egoiliarrari bere plaza motaren arabera zein solairu dagokion, solairu horretako bisita aretoan egonen dira nahitaez familiakoak. Ezin izanen dute inolaz ere eraman gelak dituen beste solairu batera. Bisitak lorategi eremuan eta beheko solairuko bisiten aretoetan ere egiten ahalko dira, eta egoitzatik ateratzen badira harreralekuan jakinarazi beharko dute edo, bestela, gerokultoreari. Bisitak egiten direnean, eskatzen dugu zorrotz bete daitezela lanaren bidezko terapia okupazionala, fisioterapia eta musikoterapia egiteko ordutegiak eta jatorduak mendekotasun handiko egoiliarren kasuan, eta erabat debekatuta egonen da bisitariak jarduera edo zerbitzu horietan egotea.

Zuzendaritzak jendea hartzeko ordutegia

Astearte eta ostegunetan, aldez aurretik hitzordua hartuta egoitzako harreralekuan agertuz edo telefonoz, 08:00etatik 14:00ak arte.

36. artikulua.

1. Erregelamendu honek berarekin dakar laguntza kontratuan xedatutako guztia betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onetsitako testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

Aurreko erregelamendua Castejongo Udalak 2015eko urtarrilaren 30eko osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batean.

Alkatea Egoitzako Zuzendaritza

1. ERANSKINA

Sartzeko eskabidea.

Gaitasun psiko-fisikoen balorazioa (Sartzeko eskaera).

2. ERANSKINA

Zorraren aitorpena.

3. ERANSKINA

Ondarearen gaineko zinpeko aitorpena.

4. ERANSKINA

Delta testa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1610054