178. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1914/2016 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira telekomunikazioetako ingeniari izateko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat telekomunikazioetako ingeniarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Deialdia, telekomunikazioetako ingeniari lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da, telekomunikazioetako ingeniari lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Telekomunikazioetako ingeniariaren titulua edo telekomunikazioetako ingeniariaren lanbide arauturako gaitasuna ematen duen gradua edo masterra, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahal diote, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsulta ditzan, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, errekerimendua eginen da, 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.5. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Telekomunikazioetako ingeniari gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da telekomunikazioetako ingeniariaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Telekomunikazioetako ingeniariaren titulua edo telekomunikazioetako ingeniariaren lanbide arauturako gaitasuna ematen duen gradua edo masterra, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak dirauen bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Telekomunikazioetako ingeniarien lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek, ez bestek, aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

Halaber, gidabaimena izatea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko deituak direnek baldintza hori betetzen dutela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dute deia egitean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsiriko bi deialdietarako hautapen prozesua proba bat eginez burutuko da. Horretan ebazpen honen I. eranskineko gai zerrendan jasotako gaiei buruzko bi ariketa egin beharko dituzte izangaiek, egun berean.

Lehen ariketan, aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Gaiak ebazpen honetako I. eranskinean ageri direnak izanen dira. Okerreko erantzun bakoitzagatik zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lor daitezke.

Bigarren ariketan, Epaimahaiak gai-zerrendan jasotako gaiei buruzko kasu teoriko-praktiko bat ebatzi beharko dute izangaiek. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lor daitezke.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da.

Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Proba horrek 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiko burua: Miguel Ríos Martín jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaiko ordezko burua: Alberto Solchaga Ibero jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaiko kidea: Andrés Garde Gurpegui jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Telekomunikazio Sistemen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Eduardo Zariquiegui Aldave jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Azpiegitura Teknologikoen Ataleko burua.

Epaimahaiko kidea: Roumen Boyanov Chirinov jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Antonio Rozas Aranguren jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Ekoizpen Ataleko burua.

Epaimahaiko kidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko batzordekidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide-idazkaria: Jesús Ignacio Ilundain Suquia jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Juan Jesús Jaurrieta Galdiano jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Laguntza Administratiboaren Ataleko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, argitara emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautapen-proba hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: lehenbiziko ariketan lortutako notarik handienaren arabera hautsiko dira berdinketak.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehenbiziko ariketan nota altuena lortu duenaren alde joko da.

c) Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

6.3. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, eta berdinketa ebatzirik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Telekomunikazioetako ingeniari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, telekomunikazioetako ingeniari teknikoaren tituluaren edo telekomunikazioetako ingeniariaren lanbide arauturako gaitasuna ematen duen gradua edo masterra, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Telekomunikazioetako ingeniari lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Telekomunikazioen sektorea eta Ikus-entzunezkoen sektorea (irratia eta telebista). Egungo erregulazioa eta arau nagusiak. Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorra. Eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean.

2. gaia.–Europar Batasuneko komunikazio elektronikoen arau-esparrua. Merkatu adierazgarriaren mugaketa. Merkatuko pisu adierazgarria, erregulazio irizpide. Europako Agenda 2020.

3. gaia.–Nafarroako administrazio publikoen kontratuak: araubide juridikoa. Kontratu administratibo ohikoak: kontzeptua eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak.

4. gaia.–Kableatu egituratuak. Telekomunikazioetako azpiegitura komunak. Behe Tentsioko Erregelamendua. Teknologiak, ekipamendua, proiektuak.

5. gaia.–Telekomunikazioetako azpiegiturak: Zuntzezko azpiegiturak. Zuntz mota, kanalizazioak, obrak, lizentziak eta proiektuak. Irrati-loturak. Teknologiak eta proiektuak.

6. gaia.–Sare lokalak, MAN eta WANm ahots eta datuenak. Teknologiak, azpiegiturak, ekipamendua eta proiektuak.

7. gaia.–Operadoreek eskaintzen dituzten txikizkako eta handizkako zerbitzuak, finkoarenak eta mugikorrarenak, ahotsarenak eta datuenak. Teknologiak, funtzionaltasunak.

8. gaia.–Datuen babeserako zentroetako azpiegiturak. Segurtasuna sare korporatiboetan. Interneterako sarbidea. Teknologiak, azpiegiturak, ekipamendua eta proiektuak.

9. gaia.–Telekomunikazioetako zentroetako azpiegiturak. Etxolak, dorreak, hargune elektrikoak, sorgailuak, bateriak eta gainerako ekipamendua. Proiektuak.

10. gaia. –Telebista Digitalaren estalduraren hedapena. Berrigorleak eta telebanaketak. Irrati eta telebistako zentro igorleak. Teknologia, ekipamendua eta proiektuak.

11. gaia.–Banda zabaleko estaldura landa eremura hedatzea. Teknologiak, ekipamendua eta proiektuak.

12. gaia.–Irratibilaketarako sistemak. Operadoreak, sareak, terminalak, estaldura.

13. sarea.–TETRA sareak autonomia erkidegoetako larrialdi zerbitzuetarako. Estrategia, ekipamendua, antolaketa, proiektua. Floten kontrola. Teknologiak, ekipamendua eta proiektua.

14. gaia.–Azpiegiturak eta sareak GPS diferentzialerako (RTK-VRS). Teknologia, ekipamendua eta proiektuak.

15. gaia.–Komunikazioak larrialdietan arreta emateko 112 zentroetan. Erabilgarritasuna, konexioak operadoreekin, komunikazio sistemak, azpiegiturak, ahots eta datu sareak.

16. gaia.–Komunikazioak eta ikus-entzunezko sistemak errepideen kontrolerako zentro batean. Teknologiak, ekipamendua eta proiektuak.

17. gaia.–Teleasistentziarako sistemak. Teknologiak, ekipamendua eta proiektuak.

18. gaia.–Telekomunikazioko proiektuak eta proiektu informatikoak kudeatzea. Zerbitzuen, mantentze-lanen, instalazioen eta telekomunikazio obren baldintza-orri teknikoak. Telekomunikazioetako zerbitzuen, obren eta mantentze-lanen kostuen kalkulua. Telekomunikazio zerbitzuen fakturazio kontrola. Zerbitzuen kalitatea eta maila neurtzeko parametroak telekomunikazio sistema eta zerbitzuetan.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

III. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek baino ez) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1610068