176. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1917/2016 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 277/2016 Ebazpena aldatzen duena. 277/2016 Ebazpenaren bidez gizarte hezitzaile lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onetsi zen: bata, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezietako egoeran prestakuntza izateko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 277/2016 Ebazpenaren bidez (36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 23an), gizarte hezitzaile lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onetsi zen: bata, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezietako egoeran prestakuntza izateko. Bi horietan parte hartzeko baldintzen artean, besteak beste, Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat bat izatea jarri zen.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak abuztuaren 2an emandako 98E/2016 Foru Aginduaren bidez, deialdi horren aurka Fernando Jesús Santamaría Recarte jaunak, Belén Minondo Verdú andreak, Javier Elizalde Alfonso jaunak, Susana Sánchez Ochandiano andreak eta, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala ordezkatuz, Gerardo Martín Castillo jaunak jarritako gora jotzeko errekurtsoak metatu eta baietsi ziren. Horren ondorioz, gizarte hezitzaile gisa aldi baterako kontratatua izateko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdiaren 2.1.c) oinarria eta zerbitzu berezietako egoeran gizarte hezitzaile gisa prestakuntza izateko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdiaren 2.1.d) oinarria deuseztatu ziren. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 277/2016 Ebazpenaren bidez onetsi ziren bi deialdiak.

Oinarri horiek aldatu behar dira, Unibertsitateko diplomadun tituluren bat, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako bat dutenek edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean haietako bat eskuratzeko moduan daudenek parte hartzeko aukera izan dezaten, betiere Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak emandako lanbide gaikuntza badute, eta ez bakarrik Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua dutenek.

Orobat, abuztuaren 2ko 98E/2016 Foru Aginduak agintzen du aipatu aldaketa argitaratzeko eta hautapen prozedura atzera eramateko, eskabideak aurkezteko epe berri bat irekiz, hasieran onetsi zen testuaren arabera onartu ezin ziren izangaiek parte hartzeko eskaera aurkezteko aukera izan dezaten.

Azkenik, deialdiaren I. eranskinean akats bat atzemanik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da hura zuzentzea.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren bigarren oinarriko 2.1.c) atala aldatzea, baita zerbitzu berezietan prestakuntzarako izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren bigarren oinarriko 2.1.d) atala ere. Biak dagozkio gizarte hezitzaile lanpostuari eta biak onetsi ziren Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 277/2016 Ebazpenaren bidez. Modu honetan gelditu da atal horien testua:

“Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Unibertsitateko diplomadun tituluren bat, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako bat dutenek edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean haietako bat eskuratzeko moduan daudenek ere parte hartzen ahal dute, betiere Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak emandako lanbide gaikuntza badute.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.”

2. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko beste epe bat irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hasieran onetsi zen testuaren arabera onartu ezin ziren izangaiek parte hartzeko eskaera aurkezten ahal dute epe horretan.

Edonola ere, ulertzen da deialdian parte hartzeko baldintzak eskaerak aurkezteko lehenengo epea bukatu zenean, hau da, 2016ko martxoaren 9an, bete behar direla.

3. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 277/2016 Ebazpenaren I. eranskinean atzemandako akatsa zuzentzea. Ebazpen haren bidez gizarte hezitzaile lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onetsi da: bata, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezietako egoeran prestakuntza izateko. Hona hemen zuzenketa:

Honela dioen tokian:

“10. gaia.–51/2003 Legea, abenduaren 2koa, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzkoa: legearen xedea, printzipioak, aplikazio eremua, aukera-berdintasuna, sustapena eta defentsa.”

Honakoa behar du:

“10. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duena: xedea, printzipioak, aplikazio eremua, aukera-berdintasuna, sustapena eta defentsa.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei ohartaraztea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaiko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F1610072