139. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2015eko abenduaren 17ko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren 34. artikuluko j) idatz-zatiko aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2015eko abenduaren 17an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.

OTEITZAKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Oteitzako udalerrian dauden herrilurretako alorren esleipena eta aprobetxamendua arautzea, betiere Toki Administrazioaren Araubideari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua jasotzen duen 280/1990 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Oteitzako herrilurretako ondasunak herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabili ditzaketenak dira, kontuan harturik ondasun horiek besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak direla. Herrilurretako ondasunak ez dira ezein tributuri loturik egonen.

3. artikulua. Oteitzako herrilurrak erabili, administratu, aprobetxamendu araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio oso-osorik, ordenantza hauen 1. artikuluan ageri den legediaren esparruan.

4. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Oteitzako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Oteitzan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Oteitzako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Oteitzako Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, bertan eratutako Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua

1. ATALA

Aprobetxamendurako arau orokorrak

5. artikulua. 1. Aprobetxamendurako epea zortzi urtekoa izanen da urteko zikloko laboreentzat. Zortzi urtetik gorako zikloa duten urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak berariazko baimena ematen badu, zilegi izanen da epe hori luzatzea, baina ez laborearen balio-bizitza baino gehiago.

2. Esleitutako lurrak lurzati berrantolamenduko prozesu batean sartzen badira, iraungi eginen da horien esleipen epea, eta indarrik gabe geldituko dira dauden esleipenak, esleipen-hartzaileak kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe; gainera, ordenantza berrien bitartez, Nekazaritzako Azpiegiturak arautzen dituen martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan azaltzen diren esleipen irizpideak aplikatuko dira.

6. artikulua. Herrilurretako loteen onuradunek ezin izanen dituzte landu esleitu zaizkien herrilurrak esleipenean ezarritako xedea ez bezalako erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motetan, baldin Oteitzako Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

7. artikulua. Herrilurren esleipen-hartzaileek ezin izanen dute nekazaritzako lanik egin (luberritzea, ereitea, herbizidak aplikatzea, uztondoak erretzea), uzta biltzen denetik irailaren 10era bitarte, laborantzako lurretan.

8. artikulua. Zuzenean herriko bidetik sartzen ez denean herrilurretan, esleipen-hartzaileek, beren interesak galarazi gabe, bide zorra onartu beharko dute mugakide diren lur horietara iritsi ahal izateko.

9. artikulua. Larreen esleipen-hartzaileei kalterik ez egiteko, ezin izanen da arrastelu metodoa erabili lastoa biltzeko.

2. ATALA

Laborantzako herrilurren azalera eta aprobetxamendu motak

10. artikulua. Laborantzako lurraren azalera, guztira:

Alorrak

3.690,00 erregu

Olibadia

14,50 erregu

GUZTIRA

3.704,50 erregu

11. artikulua. Herrilurren aprobetxamenduak hiru motatakoak izanen dira, ondoz ondo aplikatuak hurrenkera honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea.

12. artikulua. Kontuan izanik lehentasunezko aprobetxamenduek ez dutela beste batzuetan gainditu Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 147.2 artikuluan modalitate honetarako gutxienez aurreikusitako lurren %50a, eta kontuan harturik, orobat, gaur egun ez dela arrazoi objektiborik ezagutzen herrian aldaketa sozialik egiteko, alorretan gutxienez eskatzen den %50a erabiliko da, hasiera batean, lehentasunezko aprobetxamendu gisa kalifikatutako banaketa modalitaterako; hala, hasierako guztirakotik 1.845 erreguko azalera ukitua eta lotua ateratzen da xede horretarako.

Benetako eskaerak hasierako aurreikuspenak gainditzen baditu, handitu eginen da portzentajea, eta banaketa modalitate horretarako azalera handiagoa jarriko.

Egoera hori gertatzen ez bada, hasierako aurreikuspenei eutsiko zaie, eta beste %50a (1.845 erregu, lur soberakin gisa sailkatuak) herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduetarako izanen da.

Lehentasunezko aprobetxamenduetarako eskaerak aurreikusi den %50era iristen ez badira (1.845 erregu), eskatu ez direnak, hasiera batean, “banatu gabeko” lurzati gisa geratuko dira amaierako enkante publikorako.

13. artikulua. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 154. artikuluan ezarritakoarekin bat, laborantzako herrilurraren %5 gordeko da onuradun berrientzat, hau da, hasierako guztirakotik 185 erregu hartuko dira.

Gordetako alorrak landu gabe gera ez daitezen, Udalak, horien kokapena eta ateratzen den lurzati kopurua zehaztutakoan, lur horiek esleituko ditu, behin-behinekoz eta urtero berrikusiz, herritarrendako zuzeneko esleipenerako ezarri diren baldintza beretan.

Esleipen prozedura independentea izanen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute herritarrendako beste aprobetxamendu batzuetara jo ez duten herritarrek edo, horietara jo arren, eskari gehiegi izateagatik lurzatirik lortu ez dutenek.

Artikulu honek arautzen duen kasuan, esleipen-hartzaileak beharturik egonen dira loteak erabilgarri uztera, baldin eta Udalak errenta maila txikiagoko onuradun berriei esleitzeko behar baditu.

14. artikulua. Olibadiko herrilurren aprobetxamenduak, txikiak baitira eta sakabanaturik baitaude, zuzenean esleituko zaizkie agertzen diren herritar eskatzaileei.

Zuzeneko esleipenerako aurreikusitako prozedura berari jarraikiz esleituko dira lurrak, baina olibadi unitateen arabera baloratuko dira loteak, hobeki aprobetxatzeko.

3. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

15. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek esleipen unean indarra duen lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 edo txikiagoak izan beharko dute hilean, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarreren maila kalkulatzeko, kide guztiek edozein bidetatik lortzen dituzten diru-sarreren multzoa zatituko da familia unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz, eskatzailea barne.

Lanbide arteko gutxieneko soldata, hilekoa, kalkulatzeko, urteko bi aparteko pagaren zati proportzionala sartuko da.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko, aurreko zenbakiko lehen lerroaldean agertzen den %30aren ordez.

16. artikulua. Eredu-lotearen azalera lehorreko lurreko hogeita bi erregukoa izanen da. Atal honetan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak: 1 koefizientea, hau da, 22 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea, hau da, 44 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea, hau da, 66 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak: 4 koefizientea, hau da, 88 erregu.

17. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendu modu horretan, lurzatien onuradunek 6 euroko kanona ordaindu beharko dute erregu eta urte bakoitzeko. 1997rako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera. Dena den, kanonak Oteitzako Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

18. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte esleitutako lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen dituztela esanen da, orobat, ustiapena amankomunean egiten denean kooperatiben bitartez edo legez eratutako eta 15. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituzten kideez soilik osatutako lan taldeen bitartez.

19. artikulua. Ezintasun fisikoarengatik edo justifikatutako beste arrazoiren batengatik, onuradunei esleitutako lurzatiak ezin badituzte beraiek zuzenean eta pertsonalki landu aurreko artikuluan aipatu zehaztasunen arabera, Udalari itzuliko zaizkio, eta herritarrendako zuzeneko esleipenerako erabiliko dira, lehenik eta behin. Kasu horretan, onuradunek diru konpentsazio bat jasoko dute, hau da, erregu bakoitzeko ordaindu beharreko kanonaren eta Udalak herritarrendako zuzeneko esleipenagatik jasotako diru-sarreren arteko aldea.

4. ATALA

Herritarrendako zuzeneko esleipena

20. artikulua. Ordenantza hauen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, erreserbarako gordetako azalera kendu ondoren, herritarrei zuzenean esleituko zaie ordenantzen 12. artikuluko 3. lerroaldean soberakintzat jotzen den herrilurren azalera. Lehentasunezko aprobetxamenduan “banatu gabe” geratzen diren lurzatiak ez dira lur soberakintzat joko.

21. artikulua. Aprobetxamendu mota horren onuradun izateko, lehentasuna izanen dute, lehenik, honako hauek: familia unitateen titularrek, hain zuzen ere 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %60 edo txikiagoak badira hilean, edo familia unitatearen diru-sarrerak, guztira, soldata hori halako hiru baino txikiagoak.

Hurrenkeraren hurrengo mailan daude 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten titularrak, baldin eta familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %90 edo txikiagoak badira, edo familia unitatearen diru-sarrerak, guztira, soldata hori halako lau eta erdi baino txikiagoak.

Hurrenez hurren, eta aurreko lehentasun hurrenkera horri jarraikiz, handitzen joanen dira artikulu honetan ezarritako marjinak; hots, %30ez 30 handituko dira familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, edo diru-sarrerak, guztira, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,50.

22. artikulua. Eredu-lotearen azalera, era honetako esleipenetan, hogeita lau erregukoa izanen da.

Modalitate honetako onuradunei esleitu beharreko loteak eredu-loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak: 1 koefizientea, hau da, 24 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea, hau da, 48 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea, hau da, 62 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak: 4 koefizientea, hau da, 96 erregu.

Lurzati eskariak aurreikuspenak gainditzen baditu, Udalak kanpoan utziko ditu diru-sarrera handienak dituzten familia unitateak.

23. artikulua. Esleipen-hartzaileek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurrak. Lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen dela esanen da ustiapena, fase guztietan, esleipen-hartzailearen kontura egiten denean guztiz.

Herrian finkatuta dauden nekazaritza kooperatiben bitartez egiten diren laborantza lanak ere zuzenekotzat eta pertsonalki egindakotzat hartuko dira. Era berean, baldintzak betetzen direla esanen da lana “tornapeón” modalitatean egiten denean, herri horretan sustraituta dagoen ohitura baita. Azken kasu horretan, parte-hartzaileak Udaletxean agertuz eginen da eskaera.

Esleipena ezin izanen zaio inolako kasutan hirugarren bati laga, ez eta ustiapenean apartzeria sistema erabili ere, horrelakoetan deuseztatu eginen baita esleipena.

24. artikulua. Esleipen-hartzaileek ordaindu beharreko errentamendu kanona ezartzeko, Oteitzako udal mugapea bi eremutan banatzen da, plubiometriaren arabera: iparraldeko eremua eta hegoaldekoa, San Tirso-Andion eta Angarisun-Baigorri errepideek bereiziak, biak Lizarra-Tafalla errepidetik abiatuta.

Iparraldeko eremuaren urteko kanona 15,63 eurokoa izanen da erreguko, eta hegoaldekoa ehuneko hamar gutxiagokoa, hau da, 14,60 eurokoa erreguko. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearekin bat.

Iparraldeko eredu-kanona zehazterakoan oinarri gisa hartu da IV. Eskualdea-Estellerria osatzen duten eta Nekazaritzako Politika Bateratuaren ondorioetarako ezaugarri bertsuak dituzten herrietako errentamendu prezioen batez bestekoa; Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (U.C.A.N.) elkarteak emandako informazioaren arabera, honako hauek dira: Aberin, Aiegi, Jaitz, Iguzkitza, Mañeru, Morentin, Oteitza, Villamayor, Zirauki eta Zuñiga.

Esleipenaren urte bakoitzeko irailaren 15erako ordainduko da kanona.

5. ATALA

Esleitzeko prozedura

25. artikulua. Udalak erabakia hartu ondotik, ediktua paratuko da Udaletxeko iragarki oholean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera kopia bat igorriko da, argitara dadin.

Aldizkarian argitaratu eta zortzi egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek esleipena eska dezaten, ustez dagokien modalitatean.

Nekazaritzako lanak taldean egitea errazteko, amankomunean eskatzen ahalko dira loteak, eta horien zozketa eginen da lehendabizi.

Erreserbatutako lurretarako eskaerak ere epe horrexetan eskatzen ahalko dira.

26. artikulua. Errenta mailak zehazteko eta familia unitate bakoitza dagokion modalitatean sartzeko kontuan hartuko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, eta beharrezkoa izanen da Udaletxean agiri hauek aurkeztea, ezartzen den epean:

a) Familia unitatea osatzen duten pertsonen Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenen kopia konpultsatua, edo Foru Ogasunaren ziurtagiri negatiboa, aurkeztu behar ez badira.

b) Familia unitateko kide guztiek edozein kontzeptugatik izaten dituzten diru-sarreren zinpeko aitorpena.

c) Besteren kontura lan egiten duten familia unitateko kideen soldatei dagozkien ordainagirien kopia konpultsatua (azken hamabi hilabeteetakoak).

d) Familia unitateko kide bakoitzaren ondasunen katastroko ziurtagiria eta garatzen dituzten jarduerak, ondokoetan ageri diren datuen arabera: erregistro fiskalak, hiri ondasunenak, landa ondasunenak, abere ondasunei dagozkienak, lizentzia fiskala eta zirkulazioko udal zerga.

e) Familia unitateko kide guztien zinpeko aitorpena, horren bidez adieraziz aipatu ziurtagirietan agertzen diren ondasunak familia unitateak Oteitzan edo beste edonon dauzkan guztiak direla; familia unitatearen beraren etxebizitza zein den berariaz azalduko da. Agerrarazten ahalko da, agiri bidez frogaturik, katastroaren arabera familia unitateko kideren batenak diren ondasunetakoren bat edo batzuk ez direla harenak; gainera, katastroko datuak aldatzeko eskaeraren kopia konpultsatua aurkeztuko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzak errentamenduz edo jabetza ez den beste titulu batez Oteitzan edo beste herri batean lantzen dituen lurren gaineko zinpeko aitorpena.

g) Osasun egiaztagiri nahikoa, haietakoren batek desgaitasun fisikoa edo burukoa badu, hori frogatzeko.

Landalurreko ondasunen katastroan eskatzailearen izenean ageri den edo ustiatzen duen lur erregu bakoitzeko, familiako diru-sarreren gehikuntza hau zenbatuko da: hektareako 3.200 kg-ren errentamenduari (Nekazaritzako Politika Bateratuak IV. Eskualdea-Estellerrirako ezarriari) esleipenaren unean zerealak duen prezioa aplikatuta ateratzen den balioa.

27. artikulua. Oteitzako Udalak modalitate bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da, Udalaren iragarki oholean jarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie; gainera, bost eguneko erreklamazio epea irekiko da.

28. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu epea bukatu eta alegaziorik jaso ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da zuzenean. Alegazioren bat aurkezten bada, Udalbatzak osoko bilkuran ebatziko du eta, ondoren, behin betiko zerrenda onetsiko. Zerrenda hori iragarki oholean paratuko da. Erabakia legeak agintzen duen bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta aditzera emanen zaie haren aurka errekurtsoak aurkez daitezkeela, eta formalizaziorako epeak.

29. artikulua. Behin betiko zerrenda ikusirik, Udalak prozedura honen arabera esleituko ditu loteak:

a) Modalitateen zerrendetako bakoitzean sartutako familia unitateetako titularrak zenbakituko dira.

b) Herrilurren loteak ere zenbakituko dira. Lurzati berrantolamendua kontuan harturik, ahalik eta lurzati kopuru handiena elkartzeko ahalegina eginen da.

c) Zozketaz herrilurren lote zenbaki bat aterako da, eta horretatik aurrera esleituko dira loteak, ateratzen diren herritar esleipendunen zenbakiekin hurrenkera osatuz. Amankomunean dauden loteak izanen dira lehenak.

d) Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren Osoko Bilkurak onetsi ondoren, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

e) Amankomunean dauden loteen onuradunen batek baja ematen badu, eta taldean egiten diren nekazaritza lanak ez oztopatzearren, azkenik esleitutako loteei automatikoki emanen zaie baja, hau da, 25. artikuluaren hirugarren lerroaldean ezarritako esleipen prozeduaren alderantziko ordenan.

6. ATALA

Oteitzako Udalak zuzenean ustiatzea
edo enkante publiko arrunta

30. artikulua. Lurrak lehentasunezko aprobetxamenduen eta zuzeneko esleipenaren modalitateen bidez esleitu ondoren, lurzati batzuk banatu gabe gelditzen badira, Udalak amaitutzat joko ditu herritarrendako esleipenaren faseak, eta hurrengo modalitatea aplikatuko du, zeina, ordenantza hauen 11. artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera, enkante publikoaren modalitatea baita.

Nafarroako foru auzotasuna duen edonor aurkez daiteke enkantean, baldin eta Foru Ogasunarekiko legezko beharkizunak beteak baditu; gehienez ere 200 erregu izanen dira erremategile bakoitzeko.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa herritarrendako zuzeneko esleipenean ezarritako kanona adinakoa izanen da.

Enkantea egin ondoan banatu gabeko lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du. Azken kasu horretan, Udalbatzako Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu ustiapen kontratuak, eta iragarki oholean jarri beharko dira.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

31. artikulua. 1. Oteitzako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

32. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

33. artikulua. Herrilurrak luberritu nahi badira bertan laborantzan aritzeko asmotan, aldez aurretik Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren edo hori ordezten duen erakundearen baimena beharko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

34. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zuzeneko esleipenaren edo enkante publikoaren bidez esleitutako herrilurretako loteak azpierrentamenduan uztea edo hirugarrenei lagatzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

h) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

i) Herritarrendako zuzeneko esleipenerako eskubidea zehazten edo justifikatzen duten agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea.

j) Nekazaritzako lanak egitea (luberritzea, ereitea, herbizidak aplikatzea, uztondoak erretzea, etab.) irailaren 10a baino lehen, laborantzako lurretan.

k) Auzotasuna galtzea edo herrian egiazki eta jarraian ez bizitzea urteko bederatzi hilabetez, enkante publikoko kasuetan izan ezik, horietan betebeharra foru auzotasunari buruzkoa baita, ordenantza hauen 30. artikuluko 2. lerroaldean ezarritako gainerako betebeharrez gain.

l) Oteitzako Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak ez izatea.

35. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) ataletako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) ataletako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa kenduko da.

c) Aurreko h) ataleko arau-haustea eginez gero, herrilurren esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den zehapenaren gehienekoa izanen da lotearen urteko errentamendu balioaren bikoitza edo zehapenaren xede zehatzaren zatia.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Iragarkiaren kodea: L1607470