139. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2015eko abenduaren 29an, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza, eta 2016ko urtarrilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, 2016ko ekainaren 24ko batzarrean behin betikoz onesten da, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, eta testu osoa argitaratzen.

Basaburuan, 2016ko ekainaren 28an.–Alkatea, Esther Lacasta Perez Ilzarbe.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araubidea betez, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legeko 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak banatzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota.

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Ondoren balizko horietakoren batean daude pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun-maila aitortzeko, onartzeko eta kalifikatzeko prozedurarako abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B nahiz C ataletan deskribatutako egoeraren baten barnean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna, zuzendua, 0,1ekoa edo beheragokoa dutenak, edo ikuseremu murriztua 10 gradukoa edo gutxiagokoa dutenak.

Bi egoera horiek desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona-taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte-zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte-zerbitzuak.

3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta solik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. ataleko balizkoan, txartel bakoitza matrikula-zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori soilik mugikortasuna murrizturik duten pertsona-taldeak garraiatzeko erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da soilik ibilgailuak halako pertsonak garraiatzen dituenean egiazki.

Aparkatzeko txartelaren erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio-epea.

Aparkatzeko txartelen balio-epea honako hau izanen da:

Desgaitasunaren balorazioa urritasun iraunkorren zehaztapenean oinarritzen dela ukatu gabe, administrazio kontrola bermatzeari begira komenigarri da balio-epe bat ezartzea. Hori iragandakoan txartelaren berrikuntza eskatu beharko da.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskaera aurkezteak lehendik zeukanaren balioa luzatzen du prozedura ebatzi bitartean.

Baldin eta eskaera aurkezten bada eman zen azken txartelaren iraunaldia bukatu eta hurrengo laurogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, iraunaldi horrek bere horretan dirauela ulertuko da berritzeko prozedura ebatzi bitartean.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun-mailaren balorazioa berrikusteko epea artikulu honetan aipatutako balio-epea baino epe motzagoa bada, txartelaren balio-epea bat etorriko da desgaitasun-maila berrikusteko falta den denbora-tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioei erantzunez, ibilgailu automobilentzako aparkatzeko txartela eman ahal izanen zaie, behin-behinekoz, mugikortasun murriztua duten pertsonei (nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana ez izan) haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den, eta arrazoizko denbora batean aparkatzeko txartelaren eskaera arrunta egitea ahalbidetzen ez duen bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik.

Halako egoerak osasun-zerbitzu publikoek emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiriek eskatzailearen bizilekuko osasun-zerbitzu eskudunen ikuskaritzaren balidazioa eduki beharko dute.

Txartel horrek gehienez ere urtebeteko iraunaldia edukiko du, eta beste urtebetez luzatu ahal izanen da betiere txartela emateko hasieran eskatutako baldintzek bere horretan jarraitzen badute.

Txartel hori emateko, udalak egin beharreko egiaztapenak egin ditzake eskatutako baldintzak betetzen direla bermatze aldera.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera espres egin ondoren emanen da txartela.

Txartela udaletxeko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honetako I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraiki.

Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-abizenak.

–Karnet-neurriko bi argazki.

–NANa.

–Udalerrian erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

–Txartela berritzeko bada, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun-maila aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.

Nolanahi ere, txartela eman aurretik, udalak beharrezkotzat jotzen badu, Nafarroako Gobernuan gaiaren inguruan eskumena duen Departamentuari eska diezaioke eskatzaileak txartela jasotzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baita eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun-zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun-zerbitzuek baliozkotua.

–Ordenantza honetako 1. artikuluko 2. atalean aipatutako desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskatzen badute, autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasunari arreta egiteko gizarte-zerbitzuak ematen direla bermatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Eskatutako baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde-eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabili ahal izanen da, tokian-tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera-mugak

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzeko eskubidea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora-tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetara, eremuetara nahiz guneetara sartzeko eskubidea; betiere, helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoentzako eremuetan, oinezkoentzako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatuko dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio-errailak txikiagotuko dituzten eremuetan.

9. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularrak honako betebeharrak ditu:

a) Txartela behar bezala erabiliko du, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibigailuaren aginte-panelean jarri beharko du, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agenteak eskatzen badio, bere burua identifikatu beharko du.

d) Agintaritzaren agenteari lagunduko dio aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko-arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzuliko du txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar ditzake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan aurreikusitako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzuteko espedientea bideratu aurretik ere.

Lehen xedapen iragankorra. Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den epemuga-datara arte.

Azken xedapena. Ordenantza hau indarrean egonen da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki entitateei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Titularraren datuak:

Izen-abizenak:

Helbidea:

NANa:

Harremanetarako telefono-zenbakia:

Ibilgailuaren datuak*:

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektibora bideratuko den ibilgailuaren matrikula

ESKATZEN DU:

Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela ematea.

.................(e)an, .......(e)ko ...........aren .....(e)an
Sinadura

(*) Soilik desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela ematea arautzen duen Ordenantzako 1. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen eskatzaileak pertsona fisikoak edo juridikoak badira.

Aurkeztu beharrekoak:

–Karnet-neurriko bi argazki.

–NANa

–Errolda-egiaztagiria.

–Txartela berritzeko bada, iraungitako txartela.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun-maila aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun-zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun-zerbitzuek baliozkotua.

–Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskatzen badute, autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasunari arreta egiteko nahiz desgaitasuna duten pertsonentzako eta horiek gizartean txertatzeko gizarte-zerbitzuak ematen direla bermatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Iragarkiaren kodea: L1608020