106. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Hirigintzako tramitazioak eta beste tramitazio batzuk egiteko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2015eko abenduaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako tramitazioak eta beste tramitazio batzuk egiteko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Onespen horren iragarkia 2016ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 2an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Urraulbeitin, 2016ko apirilaren 25ean.–Alkatea, Ana Jesús Iriarte Equisoain.

UDAL ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOAK ETA BESTE TRAMITAZIO BATZUK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketak eta hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzeari buruz, udal mugapearen edozein tokitan egiten direnean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua.

3.1. Tasa hauei loturiko udal ekintza, besteak beste, hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Udal Planean egin aldaketak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haietan egiten diren aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lur banantzeak tramitatzea.

f) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.

g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

h) Hirigintza arloko kontsultak.

i) Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, hondamen egoera deklaratzeko espedienteak tramitatzeko eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.

3.2. Tasa hauei loturiko udal ekintza gauzatzen da hirigintzaz kanpoko lizentzien jarduketa hauetan:

a) Jarduera lizentzien tramitazioa.

b) Irekitzeko lizentzien tramitazioa.

c) Jarduera lizentzien, irekitzeko lizentzien eta gainerako beste batzuen gaineko kontsulten tramitazioa.

d) Katastroa aldatzeko espedienteak, kartografia berria behar dutenak eta ez direnak katastroko edo lizentzia bidez baimendutako hirigintzako jarduketa bateko akats baten ondorio.

e) Ezkontza zibilak egiteko espedienteak.

4. artikulua. Amaieran lizentziarik lortzen ez duten tramitazioak edota lizentzia ukatzen zaizkionak kontsultatzat hartuko dira, kargaren ezarpenari dagokionez.

Ordaindu beharra

5. artikulua. Tramitazioa eskatzen den unean berean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Dagokion tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute. Ofizioz abiatutako udal espedienteak tramitatzean, higiezinaren jabeak.

Tarifak eta karga-tasa

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Tasa ordaintzeaz gain, subjektu pasiboak bere kontura hartu beharko ditu araua aplikatzearen ondorioz sortzen diren gastuak, hala nola, iragarkiak argitaratu eta txostenak eta gainerako tramitaziotik sortzen direnak.

Tramitazioa

8. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta xedapenak.

Hirigintzaz kanpoko tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeak eta harekin bat heldu direnek aipatzen dituzten edukia eta zehaztapenak.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Espedientearen tramitazioa bukatu baino lehen, tasen likidazioa eginen da, espedientearen ebazpenaren jakinarazpenarekin batera igorriko baitira.

10. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

11. artikulua. Tasak %25 murriztuko dira baldin eta eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote txosten teknikoak eman baino lehen; ukoa berariazkoa izan beharko da, Alkatetzari idatziz zuzendua.

Azken xedapen bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

ERANSKINA

Hirigintzako tramitazioak

I. epigrafea.–Udal Planak, Plan Partzialak edo Antolamenduko Plan Bereziak tramitatzea: 150 euro.

II. epigrafea.–Lerrokaduren azterlanak, unitatearen mugaketak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak tramitatzea: 80 euro.

III. epigrafea.–Birzatiketen tramitazioa: 80 euro.

IV. epigrafea.–Eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.

V. epigrafea.–Aurri espedientea: 100 euro.

VI. epigrafea.–Lur banantzeak tramitatzea: 40 euro.

VII. epigrafea.–Hirigintzako kontsultak: 40 euro.

Hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzea:

VII. epigrafea.–Jarduerarako lizentziak.

1. 4/2005 Foru Legearen 4D eranskineko jarduera sailkatuetarako lizentzien espedienteen tasak: 240 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 584 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.

2. 4/2005 Foru Legearen 4D eranskineko jarduera sailkatuak irekitzeko lizentzien espedienteen tasak: 360 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 492 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.

3. 4/2005 Foru Legearen 4A, 4B, eta 4C eranskinetako jarduerak irekitzeko lizentzien tasak: 600 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 492 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.

4. 4/2005 Foru Legeko jarduera kaltegabeetarako lizentzien espedienteen tasak: 146 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 300 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.

Tarifa horiek pilatu eginen dira, baldin eta lizentzia ematean tarifetan zehaztutako kasuetako bat baino gehiago elkartzen bada.

Kasu bakoitzeko txosten teknikoaren kostua epigrafean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa bada, zenbateko berean goitituko da tasa.

IX. epigrafea–Jarduerarako, irekitzeko eta antzeko lizentzien gaineko kontsultak. 40 euro.

X. epigrafea.–Katastroa aldatzeko espedienteak, kartografia berria behar dutenak eta ez direnak katastroko edo lizentzia bidez baimendutako hirigintzako jarduketa bateko akats baten ondorio. 360 euro.

XI. epigrafea.–Ezkontza: 60 euro.

Iragarkiaren kodea: L1605664