106. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

972/2016 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia ikusita, bidezkoa da, administrari laguntzaile gisa trebatzeko, lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probetarako deialdia onestea.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Administrari laguntzaile gisa aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpekoetan izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko gradudun titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten administrari lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, baita 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, hala egin behar denean, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahal diote, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsulta ditzan, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, errekerimendua eginen da, 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.5. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.
Deialdia, administrari laguntzaile gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da administrari laguntzaileen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da ezin bada erabili azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen den langileen zerrenda. Foru dekretu haren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko gradudun titulua, Eskola Graduatuen titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Administrari laguntzaile gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten administrari lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, baita 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, hala egin behar denean, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak dirauen bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.
Deialdia, administrari laguntzaile gisa trebatzeko lau urteko
bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Betebeharrak.

Administrari laguntzaile gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu horri dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien zerrenda indardunean ageri diren langileek, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betebehar hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Hirugarrena.–Izangaiei deitzeko hurrenkera.

Lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba gainditzen duten izangaiei administrari laguntzaile lanetan aldi baterako aritzeko deitzen ahalko zaie. Horrelako lanpostuetan hasiz gero, zerbitzu berezietako egoerara igaroko dira, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

IV.
Hiru deialdietarako balio duten arauak

Lehena.–Eskabideakk aurkezteko epea.

Hiru deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien eskabideak II. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko dira; prestakuntzaldirako izangaienak III. eranskineko ereduarekin, eta lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen dutenenak, berriz, IV. eranskineko ereduarekin. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.3. Aldi baterako kontratazioaren deialdian parte hartzen dutenek V. eranskineko eskabidea ere aurkeztu behar dute, betea eta sinatua, hautatzeko zer eskualdetan aritu nahi duten eta adierazteko prest dauden lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko. Hala egin ezean, ulertuko da eskualde guztiak hautatzen dituztela eta prest daudela lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko.

Nahi adina eskualde aukera daitezke, ez baitira bateraezinak.

Zer hautatzen diren, horrek ondorioak izanen ditu zerrendak indarra duen denbora guztian.

2.4. Euskarazko 3. jakite mailaren betebeharra duten kontratazioak hautatu nahi dituztenek, parte hartzeko eskabideaz gain, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailari dagokion tituluaren kopia aurkeztu beharko dute, edo hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki baliokidea den beste titulu batena.

Izangaiak titulu hori ez badu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da beharrezkoa den maila baduen hizkuntza horretan. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.

2.5. Administrari laguntzaileen lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek, ez bestek, aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

Halaber, adingabeekin ohiko harremana duten administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Halaber, gidabaimena izatea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko deituak direnek baldintza hori betetzen dutela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dute deia egitean.

2.6. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

Eskaeran adierazten dutenek deialdietan komunak diren arauen 2.4 oinarrian ezarritako euskara tituluetako bat dutela, zuzenketak egiteko epea iraganda ez badute aurkeztu, euskararen mailaketa proba egiteko deia jasoko dute.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Probak.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozesuan bi proba eginen dira.

a) Lehenbiziko proba: aukera anitzeko 80 galderako sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Gaiak ebazpen honetako I. eranskinean ageri direnak izanen dira. Lehenbiziko 25 galderak 1., 2. eta 3. gaiei buruz izanen dira, eta gainerako 55ak, 4.etik 7.era bitartekoei buruz. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Proba honek gehienez ere 80 puntuko balorazioa izanen du.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da.

b) Bigarren proba: aukera anitzeko 80 galderako sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderek hizkuntzarako, zenbakietarako, bulego-antolaketarako eta pertzepziorako gaitasuna neurtuko dute. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Proba honek gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du.

Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren. Epaimahaiak erabakiko du zenbat iraunen duen bi probetariko bakoitzak, hasi baino lehen. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren herena hain zuzen.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Hautapen prozesuan 100 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta bazterturik geldituko dira hautaprobetan gehienez puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, arau honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

4.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.5. Euskararen proba: Behin 4.1. atalean zehaztutako proben kalifikazioak argitaraturik, probak gainditzen dituen izangaietako batek euskara maila neurtzeko proba egitea eskatu badu, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek mailaketa proba berariazko bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die, euskarazko 3. jakite maila eskatzen zaiela kontuan hartuta.

Horretarako, epaimahaiak, Euskarabidearekin bat, euskara proba egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu. Izangai horientzako deialdia Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es web-orrian ere.

Euskararen berariazko proba egiteko deia jasotzen duten izangaiak, deialdien arau komunen 2.4 oinarrian ezarritako tituluetako bat aurkezten badute proba hori egin baino lehen, salbuetsita geldituko dira euskararen proba egitetik eta epaimahaiak “gai” kalifikazioa emanen die.

Euskara maila neurtzeko proben kalifikazioa eman ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko dira, aurreko paragrafoan ezarritako modu beretan.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Virginia Marín Fernández andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Hautapenaren, Hornikuntzaren eta Administrazio Egoeren Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: María Esther Castillo Noáin andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko administraria.

Mahaikidea: Alberto Viana Górriz jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Francisco Javier Ibero Gutiérrez jauna, Hezkuntza Departamentuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikaria.

Batzordekidea: Natalia Martínez de Lizarrondo Jiménez andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko administraria.

Ordezko mahaikidea: José Abel Alfaro Espuelas jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko administraria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko batzordekidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide-idazkaria: Tania Pérez Tellería andrea, Hezkuntza Departamentuko Laguntza Juridikoaren Bulegoko burua.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Sonia Soret Eguíluz andrea, Hezkuntza Departamentuko Kudeaketa Juridikoaren Ataleko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, argitara emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probaren baterako edo guztietarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: lehenbiziko proban lortutako notarik handienaren arabera hautsiko dira berdinketak. Berdinketa hausten ez bada, informatikari buruzko 55 galderetan notarik altuena lortzen duena lehenetsiko da.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideei jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

6.3. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, eta berdinketa ebatzirik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera probak “gai” kalifikazioarekin gainditu dituzten izangaien zerrenda.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Adingabeekin ohiko harremana duten administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko deia jasotzen dutenek frogatu beharko dute epai irmo baten bidez ez direla kondenatuak izan sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, DBHko gradudun tituluaren fotokopia, Eskola Graduatuen tituluarena, Oinarrizko Lanbide Heziketarena, Lanbide Heziketako lehen mailarena edo horien baliokidearena aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Administrari laguntzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Administrazio publikoak: Printzipio orokorrak. Administrazio publikoen jarduna. Interesdunak. Administrazio xedapenak eta egintzak: administrazio xedapenak. Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

2. gaia.–Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

3. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. 15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

4. gaia.–Sistema eragileak: funtsezko kontzeptuak. Windows 7. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows esploradorea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; “hasi” menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile kontuak.

5. gaia.–Testu-prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2003: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

6. gaia.–Kalkulu-orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2003: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

7. gaia.–Datu-baseak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Access 2003: hastapenak; taulak; kontsultak; formularioak; txostenak; inprimatzea.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea.

III. ERANSKINA

Eskabidea. Prestakuntzarako zerbitzu bereziak.

IV. ERANSKINA

Eskabidea. Lau urteko bigarren prestakuntzaldia.

V. ERANSKINA

Eskualdeen hautapena, kontratazioetan parte hartzeko eta aldi baterako kontratuak hautatzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1605235