96. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

39/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Hartan, diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 3.5 artikuluan, ezartzen du goi mailako arte ikasketak goi mailako irakaskuntzari dagozkiela. Irakaskuntza horien barruan, legearen 57. artikuluan, diseinuko goi mailako ikasketak daude.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez goi mailako arte ikasketak antolatu ziren, eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren bidez diseinuko graduko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia arautu zen.

Hori oinarri harturik, eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Agindua argitaratu zen. Hartan, diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Foru agindu horrek, gaur egun, ez du arauketarik adierazteko nola onartu behar diren ikasleak Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetan; hortaz, komeni da arauketa bat gehitzea, aurreikusiz Diseinuko Goi Mailako ikasketak ezar daitezkeela ikastetxe horietan.

Ikusirik Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

II. kapituluan (Ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzea) 4 bis artikulua sartuko da, eta testu hau izanen du:

“4. bis artikulua: Ikaspostuak eskaintzea eta ikasleak onartzea ikastetxe publikoetan.

1.–Ikaspostuen eskaintza.

Hezkuntza Departamentuak ahalmena du bere eskumeneko ikastetxe publikoetan espezialitate eta kurtso bakoitzerako eskuragarri dauden ikaspostuen kopurua ezartzeko.

2.–Ikasleak onartzea.

2.1 Ikastetxe bakoitzean ikasketa hauek hasteko eskuragarri dauden ikaspostuen eskaintzan, erreserben ehuneko hauek ezarriko dira, sarbidearen arabera:

a) Ikaspostuen %75, proba espezifikoen bidez sartzen diren ikasleentzat.

Proba espezifikoen bidez sartzearen kasuan, lehentasuna emanen zaio kalifikazio hoberena lortu duenari Nafarroako Foru Komunitatean deitutako proba espezifikoan. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio nota hoberena lortu duenari, ordena honetan: sarbide probako lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak.

b) Ikaspostuen %25, zuzenean eta proba espezifikorik gabe sartzen diren ikasleentzat.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulu bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du bukaerako kalifikaziorik hoberena duenak, ikasketa horiek Nafarroako Foru Komunitatean eginik. Baliokide deklaratutako tituluen bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du espediente akademiko onena frogatzen duenak.

2.2 Aurreko bi irizpideak aplikaturik ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.

2.3 Erreserba kupo batean bete gabeko ikaspostuak beste kupora erantsiko dira, baldin horretan gehiegizko eskaerak badaude.

2.4 Aurreko atalak aplikatu ondoren ikasposturik gelditzen bada, sarbiderako proba espezifikoa beste autonomia erkidego batzuetan, deialdiko ikasturtean, egin dutenei esleituko zaizkie, edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lortu dutenei, eta aurretik azaldutako onarpen irizpideak aplikatuko dira.

2.5 Aurrekoa gorabehera, talde bakoitzeko plaza bat erreserbatuko da goi mailako edo errendimendu handiko kirolari diren ikasleentzat. Ikaspostu horren hornidura sarbidearen araberakoa izanen da; alegia, kirolaria den ikaslea proba espezifiko bidez onartua bada, sarbide horretarako erreserbatutako ikaspostuetako bat esleituko zaio, eta kirolaria den ikaslea zuzenean onartua bada, gainerako ikaspostuetako bat emanen zaio.

Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari bat baino gehiago izanez gero, ikaspostua erreserbatuko zaio kirol maila handiena duenari, Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatuari jarraituz. Kirol maila berdina izanez gero, notarik onena duenari gordeko zaio ikaspostua, ikasketa espedienteko nota izan nahiz sarrera probakoa izan. Berdinketarik izanez gero, zozketa bidez erabakiko da”.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta aplikazioa.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren jarduketa guztiak egin ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 6an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1506907