84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

863/2015 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuan diren beharrak ikusita, bidezkoa da deialdi bat egitea prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoan sortzen diren premiak betetzeko.

Hori dela-eta, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Aginduari loturik, honako deialdia iragartzen da.

DEIALDIA

Deialdia, prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunentzako
aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoan sortzen diren premiak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betekizunak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko graduatuaren, diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat edukitzea edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturaren bateko lehenengo hiru kurtsoak gainditu izana.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, bederatzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Eskabideak.

4.1. Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 24ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

4.2. Eskabidea II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaio. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratu duen aldizkari ofizialetik abiatuta, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, parte hartu nahi dutenek Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasuna eta nazionalitatea eta, hala bada, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko 2.1.a arauan nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik.

Kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek baizik ez dute aurkeztu behar eskatzen den titulazioaren jabe direla frogatzeko dokumentazioa.

4.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

5.1. Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean behin betikotzat hartu eta onetsiko da zerrenda.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko du (deialdiaren aipamenean), deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, betekizunen bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Seigarrena.–Proba.

6.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 100 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik. 0,5 puntu kenduko da erantzun oker bakoitzeko.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2. Proba horrek 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Izangaien zerrendan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

6.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Beren nortasuna frogatzen ez duten izangaiak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

6.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Ana Arteaga Martínez andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Marta Álvarez Alonso andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Amaya Bengochea Carpena andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Bitartekaritza Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Sonia Elorz Cabodevilla andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Kanpoko Eskaintzen Bulegoko burua.

Mahaikidea: José Luis Nieva Zardoya jauna, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituluduna.

Ordezko mahaikidea: Juan Antonio Heras Goñi jauna, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Ataleko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: María Jesús Pérez Lafuente andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Erregistro eta Langileriaren Bulegoko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Beatriz Sanz García andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko Behatoki Bulegoko burua.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak zozketa bakar baten bidez ebatziko ditu epaimahai kalifikatzaileak: Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

8.2. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian, deialdiaren aipamenean, proba gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanean aritzeko izangaien zerrenda.

9.1. Behin betiko zerrenda.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, deialdiaren aipamena).

9.2. Deia.

Izangaiei dei egiteko eta, bidezko denean, kontratatzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Betiere, prestakuntzarako izangaiek lehentasuna izanen dute aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

Deitutako izangaiek eskabideak aurkezteko azkeneko egunean deialdian eskatutako titulazioaren betebeharra betetzen zutela frogatu beharko dute, eta, horretarako, unibertsitateko graduatuaren, diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren tituluaren kopia konpultsatua edo horien baliokidea den beste batena edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturaren bateko lehenengo hiru kurtsoak gainditu izanaren ziurtagiria.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2015eko apirilaren 13an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

(Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituluduna)

1.–Jarduera ekonomikoa eta enplegua berpizteko akordioa (2015-2017).

2.–751/2014 Errege Dekretua, irailaren 5ekoa, 2014-2016 Espainiako Enplegu Estrategia onesten duena.

3.–7/2015 Errege Dekretua, urtarrilaren 16koa, Osasun Sistema Nazionaleko ohiiko zerbitzuen zorroa ezartzen duena.

4.–Hazkunde, lehiakortasun eta eraginkortasunerako presako neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Errege Lege Dekretuaren IV. Tituluaren I. kapitulua.

5.–Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legea.

6.–4/2015 Errege Lege Dekretua, martxoaren 22koa, Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema lan esparruan urgentziaz aldatzeko.

7.–395/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen duena.

8.–TAS/718/2008 Ministerioaren Agindua, martxoaren 7koa, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duena. Errege dekretu horren bidez enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen da, eskaintzaren araberako prestakuntzaren arloan, eta haiek finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

9.–TIN/2805/2008 Ministerioaren Agindua, irailaren 26koa, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duena. Errege dekretu horren bidez enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen da, prestakuntzarako laguntza eta sostenguko ekintzen arloan, eta haiek finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

10.–Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa.

11.–34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasunaren ziurtagiriak arautzen dituena.

12.–66/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatzen dituena.

13.–30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

14.–15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

15.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioaren eskabidea

Deialdiaren datuak.

Lanpostua

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Zk.:

Eguna:

Datu pertsonalak.

Izen-deiturak:

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (kalea, zenbakia, atea, ...)

Herria

Posta kodea

Probintzia

Telefonoak (3 gehienez):

Posta elektronikoa

Baimena ematea.

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari espedientea tramitatu eta ebaztearren beste administrazio publiko batzuen datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko, hauexek kasu honetan: NANa eta deialdian eskatzen den titulazio akademikoa.

Desgaitasunaren egiaztapena (bidezko denean, bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Halaber, honako hau adierazten dut:

Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa badudala.

Ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua, ezta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ere.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .......................ko (sorterria) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik.

Tokia eta eguna

Sinadura

Oharrak: Eskabidearekin batera, NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta Administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña.

Iragarkiaren kodea: F1505987