7. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Udal ordenantza, Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Carcarko Udalak, 2014ko urriaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2014ko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Carcarren, 2014ko abenduaren 9an.–Alkate udalburua, Salomón Sádaba.

ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189.1.h artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, eraikuntzatzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Oin berriko eraikuntza lanak.

b) Egungo eraikinen egiturak handitu, aldatu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

c) Eraikinaren erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak egitea edo lehenagokoen banaketa funtsean aldatzea.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Segurtatzea eraikitzaileak lehengoratu dituela, baldin eta kaltetu baditu, hirigintzako elementu eta ekipamendu ukituak, eta EEHak eduki eta sortzen dituenaren betebeharrak bete dituela.

Lizentziaren eskaera

4. artikulua. 1. Obrak burututa, eraikina lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek Carcarko Udalari aurkeztuko diote eskaera; betiere, datu hauek emanen dituzte:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo haren ordezkariarenak.

b) Lizentzia zer eraikinetarako eskatzen den, harexen gaineko xehetasunak.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Lehen aldiz erabili edo okupatzea dakarren obraren nahitaezko lizentziaren fotokopia.

b) Obra burutu dela dioen ziurtagiria, eta, halakorik bada, atxikitako urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

d) Hirilurreko ondasun higiezinen gaineko kontribuzioan alta egitea eskatu dela dioen ziurtagiria.

e) Udal tasa ordaindu izanaren gordekina.

Eraikina dagoen eremuko urbanizazioa, betiere, Udalak egin eta jaso beharko du.

Atxikitako urbanizazio lanak egiten badira eraikuntzarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

–Enpresa hornitzaileen idazkiak, egindako obraren onespena eta hura araudi berariazkoei jarraikiz nola egin den eta behar diren hornidurak egiteko trabarik nola ez dagoen adierazten dutenak.

–Kaleko argien sareari dagokionez, instalazio agiria aurkeztu beharko da.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

Tramitazioa

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak honela jokatuko du:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen; eta eskatuko du hondakinen kudeaketa egokia frogatzen duen egiaztagiria / entregako faktura.

2. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. artikulua. 1. Alkateak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

3. Ebazteko epea agortzen bada alkateak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

8. artikulua. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debekatua dute hura okupatzea.

2. Eraikitako higiezinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, eraikina besterentzean eskuratu ez bada.

3. Hauek dira lehen okupazioko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

a) Udalbatzak osoko bilkuran onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea; I. eranskinean ageri dira 2014. urtekoak.

Argindarra, ura eta gasa banatzen duten enpresen betebeharrak

9. artikulua. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

2. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesdunei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4. Obretarako eman ur hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

5. Enpresa hornitzaileak ezin ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

6. Gas naturalaren enpresa hornitzaileak ez ditu gas naturalez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da, lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe, eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 209. artikuluak eta hurrengoek –Lege beraren 189. eta 199. artikuluei eta horiekin bat heldu direnei, eta Hirigintzako Diziplinaren 1978ko ekainaren 23ko Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez– xedatutakoarekin bat.

11. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere mila eta bostehun euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Aurreko paragrafoan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere sei mila euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Pertsona erantzuleak

12. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

13. artikulua. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat.

Zehatzeko prozedura

14. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Araubide juridikoa

15. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Carcarren, 2014ko abenduaren 9an.–Alkate udalburua, Salomón Sádaba Díaz de Rada.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia emateko tarifak

Udalaren Hirigintza Zerbitzuak (EZABUk) fakturatzen duen zenbatekoa kobratuko da.

Iragarkiaren kodea: L1416799