34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal ordenantza, Agoizko Udalaren Aurelio León aretoaren erabilera eta lagapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2014ko abuztuaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Agoizko Udalaren Aurelio León aretoaren erabilera eta lagapena arautzen dituen udal ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia 2014ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 25ean. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, bidezko da ordenantza behin betiko onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Agoitzen, 2015eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

UDAL ORDENANTZA, “AURELIO LEÓN” PRESTAKUNTZA GELAREN ERABILERA ETA LAGAPENA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Araudi honen xedea da Agoizko Udalaren jabetza den Aurelio León prestakuntza gelaren erabilera lagatzeko baldintzak ezartzea, gizarte eta kultur jarduerak egiteko.

2. artikulua. Udalak arduradun bat izendatuko du, honako ardura hauek izanen dituena: giltzak uztea eta biltzea, egoera gainbegiratzea antolatzen den ekitaldi bakoitzaren aitzinetik eta ondotik, eta arau hauen 10. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria biltzea. Nolanahi ere, eskatzen diren egintzak ez ditu arduradun horrek baimenduko, Agoizko Udalaren ardura izanen baita, arau hauen 5. artikuluan azaltzen den gisan.

3. artikulua. Interesdunek Herriko Etxean aurkezten duten eskaeran ezartzen dena izanen da ekitaldien iraupena.

Baimendutako emanaldiak bukaturik, giltzak arduradunari itzuliko zaizkio, eta hark gainbegiratuko du zer egoeratan dauden instalazioak eta haien sarbideak (Herriko Etxeko atalondoa eta eskailerak eta Aurelio León aretoa). Lagapen-hartzailea erantzulea izanen da deus hautsirik baldin bada, eta berriak jarri beharko ditu, lehengoen ezaugarri antzekoak dituztenak, edo haien diru ordaina Udalari eman. 10. artikuluan azaltzen den gisan, fidantza bat ezarriko da instalazioen funtzionamendu egokiaren berme.

4. artikulua. Lagapen-hartzaileek Agoizko Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak, edo bertzenaz Herriko Etxean edo posta elektronikoaren bidez, helbide honetara: ayuntamiento@aoiz.es Zenbat eta lehenago egin hobe izanen da, eskaera aztertu ahal izateko. Hala ere, presako eskaerak ebazten ahalko dira haren justifikazioak horrela jartzen badu agerian. Eskaera motaren arabera, dokumentazio hau eskatzen ahalko da:

A.–Pertsona fisikoaren, elkartearen, entitatearen eta/edo enpresaren IFKren fotokopia.

B.–Egin beharreko jarduketen gaineko txostena, haien edukia, datak eta ordutegiak barne, baita eskatzaileari komenigarria iruditzen zaion bertze edozein agiri. Betiere, txostenaren barnean sartuko dira eskatzailearen datuak (izena, harremanetarako pertsona, helbidea, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa geroko harremanetarako).

Posta elektronikoaren bidezko eskaerak izanez gero, A eta B puntuei buruzko artxiboak gehitu beharko dira.

5. artikulua. Proposamenen azterketa eta onespena.

Agoizko Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko eta erabakiko errefusatzea edo onartzea.

Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

6. artikulua. Esleipenerako irizpideak eta lagapenaren aurretiazko dokumentazioa.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan erabiltzeko proposamenak onartzeko:

–Proposamenaren interesa, gizarte, kultura eta hezkuntzaren aldetik.

–Proposatu diren egun eta orduak.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate plana, Udalaren partaidetza aipaturik.

–Jardueraren ardura duten pertsona eta entitateen curriculuma.

–Prezio eta tarifen proposamena, halakorik bada.

–Hobekuntzarako bertzelako proposamen batzuk, halakorik bada.

Udalak bidezko iruditzen zaizkion irizpen eta txosten guztiak eskatzen ahalko ditu, lagapenaren aitzinetik nahiz ondotik. Lagatzeko irizpideen arabera esleituko da erabilera; lagatzeko prozedura eman gabe utz daiteke.

Gisa berean, Udalak, proposamen bat onartu eta interesdunari jakinarazi ondoan, beretako gordeko du hura gero deuseztatu edo aldatzeko eskubidea, lagapen-hartzaileari inolako ordainik eman behar izan gabe horregatik.

Bai onarpenak, bai geroko aldaketa edo deuseztapenak, idatziz jakinaraziko zaizkio lagapen-hartzaileari, posta elektronikoaren bidez, baita erabili beharreko udal armarriaren logotipoa ere, lagatzeko arau hauen 17. artikuluan adierazten den gisan.

7. artikulua. Halako kasu batzuetan, Udalak beretako gordeko du tarifa bat kobratzeko eskubidea higiezina lagatzeagatik; hura baimenaren aitzinetik jakinaraziko da betiere. Horretarako, urtero Udalak tasak arautzeko osoko bilkuran onetsiko dituen ordenantza hartuko da oinarritako.

8. artikulua. Lagapen-hartzailea tarifetatik heldu diren diru-sarrera guztien onuradun izanen da, halakorik bada.

9. artikulua. Lagapen-hartzaileak bere bizkar eskuratu beharko ditu proposatzen dituen jarduera guztiak egiteko behar diren baimenak.

10. artikulua. Lagapen-hartzaileak fidantza pausatu beharko du, instalazioen erabilera zuzenaren berme; programatutako ekitaldiak bururatuta itzuliko zaio, haien egoera egiztatu ondoan. Orobat, giltzak ematen zaizkion momentuan aitorpen bat sinatuko du, higiezina egoera onean jasotzen duela dioena, eta erabileraren lagapena bukatzean jaso bezain egoera onean itzultzeko beharkizuna ezartzen diona. Makurren bat izanez gero, ekitaldia gauzatu aitzin jakinarazi beharko zaio giltzen arduradunari; bertzenaz ez da kontuan hartuko.

11. artikulua. Lagapen-hartzailearen kontura izanen dira erantzukizun zibila nahiz istripuengatikoa, hala bere zerbitzuko langile guztiena nola parte-hartzaileena edo programatzen diren jarduerena; Agoizko Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

12. artikulua. Gelan ez da inolako jarduerarik egiten ahalko, aurkeztutako txostenean agertzen ez bada. Arrazoiren bat dela-eta aldaketarik gertatzen bada, horren berri eman beharko zaio aitzinetik Udalari, baita honek onetsi ere.

Beraz, jarduera bakoitza antolatzeko, Udalak aitzinetik jakin eta baimendu beharko du.

13. artikulua. Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

–Berak eskaintzen dituen zerbitzu guztien funtzionamenduaren gaineko erantzukizun osoa.

–Aurelio León gelaren eta haren sarbideen (atalondoa eta Herriko Etxera eta Aurelio León aretora sartzeko eskailerak) zainketa zuzena, jarduera guztia gauzatzen den bizkitartean.

–Programaturiko jarduera guztiak koordinatzea.

–Tarifarik bada, haien kobrantza.

–Agoizko Udalak eskuordetutako arduradunaren eskutik giltzak bildu eta berari itzultzea, zehaztutako epeetan.

–Instalazioen erabilera okerraren ondoriozko kalteen erantzule izatea.

–Instalazioaren funtzionamenduan edozein makur gertatuz gero, horren berri berehala ematea Udalak eskuordetutako arduradunari.

–Lokala garbi edukitzea, osotasunari kalte egiten ahal dion deus egin gabe (afixak, paperak etab. finkatzeko itsasgarriak edo bertze baliabideak erabiltzea), Udalak aitzinetik eta espresuki baimendu ez badu.

–Bere jarduerari dagozkion instalazio eta ekipoen mantentze-lanak egitea.

–Higiene, osasun eta osasungarritasun kontuak direla-eta, debekatzea animalia guztiei barnean sarrera, eta orobat debekatzea erretzea Herriko Etxe guztian.

–Erantzukizun zibil nahiz istripuengatikoaren segurtasunaren erantzule izatea, hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez; Agoizko Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

14. artikulua. Gastu hauek lagapen-hartzailearen bizkar izanen dira:

–Proposatutako jardueren ondoriozko gastu guztiak.

–Hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez, erantzukizun zibileko asegurua eta istripuengatikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak.

15. artikulua. Araudi hau ahalik eta hobekien bete ahal izateko, eta lagapen prozesuetan pizten diren kontu desberdinak arintzeko, udal batzorde bat sortuko da; hura Alkatetzak, Kultur Zinegotzigoak eta Udalak higiezinaren lagapenerako izendatzen duen erantzuleak osatu dute, eta bertara gonbidatu ahal izanen dute lagapen-hartzailea, horren beharrik baldin bada.

16. artikulua. Arau orokor gisa, debeku izanen da erretzea, edatea eta jatea prestakuntza gelaren barnean eta Herriko Etxe guztian. Haietarikoren bat egin ahal izateko Udalak baimen espresa eman beharko du.

17. artikulua. Lagapen-hartzaileak prestakuntza gelan antolatzen dituen jarduera publiko guztietan eta publizitaterako edozein euskarritan agertuko da Agoizko Udalaren logotipoa, baita idazkun hau ere: “Agoizko Udalaren laguntzaz”, gaztelaniaz eta euskaraz. Hura ikusteko moduko tokian agertuko da eta antolatzailearen edo edozein laguntzaileren maila berean. Logotipo hori baimenaren posta elektronikoan erantsiko da.

18. artikulua. Udalak beretako gordeko du instalazioan edozein emanaldi antolatzeko eskubidea, eta horrek lehentasuna izanen du bertze edozein entitatek, lagapen-hartzailea barne, antolatzen dituenen aitzinetik; antolaketaren aldetik, lagapen-hartzaileari jakinarazi beharko dio, gutienez ere hamabortz egun lehenago, salbu eta presako eskaerak, Udalak baloratuko dituenak, erabakitzen ahalko baitu zer emanaldik duen lehentasuna.

19. artikulua. Udalbatzako edozein kidek, bere buruz edo berak gaitutako bertze baten bitartez, programaturiko zerbitzu eta jarduera guztien egoera eta funtzionamendua ikuskatzen ahalko ditu; beraz, xede horrekin, sarbidea zabalik izanen dute barnera eta jarduera horietara, ez izanik eman gabe ez aitzinetik gaztigatu gabe.

20. artikulua. Aparteko arrazoien kariaz prestakuntza gela guztiz edo partez itxi behar baldin bada, Udalak ez ditu bere gain hartuko eragindako kalte-galerak.

21. artikulua. Debeku da espresuki lagapenaren lagapena edo eskualdaketa, nolanahi eginda ere eta edonola izendatuta ere.

Halaber, lagapen-hartzailea bakarra izanen da; ez da bertze zenbaitetan barreiatzen edo zatikatzen ahalko.

Orobat, lagapen-hartzaileak zuzenean eta pertsonalki eginen du jarduera.

22. artikulua. Lagapen-hartzaileak inoiz ez du gelan aldaketa iraunkorrik sartuko, horretako Udalaren baimen espresik ez badu. Horietarako baimena jaso ondoan, lagapen-hartzailearen kontura izanen dira, eta jarduera bukatzen delarik Udalarendako geldituko dira, horrengatik batere dirurik ordaindu behar izan gabe.

23. artikulua. Erabiltzaileei tarifarik aplikatu behar bazaie, Udalak baimendu beharko ditu, eskatzaileak aurkeztutako eskaintza kontuan harturik.

Hala ere, hasierako gutieneko kuota hau ezarri da egun bakoitzeko, entitate pribatuendako: 48 euro + BEZa (%21).

24. artikulua. Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena desegiteko arrrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

25. artikulua. Programaturiko jardueren arrisku eta mentura lagapen-hartzailearen gain egonen da.

26. artikulua. Baldintza-orri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko goiti-beheiti guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Agoizko Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki entitateetarako aurreikusirik dauden bideak erabiliz.

27. artikulua. Agoizko Udalak noiznahi berrikusten eta aldatzen ahalko ditu arau hauek, baina horrek ez die eraginen lehenago onetsitajo eskaerei.

28. artikulua. Bi eskaerak data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, horren beharrik bada, 18. artikuluak dioen bezala, Agoizko Udalak erabakitzen ahalko du zer emanaldik duen lehentasuna aldi berean proposatu direnen artean.

Iragarkiaren kodea: L1502053