236. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

255/2015 FORU DEKRETUA, azaroaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko informazio geografikoaren tratamendua arautzen duena.

Zioen azalpena

1

Informazio geografikoa, edo lurraldeari buruzkoa, zein esparrutan den ere sortua, eta bereziki esparru publikokoa, interes handikoa da, bai haren produkzioak eta mantentze-lanak dituzten berariazko zereginengatik, bai beste aplikazioetarako, eta potentzial gaitza du gizartearen garapenean.

Informazioaren eta komunikazioen teknologiek izan duten garapenak konpondu du hainbat jatorritako informazio geografikoaz baliatzeko zegoen arazoa.

Informazio geografikoa, hau da, eremu geografikoaren egoerari edo deskripzioari buruzko datu, metadatu eta prozesuen multzoa, gero eta ezinbestekoagoa da errealitatea hobeki ezagutzeko, administrazio publikoen kudeaketa eraginkorrerako, herritarrei zerbitzu emateko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko.

Informazio geografikoaren edo lurraldeari buruzkoaren sistema azpiegitura birtual bat da, datu geografiko geoerreferentziatuez eta zerbitzuez osatua, sektore publikoko edo pribatuko titularren erantzukizunaren eta kudeaketaren menpe dagoena, Internet bidez eskuratzen ahal da eta agente bakoitzak zeinek bere aldetik lortzen duena baino informazio osatuagoa eta erabilgarriagoa eskuratzeko modua ematen du.

Bestetik, lurraldeari buruzko informazioko sistemak (SIT) datu espazialen azpiegiturak (IDE) eta beste IDE batzuekin eragin daitezkeen zerbitzuak era daitezke, halako moduan non haien datu eta zerbitzuak haietan guztietan eskuratzen ahal baitira batera eta modu integratuan.

Bereziki interesgarria da horrelako ekimenak, agente publikoak lurraldeari buruzko informazioa osatzera behartzeaz eta hura teknologia berrien bitartez eskuratzen laguntzeaz gain, aurrerapen eta bultzada teknologiko ederra izatea, bereziki datuak Internet bidez argitaratzeari dagokionez eta, batez ere, koordinatuta eta elkarlanean aritzera behartzen dute, agente desberdinek sortutako informazioa harmonizatze aldera.

SITak eta IDEak garatzeko, protokoloetara eta zehaztapen normalizatuetara egokitu behar da, halako moduan non edozein agentek burutzen dituen jarduketak eremu zabalago batean integratzen diren, bai gaien aldetik bai lurralde aldetik, hirugarren interesdunen onarpen osoa dutela eta ondorio juridiko eta teknikoak dituztela araudi aplikagarriaren arabera. Horregatik, IDEa garatzeko esparru bateratu bat ezarri izana eta parte diren agente publiko guztien arteko koordinazio-premia arauak ezinbestean garatzera daramaten inguruabarrak dira.

Europar Batasunak honako hauek hartu ditu kontuan:

–Informazioaren erabiltzaileen eta hornitzaileen arteko koordinazio maila bat ezarri behar dela, hainbat sektoretatik datozen informazioa eta ezagutzak uztar daitezen.

–Hainbat eta hainbat politika eta gairenak direla lurraldeari buruzko informazioa eskuragarri jartzeko eta haren kalitate, antolaketa, eskuragarritasun eta bateratze-lanari buruzko arazoak, eta agintze publikoaren hainbat mailatan nabaritzen direla.

–Arazo horiek konpontzeko, zenbait neurri hartu behar direla, datu geografikoen eta zerbitzu interoperableen trukea, bateratze-lana, sarbidea eta erabilera kontuan hartuko dituztenak; neurri horiek guztiek zerikusia dute aginte publikoaren mailekin.

Beraz, beharrezkoa iruditu zaie informazio espazialeko azpiegitura bat ezartzea Europar Batasunean.

Azpiegitura horrek, INSPIRE (Infrastructure for Spatial Information in Europe) deituak, Batasuneko estatu kideek sortutako IDEetan behar du izan oinarria, eta haiek bateragarri bihurtu behar ditu exekuzio arau bateratu batzuen bidez, eta Europar Batasunean ezarritako neurriekin osatu.

Hori helburu, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentaraua onetsi dute; alegia, espazioari buruzko informazioaren azpiegitura ezartzen duena Europar Batasunean.

Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legeak 2007/2/EE Zuzentaraua eransten dio Espainiako antolamendu juridikoari, eta gutxieneko esparru orokor bat du azpiegitura eta zerbitzu horientzat, bermatuak izan daitezen haien koordinazioa eta integrazioa Espainiako Estatuaren eremuan, Espainiako Informazio Geografikorako azpiegituraren ezarpena barne; horrexek Espainiako administrazio publikoen erantzukizunpeko informazio geografikoaren azpiegitura eta informazio geografikoaren zerbitzu interoperable guztiak bildu behar ditu.

Espainiako Informazio Geografikoaren azpiegiturak edo Espainiako Datu Espazialen azpiegiturak Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia administrazioek ezarrita dituzten datu geografikoen korapiluneetan eta zerbitzu interoperableetan sartzea bermatu beharko du; horrela lortuko baitira 2007/2/EE Zuzentarauak eskatzen duen informazio geografiko guztiaren eskuragarritasuna eta interoperabilitatea eta estaldura osoa ematea Espainiako lurraldean ahalik eta zehatzen eta bereizmen handienaz, zein den ere hura sortzen duen agente publikoa.

Aipatu zuzentarauarekin bat, datu geografikoak ahalik eta mailarik egokienean biltegiratu, eskuratu eta mantentzeko moduan taxutu behar dira Datu Espazialen Azpiegiturak; datu horiek koherentziaz konbinatu behar dira, nondik heldu diren ere Espainia osotik eta Europar Batasunetik, erabiltzaile eta aplikazio guztien artean partekatzeko modukoak izanik; posible izan behar du sektore publikoko administrazio eta erakundeen maila jakin batean bildutako datu geografikoak sektore publikoko beste administrazio eta erakunde batzuekin partekatzea; modua egon behar du datu geografikoak zabaltzeko haien erabilera orokorra bidegabe murriztu gabe; eta posible izan behar du eskura dauden datu geografikoak kokatzea, haien egokitasuna ebaluatzea asmo jakin baterako eta haiek erabiltzeko baldintzak ezagutzea, bai eta haien ondorio juridikoak eta teknikoak ere, indarra duen antolamenduaren arabera.

Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legearen ikuspegi berri horrek informazio geografikoko zerbitzu publikoen antolaketa hobea eskatzen du, administrazioen arteko lankidetzaren eta koordinazioaren oinarrizko printzipioen gainean, zein bere zereginetan esparru honetan; horrela konfiguratu da Sistema Kartografiko Nazionala.

2

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema-SITNA bidez, informazio espazialaren tratamenduan duen esperientzia zabal eta sendoak gai honetako erregulazioa eskatzen du lehen azaldutakoarekin bat, bai eta aipatu sistema erregulatzen duen araudia eguneratzea ere.

Nafarroako Gobernuak 2001eko martxoaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, SITNA ezartzea onetsi zen, eta haren Koordinazio Batzordea sortu zen. Erabaki horretan SITNAren definizioa eman zen: Foru Komunitateko lurraldeari buruzko informazio baliabideen sare antolatua. Geroztik, SITNAk sistema eraginkorra dela erakutsi du; hona bere ezaugarriak:

a) Korporatiboa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio osoko sistema bat da. Eskatzen duten toki administrazioak hartzeko dago diseinatua. Nafarroako gizarte osoari eskaintzen dizkio datuak eta zerbitzuak.

b) Horizontala. Bere izaera eta bokazioagatik eta, batez ere, kudeaketagatik, SITNA horizontala da. Bere koordinazio organoetan zehazten da ezaugarri hori.

c) Parte-hartzailea. Aurreko bi ezaugarriak mantentzeko modukoak izan daitezen, SITNAk parte-hartzaile izan behar du; bere kide guztiek dute parte hartzeko toki bat sistemaren garapenean.

d) Kooperatiboa: informazioaren titularrek haren gaineko eskumen eta erantzukizun osoa dute, eta haien ekarpenaren bidez laguntzen dute SITNA garatzen. Arau honen ondoriozko betebeharretatik harago, SITNAk lankidetzari eutsiko dio bere ezaugarrietako bat bezala, bereziki beste entitate publiko edo pribatuekin, tokian-tokian eta nazioartean ere bai.

e) Integratzailea, unitate desberdinek sortutako informazioa gehitzen bultzatzen baitu; aldi berean, harremanetan jartzen du informazio hori beste hornitzaile batzuek emandakoarekin, halako informazio bat argitaratzean berez sortzen den balio erantsia baino handiagoa sortzearren.

f) Banatua; izan ere, unitate bakoitzaren lan berariazkoa eta autonomoa lagundu eta bultzatzen du.

g) Historikoa, lurralde dinamiko eta progresiboari buruzko informazioaren denboraren araberako serieak mantentzen baititu; dinamikoa, informazio eskatzaileen, ekoizleen eskaintza berrien eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berrien eskakizun aldakorretara egokitzeko prest egon behar duelako; baina bai eta erantsita dituzten plataforma dinamikoen espazioan sartu behar dutelako, kudeaketa prozesuetatik automatikoki elikaturik; betiere, horiek titularren erantzukizuna dira.

h) Kalitatekoa, erreferentzia geografiko zehatz eta homogeneoekin; betiere, informazioa ahalik eta eguneratuena izanik.

i) Erreferentea kudeaketa eraginkor eta errentagarrirako, Gobernuaren planteamendu estrategikoekin eta unitate desberdinen negozio helburuekin bat, eskura dagoen informazio geografiko onena bermatzeko, baliabideen ekonomia argi batekin; hortaz, bai eta kostuarena ere.

j) Europar Batasunean informazio espazialaren azpiegitura ezartzen duen 2007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentarauaren garapenaren bidean, bai eta Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legearenean ere.

Bestetik, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak Nafarroako gizarteari informazio geografikoa emateko potentzialtasuna indartzeko eskatzen dio SITNAri; izan ere, gardentasuna bultzatu eta gizarteari informazioa eskuratzeko eskubidea eta gai publikoetan parte hartzeko eskubidea arautzen ditu. 11/2012 Foru Legearen 13. artikuluko ñ) idatz-zatiak, argitara eman beharreko informazioaren artean, zabalkunde garrantzitsuena duen norberak prestatutako informazio geografikoa zehazten du, iturriak, ohar metodologikoak eta erabilitako ereduak adierazi behar dituena.

3

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, II. tituluko “ahalmen eta eskumenen mugaketa” izeneko II. kapituluko 44., 49. eta 50. artikuluetan ezartzen du Nafarroak baizik ez duela eskumena, besteak beste, lurraldearen antolamenduari, hirigintzari eta etxebizitzari buruz, Estatuaren interes orokorraren legezko kalifikazioa ez duten herri lanei edo haren beste lurraldeetan eraginik ez dutenei buruz, nekazaritzari eta abeltzaintzari buruz, ehizari eta ibaiko zein lakuko arrantzari buruz, naturgune babestuei eta titulartasun publikoko mendiei buruz, ingurumenari eta ekologiari buruz, meatzaritzaren eta energiaren araubideari buruz eta baliabide geotermikoei buruz. Eskumen horien erabileran informazio geografikoa behar eta sortzen da, eta jarduera kartografiko batean gauzatzen da; funtsezko tresna da lurraldea hobeki ezagutzeko, eta ezinbesteko laguntza lurraldean eragina duten politika guztietan erabaki egokiak hartzeko, antolamendurako eta garapenerako. Hori helburu, informazio horien lurralde osagarria edo geografikoa arautzen du foru dekretu honek.

Aldi berean, eta Konstituzio Auzitegiaren 76/1984 epaiak eta, geroago, arloko araudia osatzen duten gainerako arauek aitortu zuten moduan, kartografia jarduera instrumental bat da, euskarria dena maila administratibo bakoitzaren eskumenentzat, eta ez eskumen bat berez. Horren ondorioz, kartografia ezinbestekoa duen arlo batean (herri lanak, katastroa, hiri eta lurralde planeamendua, nekazaritzaren kudeaketa, arriskuen prebentzioa, eta abar) eskumena duen edozein administraziok sor dezake osorik kartografia hori, oztopo izan gabe informazio geografikoaren ekoizpena eta zabalkundea arrazionalizatuko dituen funtzionamendu eredu baten alde egiteko, eta errepikapenak eta eraginkortasunik eza saihesten dira gastu publikoan, Sistema Kartografiko Nazionalak planteatzen duen bezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tradizio luzea du kartografia topografikoa sortzen; izan ere, 1966koa da Nafarroako lehen plan kartografikoa. Aspalditik ari da gure administrazioa Estatuko Administrazio Orokorrarekin lanean, kartografia sare geodesikoa eta nibelazio sarea mantentzen Nafarroako Foru Komunitatean.

2010eko apirilaren 10ean izenpetu zen lankidetza hitzarmena Estatuko Administrazio Orokorraren, Goi mailako Kontseilu Geografikoko Lehendakaritza bitartez, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren (gaur egun, Sustapen Departamentua) artean; horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea Sistema Kartografiko Nazionalean integratzen da eta jarduketetarako esparru bateratua ezartzen da kartografiaren, geodesiaren eta informazio geografikoaren arloan, Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuan oinarrituta.

Geroago, 2013ko urriaren 2an, arauzko tramitazioaren ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, Sustapen Departamentuaren bitartez, eta Estatuko Administrazio Orokorraren, Institutu Geografiko Nazionalaren bitartez, arteko lankidetza hitzarmena izenpetu zen informazio geografikoa sortu, eguneratu eta trukatzeko.

Azken batean, jarduera kartografikoari buruzko eginkizun horiek behar adinako babesa behar dute arauen aldetik eta, horrenbestez, bidezko da arlo honetako arauak ematea, bai eta lankidetza ere Estatuko Administrazio Orokorrarrekin.

Hori horrela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 11ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Honako hauek arautzea du xede foru dekretu honek:

a) Nafarroako informazio geografikoaren tratamendua Lurraldeko Informazio Sistema (SITNA) eratzeari eta sustatzeari dagokienez.

b) Koordinazio Batzordearen osaera eta eginkizunak, bai eta SITNAren garapenaren plangintza, programazio eta ebaluaziorako prozedurak ere.

c) SITNAk eman beharreko datu, metadatu eta zerbitzuak.

d) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko unitateen koordinazioa eta lankidetza SITNAren barrenean.

e) Jarduera geodesikoa, topografikoa eta informazio geografikoa ekoiztekoa arautzea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean.

2. Foru dekretu honen ondorioetarako, honako hau da Nafarroako informazio geografikoaren edo lurraldeari buruzkoaren tratamendua: Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko datu, metadatu eta zerbitzuak ekoitzi, lortu, bildu, antolatu, integratu, biltegiratu eta kontserbatu, ustiatu, zabaldu eta antzeko beste jardueraren bat xede duten zeregin eta prozeduren multzoa.

3. Foru dekretu honek Espainiako Informazio Geografikoko Azpiegiturei eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legea eta Kartografiaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legea garatzen ditu Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Foru dekretu hau honako hauen jarduerari aplikatzen zaio informazio geografikoaren arloan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta harekin lotutako edo haren menpeko erakunde publikoak.

b) Sozietate publikoak, fundazio publikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde publikoei lotutako zuzenbide publikoko entitateak eta haien agintepean zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak. Guztiek egokituko dute zerbitzu publikoaren jarduera foru dekretu honen printzipio zuzentzaileetara eta, gainera, behartuta egonen dira foru dekretu honetan aurreikusitako obligazioak betetzeko beharrezkoa den informazio guztia ematera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari; hori guztia, arau erregulatzaileek xedatzen dutena galarazi gabe.

c) Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, edo haien erakunde publikoak, enteak eta menpeko enpresak, haien informazio geografikoa beren borondatez SITNAri erantsi bezain laster; horretarako, sistemari atxikiko zaizkio.

d) Beraiek sortutako informazio geografikoa SITNAri eransten dioten bestelako agenteak, publikoak edo pribatuak, dagozkien lankidetza akordioetan eta hitzarmenetan arautzen denaren arabera; betiere, gaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak estaltzen ez duen ezagutza arlo batekoa izan beharko dute, datuen kalitateak behar bezala frogatua egon beharko du eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzkoa izan.

2. Aurreko atalean sartutako entitateak unitate gisa identifikatuko dira aurrerantzean.

3. Betiere, SITNAri erantsitako informazioaren titularrek informazio horren gaineko jabetza, eskumena eta erantzukizuna izanen dute.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

Hurrengo baldintzak betetzen dituen formatu digitaleko informazio geografiko guztiari aplikatuko zaio foru dekretu hau:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzkoa izan beharko du, eta haien ekoizpena eta mantentze-lana foru dekretu honen 2. artikuluko 1. atalean deskribatutako entitateen eskumena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak enkargatu, diruz lagundu edo beste moduren batez sustatu beharko du haren ekoizpena edo/eta mantentze-lana.

II. KAPITULUA

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema (SITNA)

4. artikulua. Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) definizioa eta ezaugarriak.

1. SITNA Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko informazio baliabideen sare antolatua da. Lankidetza giro batean Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko informazioa eta ezagutza osatu, eguneratu, kudeatu eta zabaltzen duten antolaketa, giza, teknologia eta finantza arloko baliabide multzoak osatzen du, eta bera da Foru Komunitateko Administrazioaren informazio korporatiboaren sistema, informazio geografikoa tratatzeko.

2. SITNAk osatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko informazio guztia, eta behar den tokian, egunean eta moduan dago eskuragarri. Alde horretatik, SITNAk zerbitzu publikoa ematen du.

5. artikulua. SITNAko Koordinazio Batzordearen egitura.

1. SITNAko Koordinazio Batzordea da Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan integratua dagoen kide anitzeko organoa, departamentu eskudunari dago atxikia informazio sistemen arloan, eta SITNAren funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea du xede. Foru dekretu honetan aurreikusita ez dagoen guztian honako hauek izanen dira aplikatzekoak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen aurreikuspenak eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legeriarenak, kide anitzeko organoen antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez.

2. Funtzionatzeko, SITNAko Koordinazio Batzordeak Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra izanen ditu.

a) Koordinazio Batzordeko kide guztiek osatuko dute Osoko Bilkura, eta foru dekretu honen hurrengo artikuluan ezarritako eginkizunak beteko ditu.

b) Foru dekretu honen 9. artikuluan aipatzen diren kideek osatuko dute Batzorde Iraunkorra, eta foru dekretu honen 8. artikuluan ezarrita dauden eginkizunak beteko ditu.

3. Bai Osoko Bilkurak, bai Batzorde Iraunkorrak, Batzorde Tekniko bat sortzen ahalko dute, bai eta haien eginkizunak hobekien betetzeko beharrezkotzat jotzen diren lantaldeak ere.

4. Osoko Bilkurak, Batzorde Iraunkorrak eta, zein den kasua, Batzorde Teknikoak edo lantaldeek beharrezkotzat jotzen duten adina espezialista gonbidatzen ahalko dituzte beren saioetara, eginkizunak hobekiago bete ditzaten.

6. artikulua: SITNAko Koordinazio Batzordearen eginkizunak.

SITNAko Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) SITNA garatzeko beharrezkoak diren jarduerak planifikatu eta programatzea eta, bereziki, urteko jarduketa planak eta plan estrategikoak prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko unitateen jarduerak bultzatu eta koordinatzea informazioa geografikoaren arloan. Aipatu jarduerak garatzeko beharrezkoak diren finantza, teknologia, giza eta prestakuntza arloko baliabideak optimizatzea bilatuko du koordinazio horrek.

c) Lankidetza guneak bultzatzea SITNA garatzeko, elkarlanean arituz informazio geografikoaren arloan Nafarroako toki entitate, unibertsitate eta enpresekin, Estatuko Administrazio Orokorrarekin, autonomia erkidegoekin, Europako erakundeekin eta komenigarritzat jotzen diren ente guztiekin SITNA garatzearren.

d) Informazio geografikoaren dokumentazio estandarizatua bultzatzea, bai eta haren tratamenduaren normalizazio metodologikoa, sailkapenen zabalkundea, kodetzeak eta SITNA garatzeko beharrezkoak diren gainerako tresnak ere.

e) Txostenak egitea, bai beraren ekimenaz bai eskatzen zaizkionean, informazio geografikoaren tratamenduari lotutako jarduketa eta prozedurei buruz.

f) Beharrezko erregulazioa bultzatzea, Nafarroako lurraldeari buruzko datuak erreferentzia geografiko zehatz eta homogeneoz hornitzeko.

g) SITNA osatzen duten datu, metadatu eta prozesuen kalitatea eta segurtasuna mantentzea, eguneratzea eta haien kalitate eta segurtasun bermeak zaintzea.

7. artikulua. SITNAko Koordinazio Batzordearen osaera.

Kide hauek osatuko dute SITNAko Koordinazio Batzordea:

1. Batzordeko burua: informazio sistemen arloan eskumena duen departamentuaren titularra.

2. Buruordea: informazio sistemen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

3. Batzordekideak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatuz:

–Informazio Sistema Korporatiboen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Segurtasun arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Politika ekonomikoaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Industria arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafarroako Zerga Ogasunaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra edo, zein den kasua, erakunde publikoaren kudeatzailetzarena.

–Lur-ondasunen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Kultur arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nekazaritza eta Abeltzaintza arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Ingurumen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Toki Administrazioaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Hezkuntza arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Osasun arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Kirol eta Gazteria arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Herri Lanen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Lurralde Antolamenduaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunak esleituta dituen Zuzendaritza Nagusiaren titularra edo, zein den kasua, erakunde publikoaren kudeatzailetzarena.

b) Toki entitateak ordezkatuz, entitate bakoitzak izendaturik:

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

–Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

–Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkari bat.

c) SITNAri loturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren informazio sistemen eremuan behin-behinekoz diharduen edo hartaz arduratzen den Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko sozietate publikoaren ordezkari bat, berak izendatua.

d) Informazio Geografikoaren Zentro Nazionalaren ordezkari bat, organo horrexek izendatua.

4. Idazkaria: Lurraldeari buruzko Informazioko Sistemen arloan eskumena duen atalaren titularra; hizpidea duela baina botorik ez ariko da.

5. SITNAko Koordinazio Batzordeko kideek beste batzuen esku uzten ahalko dute beren partaidetza, haien ordezkari izan daitezen.

8. artikulua. SITNAko Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.

SITNAko Batzorde Iraunkorrak honako eginkizun hauek izanen ditu:

1. Urteko jarduketa planak prestatu eta haien jarraipena egitea.

2. Lan programak prestatu, onetsi eta haien jarraipena egitea.

3. Erabakien, hitzarmenen eta informazio geografikoaren arloan elkarlanean aritzeko beste edozein tresnaren jarraipena.

4. Osoko Bilkuraren zereginak prestatzea.

5. Aholku ematea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko informazio geografikoarekin zerikusia duten jarduketa eta prozeduretan.

6. Nafarroako Gobernuak edo SITNAko Koordinazio Batzordea osatzen duten kideetako edozeinek informazio geografikoari buruzko beste edozein arazoren gainean egiten dizkioten kontsultei erantzutea.

7. Metodologia, sailkapenak, kodetzeak eta SITNA garatzeko beharrezko diren gainerako tresnak prestatzea.

8. Beste erakunde edo instituzioekin koordinatzea lurraldeari buruzko informazio sistemen arloan.

9. Osoko Bilkurak esleitzen dizkion gainerakoak.

9. artikulua. SITNAko Batzorde Iraunkorraren osaera.

Kide hauek osatuko dute SITNAko Koordinazio Batzordea:

1. Batzordeko burua: Informazio Sistemen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

2. Buruordea: –Informazio Sistema Korporatiboen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

3. Batzordekideak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatuz:

–Babes zibilaren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eginkizunak esleituta dituen zerbitzuko zuzendaritzaren titularra edo, zein den kasua, erakunde publikoaren kudeatzailetzarena.

–Nafarroako Estatistika Institutuaren eginkizunak esleituta dituen zerbitzuko zuzendaritzaren titularra edo, zein den kasua, erakunde publikoaren kudeatzailetzarena.

–Industria segurtasunaren arloan eskumena duen atalaren titularra.

–Lur-ondasunen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Ondare historikoaren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Marketin eta turismo arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Nekazaritzako informazioaren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Ingurumeneko informazioaren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Toki azpiegituren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Hezkuntza arloan eskumena duen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularra.

–Euskararen prestakuntza eta sustapenerako arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Osasunari buruzko informazio sistemen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Nafarroako errepide sarearen arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Garraio arloan eskumena duen zerbitzuaren titularra.

–Kartografia arloan eskumena duen atalaren titularra.

b) Toki entitateak ordezkatuz, entitate bakoitzak izendaturik:

–Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

–Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkari bat.

c) SITNAri loturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren informazio sistemen eremuan behin-behinekoz diharduen edo hartaz arduratzen den Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko sozietate publikoaren ordezkari bat, berak izendatua.

4. Idazkaria: Lurraldeari buruzko informazio sistemen arloan eskumena duen atalaren titularra; hizpidea duela baina botorik ez ariko da.

5. SITNAko Batzorde Iraunkorreko kideek beste batzuen esku uzten ahalko dute beren partaidetza, haien ordezkari izan daitezen.

10. artikulua. SITNAren plangintza, programazioa eta ebaluazioa.

1. Hauek dira SITNAren plangintza, programazio eta ebaluaziorako tresnak:

a) Plan estrategikoak.

b) Urteko jarduketa planak.

c) Urteko jarduketa planen memoriak.

2. Proiektuak, programak, proposamenak eta beste dokumentu batzuk ere SITNA garatzeko tresnak izanen dira.

11. artikulua. SITNAren plan estrategikoak.

1. SITNAren plan estrategikoa da SITNAren garapena bultzatu, antolatu eta planifikatzeko tresna nagusia; lau urteko indarraldia izanen du, edo beste bat planean berean hala zehaztuz gero, eta besterik gabe luzatuko da hurrengoak indarra hartzen duen arte.

2. Nafarroako Gobernuak onetsiko du SITNAren plan estrategikoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta.

3. Plan horrek eduki hau izanen du, gutxienez ere:

a) Planaren helburu orokorrak eta hartan aurreikusten diren lerro estrategikoen berariazko helburuak.

b) Oinarrizko Informazio Geografikoa osatzen duten datu multzoen zerrenda; horrenbestez, eguneratuta eduki beharko dira. Koordinazio Batzordeak zerrenda hori aldatzen ahalko du urteko jarduketa planetan arrazoi bidez zehaztuta.

c) Zehaztutako helburuak lortzeko erakundeekin landu beharreko lankidetza.

d) Plana gauzatzeko irizpide eta lehentasunak.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko departamentuen helburuak, lerro estrategikoak eta jarduketak; bereziki, urte anitzeko programetan zehazten badira.

f) Hura burutzeko behar diren finantza, giza eta teknologia arloko baliabideak.

12. artikulua. Urteko jarduketa planak.

1. SITNAren plan estrategikoa urteko jarduketa planen bidez garatuko da; horiek Koordinazio Batzordeko Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu, Batzorde Iraunkorrak proposatuta.

2. Urteko jarduketa planek hurrengo zehaztapen hauek eduki beharko dituzte, gutxienez ere:

a) Haien egokitzapena SITNAren plan estrategikoarekin.

b) Haien indarraldian gauzatu behar diren proiektu, programa, jarduera eta zerbitzuen zerrenda, helburu estrategikoak lortzeko haien lehentasuna eta zein unitatek gauzatuko duen adierazita.

c) Nafarroako Datu Espazialen Katalogoa; hau da, oinarrizko informazioa eta informazio osagarria eratzen duten datu geografikoen multzoen zerrenda; noski, eguneratuta mantendu beharko dena.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste administrazio edo erakunde batzuen arteko lankidetza akordioen edo hitzarmenen ondoriozko eragiketak. Orobat, Europako proiektuak edo beste era batekoak, lurraldeari lotutako informazioari buruzkoak, haietan parte hartuz gero.

e) Urteko programa kartografikoa.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko departamentuen jarduketa eta proiektuak, informazio geografikoari buruzkoak.

3. Aurreko lerroaldeetan xedatutakoa gorabehera, Koordinazio Batzordeak, egokiera edo premia dela eta, baimena ematen ahalko du planean jaso gabeko informazio geografikoari buruzko jarduerak egiteko; betiere, behar adinako finantzaketa beharko dute eta plan estrategikoaren mugak errespetatu beharko dira.

4. Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek, beren eginkizunak betetzen ari direla, urteko planean sartu gabeko jarduerak burutzen ahalko dituzte; betiere, foru dekretu honetan eta garapeneko arauetan aurreikusitakoa betez gero. SITNAko Batzorde Iraunkorrari eman beharko zaio jarduera horien berri.

13. artikulua. Urteko jarduketa planen memoriak.

1. Koordinazio Batzordeko Osoko Bilkurak onetsiko ditu urteko jarduketa planen memoriak.

2. Memoriek honako zehaztapen hauek eduki beharko dituzte, gutxienez ere, dagokien jarduketa planari buruz:

a) Proiektuak, programak, jarduerak eta zerbitzuak zenbateraino gauzatu diren, honako hau adierazita:

–Haien eskuragarritasunaren eta kalitatearen ondoriozko efizientzia.

–Baliabide edo zerbitzuaren erabilera.

b) Ekitaldi itxieran oinarrizko informazioa osatzen duten datu geografikoen multzoen zerrenda eta haien eguneratzeari buruzko txostena.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste administrazio edo erakunde batzuen artean lankidetza akordioak edo hitzarmenak direla eta, lurraldeari buruzko informazioaren gaineko zer jarduera burutu diren Europako proiektuetan edo beste era batzuetakoetan parte hartuta.

d) Urteko programa kartografikoaren memoria.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako jarduketa eta proiektuen balantzea.

III. KAPITULUA

Informazio geografikoa

14. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek sortutako informazio geografikoa.

1. SITNAri gehituko zaio unitateek beren eskumenen eremuan bildu, sortu edo zabaltzen duten informazio geografikoa, foru dekretu honetan eta garapeneko arauetan aurreikusten den moduan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aipatu unitateek, zeinek bere eskumenen eremuan, datuen tratamendurako definizio, sailkapen, nomenklatura eta kodeak normalizatzen hartuko dute parte, bai eta emaitzak zabaltzeko prestatzen diren zerbitzuetan ere.

3. SITNAren garapena sustatzeko, haren baliabideak arrazionalizatzeko eta lankidetza bultzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek informazio geografikoa lantzeko zereginak koordinatuko dituzten unitateak izendatzen ahalko dituzte beren eskumenen eremuan.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek egiten dituzten eragiketa exhaustiboek (inbentarioak, katalogoak, direktorioak, erregistroak, zentsuak eta abar), haien elementuak lurraldeari lotuta badaude, elementu horien erreferentzia geografikoak jasoko dituzte haien arau arloko zehaztapenen esparruan.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aipatu unitateak behartuta daude oinarrizko informazio geografikoaren eta gaien araberako oinarrizko informazioaren datuak eta metadatuak SITNAri gehitzera eta eguneratuta edukitzera; orobat, lurraldeari buruzko informazio osagarriko datuak eta metadatuak eguneratuta izatera titularrek sistemari gehitu ondoren, eta horretarako guztirako behar den finantzaketaz arduratuko dira.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek beren datuen geoerreferentziazioa arautzen duten zehaztapen teknikoak garatuko dituzte, bai eta beren eginkizunak burutzean erabili behar dituzten besteen datuenak ere, eta horren berri emanen diote Koordinazio Batzordeari.

7. Koordinazio Batzordeak zehaztuko du zer prozeduraren bidez gehituko zaio SITNAri unitateek sortzen duten informazio geografikoa, nola sartuko diren Nafarroako Datu Espazialen Katalogoan eta nola koordinatuko den Nafarroako Erregistro Kartografikoko inskripzioarekin.

8. SITNAri gehitzen zaion informazio geografikoak zer eskuragarritasun maila duen adierazi beharko du, eta publikoa, korporatiboa edo murriztua den zehaztu. Eskuragarritasun korporatiboa edo murriztua behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko da argitalpen libreak ondasun edo eskubideetan sor litzakeen kalteengatik; betiere, Koordinazio Batzordeak onetsi beharko du eskuragarritasun korporatiboa edo murriztua.

9. Lurraldeari buruzko informazio osagarria ezin izanen zaio SITNAri gehitu, informazio hori sortzeko eskumena duten unitate titularrek ez beste batzuek sortua bada, non ez den akordio espresik organo eskudunen artean.

15. artikulua. Oinarrizko informazio geografikoa.

1. Edozein erabiltzailek edo aplikaziok bere datuak erreferentziatu ahal izateko behar duenari esaten zaio oinarrizko informazio geografikoa. Oinarrizko informazio geografikoak kokapen zehatza ematen du informaziorako, hainbat iturritako datuak gurutzatzeko aukera ematen du eta datuak interpretatzeko balio du haiek eremu geografiko batean kokatuta.

2. Honela osatzen da oinarrizko informazio geografikoa:

a) Sare geodesikoa eta altimetrikoa, sareta geografikoak, kartografia topografikoa, oinarrizkoa eta eratorria, eta goraguneen eredu digitalak.

b) Sentsore airegarraiatuek eta horien produktu eratorriek lortutako estaldurak: hegaldi fotogrametrikoak, ortoargazkiak eta goraguneen eredu digitalak.

c) Izen geografikoak.

d) Unitate administratiboak eta estatistikoak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu publikoak emateko ezarrita dauden zonifikazioak, berariazko araudian ezarriak.

e) Helbideak, posta bidezkoak barne; bide sarea, toponimia eta interesguneak.

f) Katastroko lurzatien eta ondasun higiezinen kokapen geografikoa.

g) Garraioaren azpiegitura, sare, instalazio eta zerbitzuak.

h) Hidrografia.

i) Lurraren azaleraren deskripzioa.

j) Biztanleen lokalizazioa.

16. artikulua: Gaien araberako oinarrizko informazioa.

1. Oinarrizko informazio geografikoan bermatuta, informazio horren alderdi jakin bat bereizi edo garatzen duenari esaten zaio gaien araberako oinarrizko informazioa edo intereseko berariazko informazio gehigarria eransten dionari.

2. Honela osatzen da gaien araberako oinarrizko informazioa:

a) Babes edo erregulazio bereziko tokiak edo eremuak.

b) Lurraren gainazal fisikoa eta biologikoa.

c) Nekazaritzari eta ingurumenari buruzko informazioa.

d) Lurren ezaugarri geologikoak.

e) Meteorologiari eta klimari buruzko informazioa.

f) Ur horniduraren eta saneamenduaren sareak.

g) Energia ekoitzi eta banatzen duten instalazio eta sareak, telefonia eta antzeko zerbitzuak.

h) Lurralde antolamenduaren eta hirigintza planeamenduaren ondoriozko informazioa.

i) Jarduera ekonomikoaren eremu eta unitateak.

j) Zerbitzu publikoak emateko dauden eraikinak.

17. artikulua. Europako edo Estatuko araudiak eskatzen duen informazio geografikoa.

1. SITNAk informazio geografikoari buruzko datu, metadatu eta zerbitzuak jasoko ditu, Europar Batasunean informazio espazialaren azpiegitura ezartzen duen 2007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentarauaren eskakizunei jarraituz, bai eta Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legearenei ere. Informazio hori oinarrizko informaziotzat joko da.

2. Nafarroako Datu Espazialen Azpiegiturak (IDENA) SITNAko datu, metadatu eta zerbitzuen eta datu espazialen beste azpiegitura batzuen arteko operabilitatea bermatuko du.

18. artikulua. Informazio geografiko osagarria.

Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren entitateek oinarrizkotzat jotzen ez den informazio geografikoa, informazio geografiko osagarria deitua, gehitzen ahalko diote SITNAri; betiere, foru dekretu honen 14. artikuluan ezarritakoari jarraitzen bazaio. Dena dela, informazio geografiko osagarri hori Internet bidez zabaldu behar denean eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko unitateek sortua edo bildua bada, nahitaez gehitu beharko zaio SITNAri, foru dekretu honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua. Nafarroako Datu Espazialen Katalogoa.

1. SITNAn sartutako datu multzo guztien zerrenda ordenatua da Nafarroako Datu Espazialen Katalogoa, metadatuak zehaztuta dituela.

2. Internet bidez eskuragarri dago Nafarroako Datu Espazialen Katalogoa.

3. Datu Espazialen Katalogoa Nafarroako Kartografia Erregistroarekin koordinatuko da.

4. Nafarroako Datu Espazialen Katalogoa INSPIRE (RODSI) Datu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialarekin koordinatuko da.

5. Nafarroako Datu Espazialen Katalogoak nahitaez bilduko ditu SITNAn eskuragarri dauden datu espazialen multzoak ezagutzeko metadatuak, IDENAn eskuragarri egon edo ez.

6. Nafarroako Datu Espazialen Katalogoak datuetan sartzeko eta haien banaketari buruzko informazioa jasoko du metadatu horietan eta, bereziki, haietan sartu eta haiek erabiltzeko murrizketak; bestetik, informazio hori sortzeko eta eguneratzeko erantzukizuna dutenak nor diren.

7. Nafarroako Datu Espazialen Katalogoan oinarrizko informazio geografikoa, gaien araberako oinarrizko informazioa eta informazio geografiko osagarria sartuko dira.

20. artikulua. SITNAko datuen izaera.

1. SITNAn bildutako informazioaren titularrek haren ofizialtasuna zehaztuko dute. SITNAk ez du aldatzen titularrek zehazten duten informazioaren ofizialtasuna.

2. Betiere, titularrei dagokie SITNAk eskaintzen dituen datuak ziurtatzea.

21. artikulua. Metadatuak.

1. SITNAn biltzen diren datu multzo guztiek Koordinazio Batzordeak onetsitako metadatuen SITNA profilaren arabera dokumentatuta egon beharko dute, zein diren ere haien eskuragarritasun maila eta zabaltzeko bidea.

2. Metadatuen SITNA profilak honako estandarizazio eskakizunak bete beharko ditu: Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legeak ezarritakoak, Europako Erkidegoko informazio espazialaren azpiegitura ezartzen duen 1007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentaraua, horiek garatzen dituzten arauak eta estandarizazio eta normalizazioko erakundeen jarraibideak.

22. artikulua. Informazio geografikoari buruzko zerbitzu interoperableak, IDENAn eskuragarri egon beharrekoak.

1. Internet bidez modu orokorrean erabiltzeko moduan bultzatuko du SITNAk informazio geografikoaren zabalkundea. Horretarako, bilaketa, lokalizazio, bistaratze, behera-kargatze eta garatzen ahal diren beste zerbitzu batzuez hornituko da, horien bidez modua izan dadin eskura dauden datu espazialak eta zerbitzu berekiak lokalizatzeko, asmo jakin baterako haien egokitasuna ebaluatzeko eta erabilera baldintzak ezagutzeko.

2. Zerbitzu horien ezaugarriei eta interoperabilitateari dagokienez, Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegitura eta Zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legearen 11. eta 12. artikuluetan jasotako zehaztapenei jarraituko zaie.

3. Besteren titulartasuna edo beste entitate batzuekin partekatua duen informazio geografikoa denean, organo eskudunen arteko lankidetza akordioek arautzen dutenari jarraituz eginen da haren zabalkundea.

23. artikulua. Nafarroako geoataria.

1. SITNAk, Interneten, Nafarroako Gobernuaren Atarian, lehentasunezko sarbide bat izanen du, Nafarroako Geoataria deitua, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko datu, metadatu, zerbitzu eta beste informazio batzuk eskuratzeko.

2. Nafarroako Geoatariak web bistaratzaile bat izanen du, aukera emanen diena erabiltzaileei Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko informazioan barna nabigatzeko. Orobat, lurraldeari buruzko informazioa eta zerbitzuei eta baliabideei buruzkoa zabaltzen bultzatuko du, informazio hori oinarria izan dadin edozein erabiltzailek edo aplikaziok bere datu geografikoak geoerreferentziatu ahal izateko.

3. Nafarroako Geoatariak erabiltzaileei SITNA garatzen lagunduko dieten komunikazio tresnak izanen ditu edo haietara lotuko da.

24. artikulua. Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura.

1. IDENAk bere izen bereko sarbidea izanen du Interneten, Nafarroako Gobernuaren Atariaren barrenean, foru dekretu honen 22. artikuluan definitutako zerbitzu interoperableetan sartzeko.

2. Informazio geografikoaren zerbitzuek erabiltzaileen baldintzak hartuko dituzte kontuan eta aise erabiltzeko modukoak izanen dira, Internet bidez edo telekomunikazioetako beste edozein zerbitzuren bidez.

3. Metadatuak eta datu espazialen multzoak behera-kargatze zerbitzuetan eskaintzen ahalko dira IDENAren bitartez edo Interneteko beste baliabide espezializatu batzuen bitartez.

4. IDENAk argitaratzen duen informazioak datu libreen eskaintzan lagunduko du, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean ezarritako irizpideen arabera.

5. IDENAk lokalizazio, bistaratze eta behera-kargatze zerbitzuak eskainiko ditu, gutxienez ere.

a) Lokalizazio zerbitzuak: IDENAk Nafarroako Datu Espazialen Katalogoaren bidez eskainiko ditu lokalizazio zerbitzuak; horrela jakinen da zer datu eta zerbitzu dauden SITNAn eta haiek bilatzen lagunduko da, zein den ere eskuragarritasuna.

b) Bistaratze zerbitzuak: Bistaratze zerbitzu estandarizatuen bidez eskainiko da SITNAren informazio publikoa IDENAn; haien bidez erakutsi, nabigatu, hurbildu edo urruntzen ahalko da ikuspen eremua zehaztu edo handitzeko, mugitzeko edo datu geografikoak gainean jartzeko; bestetik, ohiko ikurrak erakutsiko dira eta, aukeran, datu geografikoen ezaugarriak kontsultatuko.

c) Behera-kargatze zerbitzuak: Datu espazialen multzoak behera-kargatze zerbitzuetan eskaintzen ahalko dira IDENAren bitartez edo Interneteko beste baliabide espezializatu batzuen bitartez.

6. Behera-kargatze zerbitzuek ohiko formatuetan eskainiko dute informazioa. Erakunde eskudunek erabakitzen dituzten zehaztapenak aplikatuko dituzte behera-kargatze zerbitzu estandarizatuek.

7. IDENAk aukera eskainiko du fitxategi aurredefinituak (behera-kargatze estatikoak) behera kargatzeko, bai eta erabiltzaileak eremu geografiko jakin baterako hautatzen dituen datuak behera kargatzeko ere (behera-kargatze dinamikoak).

8. Behera-kargatze zerbitzuek erabiltzaileen identifikazioa eskatzen ahalko dute, estatistikaren ondorioetarako.

IV. KAPITULUA

Jarduera kartografikoa

25. artikulua. Kartografia, topografia eta geodesia arloko eskumenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateak, kartografia, topografia eta geodesia arloko eskumenen erabileran, eginkizun hauek betetzen ditu bere lurralde eremuan:

a) Posizionamendu zerbitzuak eta Nafarroako Geodesia Aktiboaren Sarea (RGAN) mantentzea eta zabaltzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko sentsore airegarraiatuetatik lortutako estaldurak ematea.

c) Datu kartografikoen baseak eta horietatik eratorritako serie kartografikoak ezarri eta mantentzea, eta euskarri izatea hiriko zein lurraldeko serieak ezartzeko estandarren arabera, eskaletan izan ezik, horiek Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena baitira.

d) Kartografia prestatzea.

e) Nafarroako Erregistro Kartografikoa ezarri eta mantentzea.

f) Nafarroako Kartoteka ezarri eta mantentzea.

g) Nafarroako Lurraldeko Fototeka ezarri eta mantentzea.

2. Eginkizun horiek beteko dira Estatuko Administrazio Orokorrari gai horietan dagozkionak galarazi gabe eta bere unitateekin elkarlanean.

26. artikulua. Plangintza, programazioa eta ebaluazioa.

Hauexek dira aurreko zenbakian aipatu diren plangintza, programazio eta ebaluaziorako tresnak:

1. Plan kartografikoak.

2. Urteko programa kartografikoak.

3. Urteko programa kartografikoen memoriak.

27. artikulua. Plan kartografikoak.

1. Plan kartografikoak dira kapitulu honetan aipatzen diren eskumenak sustatu, antolatu eta planifikatzeko funtsezko tresna.

2. Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu plan kartografikoak, kartografia arloan eskumena duen departamentuak proposatuta.

3. SITNAren plan estrategikoekin batera sustatuko dira plan kartografikoak, eta lau urteko indarraldia izanen dute, edo beste bat, horrela zehazten bada planean berean; luzatutzat emanen da hurrengoak indarra hartu arte.

4. Plan horiek eduki hau izanen dute, gutxienez ere:

a) Planaren helburu orokorrak.

b) Zer eragiketa egin behar diren, eta zer produktu eta zerbitzu egonen diren eskura planaren indarraldian.

c) Jarduera eta produktuetarako beharrezko finantzaketa eskakizunak, bai eta planean sartutako zerbitzuak mantentzeko eta bilakatzeko ere.

d) Zehaztutako helburuak lortzeko erakundeekin landu beharreko lankidetza.

e) Plana gauzatzeko irizpide eta lehentasunak.

28. artikulua. Urteko programa kartografikoak.

1. Urteko programa kartografikoen bitartez garatuko dira plan kartografikoak, eta SITNAren jarduketaren urteko planen parte izanen dira.

2. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Kartografia Atalak prestatu eta proposatuko ditu urteko programa kartografikoak, edo eginkizun horiek berak garatzen dituen unitateak.

3. 15. artikuluan SITNAren jarduketaren urteko planetarako ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte urteko programa kartografikoek. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste administrazio edo erakunde batzuen arteko lankidetza akordioen edo hitzarmenen ondoriozko eragiketak adieraziko dira.

4. Aurreko lerroaldeetan xedatutakoa gorabehera, kartografia arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak, egokiera edo premia dela eta, baimena eman dezake urteko plan kartografikoan jaso gabeko eragiketak egiteko, eta horren berri emanen dio SITNAko Batzorde Iraunkorrari.

29. artikulua. Urteko plan kartografikoen memoriak.

1. Urteko plan kartografikoen memorien bitartez ebaluatuko dira plan kartografikoak eta urteko programa kartografikoak.

2. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Kartografia Atalak prestatu eta proposatuko ditu urteko programa kartografikoen memoriak, edo eginkizun horiek berak betetzen dituen unitateak, eta SITNAren jarduketaren urteko planen memorien parte izanen dira.

3. 13. artikuluan SITNAren jarduketaren urteko planen memorietarako ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte urteko programa kartografikoen memoriek.

30. artikulua. Nafarroako Erregistro Kartografikoa.

1. Nafarroako Erregistro Kartografikoa Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoari edo haren zati bati buruzko ekoizpen kartografikoen inbentarioa da.

2. Nafarroako Erregistro Kartografikoan nahitaez inskribatuko dira erabakitzen diren ekoizpenak, kartografia hori oinarrizkoa, eratorria edo gaien araberakoa izan. Oinarrizko kartografia, eratorria eta gaien araberakoa Nafarroako Mapatzat joko dira Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoari buruzkoak direnean eta kartografia arloan eskumena duen departamentuak hura prestatzeko emandako irizpideak betetzen dituztenean. Kartografia berria egiteko edo hura eguneratzeko ezinbestekoa da Nafarroako Erregistro Kartografikoaren txosten bat, loteslea ez dena, eskualde horretan dagoen kartografiari buruz.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako hegaldi fotogrametrikoak edo bestelako sentsore airegarraiatuekin egiten direnak ere inskribatuko dira. Hegaldi fotogrametrikoak edo beste sentsore airegarraiatuen bidezkoak egiteko, ezinbestekoa da Nafarroako Erregistro Kartografikoaren txosten bat, loteslea ez dena, eskualde horretan dauden hegaldiei buruz.

4. Nafarroako Erregistro Kartografikoan inskribatzeak ez du dagokion informazioa baliozkotzen. Informazio hori sortzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitateak dira haren kalitate teknikoaren erantzuleak. Unitate horiek zehaztuko dituzte informazioa eskuratzeko eremuak: publikoa, korporatiboa edo murriztua, foru dekretu honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. Nafarroako Erregistro Kartografikoak erregistratuta dagoen kartografiaren zerrenda eguneratua argitaratuko du.

6. Nafarroako Erregistro Kartografikoa erabakitzen den moduan koordinatuko da Kartografiako Erregistro Zentralarekin.

31. artikulua. Kartoteka eta Fototeka.

1. Nafarroako Kartoteka Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko produktu kartografikoen gordailua da.

2. Nafarroako Fototeka Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeari buruzko aireko irudien gordailua da.

3. Nafarroako Kartotekak eta Fototekak informazioa zaintzeko eginkizuna bete behar dute, administrazio guztiei eskatzen zaiena, baina informazio hori efizientziaz aprobetxatzen ere egin behar dute lan.

4. Kartoteka eta Fototeka Nafarroako Kartografia Erregistroarekin koordinatuko dira.

5. Foru dekretu honen 3. artikuluan aurreikusitakoaren salbuespen gisa, Nafarroako Kartotekak eta Fototekak edozein euskarritako informazioa biltzen ahalko dute.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.–Indarra duten hitzarmenak edo akordioak.

Informazio geografikoari edo lurraldeakoari buruzko hitzarmen edo akordioek, foru dekretu hau argitaratu baino lehen indarrean daudenek, hala jarraituko dute, beren epearen eta araudiaren arabera.

Bigarren xedapen iragankorra.–SITNAko koordinazio organoen segida.

SITNAko Koordinazio Batzordea, foru dekretu honetan arautua, eratzen ez den arte, gaur egungo SITNAko Koordinazio Batzordeak jarraituko du indarra izaten.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Garatzeko eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Garapen Ekonomikorako kontseilariari, zeini bere eskumenen eremuan, foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin ditzaten.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1515445