217. ALDIZKARIA - 2015eko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

98/2015 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak emateko arauak ezarri eta 2015eko deialdia onesten duena.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapena laguntzeari buruz 2013ko abenduaren 17an onetsitako 1305/2013 (EB) Erregelamenduak zenbait neurri ezartzen ditu landa eremuen garapen jasangarrirako, besteak beste nekazaritza ekologikoaren laguntzak, nekazaritza, ingurumen eta klimaren laguntzak eta Natura 2000 Sarearen eta Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren babespeko laguntzak.

Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuak osatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua.

Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduak xedapenak ezartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen ditu nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketa, kudeaketa eta jarraipena, eta indargabetzen Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak.

Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta ordainketa zuzenei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduak xedapenak ezartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

Abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuak abere arrazak zaindu, hobetu eta sustatzeko programa nazionala ezarri ditu eta arrazen katalogo nazionala arautu.

2014-2020ko landa garapenerako esparru nazionalaren agiriak estatuko eta erregioetako programen estrategiak garatzen ditu, koadro finantzarioa bildu eta landa garapenerako neurriak aplikatzeko baldintzak harmonizatu.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programaren barnean, nekazaritza, ingurumena eta klimaren arloko laguntzak biltzen dituen neurri bat dago jasota. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren iritziz, bidezkoa da programa horretan sostengu araubide bat ezartzea abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteei dagokienez, tokiko arrazak mantendu eta hobetzea sustatzeko asmoz.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Foru agindu honen helburua da laguntza horiek eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea.

Urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak ordaintzen dituen erakundea Nafarroako Foru Komunitatean baimendu, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenak ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko; bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Arauak onestea.

Liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteentzat diren laguntzei buruzko arauak onesten dira, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

Lehen xedapen gehigarria.–2015erako laguntzen deialdia.

1. Nafarroako Foru Komunitateko liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteentzat diren 2015eko laguntzen deialdia onesten da.

2. Hilabeteko epea dago 2015ean laguntza eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak.

Laguntza hauek aplikatzearen ondoriozko gastuetarako, 400.000 euroko gastua baimentzen da, 2015era luzatutako 2012ko aurrekontu orokorretako “Abeltzain elkarteak, PDR FEADER 2014-2020” izeneko 710004 71310 4819 412200 kontu-sailaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Aplikatzeko baldintza.

Laguntzak foru agindu honetan xedatuarekin bat emateko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak onestea Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazaritzan baliabide genetikoak kontserbatu, erabili eta era jasangarrian garatzeko sostengua” azpineurria. Europako Batzordearen eskakizunak aintzakotzat hartzeko, operazio horren gainean eragina badu, 10. neurrian egin beharreko edozein aldaketak foru agindu honetako laguntzei buruzko arauen egokitzapena ekarriko du.

Laugarren xedapen gehigarria.–Berrikuspen klausula.

Foru agindu honi jarraituz egiten diren operazioei berrikuspen klausula bat aplikatuko zaie, haien egokitzapena bermatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduaren 28. artikuluan jasotzen diren aplikatu beharreko nahitaezko arauak, betekizunak eta betebeharrak aldatzen badira (haiekin konpromisoek zorrotzagoak izan behar dute).

Berrikuspen klausulak, halaber, 1307/2013 (EE) Erregelamenduaren 43. artikuluko jarduketek finantziazio bikoitza ez izateko beharrezko egokitzapenei helduko die, jarduketa horiek aldatuz gero.

28. artikuluari jarraituz egiten diren operazioek, oraingo programazio epea gainditzen badute, berrikuspen klausula bat izanen dute, hurrengo programazio epearen esparru juridikora egokitu daitezen.

Onuradunak egokitzapen hori onartu ezik, konpromisoaldia bukatutzat emanen da eta ez da dirurik eskatuko konpromisoa izan duen aldiagatik.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 154/2007 Foru Agindua, Nafarroako azienda-hazleen elkarteei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko urriaren 20an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzei buruzko arauak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honek helburu du liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteei laguntzak emateko arauak ezartzea.

2. Xedea da laguntza ekonomikoa ematea azienda hautatuaren hazleen elkarteei egiten duten lan hauetan: Nafarroan liburu genealogikoak kudeatzea, errendimendua kontrolatzeko programen garapena, kontserbazio planak, arrazen hobekuntza eta aholkularitza genetikoa, balorazio genetikoa eta hobekuntza zabaltzeko plana.

2. artikulua. Arau esparrua eta laguntzen identifikazioa.

Honako hauek eratzen dute erreferentziako arau esparrua:

–Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzeko eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa garapeneko laguntzei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an onetsitako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 28. artikulua.

–1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzeko Batzordeak 2014ko martxoaren 11n onetsitako 87/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 7.a artikulua (Nekazaritza, ingurumena eta klima), 8.a (Baliabide genetikoak kontserbatzea nekazaritzan eta basozaintzan) eta 9.a (Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritzako jarduketen eta antzeko jarduketen finantzabide bikoitza baztertzea).

–1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzeko Batzordeak 2014ko uztailaren 17an onetsitako 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 10. artikulua (Kostu gehigarriei eta diru-sarreren galerei buruzko hipotesi normalizatuak) eta 11.a (Konpromisoen konbinazioa eta neurrien konbinazioa).

3. artikulua. Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren aipamena.

1. Laguntza horiek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean sartzen dira (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduarekin bat prestatua), eta Landa Garapenerako Programan 10. neurriaz (Nekazaritza, ingurumena eta klima) ezarritakoaren menpe daude.

2. Laguntza horiek emateko, Europako Batzordeak Landa Garapenerako 2014-2020ko Programa behin betiko onetsi beharko du. 10. neurri horri dagokionez, Landa Garapenerako 2014-2020ko Programa aldatzeak ekarriko du laguntzei buruzko araudia egokitzea.

4. artikulua. Onuradunak.

Funtsak arrazako azienda hautatuaren hazleen elkarte hauek jasoko dituzte: behar bezalako baimena dutenak, Espainiako abere arrazen katalogo ofizialaren barruan daudenak (abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuaren I. eranskina), edo Nafarroako abere arrazen katalogo ofizialean (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Aginduaren bidez onetsia, zein abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduaren bidez aldatu baitzen), helbidea eta jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatean dutenak eta foru agindu honen 9. artikuluan jasotzen diren kategoriakoak direnak: haragitarako behi azienda autoktonoak, haragitarako ardi azienda autoktonoak, esnetarako ardi azienda autoktonoak eta zaldi azienda autoktonoak.

5. artikulua. Onargarritasun baldintzak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten elkarteek eska dezakete laguntza:

–Izaera juridikoa izatea eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar fiskalak eta kotizazioak eguneratuak izatea.

–Ondokoa zehazten duen jarduketa programa bat aurkeztea 2014-2020 eperako:

  • Egin beharreko jarduerak, helburuak, metodoak eta jarduera adierazleak zehaztuta.
  • Nafarroako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, eta, gutxienez, datu hauek agertuko dira: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta liburu genealogikoetan jasotako animalien zentsua.
  • Jarduera horietarako erabiliko diren lokalak eta baliabide materialak, informatikoak (ekipoak eta programak) eta telematikoak barne, egokiak direnak elkarteek egin beharreko lanetarako.
  • Liburu genealogikoaren mantentze-lanak egiteko langileak eta lan horretako langileen errendimenduaren eta gaitasunaren gaineko kontrola.
  • Animalien genetikaren zentro kualifikatua, hobekuntza programa bermatzen duena, eta filiazio probak edo beste zehaztapen genomikoak eginen dituen laborategia.
  • Aurreikusitako aurrekontua, barnean sartuta lanak antolatu eta egitearen kostuak, parte-hartzaileen kostuak eta aurreikusitako diru-sarrerak.

2. Entitate onuradunek idatziz jakinarazi behar diote Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, horren berri jakin bezain pronto, jarduketa programan gertatutako edozein gorabehera, baldintzak ez betetzea badakar.

6. artikulua. Konpromisoak.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiazta dezan abeltzain elkarteek egindako lanak behar bezala egin direla eta operazioa eraginkorra izan dadin, laguntza kobratzeko, liburu genealogikoak kudeatzeko abeltzain elkarteek ondoko konpromiso hauek bete behar dituzte:

a) Liburu genealogikoaren kudeaketa egitea, abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta arraza hobetu edo kontserbatzeko plana onetsita izatea.

b) Eskatzen duten guztiei erantzutea bere lanean, inolako diskriminaziorik egin gabe.

c) Objektibotasun osoz jardutea azienda hazleen elkarteko eginkizunetan.

d) Jasotako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

e) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk jaso izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

f) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak, bai diru-laguntzaren kudeaketa eta kontrolari loturikoak, bai diru-laguntzaren xedeko elkartearen jarduerei loturikoak.

g) Elkarte bakoitzaren barruan Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategien titularrak onartzea, hala eskatzen badute eta kasuan-kasuan indarra duen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak betetzen badituzte. Eskaerak unean uneko langile kopuruaren arabera ihardetsiko dira.

h) Esnearen kontrol ofiziala egiten duten elkarteen kasuan, Esnea Kontrolatzeko Erkidegoko Zentroari hautaketaren eskema bat ematea, baita bukatutako esnealdi baliozkotuen kopurua ere, Behi, ardi eta ahuntz azienden espezietan ebaluazio genetikorako esne errendimenduaren kontrol ofiziala arautzen duen apirilaren 8ko 368/2005 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehazten diren bezala.

i) Bigarren mailako elkarte batek ofizialki onetsitako liburu genealogikoak kudeatzen baditu, beharturik egonen da kontserbazioa, errendimenduen kontrola eta arrazaren hobekuntza egiteko liburu genealogikoak kudeatzen dituen elkarteak ezarri eta ofizialki onetsitako programan parte hartzera.

j) Elkarteak erreferentziako urtean egindako jardueren memoria bat aurkeztea eta besteak beste ondokoa zehaztea: liburu genealogikoan egindako inskripzio kopurua, haren bukaerako egoera, egindako errendimenduen kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta horiek zenbat animaliari egin zaizkien, baita intseminazioen edo estalduren kopurua ere.

2. Oro har, operazio horren esparruko konpromisoak 5 urteko epera hartuko dira, eta urtez urte luza daitezke.

7. artikulua. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzura igorriko dira, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Eskaerak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, urteko deialdia argitaratzen denetik hasita.

3. Eskaera eskabide orokorrean eginen da. Horrekin batera, I. eranskin honen 10. artikuluan adierazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.

4. Onuradunak lehenbizikoz eskatzen badu laguntza edo hura ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, diru-laguntzaren eskabidearekin batera, laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia aurkeztu beharko du, behar bezala betea.

8. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

1. Laguntza honen esparruan, azienda hazleen elkarteen jarduerak antolatzeko zein egiteko kostuak laguntzen ahal dira diruz.

2. Diruz laguntzeko gastu horiek atal hauetan banatzen dira:

1. Langileria gastu zuzenak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza.

–Gastu orokorrak.

–Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak.

2. Beste gastu zuzen batzuk, liburuaren mantentze-lanei eta arrazaren hobekuntza genetikoari eta hedapenari egotz dakizkiekeenak:

–Zerbitzuak hirugarrenei kontratatzea.

–Hirugarrenen lanbide zerbitzuak eta laguntza teknikoa.

–Berariazko materialak erostea.

–Berariazko ekipoen konponketak eta mantentze-lanak.

–Material didaktikoen kostua.

–Animalia identifikatzeko materiala, nahitaezko identifikazioa izan ezik. Animaliak gobernatzeko materiala, laginak hartzea eta laborategietako analisiak, liburu genealogikoen ondorioetarako (inskripzioa, sailkapena eta filiazioen kontrola).

–Azterketa genetikoak egitea arrazaz, edo hazitarako animalien eta eme ugaltzaileen liburu genealogikoak eta katalogoak editatu eta argitaratzea.

–Ugalketarako abereen edo etorkizunean ugalketarako direnen balorazio genetikoekin lotura duten gastuak.

–Azterketa egiteko zentroetara garraiatzearen gastuak.

9. artikulua. Laguntzaren portzentajeak eta aplikatu beharreko zenbatekoak.

1. Laguntzak urtero emanen dira, elkarte bakoitzak aurkezten duen jarduketa planarekin bat. Hautatu daitekeen gehieneko gastua kalkulatzeko, aurreko urtean benetan egindako jardueren adierazleak erabiliko dira, puntu honetan zehazten diren adierazleen zerrendaren arabera, bai eta erantsitako taularen zenbatekoak ere.

2. Baldintzak betetzen dituen elkarte berri baten kasuan, adierazleak zehaztuko dira taula horietan arraza motaren, zentsuen eta egin beharreko kudeaketa motaren eta kontrolen arabera horren antza handiena duen elkartearen adierazleak aplikatuz.

3. Operazio horretan aurreikusitako laguntza ondoko adierazleen arabera modulatzen da, eman beharreko gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Liburua eta balorazio genetikoa mantentzea. Abenduaren 31n Nafarroako ustiategietan bizirik eta liburuko ataletan inskribatuta dauden animalien kopuru osoa kontatuko da. Informazio hori ARCAn grabaturik egonen da.

b) Ugalketarako abereak behin betiko liburuan inskribatzea. Jaiotza liburuko animaliak konputatuko dira, ugalketarako gai den abere gisa behin betiko liburuan urtean zehar inskribatu eta baloratu direnak.

c) Animaliak errendimenduen kontrolean. Arraza bakoitzerako konputatuko dira errendimenduak kontrolatzeko programa baten menpe dauden animaliak, arraza hobetu eta kontserbatzeko planaren barnean, (Administrazioak baliozkotua).

d) Filiazioaren kontrol genetikoak. Urtean egindako kontrol genetikoak konputatuko dira, jaiotzako liburuko inskripzioak egiaztatzeko. Horren barrenean egonen da material genetikoa ateratzea, aztertzea eta ustezko aita-amekiko bateragarritasuna egiaztatzea.

e) Ekarpenak germoplasmaren bankura. MAGRAMAk sortutako germoplasmaren bankuan urtean zehar aurkeztutako semenaren, obuluen edo beste material genetikoaren dosiak konputatuko dira.

f) Arrazaren hedapena, abeltzaintzako lehiaketetan parte hartuz (erakusketa, lehiaketa, enkantea). Kasuan kasuko liburu genealogikoan inskribatutako animalia parte-hartzaileen arabera konputatuko dira, gehienez ere lehiaketa bat kontuan hartuta arraza eta urte bakoitzeko.

4. Elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, baita adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdiak eta zenbateko berriak alda daitezke, adierazlea egokitu dadin kostu berrira.

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

Espeziea eta orientazioa

Liburu genealogikoa mantentzea eta balorazio genetikoa

(euroak abelburuko)

Balorazio morfologikoa

(euroak abelburuko)

Animaliak errendimenduen kontrolean

(euroak abelburuko)

Filiazioaren kontrol genetikoak

(euroak abelburuko)

Germoplasmaren bankua

(euroak dosiko)

Arrazaren hedapena

(euroak abelburuko)

Haragitarako behi-azienda autoktonoa

3,00

10,00

10,00

10,00

3,00

30,00

Haragitarako ardi-azienda autoktonoa

0,40

01,00

01,00

10,00

3,00

06,00

Esnetarako ardi-azienda autoktonoa

0,40

01,00

06,00

10,00

3,00

06,00

Zaldi-azienda autoktonoa

3,00

10,00

05,00

10,00

3,00

30,00

10. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Diru-laguntzaren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua, laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada. Era berean, hura aurkeztu beharko da aldaketarik egin bada aurreko urteetan aurkeztutako dokumentazioan.

b) Eskaera egin aurreko urtean elkarteak egin dituen jardueren memoria, besteak beste datu hauek zehaztuta: liburu genealogikoan egindako inskripzioen kopurua, haien bukaerako egoera, egindako errendimendu kontrolen edo kontrol morfologikoen kopurua eta zenbat animaliari egin zaizkion, eta intseminazioen edo estalduren kopurua, egindako filiazio kontrolen kopurua, zenbat semen dosi igorri diren germoplasmaren bankura eta arraza hedatzeko egindako jarduerak, parte hartu duten animalien kopurua adierazita, kasua bada.

c) Erreferentziako urteko abenduaren 31n elkartean dauden Nafarroako abeltzaintza ustiategien zerrenda. Diskete bat edo beste mota bateko euskarri informatiko bat emanen da, gutxienez ondoko datuak dakartzan datu base batekin: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta ustiategi bakoitzeko liburu genealogikoan inskribaturik dauden animalien banakako zerrenda.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen erantzukizuneko aitorpena.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ..............., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, azienda hazleen elkarteei laguntza emateko aurreko ekitaldiko deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.”

2. Aipatutako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean azaldu beharko du, zein agiri den eta zein artxibotan dagoen adieraziz. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena eman beharko dio datuak aztertzeko.

11. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

12. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da aurkeztutako dokumentazioa 10. artikuluan eskatzen dena dela. Dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du.

4. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa da urte bakoitzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

13. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Elkarteei kudeaketa gastuak partez estaltzeko ematen zaien laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, abeltzain elkarteek frogatu ondoren liburu genealogikoak kudeatzeko beharrezko jarduera eta arraza hobetu eta kontserbatzeko planak (jardueraren adierazleen arabera neurtuko da). Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla elkarte bakoitzari dagokiona pagatu baino lehen.

2. 8. artikuluan zehaztutakoak izanen dira diruz laguntzeko moduko kontzeptuak. Aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 arteko planaren epeari egokituko zaizkio fakturak.

3. Emandako laguntzaren zenbatekoa jasotzeko, elkarte onuradunek aurkeztu beharko dituzte, urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehenago, erreferentziako epean diruz laguntzeko jarduerak garatzeko beharrezko gastuen fakturak eta haien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

14. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin. Dena dela, emandako laguntzen zenbateko osoa eta jardueraren berezko baliabideak baturik ezin izanen da gainditu jardueraren kostua. Hortaz, laguntza gehiago jasoz gero, foru agindu honen bidez araututako diru-laguntza murriztuko da, muga horretara iritsi arte.

15. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzea.

1. 5. artikuluan aipatzen den edozein onargarritasun baldintza eta 6.1. artikuluko a), c), f) eta g) letretako konpromisoa bete ezik, lehenengo urtean ordainketa ukatuko da eta, kasua errepikatzen bada, laguntzaren araubidetik baztertuta geldituko da.

2. 6.1. artikuluko d), e), h), i) eta j) letretako konpromisoak bete ezik, lehenengo urtean laguntza %25 murriztuko da, bigarrenean %50 eta, hirugarrenetik aurrera, araubidetik baztertuta geldituko da.

3. 6. artikuluko a) letrako konpromisoa ez betetzeak ekarriko du laguntza %10 murriztea liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik beherakoak direnean, %40 murriztea, berriz, liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %10etik %20era bitartekoak direnean, eta %100 murriztea liburuko erregistroen gorabeherak animalia inskribatuen %20tik gorakoak direnean, konpromisoa betetzen ez den lehenbiziko urtean. Bigarren urtean, portzentaje horiek bikoiztuko dira, eta hirugarrenean, laguntza araubidetik baztertuko da. Arraza hobetu edo kontserbatzeko plan bat onetsita ez egoteak ekarriko du laguntza %50 murriztea.

16. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orrialdeko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan.

Iragarkiaren kodea: F1514338