148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

253/2015 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Giza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ohitura eta balioen garapen mailarako adierazleen sistema” argitaratzea onesten duena.

“Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ohitura eta balioen garapen mailarako adierazleen sistema” argitaratzea onestea du xede ebazpen honek, eredu izan dadin irakasleentzat ikasleak balioetan hezteko, baita familientzat ere seme-alaben kasuan.

Ohitura eta balioen garapenak funtsezko dimentsio bat eratzen du pertsonen hezkuntzan eta curriculumeko gaitasun giltzarriak garatzeko ardatza da. Horregatik, ona da ikastetxeen eta familien eskura jartzea planteamendu hau bultzatuko duten material eta proposamenak, Lehen Hezkuntzan egin den bezala.

Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ohitura eta balioen garapen mailarako adierazleen sistema”, ebazpen honen eranskinean jaso dena, argitaratzea onestea. Hezkuntza Departamentuak hura garatu eta aplikatzeko material osagarria jarriko du ikastetxeen esku, 2015-2016 ikasturtetik aurrera ezar dadin.

2. Ebazpena eta eranskina Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 29an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Iñigo Huarte Huarte.

I. ERANSKINA

SARRERA

Ohitura eta balioen garapenak funtsezko dimentsio bat eratzen du pertsonen hezkuntzan eta curriculumeko gaitasun giltzarriak garatzeko ardatza da. Horregatik ona da funtsezko hezkuntza alderdi hori bultzatzen duten material eta proposamenak ikastetxeen eta familien eskura jartzea.

Ikasleen ohitura eta balioen garapen mailarako adierazleen sistema ezartzearekin –kasu honetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan egin zen bezala– oso tresna praktikoa eskaintzen da ikasleen giza balioak eta ohitura positiboak nola errotu eta hazten diren definitu, zehaztu, behatu eta ebaluatzeko tenorean. Horri esker, irakasleek eta familiek eredu erabilgarri bat daukate beren ikasleak eta seme-alabak, hurrenez hurren, balioetan hezteko.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duten jarraibideetan adierazten da ikasleak balioetan hezteari buruzko helburuak sartu behar direla hobekuntza planetan, eta urtero berrikusi behar direla. Horretarako, ona da adierazleen sistema bat, oso ongi planeatua, edukitzea, lagungarri izan dadin irakasleentzat zein familientzat eremu hori behatu eta ebaluatzeko.

Giza, etika, gizarte eta gizabide balioak nortasuna eratzen duten kualitateak dira, izaera egituratzen dute bizikidetza positiboa ezartzeko eta erabakigarriak dira norberaren bizitzaren funtsezko orientazioan. Balio horietan oinarritutako hezkuntza sistematikoa, haiek ohitura moduan sendoturik, lagungarria da ikasleentzat, ikasteko eta ekiteko gaitasunak hobe ditzaten, eta pizgarria, haien motibazio eta ahaleginerako, baita gogoeta egiteko, sintetizatzeko eta egituratzeko ere. Beren buruak ezagutzen, arazoei aurre egiten, esperimentatzen eta proiektuak taldean egiten, arduratsu lan egiten, besteekin errespetuz eta gogotsu jokatzen eta balioko konpromisoak beren gain hartzen laguntzen die neska-mutilei eta gazteei, eta gizartearen ongia bultzatzen du; horrela, oinarria da gizabidezko bertuteak eta hobekuntza soziala garatzeko.

Gaur egungo gizartearen konplexutasunak eta balioen aniztasunak ahalegina egiteko eskatzen diete ikastetxeei eta familiei neska-mutikoak eta gazteak giza, etika eta gizabidezko gaitasunez horni ditzaten, gauza izan daitezen bizitzari modu emankor eta egokian aurre egiteko.

Gure garaiarekin bat egiten duen hezkuntzak ezagutza eta balioak aldi berean lantzea eskatzen du. José Antonio Marinak dio hezkuntzak bi osagai nagusi dituela: irakaskuntza eta izaeraren prestakuntza. Haur eta gazteek hizkuntza, matematika, teknika, kultura, etika eta gizabide, estetika eta abarretan lortu beharreko ezagutza eta trebetasun multzoa da irakaskuntza; aldiz, beren bizitza proiektua ongi aukeratzeko, pertsona zintzo eta zoriontsu izateko garatu beharreko baliabide multzoa da izaeraren prestakuntza.

Azken batean, jarrerak, giza balioak eta ohiturak dira, curriculumaren arlo guztietan agertu behar dutenak, ikastetxeko portaera orokorrean eta eguneroko bizimoduaren jarduketetan.

Esate baterako, prestakuntza arloetan gaitasunak edo zeharkako abileziak (soft skills) aipatzen dira, besteekiko harremanak sortzeko jarrera egoki bati, komunikatzeko erraztasunari, pentsamendu kritikoari, lidergoari, aldaketei egokitzeko eta arazoak konpontzeko gaitasunari eta abarri lotuak daudenak. Horiek guztiek zerikusia dute nortasun aberats, orekatu eta heldua garatzearekin.

Begibistakoa da honako hau ere: PISA 2012 azterlanari buruzko Espainiako txostenean esaten da “AEBko Hezkuntza Departamentuak 2013ko otsaileko txosten batean azpimarratu zuela irmotasuna eta jarraikitasuna bultzatu behar direla, faktore kritikoak direlako hezkuntzan arrakasta lortzeko XXI. mendean” (PISA 2012 Arazoak konpontzeko Espainiaren txostena, 200. orrialdea). Datuak oso adierazgarriak dira horren gainean; izan ere, Nafarroan, urrunago joan gabe, 60 puntu inguruko aldea dago PISA 2012an ikasten gehien eta gutxien irauten dutenen artean.

Horrela ba, hezkuntzako balioek eta gizabidezko bertuteek funtsezko gaitasun sorta osatzen dute bizitzarako eta garapen pertsonalerako, familietan eta ikastetxeetan sustatu behar direnak. Indar bereziki garrantzitsuak dira nortasun helduak hobetzeko bidean. Haien zerrenda ia bukaezina litzateke, baina haien aipamen soil bat egitea oso adierazgarria da haien garrantzia eta potentziala nabarmentzeko: errespetua eta tolerantzia, ahalegina, ongi egindako lana, erantzukizuna, jarraikitasuna, ordena, ekimena, sormena, gaitasun estetikoa, leialtasuna, hobetzeko nahia, norberaren emozioak kontrolatzea, kiroltasuna, frustrazioaren aurreko erresistentzia, konpromisorako gaitasuna, guztien ongia kontuan hartzen duen herritartasun aktiboa, eskuzabaltasuna eta elkartasuna....

Azken batean, gure haur eta gazteak bizitzan orientatzeko gauza izatea da, eta hori duintasunez, gogoeta eginez, sormena erakutsiz, ekimenari helduz eta arduratsu jokatuz egitea.

Ebaluatzen ez dena debaluatzen dela esan ohi da. Hori bera gertatzen da izaeraren prestakuntzan eta balio eta jarreren heziketan. Hori dela-eta hurrengo adierazleen sistemak balio garrantzitsuenetako batzuk identifikatzen laguntzen ahal du, baita haien garapen maila zehazten ere, eguneroko jarduerari erreparatuz gero.

Adierazleen sistema honek, Lehen Hezkuntzakoarekin egin zen bezala, egitura baten barrenean aurkezten ditu adierazleak, eta horiek diagnostikoa egiteko erabiltzen ahal dira, baita ikastetxeetako hobekuntza planei jarraipena egiteko ere. Egitura erraza, eraginkorra eta irakasleentzat eta familientzat aise ulertzeko modukoa aurkeztu gogo da.

Adierazleak lau ohitura eta balio motei buruzkoak dira:

1. Eskolako bizitza eta bizikidetza errazten duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

2. Lana eta ikasketa errazten dituzten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea laguntzen duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

4. Jendearekiko eta gizartearekiko konpromisoa laguntzen duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

Errubrika sistema baten bidez antolatzen dira, adierazlearen aspektu bakoitzaren garapen mailak deskribatzen dituztela.

Adierazle bakoitzak haren aspektuaren enuntziatua, definizio edo kontzeptu hurbilketa eta aspektu horren sekuentziazioa edo gradientea jasotzen ditu. Horretarako, eskala bat erabiltzen da, honela deitutako bost mailez osatua:

–Gutxieneko maila.

–Maila apala.

–Maila ertaina.

–Maila ertain altua.

–Maila altu hoberena.

Hezkuntza Departamentuak, bere web-orrialdean, hura garatu eta aplikatzeko material osagarria jarri du ikastetxeen eskura:

http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/valores-y-planes-de-mejora

HEZKUNTZAREN BALIOEN DEFINIZIO OPERATIBOA

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

1. Hezkuntza arloan bizikidetza errazten duten ohitura eta balioak.

1.1. Jendearekiko tolerantzia eta errespetua.

Jende ororen balioa eta duintasuna onartzea eta balio horren araberako tratua ematea. Haien eskubideak aitortzea. Haien berezitasun eta diferentziak onartzea eta haien iritziak gogoz entzutea, haiek baloratu eta adostasuna edo desadostasuna agertzea norberaren iritziak inposatzen ahalegindu gabe.

1.2. Arauekiko errespetua.

Ikasleak gelako portaerarentzat ezarritako jarraibideak onartu eta barneratu dituela erakusten du josteta eta kirol jardueretan eta bizikidetzan, oro har, eta bere egiten ditu. Prest dago haiek betetzeko, baita bete daitezen zaintzeko ere.

1.3. Gauzak eta ingurua zaintzea.

Ikastetxeko gune guztiak (gelak, korridoreak, jolastokiak, komunak, fatxadak, beste toki batzuk...) ongi erabiltzeko prestasuna, altzariak eta beste elementu lagungarri batzuk (kartelak, ordenagailuak, kiroleko altzariak, paperontziak, eta abar) behar bezala zaintzekoa, norberaren eta besteen materialak zaintzekoa eta ingurua eta ingurunea zaindu eta babestekoa.

1.4. Adeitasuna eta enpatia.

Ikasleekin, irakasleekin eta, oro har, ikastetxeko langileekin atsegin eta txeratsu agertzeko gaitasuna, besteen premien aurrean sentsibilitatea erakutsiz, besteen tokian aise jarrita.

2. Lana eta ikasketa errazten dituzten ohitura eta balioak.

2.1. Antolaketa eta plangintza.

Egin gogo den jardueran pentsatzeko gaitasuna, dagoen denbora, zereginak eta tokiak, erabili behar diren baliabide eta materialak behar bezala banatzeko. Ohiko jarrera, ideiak egituratu eta gauzak antolatzeko.

2.2.1. Interesa eta arreta.

Norberaren jarduera gidatzeko gaitasuna, bere burua motibatzekoa, helburuak ezartzekoa eta haiek lortzeko baliabideei buruz gogoeta egitekoa, pentsamendua esaten den eta egin behar duen hartan jarrita. Ahalegintzea, jakin-mina eta ikasketan sakontzeko gogoa erakustea.

2.3. Iraunkortasuna eta jarraikitasuna.

Hasitakoa ongi bukatzeko ohitura, proposatutakoa lortzeko behar diren bitartekoak jartzeko eta norberaren erabakiak aurrera eramatekoa, konpromisoetan irmo jokatu eta zailtasunak gainditzekoa, asmoz eta portaeraz aldatu gabe, ager daitezkeen zailtasun, porrot edo motibazio galeren gainetik. Hobetzeko nahi irmoa, iraunkortasuna eta erregulartasuna eskatzen ditu norberaren lanetan zein taldeko jardueretan. Itxaroten jakitea, berehalakotasunaren menpe irrikitan egon gabe.

2.4. Erantzukizuna.

Arrazoien gainean erabakitzeko gaitasuna, norberaren egintzez jabetu eta haien ondorioak bere gain hartzekoa, bere kargu dituen zeregin eta ondasunez arduratzekoa, arduragabekeria prebenitu eta saihestuta. Erabakiak hartzea, hala behar denean. Norberaren jokabidea behar bezala kontrolatzea. Norberaren lana arretaz egitea.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea laguntzen duten ohitura eta balioak.

3.1. Autoestimua.

Norberaz egiten den balorazioa. Autoestimu egoki batek norberaren indarrak eta ahultasunak diren bezala ezagutzea esan nahi du, eta seguru agertzea zereginak eta jarduerak egitean eta besteekiko harremanetan. Asertibotasuna eskatzen du epaitzeko eta adierazteko unean, eta oharrak eta kritikak lasai onartzea.

3.2. Besteenganako konfiantza.

Ohiko jarrera bere inguruko jendea ongi baloratzeko, errespetatzeko eta gogoz entzuteko. Lankidetzara eta adiskidetasunera zabalik, murrizketa berezirik gabe; besteen arazo, ikusmolde eta beharren aldeko interesa.

3.3. Emozioen oreka.

Ohiko jarrera, bere sentimendu eta emozioez jabetu, haiei izena eman eta modu egokian adierazteko. Asertibotasuna eta gogoaren egonkortasuna eskatzen ditu.

3.4. Autokontrola.

Norberaren erabakiez eta portaeraz jabetzea eta haiek bere borondatez menderatzea, bere bulkadak erregulatuz eta oreka pertsonala eta harremanetakoa erakutsiz. Portaera ez da erreakziokoa edo apetatsua, eta ez dago atseginaren eta atsekabearen, gogoen edo gogo ezaren menpe. Gehiegizko kontsumorako joerak erregulatzeko benetako gaitasuna eskatzen du. Oreka eta lasaitasuna adierazten ditu.

4. Jendearekiko eta gizartearekiko konpromisoa laguntzen duten ohitura eta balioak.

4.1. Elkartasuna, eskuzabaltasuna eta altruismoa.

Besteen beharrak bereak bezala sentitu eta bere egiteko gaitasuna, gainerakoak lagundu eta zaintzeko berezko jarrera, baita norberaren interesa besteenaren atzetik jartzeko ere; orobat, ezagutza, gauzak eta denbora partekatzekoa, norbaitek behar duenean.

4.2. Lankidetza, elkarlana, konpromiso soziala.

Berezko jarrera, laguntza emateko eta besteekin batera guztien ongia eta ingurunea hobetzen aritzeko. Taldearen parte sentituz eta nortasuna galdu gabe, haren zereginen eta funtzionamenduaren erantzukizuna du, bere ahalmenak jartzen ditu lanean, ekimenak abiatzen ditu, bere tokia hartzen du, interesa erakusten du elkarteetan parte hartzeko eta bere borondatez aurkezten da besteei zerbitzuak emateko.

4.3. Proaktibotasuna eta baikortasuna.

Pertsonak zailtasunak gainditzeko duen ohiko jarrera, oztopoei aurre egin eta haiek positiboki gainditu eta helburu berriak lortzekoa, eta arazoak konpontzeko bere burua eskaintzekoa. Besteak animatzea eskatzen du eta gogogabetu edo iraindu dezaketen esaldi negatiboak saihestea. Orobat, jarduera edo jarrera positibo batean jarraitzea, kosta ahala kosta.

4.4. Justiziaren aldeko jarrera.

Pertsona bakoitzari dagokiona ematea eta eman dezakeena eskatzea da justizia. Eskubide eta erantzukizunak norberaren gain hartzea eskatzen du, besteen jarrerei arreta egin eta haiek ulertzea, eta norberarenak errespetuz eta asertibotasunez azaltzea. Irizpide zuzen eta egiazkoak erabiliz epaiak ematea, egintzak ezagututa eta ondorioak neurtuta, epaitu aurretik gogoeta eginez. Pertsona egiatiak eta zintzoak dira.

Ondarea eta guztien ongia errespetatzea dakar. Ez egotea axolagabe eta irmotasuna bultzatzea bidegabekerien aurrean. Indarkeriari uko egitea portaera gisa. Parte-hartze demokratikoaren ohiturak bere gain hartu eta sustatzea, baita besteengana zabalik egoteko gaitasuna ere: arretaz entzutea eta elkarrizketa, elkar ulertzeko. Ez uztea lehiakortasun okerrak, norberaren interes soilak edo apetak eramaten.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

1. Hezkuntza arloan bizikidetza laguntzen duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

1.1. Jendearekiko tolerantzia eta errespetua.

Jende ororen balioa eta duintasuna onartzea eta balio horren araberako tratua ematea. Haien eskubideak aitortzea. Haien berezitasun eta diferentziak onartzea eta haien iritziak gogoz entzutea, haiek baloratu eta adostasuna edo desadostasuna agertzea norberaren iritziak inposatzen ahalegindu gabe.

1.–Gutxieneko maila:

Sentikortasun txikia du besteekin eta haien beharrekin. Bere portaera, funtsean, egozentrikoa da. Batzuetan indarkeria, errebeldia erakusten du eta, beste batzuetan, pasibotasuna. Besteak mozten ditu hitz egiten ari direnean, ez die entzuten, berea gailentzea nahi du eta gaizki hartzen du oharren bat egitea edo zuzentzea. Bere interesak besteenen aurretik jartzen ditu. Gelan portaera disruptiboak izaten ditu, baita hitzez erasotzeko ahaleginak ere, eraso fisikoak barne. Dibertsitatea eta besteen berezitasunak baztertzen ditu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Erreakzio okerra du gainerakoen desberdintasun eta berezitasunen aurrean. Erantzun negatibo okerren gisa, adierazpen iraingarriak ikusten ahal dira, baita portaera xenofoboak, sexistak edo edozein bazterkeria motatakoak ere.

–Ez ditu kontuan hartzen bere gelakideen sentimenduak; iseka edo sarkasmoa erabiltzen ditu onartzen ez dituen kideak eta helduak aipatzeko.

–Ez ditu kontuan hartzen besteen arrazoiak eta argibideak. Ez du entzuten.

–Maiz, atentzioa ematea bilatzen du.

–Ez daki itxaroten eta berehalakotasuna bilatzen du. Besteei exijitu egiten die, baita oihuka ere.

2.–Maila apala:

Besteen premiekin sentikor itxurak egiten ditu, nahiz funtsean bere interesak besteenen gainetik jarri, eta justifikazioak eta aitzakiak bilatzeko joera du. Gehienetan, kosta egiten zaio bere gelakideak baloratzea eta errespetatzea; batez ere, lagunak ez baditu. Maiz, bere hutsegiteak aitortzen ditu, norbaitek gogoratzen badizkio.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere lagunen sentimenduak bakarrik izaten ditu kontuan.

–Maiz, mespretxuzko hitzak ditu bere gelakideei buruz.

–Besteek bestela pentsatzea ulertzen ahal du, baina kostata onartzen du.

–Berea gailentzea nahi du, eta horretarako estrategiak bilatzen ditu. Urduri jartzen da ez badu nahi duena lortzen.

–Entzute itxurak egiten ditu, baina funtsean berera jotzen du (“entzuten” du baina ez du “kasurik egiten”). Zuzenketak onartzen ditu hasieran, baina jarrera eta jokabide desegokiak errepikatzen ditu.

3.–Maila ertaina:

Besteek beren interes eta premiak dituztela onartzen du, baina batzuetan kosta egiten zaio onartzea, nahiz ados dagoen oharra egiten zaionean edo taldeak estutzen duenean. Barkamena eskatzeko gauza da, baina aise erortzen da berriro. Bere kideak ia beti baloratu eta errespetatzen ditu eta, zalantzarik gabe, interakzioa erregulatzen duten pertsona helduak daudenean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Kontuan hartzen ditu besteen sentimenduak berdinen taldearekin bat datorrenean edo gogoratzen zaionean.

–Oro har, gelakideen iritzia errespetatzen du ingurune formaletan eta informaletan.

–Ez ditu bere interesak bilatzen, ezta besteen gainetik ere, eta besteenak onartzen ditu.

–Entzuten du eta badaki itxaroten, ingurune motibagarri batean dagoenean edo bere interesekin bat datorrenean.

–Ia beti kontrolatzen du ezinegona, nahi duena lortzen ez duenean.

4.–Maila ertain altua:

Normaltasunez onartzen du besteek beren interes eta premiak dituztela, eta besteen sinesmenak eta pentsamenduak errespetatzen ditu. Gauza da talde handiari errespetuz aurka egiteko bere argudioekin sinetsita badago. Gauza da zuzentzeko eta, zein den kasua, barkamena eskatzeko. Oro har, pertsona guztiak, irakasleak, ikastetxeko langileak, gelakideak... baloratu eta errespetatzen ditu, entzuten ditu eta gustura laguntzen ditu, eskatzen badiote.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Kontuan hartzen ditu besteen sentimendu eta premiak eskolan, bai gelan, bai korridore eta jolastokietan.

–Irakasleen oharrak eta gelakideen iritzia errespetatzen ditu hainbat testuingurutan, helduek erregulatu edo ez.

–Entzuten du eta badaki itxaroten.

–Gehienetan ezinegona kontrolatzen du nahi duena lortzen ez duenean, eta barkamena eskatzen du norbaiti tratu txarra eman badio edo behar ez bezala hitz egin duenean.

–Maiz, laguntza ematen die besteei, eta haiek errespetatzeko galdatzen du. Errespetuaren eta tolerantziaren aurkako portaerez ohartzen da eta errefusatzen ditu, nahiz beti ez adierazi talde handian.

5.–Maila altu hoberena:

Onartzen du besteek beren interesak eta premiak dituztela, balorazio ona egiten du dibertsitateaz (sexua, arraza, sinesmenak, erlijioak, nazionalitateak, eta abar), bai gelan, bai gelatik kanpo. Gelakideak jokabide prosozialen alde bultzatzen ditu. Zuzentzeko gauza da, baita barkamena eskatzeko ere, eta hori bera bultzatzen du taldean. Oro har, pertsona guztiak baloratu eta errespetatzen ditu: ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langileak... eta hori jarrera normaltzat dauka.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Kontuan ditu besteen sentimenduak eta premiak, edozein testuingurutan. Sentibera da besteen arazoekin.

–Gelakideen iritzia eta irakasleen oharrak errespetatzen ditu, eta hala egitera gonbit egiten die besteei.

–Entzuten du eta badaki itxaroten, eta jokabide bera hartzera bultzatzen ditu gelakideak.

–Pazientzia eta ulermena agertzen ditu eta jarrera positiboak ditu nahi duena lortzen ez duenean. Gatazketan beti dago prest hitz egiteko eta eraikitzeko.

–Aise barkatzen ditu besteak eta bat-batean eta bihotzez eskatzen du barkatzeko, tratuan akatsen bat eginez gero.

–Zabalik dago hainbat profiletako gelakideekin harremanak izateko, eta aberasgarria iruditzen zaio taldean lan egitea, nahiz bere lagunak ez izan edo beste interes batzuk izan.

1.2. Arauekiko errespetua.

Ikasleak gelako portaerarentzat ezarritako jarraibideak onartu eta barneratu dituela erakusten du josteta eta kirol jardueretan eta bizikidetzan, oro har, eta bere egiten ditu. Prest dago haiek betetzeko, baita bete daitezen zaintzeko ere.

1.–Gutxieneko maila:

Arauak ezagutu arren, ez ditu betetzen, bihurri agertzen da haien aurrean. Funtsean, bere portaera bihurria da, ez ditu arauak betetzen edo/eta haiek bere alde ulertzen saiatzen da. Galdegiten zaionean, aitzakiak jartzen ditu, zalantzan jartzen ditu arauak eta ez ditu onartzen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ikastetxerako edo gelarako onartutako arauak ez ditu errespetatzen.

–Berandu iristen da gelara, ez da puntuala.

–Gelaren erritmoa mozten du hitz desegokiekin. Ez du hitz egiteko txanda betetzen.

–Ez daki isilik lan egiten, ezta erritmoan edo ordenaz. Ahotsa goratzen du eta zalaparta sortzen du gelan; lasterka ibiltzen da korridoreetan inor gogaitu edo enbarazu egiten ote duen begiratu gabe.

–Ez da ikastetxean ezarritako arauen arabera janzten.

–Baimendu gabeko IKT gailuak erabiltzen ditu ikastetxean edo libre ez den uneetan.

2.–Maila apala:

Zer arau errespetatu aukeratzen du, interes gehien sortzen dizkioten edo gogokoen dituenak, alegia. Pertsona heldu batek gogoratzen dioenean, betetzeko joera du; batez ere, egiten ez badu errieta edo zehapena jasan dezakeela ikusten duenean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Jokabideko arau eta jarraibide batzuk aukeratzen ditu errespetatzeko.

–Batzuetan berandu etortzen da, eta ez da puntuala.

–Tarte oso laburretan egiten du lana isilik.

–Korridoreetan lasterka ibiltzen da eta zalaparta sortzen du zainketarik edo pertsona heldurik ez dagoela ikusten duenean.

–Batzuetan, baimendu gabeko IKT gailuak erabiltzen ditu ikastetxean edo libre ez den uneetan.

3.–Maila ertaina:

Onartzen du arauak eta erregelak ezarri behar direla, beharrezkotzat jotzen du haiek betetzeko eskatu behar dela. Arauak betetzen ditu, baina batzuetan gutxi konbentzituta eta azalpenak eskatuz. Arau mota batzuk betetzeko joera du, baina beste batzuen aurrean kosta egiten zaio esaneko izatea.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Isilik egiten du lan, baina batzuetan gelakideen lanean eta jarreran sartzen du burua.

–Oihurik ez egiten eta ozenki hitz ez egiten saiatzen da; ez horrela, oroitzen ez denean.

–Jarraibideak errespetatzen ditu, baina batzuetan besteek eramatea uzten du eta, noizean behin, barre egiten du ateraldiekin edo taldean mimetizatzen da.

–Arauak jartzeko laguntza eskatzen zaionean, parte hartzen du, baina gutxi konbentzituta eta zerbait behartuta.

–Oro har, ez du atentzioa gehiegi ematen eta onartzeko moduko portaera du, batez ere pertsona heldu batek edo giroak laguntzen duenean.

4.–Maila ertain altua:

Bere burua erregulatzera jotzen du arauak betetzeko unean, ez du pertsona heldu batek gainbegiratzea behar. Jarrera positiboa du arauak betetzeko. Parte hartzen du haiek ezartzen eta aplikatzen, nahiz batzuetan oharrak egin behar zaizkion edo horren aldeko giro baten laguntza behar duen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gehienetan, ikastetxeko eta gelako arauak betetzen ditu.

–Isilik egiten du lan, nahiz inoiz kanpoko estimuluekin distraitzen den.

–Oihurik ez egiten eta ozenki hitzik ez egiten saiatzen da.

–Kiroltasunez jokatzen du.

–Parte hartzen du arauak ezartzeko unean, baina batzuetan ongi etortzen zaio pertsona heldu baten edo taldearen estimulua eta motibazioa.

5.–Maila altu hoberena:

Jokabide proaktiboa du gelako eta beste bizi-espazio batzuetako portaera arautzen duten arauak prestatzeko orduan. Parte hartzen du arauak ezartzen eta betetzen eta besteak parte hartzera bultzatzen ditu. Ez du pertsona heldu batek gainbegiratzea behar arauak betetzeko eta horien aldeko jarrera positiboa du. Gustura aritzen da arauak ezartzen eta aplikatzen, hala eskatzen zaionean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Eguneroko arauak betetzen ditu eta besteak haiek betetzera bultzatzen ditu.

–Isilik egiten du lan, zein den ere giroa.

–Kiroltasunez portatzen da kirolean eta jokoetan eta besteak hartara bultzatzen ditu.

–Gogotsu aritzen da arauak ezartzen, ez du pertsona heldu baten akuilua eta motibazioa behar.

–Araua bete beharraren aldeko arrazoiak ematen ditu eta hartara bultzatzen ditu gelakideak, baina ez du eragozpenik hobekuntzak edo aldaketak proposatzeko ezarritako arauetan, komenigarri iruditzen zaionean.

1.3. Materialak eta eskola ingurunea zaintzea.

Ikastetxeko gune guztiak (gelak, korridoreak, jolastokiak, komunak, fatxadak, beste toki batzuk...) ongi erabiltzeko prestasuna, altzariak eta beste elementu lagungarri batzuk (kartelak, ordenagailuak, kiroleko altzariak, paperontziak, eta abar) behar bezala zaintzekoa, norberaren eta besteen materialak zaintzekoa eta ingurua eta ingurunea zaindu eta babestekoa.

1.–Gutxieneko maila:

Ia ez ditu bere materialak zaintzen eta gutxi axola zaio bere inguruko gauzak mantendu eta kontserbatzea. Gehienetan, paperontzitik kanpo botatzen ditu hondarrak, gelak eta hormak zikintzen ditu eta ez du parte hartzen eremu komunak mantentzeko lanetan; haietan egoten diren gauzak edo altzariak hondatu ere egiten ditu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Mespretxua dio gelako materialei (gaizki tratatzen du materiala, arkatzak edo koadernoak, papera edo janaria lurrera botatzen du, kalte egiten du mahai eta armairuetan edo zikintzen ditu, baita paretak ere, ura, komuneko papera eta abar gaizki erabiltzen ditu).

–Mahai eta aulkien ordena desegiten du, bere gauzak nolanahi uzten ditu armairuetan, edo berokiak edo bizkar-zorroak esekigailutik kanpo...

–Bere kargu dituen liburuak ordena eta kontrolik gabe ditu, edo maiz galtzen ditu.

–Ez du bere materiala, ez besteena, zaintzen, eta hautsi eta zikintzen du. Ez du gauzekiko atxikimendurik, ez ditu gordetzen, ordenatzen edo bere lekuan jartzen. Uzten dizkioten gauzak ez ditu itzultzen.

–Danbatekoak ematen ditu, gaizki erabiltzen ditu kiroleko dependentziak edo ikastetxeko beste eremu batzuk, kolpeak ematen ditu autobusean, jantokietan, hiri altzarietan eta abarretan, eta haiek zikindu edo hondatzen ditu.

2.–Maila apala:

Bereak dituen gauzak zaintzeko joera du, baina ez ikastetxekoak edo besteenak. Maiz galdu edo hondatzen du bere eskolako materiala eta gelakideena edo ikastetxekoa, gaizki erabiltzen baitu. Maiz desegoki erabiltzen ditu paperontziak, eta oso gutxi hartzen du parte eremu komunen mantentze-lanetan eta altzarien zainketan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Une jakin batzuetan zaintzen du materiala, baina interes gutxi agertzen du.

–Lan egiteko duen tokia edo bere armairua ordenarik gabe egoten dira.

–Liburuak ordenarik gabe ditu eta materiala, behar duen tokian egonda ere, pilatuta dauka, eta ez da interes edo arretarik ikusten hura zaintzeko.

–Liburuak eta materialak ez zaizkio axola. Maiz samar, uzten dizkioten gauzak ez ditu itzultzen. Maiz uzten du materiala nonahi edo galdu egiten du.

–Maiz samar botatzen ditu paperak eta hondarrak lurrera eta, sarri, ez ditu altzariak ongi tratatzen.

3.–Maila ertaina:

Bere materialak ordenatu eta zaintzen ditu; batez ere, motibatuta badago. Egiteko eskatzen zaionean eta gainbegiratzen denean, parte hartzen du gela txukun eta garbi mantentzen, eta ikastetxeko eta inguruneko gauza eta instalazioak zaintzen ditu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Materiala antolatzen du, hala eskatzen zaionean.

–Liburuak eta materialak ordenatuta daude, nahiz noizean behin baten bat galdu.

–Eskuarki, ez zaio gogoratu behar materiala jaso behar duela.

–Materiala gordeta egoten da, baina ez beti ordenatuta eta egoera onean. Gogoratzen bazaio, uzten dizkioten gauzak itzultzen ditu.

–Esanez gero, eta aintzat hartzen bazaio, gelako, ikastetxeko eta inguruneko ordena eta garbiketa orokorrean aritzen da lanean.

4.–Maila ertain altua:

Ikaslea, gehienetan, bere materialez arduratzen da eta axola zaio bere ingurua mantentzea eta kontserbatzea. Parte hartzen du gela txukun eta garbi mantentzen. Berezko kezka agertzen du ingurunea zaintzeko eta mantentzeko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gehienetan, bere materialak zaintzen ditu eta guztionak eta besteenak direnak errespetatzen ditu.

–Liburuek eta materialak badute ordena, nahiz batzuetan ez den ezarritako ordena.

–Eskuarki, uzten dizkioten gauzak itzultzen ditu, eta egoera onean itzultzen.

–Kexarik gabe egoten da prest besteekin gela garbitzeko eta ordenatzeko.

–Gehienetan, inguruaren garbitasunaren aldeko interesa du.

5.–Maila altu hoberena:

Beraz zaintzen du bere materiala zein besteena. Gustura hartzen du parte gela txukun eta garbi mantentzen. Ingurua zaintzeko kezka agertzen du eta gogotsu aritzen da hura mantentzen. Kontzientzia ekologikoa du, eta ohartzen da inguruneari loturiko bere jarduketak onuragarriak edo kaltegarriak izan daitezkeela ingurumenean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ongi zaintzen du materiala, berea zein gelakoa.

–Erabiltzen dituen liburuak eta lanabesak behar bezala ordenatuta daude eta egoera onean lan egiteko.

–Gehienetan, uzten dizkioten gauzak zaindu eta egoera onean itzultzen ditu.

–Gelaren ordenan eta antolaketan hartzen du parte, baita bere inguruaren eta ikastetxeko gainerako instalazio eta dependentzien, kaleen eta hiri altzarien garbiketan eta ordenan ere.

–Eskura dituen baliabide materialak optimizatzen ditu, eta haien erabilera doitzen du. Hondakinak birziklatzen ditu eta interesa du ingurumenaz.

1.4. Adeitasuna, esker ona eta enpatia.

Ikasleekin, irakasleekin eta, oro har, ikastetxeko langileekin atsegin eta txeratsu agertzeko gaitasuna, besteen premien aurrean sentsibilitatea erakutsiz; aise jartzen da besteen lekuan.

1.–Gutxieneko maila:

Gutxi axola zaio beste inor dagoen eta haien beharrak, ez da guztiz atsegina lehen harremanetan, eta ez da gauza besteen premiez ohartzeko, ezta haien lekuan jartzeko ere. Bere portaera, funtsean, berekoia da. Zailtasun handiak ditu bere sentimenduak eta iritziak behar bezala azaltzeko; tratuan latza eta zakarra da.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Oso indibidualista da bere lanean, ez die inoiz laguntzarik ematen besteei. Gehienez ere, lagunekin bakarrik ditu harremanak.

–Ez die gelakideei entzuten. Harremanetan zakarra da, ez du tratu adeitsurik.

–Ez du gogoetarik egin nahi gelakideekin duen jokabide txarrari buruz. Zuzenketak erasotzat hartzen ditu.

–Ez da bere premiez eta sentimenduez ohartzen.

–Ia ez du hitzez bestelako hizkuntza ulertzen.

2.–Maila apala:

Atsegin izateko joera du besteekiko harremanetan, nahiz zailtasunen bat duen haien premiez ohartzeko, eta ez da nahastera iristen. Maiz berekoi agertzen da eta kosta egiten zaio besteen lekuan jartzea, baita bere sentimenduak eta iritziak behar bezala adieraztea ere. Batzuetan ez du tratu gozorik, eta haserretu itxura ematen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere talde txikiarekin ditu harremanak eta gainerakoak baztertzen ditu, eta hori garbi azaltzen du.

–Bere adiskideei bakarrik ematen die laguntza.

–Pertsona heldu batek agintzen dionean entzuten die besteei.

–Ez du tratu adeitsurik, zerbait lortu nahi ez badu.

–Batzuetan hitzez bestelako hizkuntza ulertzen du, baina ez da ohikoena.

3.–Maila ertaina:

Adeitsua izaten da besteekin, haien premiez ohartzen da eta gauza da haien lekuan jartzeko, baina honi ahalegin handi samarra bada beretzat, baliteke deus ez egitea. Maiz, bere sentimenduak eta iritziak behar bezala adierazteko gauza da, eta laguntza ere ematen die bere gelakideei. Eskuarki, tratu egokia du inguratzen dutenekin, nahiz batzuetan salbuespenak izan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Maiz tratu adeitsua du.

–Gehienbat bere taldekoekin ditu harremanak eta, nahiz ez dituen besteak baztertzen, ez ditu beti bilatzen eta parte hartzera gonbidatzen.

–Noizean behin, laguntza ematen die besteei.

–Bere interesen arabera edo une jakin batzuetan entzuten die besteei.

–Hitzez bestelako hizkuntza ulertzen du, nahiz batzuetan ez ikusiarena egin.

4.–Maila ertain altua:

Gehienetan, adeitsu agertzen da inguruko jendearekin, haien premiak axola zaizkio. Eskuarki, gauza da besteen lekuan jartzeko, bere sentimendu eta iritziak behar bezala adierazteko, haien arazo eta motibazioak entzun eta ulertzeko. Eskuarki, laguntza ematen du, pertsona atsegina eta txeratsua da ingurukoekin.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Maiz, bere gelakideen zain dago eta laguntza ematen die besteei.

–Maiz gogoeta egiten du besteekiko jokabidea egokia ote duen.

Gehienetan gelakideei entzuten die eta adeitsua da guztiekin.

–Besteek egindako mesedeak edo emandako arreta eskertzen ditu.

–Hitzez bestelako hizkuntza amultsua ulertzen du, erabiltzen du eta badaki sentitzen duena eraginkor eta naturaltasunez adierazten.

5.–Maila altu hoberena:

Gehienetan, axola zaio beste norbait dagoen edo ez, baita haien premiak ere. Besteek modu jakin batean zergatik jokatu duten jakiteko interesa du. Besteen tokian jartzen da, haien premiez ohartzen da, laguntza ematen du eta gogotsu hartzen du parte konponbideak bilatzen. Badaki besteek komunikaziorako ematen dituzten aukerak identifikatzen eta aprobetxatzen. Eskuarki, atsegina eta txeratsua da.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bakarrik ikusten dituenean, gonbit egiten die besteei taldearen partaide izatera, eta laguntza ematen die lanean.

–Gelakideei entzuten die eta adeitsu da haiekin.

–Eskerrak ematen ditu eta gauzak mesedez eskatzen ditu.

–Bere premiez ohartzen da, eta adierazten ditu. Gelakideez pentsatu eta sentitzeko duen moduaz egiten du gogoeta.

–Beste gelakideek sentitzen dutenarekin (tristura, mina, poza...) identifikatzen da. Afektibotasunez erabiltzen du hitzez bestelako hizkuntza.

2. Lana eta ikasketa errazten dituzten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

2.1. Antolaketa eta plangintza.

Egin gogo den jardueran pentsatzeko gaitasuna, dagoen denbora, zereginak eta tokiak, erabili behar diren baliabide eta materialak behar bezala banatzeko. Ohiko jarrera, ideiak egituratu eta gauzak antolatzeko.

1.–Gutxieneko maila:

Zailtasun handiak ditu antolatzeko. Desordena da bere portaeraren ezaugarria aspektu horietan eta, batzuetan, kaosetik hurbil izaten da. Jarrera guztiz oldartsua erakusten du. Ez du ezarritako planik lanerako eta lan egiten duenean noizean behin baino ez du egiten, ordutegi edo plan zehatz bati jarraitu gabe.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du biltzen erabiltzen duen materiala, ezta antolatzen ere.

–Ez dauka agenda eguneratuta.

–Ez du bere jardueren denbora antolatzen, inprobisatu eta aise galtzen da.

–Geroko uzten ditu gutxien gustatzen zaizkion zeregin eta jarduerak, eta egin gabe ere uzten ditu.

–Alferra da, beti aitzakiak bilatzen ditu eta haserre jartzen da lana, bere bizitzaren ordena edo antolaketa hobetzeko eskatuz gero.

2.–Maila apala:

Zailtasun franko ditu antolatzeko. Halako desordena eta alferkeria dira bere portaeraren ezaugarriak aspektu horietan. Lanean hasten denean oso oinarrizko plan batekin egiten du, eta gero ez du burutzen. Kosta egiten zaio ordutegi bati jarraitzea, pertsona heldu bat behar du gainean antolatzeko, ohiturak eta metodo bat hartzeko eta lana planifikatzeko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Batzuetan, erabiltzen duen materiala jaso eta ordenatzen du; betiere, pertsona helduren batek gainbegiratzen du.

–Agenda eguneratu samarra izaten du, baina ez sistema baten arabera. Ez du tresna eragilea bere lanerako; gehiago da formazko aspektu bat edo betebehar bat.

–Planifikatzen saiatu arren, ez du lortzen, berehala uzten du alde batera.

–Saiatzen da jardueraren denbora antolatzen, baina aise samar despistatu edo uzten du.

3.–Maila ertaina:

Bere burua antolatzeko gauza da, irakasleek edo familiak gainbegiratuz gero. Gehienetan, eskolako jarduerak egiteko behar den materiala ekartzen du. Plan bat prestatzen du lan pertsonala egiteko eta, eskuarki, hari jarraitzen dio, baina ongi datozkio pertsona heldu baten laguntza eta kontrola. Giroa lagungarri edo trabagarri izan dezake ordenaz eta prebisioz lan egiteko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Halako autonomia batez erabiltzen duen materiala bildu eta antolatzen du.

–Agenda, laneko egutegia edo antzekoa eguneratuta dauka, nahiz noizean behin zerbaiten oharra hartzea ahanzten ahal zaion.

–Jarraibide egoki batzuei jarraituz planifikatzen du lana; batzuetan, orientatzaileak, tutoreak, irakasleek edo familiak lagunduta. Egiten dituen jarduerek zenbat iraunen duten aurreikusten du.

–Garaiz ikasten aritzen bada ere, frankotan azken unean egiten du, azterketak hurbil daudenean, eta abar.

4.–Maila ertain altua:

Gai da gauzak bere kasa antolatzeko. Eskuarki, ez du pertsona heldu batek gainbegiratzea behar. Eskolako jarduerak egiteko behar den materiala ekartzen du. Lanerako plan bat halako eraginkortasun batez prestatzeko gauza da. Ordutegi bat ezartzen du eta hari jarraitzen dio. Besteekin aritzen da lana edo jarduera antolatzen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Halako autonomia batez erabiltzen duen materiala bildu eta antolatzen du, ez da beharrezkoa inork nola eta non egin behar duen esatea.

–Agenda eguneratuta dauka eraginkortasunez.

–Bere lana planifikatzen du, ezarritako jarraibideei segituz.

–Jardueraren denbora antolatzen du eta aurreikusita dauzka haren garapena, beharrezko materialak eta abar.

–Garaiz aritzen da ikasten, ez da ohikoa azken unean aritzea.

5.–Maila altu hoberena:

Gai da gauzak bere kasa antolatzeko. Ez du pertsona heldu batek gainbegiratzea behar. Oso gustuko du antolaketa. Beti ekartzen du behar den materiala eskolako jarduerak egiteko. Gauza da lanerako plan bat bere kasa prestatzeko. Ezagutzen ditu bere ohiturak eta trebetasunak ikasteko, eta metodo on bat du lanerako. Ordutegi bat finkatu eta betetzen du, baina egokitzeko gauza ere bada ustekabeetan. Gogoeta egiten du bere zereginak burutzeko unean; gainera, gustura eta pozik egiten du. Taldean lan egiten duenean, bere arrastoa uzten du antolaketa eta plangintza kontuetan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Autonomia osoz erabili, bildu eta ordenatzen du materiala. Ardura berezia erakusten du gauzak ongi egiteko.

–Eguneratuta du laneko agenda edo egutegia, eta gelakideak gauza bera egitera bultzatzen ditu.

–Autonomo eta eraginkor da bere lana eta aisia planifikatzen.

–Irizpide errealisten arabera antolatzen du jardueraren denbora, eta aurreikuspenak betetzen ditu. Badaki garaiz eta behar den moduan atseden hartzen.

–Talde lanean arrasto positiboa uzten du antolaketa eta plangintza kontuetan.

2.2. Interesa eta arreta.

Norberaren jarduera gidatzeko gaitasuna, bere burua motibatzekoa, helburuak ezartzekoa eta haiek lortzeko baliabideei buruz gogoeta egitekoa, pentsamendua esaten den eta egin behar duen hartan jarrita. Ahalegintzea, jakin-mina eta ikasketan sakontzeko gogoa erakustea.

1.–Gutxieneko maila:

Zailtasun handiak ditu atentzioa mantentzeko. Oso erraz distraitzeko joera du. Eten gabe hitz egiten du eta mugitzen da. Oso urduria da. Oldartsu eta iraunkortasun gutxiko agertzen da, ez ditu bere esku-hartzeak kontrolatzen eta garaiz kanpo egin ditzake. Interes eta jakin-min txikia agertzen du gelan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez ditu gelako zeregin eta jarduerak betetzen (ezta etxean ere, familiakoek diotenez).

–Ez du klasean parte hartzen eta ez du galderarik egiten. Zabarkeria, motibazio eskasia, pasibotasuna erakusten du.

–Ez dio taldeko elkarrizketari jarraitzen.

–Oso erraz distraitzen da eta modu desegokien hartzen du parte.

–Atentzioa eman behar zaio oso tarte laburretan.

2.–Maila apala:

Zailtasun franko ditu atentzioa mantentzeko. Oso erraz distraitzeko joera du. Maiz hitz egiten du eta mugitzen da. Pertsona urduri gisa portatzen da, oldartsu agertzen da eta iraunkortasun txikia du. Interesa galtzen du klasean, eta jakin-min txikia agertzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Iraunkortasun txikia du gelako eta etxeko zeregin eta jarduerak egiteko unean.

–Gutxi hartzen du parte klasean, interesaren arabera.

–Ez du galderarik egiten, eta eginez gero, ez dira egokiak izaten gaiarentzat.

–Noizean behin, taldeko elkarrizketatik ateratzen da, nahiz gutxi gorabehera jarraitzen duen. Maiz mozten du elkarrizketa.

–Erraz samar distraitzen da eta sarritan eman behar zaio atentzioa. Ikasketak ez du pizgarririk harentzat, ez da akuilagarri.

3.–Maila ertaina:

Oro har, atentzioa mantentzen du. Bere burua kontrolatzeko joera du, ez distraitzeko. Behar denean hitz egiten eta parte hartzen du, nahiz batzuetan une desegokietan izan. Jarrera lasai samarra du. Bere oldarkortasuna kontrolatzen du eta badu iraupena. Zentzuzko interesa erakusten du gelan, eta jakin-mina agertzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gelako zeregin eta jarduerak egiten ditu.

–Nahikoa hartzen du parte klasean, bere interesaren arabera.

–Galdera gutxi egiten du eta, eskuarki, gaiarekiko egokiak izaten dira.

–Noizean behin, taldeko elkarrizketatik ateratzen da, nahiz jarraitzen duen.

–Noizean behin distraitzen da, baina, jeneralean, ez zaio atentzioa eman behar. Motibatua egoten da maiz samar.

4.–Maila ertain altua:

Oro har, arreta jartzen du. Bere distrazioak kontrolatzen ditu eta, gehienetan, adi egoten da gelan eta jardueretan. Ohikoa du hitz egitea eta parte hartzea, eta bidezkoa denean. Halako jarrera lasai aktibo bat erakusten du. Badaki egoten. Bere oldarkortasuna kontrolatzen du eta badu iraupena. Interes handi samarra mantentzen du gelan, eta ikasteko eta ezagutzeko gogoa erakusten.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gelako zeregin eta jarduerak egiten ditu.

–Aktiboki hartzen du parte klasean, zein den ere gaia.

–Galdera egokiak egiten ditu.

–Gehienetan, interesez eta gustuz jarraitzen ditu taldeko elkarrizketak.

–Gutxi distraitzen da. Adi eta aktibo mantentzen da.

5.–Maila altu hoberena:

Ia beti egoten da adi. Bere distrazioak kontrolatzen ditu eta, gehienetan, adi egoten da gelan eta jardueretan. Besteak ere adi egon daitezen laguntzen du. Egokia denean hitz egiten du eta parte hartzen, eta ohikoa du. Gehienetan, lasai eta aktibo egoten da. Bere jarrerari esker, giro lasai eta erlaxatua sortzen laguntzen du. Bere oldarkortasuna kontrolatzen du eta badu iraupena. Interes handia erakusten du gelan, eta ikasteko eta ezagutzeko gogoa agertzen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Beti egiten ditu gelako zeregin eta jarduerak.

–Parte-hartze aktiboa du klasean, zein den ere gaia; gustura eta pozik aritzen da eta parte-hartzearen eta lanaren aldeko giro egokia sortzen laguntzen du.

–Galdera egoki eta iradokitzaileak, proaktiboak, egiten ditu. Sakontzeko edo zeregin gehiago eskatzen ditu gelan, bere kasa bilatu eta arakatzen du.

–Beti interesez eta gustuz jarraitzen ditu taldeko elkarrizketak.

–Ez da ia inoiz distraitzen. Arreta mantentzen du jardueretan.

2.3. Iraunkortasuna eta jarraikitasuna.

Hasitakoa ongi bukatzeko ohitura, proposatutakoa lortzeko behar diren bitartekoak jartzeko eta norberaren erabakiak aurrera eramatekoa, konpromisoetan irmo jokatu eta zailtasunak gainditzekoa, asmoz eta portaeraz aldatu gabe, ager daitezkeen zailtasun, porrot edo motibazio galeren gainetik. Hobetzeko nahi irmoa, iraunkortasuna eta erregulartasuna eskatzen ditu norberaren lanetan zein taldeko jardueretan. Itxaroten jakitea, berehalakotasunaren menpe irrikitan egon gabe.

1.–Gutxieneko maila:

Oso erraz gogogabetzen da, zeregin batean hasi eta erdizka uzten du. Motibazio oso txikia du, baita lan maila ere: ez ditu eskolako zereginak erregulartasunez egiten eta gelako lanean norbaitek gainbegiratzea behar izaten du hura bukatu gabe ez uzteko. Zailtasun txikiena agertuz gero, zeregina alde batera uzteko joera du. Hainbat jardueratan hasten da, baina oso gutxi irauten du haietan. Ez ditu helburuak argi eta ahalegin txikia egiten du. Ahalegina egiteko eskatuz gero, josteta eta kirol jardueraz nekatzen da.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez da gauza zailtasunei aurre egiteko eta ihes egiteko mekanismoetara jotzen du. Besteei botatzen die bere porroten errua.

–Ez du ahaleginik egiten eta zailtasun txikienaren aurrean kexatu, utzi eta beste zeregin batera joaten da. Ez ditu eskolako lanak egiten.

–Kosta egiten zaio gai berriez interesatzea.

–Ez du erronka edo helbururik bilatzen.

–Lan erritmo gorabeheratsua du, ia beti mantsoa eta gogo eta interesik gabea.

2.–Maila apala:

Erraz gogogabetzen da, baina, pertsona heldu batek gainbegiratuz gero, hasita dituen lanetako bat bukatzeko gauza da. Motibazio eskasa du eta kanpokoa, sari bat behar du berehala lanean jarraituko badu. Ez ditu helburuak argi eta ez du ia ahaleginik egiten. Maiz, lanak erdizka uzten ditu. Errendimendu irregularra du, zein diren irakasgaiak eta hartzen duen laguntza. Eskolatik kanpoko jardueraren batean izena eman badu, bertan behera uzteko joera du gehiegizko ahalegina egin behar duela uste badu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gehienetan, ez ditu eskolako lanak egiten.

–Ez die zailtasunei aurre egiten, kexatzen da eta biktima gisa agertzeko joera du.

–Ahalegin txikia egiten du zailtasunen aurrean, ez du iraupenik, behin saiatzen da, eta ez badu lortzen, bertan behera uzten du.

–Ohikoa du laguntza eskatzea bere lanak egiteko, menpekotasuna agertzen du.

–Halako jarrera apetatsua agertzen du agintzen zaizkion gauzak eta lanak egiteko edo ez egiteko orduan.

3.–Maila ertaina:

Ikasgelan, erregularra da lanean eta gehienetan bukatzen ditu proposatzen zaizkion lanak, baina norbaitek zerbait gidatuta. Onartzeko moduko motibazioa du, eta lanean jarraitzen du, nahiz berehalako saririk ez izan. Maiz ikasten du eta ongi egiten ditu eguneko lanak, baina ongi heldu zaio kanpoko laguntza. Onartzeko moduko lana eta ahalegina egiten du, baina, ikasturteak aurrera egin ahala, nekearen edo zabarkeriaren tentazioa izan dezake ez badu estimulurik hartzen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Aurre egiten die zailtasunei, baina maiz bilatu edo behar izaten du kanpoko laguntza.

–Oro har, ahalegina egiten du, baina benetan interesa duen hartan bakarrik saiatzen da gogotik.

–Gehienetan, lan erritmo egokia du, eta egonkor izatera jotzen du.

–Ez badu saririk berehala, kemena galdu dezake.

–Ez bazaio gehiago eskatzen, “betetzera” jotzen du eta gutxienekoekin konforme egotera. “Gainditzeko” ikasten du.

4.–Maila ertain altua:

Behar bezala egiten du ikasketa lana. Autonomiaz eta erregulartasunez egiten ditu bere lanak ikasturte hasieratik bukatu arte. Gehienetan, ez du atzera egiten zailtasunen aurrean eta haiek gainditzeko joera du, eta buru-belarri aritzen da lanean. Oro har, motibazioari eusteko gauza da denboran zehar. Argi ditu lortu beharreko helburuak eta, gehienetan, haiek lortzen saiatzen da.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Aurre egiten die zailtasunei eta, oro har, espero zena betetzen du eta oso gutxitan ematen du amore.

–Ahalegindu eta saiatzen da, borondate handikoa da, agintzen zaiona betetzen saiatzen da eta, zerbait gehiago eskatuz gero, hura ere betetzen du.

–Noizean behin, bere kabuz jartzen du interesa gai berrietan, eta bere helburu eta interesekin bat heldu badira, haiei ekiten die.

–Bere lanak bete eta ardura handi samarraz bukatzen ditu hasten dituen jarduerak.

–Erregulartasunez egiten du lan, berehalako pizgarrien beharrik gabe.

5.–Maila altu hoberena:

Erregulartasunez eta autonomiaz egiten du lan, erregulartasunez ikasten du eta egiten ditu bere lanak. Ez du kanpoko akuiluren beharrik. Argi du zer helburu lortu behar dituen, eta maila handiko lana eta ahalegina egiten du. Badu erresilientzia, bere burua gainditzea bilatzen duena, zailtasunek ez dute bertan behera uztera eramaten; aldiz, gora egiten du eta irtenbideak bilatzen ditu, eta hartan irmo jokatzen du. Aurrera egiteko gogoa adierazten du. Luzaroan motibatuta jarraitzeko gauza da, nahiz emaitzak nahi bezalakoak ez izan.

–Normaltasunez eta arduratsu irauten du lanean, eta lortu arte jarraitzen du.

–Lan erritmo oso ona du eta, gehienetan, ez du etsitzen.

–Alai egiten die aurre zailtasunei eta nahi duena lortzeko borrokatzen da.

–Helburu berriak eta ez dakiena ikastea ditu gustuko. Beste bide eta konponbide batzuek bilatzen ditu bere helburura iristeko. Gainditzea du gustuko.

–Behin eta berriz saiatzeko eta ekintza bat askotan errepikatzeko gauza da, berriz hasteko ere behar izanez gero, helburua lortu arte.

2.4. Erantzukizuna.

Arrazoien gainean erabakitzeko gaitasuna, norberaren egintzez jabetu eta haien ondorioak bere gain hartzekoa, bere kargu dituen zeregin eta ondasunez arduratzekoa, arduragabekeria prebenitu eta saihestuta. Erabakiak hartzea, hala behar denean. Norberaren jokabidea behar bezala kontrolatzea. Norberaren lana arretaz egitea.

1.–Gutxieneko maila:

Oldartsu jokatzen du, ez du gogoetarik egiten bere egintzei buruz, ez ditu planifikatzen, ez du bere burua haien egiletzat jotzen eta ez ditu haien ondorioak bere gain hartzen. Ez du ardurarik esaten duenaz, ez da ohartzen bere hitzek dituzten ondorioez eta egin dezaketen kalteaz. Apetatsu jokatzen du. Betetzen ez dituen aginduak edo asmoen adierazpenak egiten ditu. Maiz, zabarkeriagatik, eskolako materiala eta beste gauza batzuk ahantzi, galdu edo/eta hondatzen ditu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez da bere jarduketa desegokiez ohartzen. Ez du begiratzen zer egin behar duen edo zer ondorio duten, ez du aitortzen gaizki egindakoa, ezta, kalterik egin badu, hura konpondu behar duela ere.

–Ez ditu bere gauzak kontrolatzen eta, batzuetan, ez du aitortzen bereak direla.

–Materiala barreiatuta uzten du, ez daki non utzi duen.

–Bere burua zuritzeko joera du, eta errua besteei botatzekoa; arrazoi eta aitzakiak bilatzen ditu hitz emana duena betetzen ez duenean.

–Ez ditu eskolako lanak egiten eta ez du etxekoetan laguntzen, eta behin eta berriro gogoratu behar zaizkio; pertsona heldu baten oharrak behar ditu beti haiek egiteko.

2.–Maila apala:

Bere ekintzak planifikatzeko gauza da, baina ez haien ondorioak aurreikusteko. Kosta egiten zaio erabakiak hartzea eta haiek gauzatzea. Apetatsu jokatzen du. Batzuetan, zailtasunak ditu egindakoa aitortzeko eta ondorioak bere gain hartzeko, nahiz “in fraganti” harrapatua izan eta lekukoak izan. Maiz, besteei errua botatzeko joera du. Maiz, betetzen ez dituen aginduak edo asmoen adierazpenak egiten ditu. Eskolako materiala edo beste gauza batzuk ahantzi, galdu edo/hondatzen ditu zabarkeriagatik. Maiz, ez ditu eskolako lanak egiten eta ez du ardurarik haiek egiteko, ez du etxeko lanetan laguntzen, eta behin eta berriro gogoratu behar zaizkio; pertsona heldu baten oharrak behar ditu haiek egiteko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Badaki zer egiten duen gaizki, baina ez du hartaz gogoetarik egiten eta ez da hura zuzentzeko gauza.

–Erabakiak hartzea saihesten du.

–Kosta egiten zaio konpromisoa hartzea edozein lani buruz, ahantzi egiten du. Errua besteei botatzen die, sistematikoki.

–Ez du ardurarik jartzen gauzak egiteko, desordena eta desantolaketarako joera du.

–Ez du materiala zaintzen eta ez da hartaz kezkatzen.

3.–Maila ertaina:

Bere ekintzak planifikatu eta kontrolatzeko gauza da, baina ez ebaluatzeko. Maiz, berak egindakoa aitortzen du eta ondorioak bere gain hartzen ditu, nahiz, noizean behin, aitzakiak jartzen dituen. Bere eginbeharrak betetzen ditu, baina batzuetan gogoratu behar zaizkio. Maiz, bere erruak aitortzen ditu eta zuzentzen saiatzen da; ez du eragozpenik barkamena eskatzeko, pertsona helduek hartara bultzatzen dutenean. Egunero ikasi eta egiten ditu lanak, pertsona helduek zerbait gainbegiratuta.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Oro har, bere eginbeharrak betetzen ditu.

–Badaki noiz diren bere ekintzak bidegabeak, eta gogoeta egiten du oharra egiten zaionean.

–Oro har, nahiko ongi zaintzen ditu bere materialak eta gauza pertsonalak; batez ere, norbaitek hala adierazten dionean.

–Bere gauzak ordenatzen ditu eta epeak betetzen ditu; batez ere, kanpoko esku-hartzea dagoenean.

–Arduraz egiten ditu gauzak, inork hala eskatuz gero.

4.–Maila altua:

Bere ekintzak kontrolatzen ditu, ondorioak aurreikusteko eta emaitza ebaluatzeko gauza da; arraroa da aitzakiak bilatzea. Ez da erabakiak hartzearen eta ondorioen arabera jokatzearen beldur. Bere akatsak onartzen ditu eta haiek zuzentzen saiatzen da. Oker eginez gero, ez da barkamena eskatzearen beldur eta kaltea konpontzen saiatzen da. Egunero, bere kasa ikasten du eta lanak egiten ditu, pertsona heldu bat gainbegirale izan gabe. Arreta nahikoa jartzen du bere egitekoetan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gehienetan, egin behar duena hartzen du gogoan eta ondorioak aurreikusten ditu.

–Bere material eta gauza pertsonalak zaintzen ditu.

–Ardura franko du bere lanean, eta epeak biltzen ditu. Puntuala da. Hartutako konpromiso pertsonalak burutzen ditu.

–Bere egiten ditu akatsak zailtasunik gabe, eta egindako kalteak konpontzeko joera du.

–Nahiko antolaketa ona du, eta denbora eta eguneko zereginak planifikatzen ditu.

5.–Maila altu hoberena:

Bere egintzak kontrolatzen ditu, ondorioak aurreikusteko gauza da, bere ekintzak planifikatzen ditu, emaitzak ebaluatzen ditu, ongi eta gaizki egindakoaz ikasten du, eta bere gain hartzen ditu ondorioak, aitzakiak bilatu gabe edo errua besteei eman gabe. Bere akatsak onartzen ditu eta haiek zuzentzen saiatzen da. Ez da erabakiak hartzearen eta ondorioen arabera jokatzearen beldur. Gehienetan, arduratsu eta azkar betetzen ditu bere eginbeharrak. Bere burua eskaintzen du lan akademikoetan eta etxekoetan laguntzeko. Egunero, bere kasa ikasten du eta lanak egiten ditu, pertsona helduak gainean izan beharrik gabe.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere egintzak kontrolatzen ditu, eta bere gain hartzen ditu ondorioak, zuhurtziagabekeria saihesten du eta, zerbait gaizki eginez gero, kalteak konpontzen ditu.

–Ongi planifikatzen ditu bere denbora eta lanak.

–Bere materialak zaintzen ditu. Ingurua zaintzeaz arduratzen da.

–Gehienetan, lagunkoia da, bere ekintzek taldean duten ondorioa hartzen du kontuan eta ekimenak sustatzen ditu guztien ongiaren alde.

–Bere gain hartzen ditu erantzukizuna eskatzen duten postuak, eta borondatez aurkezten da haietara.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea laguntzen duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

3.1. Autoestimua.

Norberaz egiten den balorazioa. Autoestimu egoki batek norberaren indarrak eta ahultasunak diren bezala ezagutzea esan nahi du, eta seguru agertzea zereginak eta jarduerak egitean eta besteekiko harremanetan. Asertibotasuna eskatzen du epaitzeko eta adierazteko unean, eta oharrak eta kritikak lasai onartzea.

1.–Gutxieneko maila:

Irudi txarra du bere buruaz eta espektatiba oso apalak ditu. Segurtasun oso txikia eta konfiantza gutxi adierazten du bere buruaz. Segurtasun eta konfiantza gabeziagatik, zailtasunak erakusten ditu proiektu eta jarduerei aurre egiteko. Pertsona helduen eta gelakideen onarpenaren menpe dago erabat.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du ekimenik lanak egiteko, oso erraz blokeatzen da azterketa garrantzitsuen, ahozko azalpenen, gelako esku-hartzeen eta abarren aurrean.

–Triste egoten da eta ez daki zer egin.

–Oso itxia da pertsona helduekin, bai eskola eremuan, bai etxean.

–Aukeratutako gelakide gutxirekin egoteko joera du beti.

–Galdetuz gero, ez da gauza bere buruan kualitate onik ikusteko. Bere irudiaren balorazio txarra du. Oharkabe pasatzen saiatzen da.

–Zuzenketek oso ondorio txarra duten berarengan.

2.–Maila apala:

Irudi pixka bat apala du bere buruaz, baina ez txarra. Segurtasun eta konfiantza gutxiko pertsona bezala agertzen da zenbait inguruabarretan (ohikoak ez diren egoeretan, jarduera zailetan edo presioa egiten zaionean...) Segurtasun eta konfiantza gabeziagatik, zailtasunak ditu proiektu eta jarduera berriei aurre egiteko. Asko baloratzen du pertsona helduen eta gelakideen onarpena, nahiz batzuetan haiek gabe jokatzeko gauza den.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du ekimenik lanak egiteko, pertsona heldu batek zer egin behar duen esateko zain egoten da. Ez du gelan parte hartzen, okertzeko beldurragatik.

–Oro har, itxia da.

–Aukeratutako gelakide gutxirekin egoteko joera du askotan.

–Maiz samar egiten dizkio galderak irakasleari, lanean jarraitzeko.

–Oro har, ez ditu zuzenketak ongi hartzen eta fisikoki agertzen du ondoeza porrotaren aurrean.

3.–Maila ertaina:

Irudi onargarria du bere buruaz. Segurtasunez eta konfiantzaz jokatzen du, nahiz batzuetan segurtasun gabeziak eta zalantzak agertzen dituen bere adinerako ohikoa denaz harago. Halako segurtasun batez aurre egiten ahal die proiektu eta jarduera berriei, baina ez beti bere ekimenez.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Badu halako autonomia bat jarduerak garatzeko.

–Jeneralean, ongi onartzen ditu irakasleen eta gelakideen iruzkinak eta hobetzeko proposamenak.

–Bere gelakide eta lagun taldea ez da murriztua.

–Garrantzia kentzen die gelakideen iruzkin txarrei eta bere irizpideei jarraitzen die.

–Halako segurtasun eta konfiantza batekin ematen ditu iritziak.

4.–Maila ertain altua:

Irudi ona du bere buruaz. Segurtasunez eta konfiantzaz jokatzen du. Halako segurtasun batez aurre egiten ahal die proiektu eta jarduera berriei, eta bere ekimenez jokatzen du alde horretatik. Ez da okertzeko beldur izaten.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Autonomiaz, segurtasunez eta ekimenez garatzen ditu jarduerak.

–Ez da erabat gelakideen iruzkinen menpe bere irizpideei jarraitzeko.

–Ongi onartzen ditu irakasleen eta gelakideen iruzkinak eta hobetzeko proposamenak.

–Gelakide eta lagun taldea ez da murriztua, eta irekia da tratuan.

–Halako segurtasun eta konfiantza batekin ematen ditu iritziak.

5.–Maila altu hoberena:

Bere buruaren irudi ona du, eta segurtasunez eta konfiantzaz jokatzen du. Eskuarki, segurtasunez ekiten die proiektu edo jarduera berriei, eta ekimena hartuz jokatzen du. Gelakideen lidergoa hartzen du bere gain, eta gehienetan onartzen diren proposamen positiboak egiten ditu. Bere porrot eta akatsen gaineko gogoeta egiten du, eta horiek pizgarri izaten ditu bere emozioak eta izaera garatzeko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Autonomiaz, segurtasunez, jarrera positibo eta konstruktiboz garatzen ditu jarduerak.

–Iruzkin konstruktiboak egiten ditu tentsio egoeretan.

–Ongi onartzen ditu irakasleen eta gelakideen iruzkinak eta hobetzeko proposamenak, eta haien balorazio positiboa egiten du.

–Gelakideen eta lagunen taldea zabala da. Lidergo jarrerak agertzen ditu.

–Badaki asertibitatez hitz egiten. Bere buruarenganako konfiantzaz ematen ditu iritziak eta bestelako ikusmoldeak onartzen ditu modu konstruktiboz. Gelako taldeak eta irakasleek oso balorazio ona dute berari buruz.

3.2. Konfiantza besteengan.

Segurtasun jarrera ohikoa, balorazio positiboa, errespetua eta inguruko pertsonei entzutea. Lankidetzara eta adiskidetasunera zabalik, murrizketa berezirik gabe; besteen arazo, ikusmolde eta beharren aldeko interesa.

1.–Gutxieneko maila:

Gaitzikortasuna eta zailtasun larriak erakusten ditu lankidetza eta adiskidetasun harremanak ezartzeko. Susmo txarra du, gainerakoak bere aurka daudela uste du. Zailtasun handiak ditu bere sentimendu eta beharrak adierazteko. Ez du interesik adierazten besteek esaten dutenari buruz.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Erreakzio desegokiak gertatzen dira gelakideekiko harremanetan.

–Ez ditu bere gauzak uzten, besteez fidatzen ez delako.

–Taldean lan egiteko zailtasunak ditu, nahiago du lanak bakarka egitea.

–Oker interpretatzen ditu gelakideen eta irakasleen jarduketa eta iritziak.

–Galdera pertsonalak saihesten ditu, bere burua oker ulertzeko, irrigarri uzteko edo gaizki juzkatzeko beldurrez.

2.–Maila apala:

Zenbait zailtasun ditu lankidetza eta adiskidetasun harremanak ezartzeko. Ez da besteengana irekitzen, nahiz batzuekin arazorik gabe fidatu. Ez du gustuko bere sentimendu eta beharrak adieraztea. Besteenganako interes mugatua agertzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Kosta egiten zaio hitz egiten hastea eta lagun arteko, lankidetza edo adiskide harremanak mantentzea.

–Maiz, bere interesak taldekoen eta gelakoen aurretik jartzen ditu.

–Zailtasunak ditu taldean lan egiteko, baina batzuetan oztopo horiek gainditu eta besteekin egiten du lan.

–Batzuetan oker interpretatzen ditu besteen jarduketa eta iritziak.

–Eskuarki, ez du gustuko bere buruaz hitz egitea, besteek barre egin diezaioten edo gaizki juzka dezaten beldurrez.

3.–Maila ertaina:

Kontuan hartzen ditu gainontzekoak eta lankidetza eta adiskidetasun harremanaz ezartzen ditu. Jeneralean, besteekin fidatzen da, nahiz zerbait gutxiago ezagunak ez badira. Eskuarki, ez zaio axola bere sentimendu eta beharrak adieraztea. Maiz, besteenganako interesa adierazten du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du zailtasun handiegirik lankidetza, sinpatia edo adiskidetasun harremanak mantentzeko.

–Nahiko ongi bateratzen ditu bere interesak taldekoen eta gelakoen interesekin.

–Jeneralean, arazorik gabe egiten du lan taldean.

–Gehienetan, gelakideen eta irakasleen jarduketei eta iritziei buruzko uste egokia izaten du.

–Eskuarki, ez da beldur bere gauzez hitz egiteko besteen aurrean.

4.–Maila ertain altua:

Besteak ondoan edukitzea gustukoa izateaz gain, gizarte eta talde harremanak estimatu eta baloratzen ditu. Lankidetza eta adiskidetasun harremanak egokiak ezartzen ditu. Jeneralean, besteekin fidatzen da. Ez zaio axola bere sentimendu eta beharrak adieraztea. Interes handia erakusten du besteen arazo eta beharrei buruz.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gustuko du giza harreman onak izatea besteekin eta talde handiekin.

–Besteen ekarpen eta iritziak baloratzen ditu eta bere interesak taldekoen eta gelakoen interesekin bateratzen ditu. Gelakideen eta irakasleen jarduketei eta iritziei buruzko uste egokia du.

–Arazorik gabe egiten du lan taldean.

–Ez du funtsik gabeko beldur eta susmoetarako joerarik.

–Ez da beldur bere gauzez hitz egiteko besteen aurrean.

5.–Maila altu hoberena:

Gizarte eta talde harremanak baloratzen ditu, eta lider da gainerako gelakideentzat. Lankidetza eta adiskidetasun harreman zabal eta egokiak ezartzen ditu. Horrekin gozatzen da eta jarrera positibo eta prosozialak kutsatzen ditu. Interes handia agertzen du besteenganako, gustura egon daitezen saiatzen da eta haien sentimendu eta beharrak adieraz ditzatela.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gustuko du giza harreman onak izate besteekin eta talde handiekin.

–Normalean, lehentasuna ematen die taldearen interesei bereen gainetik. Gelakideen eta irakasleen jarduketei eta iritziei buruzko uste egokia du.

–Lidergoa du. Taldean egiten du lana eta hura dinamizatzen du.

–Besteen ekarpen eta iritziak baloratzen ditu eta parte hartzeko giro egokia lortzen du.

–Gatazka uneak saihesten ditu eta, gertatzen direnean, haiek bideratzen saiatzen da. Sortzen duen giroan, pertsona guztiek dute hitz egiteko joera, gauzak garbi eta jarrera positiboz adieraztekoa.

3.3. Emozioen oreka.

Ohiko jarrera, bere sentimendu eta emozioez jabetu, haiei izena eman eta modu egokian adierazteko. Asertibotasuna eta gogoaren egonkortasuna izatea eskatzen du.

1.–Gutxieneko maila:

Zailtasunak aurkitzen ditu bere emozioak eta izan ditzakeen ondorioak identifikatu eta adierazteko, baita bere indar eta mugak ezagutzeko ere. Bat-batean egiten du euforia egoera batetik tristurara. Suminkorra da eta bortizkeriaz edo hondoratuz erreakzionatzen du frustrazio egoeren aurrean, eta maiz kexatzen da. Mundua bere aurka dagoela uste du, gainerakoak bere buruaz trufatzen direla. Ez ditu zuzenketak onartzen eta defentsan egoten da, atezuan jartzen duten egoera guztiak errefusatuta. Gaitasun oso txikia du estres, estutasun edo frustrazio egoerak konpontzeko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez daki bere sentimenduak kalifikatzen: ez ditu onartzen eta bere erreakzioak ez dira proportziokoak. Ez da besteen sentimenduez jabetzen, ez zaizkio axola.

–Ez da gauza bere bulkadak erregulatzeko, ezta itxaroteko ere zerbait lortzeko. Erreakzio bortitza du nahi duena lortzen ez duenean.

–Ez daki bere gatazkak konpontzen: oihu, algara, negar egiten du, hitzez erasotzen du, baita jotzen ere.

–Ez du umorearen zentzurik, edozein txantxa erasotzat hartzen du.

–Desafiorako prest agertzen da.

2.–Maila apala:

Bere aldartea onartzeko modukoa da, nahiz aise haserretzen den inork aurka eginez gero. Maiz, ez ditu bere emozioak onartzen. Ez da gauza bere egintzak aise aztertzeko. Zerbaitek haserretuz gero, besteei botatzen die errua, ez daki aurre egiten. Aise gogogabetzen da. Munduaren ikuspegi baikorra eta ezkorra tartekatzen ditu, jarduketa edo egoera jakin batzuen arabera.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Kosta egiten zaio bere sentimenduak eta bulkadak kontrolatzea.

–Batzuetan, besteen sentimenduak hartzen ditu kontuan eta behar bezala portatzen da, baina haserretzeko joera du horren pareko arrazoirik gabe. Haserretu eta bere onetik ateratzen da ez badu nahi duena lortzen.

–Kanpoko laguntza behar du bere gatazkak konpontzeko.

–Ez du txantxarik onartzen, nahiz batzuetan onartu.

–Atentzioa bereganatzeko joera du.

3.–Maila ertaina:

Gehienetan, mundua ikusteko modu errealista eta konstruktiboa du, eta oreka eta egonkortasuna erakusten du, baina ezustekoren bate agertuz gero, gogogabetzen da eta kosta egiten zaio aldartea hobetzea. Jeneralean, modu egokian adierazi eta kontrolatzen ditu sentimendu eta emozioak, eta bere aldarteez jabetzen da, nahiz batzuetan pertsona helduen laguntza behar izaten duen. Eskuarki, besteen iritziak onartzen ditu, lasai agertzen da eta soseguz erreakzionatzen du kontrako egoeren aurrean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Oro har, bere buruari buruzko iritzi positibo samarra izaten du.

–Bere portaera arrazoizkoa da, nahiz tarteka kanpoko laguntza behar izaten duen bere sentimenduak onartu eta behar bezala erregulatzeko.

–Behar duenean, laguntza bilatzen du bere gatazkak konpontzeko.

–Ez da aise haserretzen eta ez da erreta agertzen. Eskuarki, hitz egiteko txanda errespetatzen du.

–Gehienetan, enpatia adierazten du. Gustuko du txantxak egitea eta ia beti onartzen ditu.

4.–Maila ertain altua:

Umore erregular samarra du, ez du aldaketa bortitzik izaten. Oro har, ongi onartzen ditu kritikak eta laudorioak. Badu umorearen zentzua eta badaki bere akatsak onartzen, baita haietaz barre egiten ere. Behar bezala adierazi, kontrolatu eta erabiltzen ditu sentimenduak eta emozioak. Lasai egoteko joera du eta nahiko soseguz erreakzionatzen du kontrako egoeren aurrean. Besteen iritziak onartzen ditu. Munduaren ikuspegi errealista samarra du eta erabaki orekatuak hartzen ditu. Bere buruarenganako eta besteenganako errespetua agertzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere sentimenduak onartzen ditu eta, eskuarki, badaki nola erregulatu.

–Jeneralean, gauza da bere gatazkak modu egokian konpontzeko.

–Enpatia agertzen du eta nahikoa erresilientzia adierazten.

–Besteenganako errespetua erakusten du. Gehienetan alai agertzen da.

–Behar duena eskatzen du pazientzia galdu gabe eta badaki itxaroten.

5.–Maila altu hoberena:

Badaki bere sentsazio fisikoak emozioekin lotzen. Aldarte egonkorra du. Ezustekoren bat gertatuz gero (azterketa bat ez gainditzea, haserrealdiren bat gelakide batekin eta abar), badaki urrundu eta gaia aztertzen, geroago jarduteko. Badu gaitasuna du estres, estutasun edo frustrazio egoerak konpontzeko. Bere burua baloratzen du eta beti errespetatzen ditu besteak. Badaki entzuten, iritziak onartzen ditu eta bere sentimenduak adierazten. Modu konstruktiboan ikusten ditu egoerak, ez errealismorik gabe, eta bere ahalmenak erabiltzen ditu egoera horiek hobetzeko. Erabaki orekatuak hartzen ditu, eta haien ondorioak baloratzen. Konfiantza ematen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere sentimenduak ezagutzen ditu eta badaki haiek errespetuz eta asertibotasunez adierazten.

–Besteen sentimenduez jabetzen da eta haiek kontuan izanda jokatzen du. Txantxak onartzen ditu eta, egin ere, egiten ditu besteei errespetua galdu gabe. Bere buruaz barre egiteko gauza ere bada.

–Zerbait behar badu, behar bezala eskatzen du. Ez du atentzioa ematea bilatzen.

–Badaki itxaroten bere helburu eta asmoak lortzeko. Ez da aise gogogabetzen oztopoen aurrean.

–Aise aski eta modu positiboz konpontzen ditu bere gatazkak. Eroapen handikoa da. Bere okerrak arazorik gabe onartzen ditu.

–Baikorra, ezustekoak patxadaz onartzen ditu eta balorazioetan positibo izateko joera du.

3.4. Autokontrola.

Norberaren erabakiez eta portaeraz jabetzea eta haiek bere borondatez menderatzea, bere bulkadak erregulatuz eta oreka pertsonala eta harremanetakoa erakutsiz. Portaera ez da erreakziokoa edo apetatsua, eta ez dago atseginaren eta atsekabearen, gogoen edo gogo ezaren menpe. Gehiegizko kontsumorako joerak erregulatzeko benetako gaitasuna eskatzen du. Oreka eta lasaitasuna adierazten ditu.

1.–Gutxieneko maila:

Oldarkortasuna adierazten du, ez du hitz txanda errespetatzen eta kosta egiten zaio atentzioa mantentzea. Ez da gauza bere emozioak behar bezala adierazteko edo gordetzeko, kosta egiten zaio bere erreakzioak eta aldarteak menperatzea. Zarata egiten du, eten gabe mugitzen da, gelakidea bilatzen du hitz egiteko eta distraitzeko. Burura datorkiona botatzen du. Suminkorra da eta bortizkeriaz edo hondoratuz erreakzionatzen du frustrazio egoeren aurrean. Zailtasun handiak ditu bere okerrak onartzeko. Giroak, gogoek eta gogorik ezak eramaten uzten du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez da gauza bere erreakzioak kontrolatzeko, ezta argi adierazteko ere zer nahi duen. Ez du hiztegi egokia erabiltzen.

Gogoak eta gogo ezak eramaten uzten du, apetatsu ageri da.

Ez ditu beste ikuspuntuak ikusten, ezta ulertzen ere. Ez du hitz txanda errespetatzen.

–Ez da gauza bere segurtasun gabeziari edo bere beldurrei aurre egiteko.

–Ez daki ezetz esaten egoerak hala eskatzen duenean. Besteek edo taldeak eraman dezaten uzten du.

2.–Maila apala:

Zenbait zailtasun ditu bere emozioak eta aldarteak kontrolatzeko (adierazteko edo gordetzeko). Norbait gainbegiratzen ari denean bakarrik da gauza isilik egoteko, hitz txanda errespetatzeko eta bere bulkadak kontrolatzeko. Batzuetan neurri gabeko oldarkortasunez erreakzionatzen du eta modu desegokian, eta liskarra izan dezake gelakideekin. Gaitasun txikia du estres, estutasun edo frustrazio egoerak konpontzeko. Kosta egiten zaio bere okerrak onartzea. Ia beti giroak bultzatuta jokatzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Zenbaitetan bakarrik ohartzen da sentitzen duenaz eta menperatzen du. Askotan, bere apeten, aldarteen eta gogoen atzetik joaten da, ongi jakin gabe zergatik.

–Kosta egiten zaio bereak ez diren ikuspuntuak ikustea.

–Ez da ausartzen bere beldur eta frustrazio askori aurre egiten laguntzarik gabe.

–Kosta egiten zaio ezetz esatea komeni ez zaizkion proposamenei.

–Kontrako egoeren aurrean inhibitu eta isiltzen da, eta horrexek frustrazioa eragin diezaioke. Askotan, taldeak eraman dezala uzten du.

3.–Maila ertaina:

Bere bulkadak eta emozioak menperatzen ditu; eskuarki, hitzen txanda errespetatzen du eta gelan ongi portatzen saiatzen da, baina batzuetan nekatzen da eta ongi heldu zaizkio animoak. Lasai egoten da eta soseguz eta behar bezala erreakzionatzen du egoera bortitz edo deserosoen aurrean, nahiz batzuetan egoerak bera gainditu dezakeen. Bere okerrak onartzeko gauza da, nahiz batzuetan pertsona heldu baten gidari lana behar duen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Sentitzen duenaz ohartzen da eta kanpotik lagunduta adierazten du. Maiz samar, pentsatu egiten du ekin aurretik.

–Eskuarki, gauza da beste ikuspuntu batzuk ikusteko, eta ongi samar enpatizatzen du.

–Aurre egiten die bere beldurrei eta segurtasun gabeziei, baina batzuetan norbaitek segurtasuna ematea behar izaten du.

–Maiz, badaki ezetz esaten ongi iruditzen ez zaionari, baita gogoko duenean ere.

–Batzuetan taldeak eraman dezala uzten du, baina bere kabuz ere hartzen ditu erabakiak.

4.–Maila ertain altua:

Badaki nola portatu behar duen gelan eta gelatik kanpo, hitz egiteko txandari itxaroten dio eta ez da gelan distraitzen, ezta inor distraitzen ere. Gehienetan, ekin aurretik pentsatzen du. Gehienetan, lasai egoten da eta soseguz erreakzionatzen du egoera bortitz edo deserosoen aurrean. Jeneralean, badaki besteen tokian jartzen eta errespetuz jokatzen du. Badaki bere okerrak eta ondorioak bere egiten eta bere gain hartzen. Oro har, behar bezala adierazi edo gordetzen ditu emozioak.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere sentimendu eta nahiez ohartzen da, eta kontrolatzen ditu.

–Gehienetan, pentsatu eta nahi duena adierazten du, kostatzen bazaio ere. Ezetz garbi esaten dio interesatzen ez zaionari edo okerra dela dakienari. Asertibotasuna erakusten du.

–Bereaz bestelako ikuspuntuak ikusi eta baloratzen ditu.

–Oro har, aurre egiten die bere segurtasun gabeziei eta beldurrei.

–Ez du aise uzten taldeak eraman dezala. Borondate indartsua eta nortasun franko agertzen du.

5.–Maila altu hoberena:

Eskuarki, badaki bere emozioak eta aldarteak menperatzen, gogoeta egiten du erabaki hartu eta ekin aurretik. Zalantzarik gabe portatzen da eta soseguz erreakzionatzen du egoera bortitzen, deserosoen edo frustrazioa eragiten dutenen aurrean. Asertibotasun franko erakusten du. Bere okerrak eta haien ondorioak normaltasunez onartzen ditu, eta haietaz ikasten saiatzen da. Behar bezala adierazi edo gordetzen ditu emozioak. Segurtasuna ematen du, nortasun sendoa erakusten du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere sentimenduez ohartzen da, gogoeta egiten duen pertsona da eta bere asaldura kontrolatzen du (lasai mantentzen da). Konfiantza eta segurtasuna ematen du.

–Argi adierazten du zer nahi duen eta sentimenduei loturiko hiztegi zabala du (sumindura, deserosotasuna, haserrea, amorrua, iraina, ernegua, hira, alaitasuna, tristura, pena, gozamena, poza).

–Gertakari baten aurrean, ikuspuntu eta konponbide bat baino gehiago onartzeko gauza da. Badaki besteen tokian jartzen.

–Bere beldurrak eta segurtasuna gabeziak onartzen ditu, baina horregatik deprimitu gabe; aldiz, badaki bere burua gainditzeko aukerak eta hazteko erronkak ikusten. Badaki arrazoizko arriskuak bere gain hartzen.

–Badaki ezetz esaten zerbait bere interesekoa ez denean edo egokia iruditzen ez zaionean, eta ezezko hori arrazoitzen du; nortasun sendoa erakusten du. Asertibotasun handia agertzen du.

4. Jendearekiko eta gizartearekiko konpromisoa laguntzen duten ohitura eta balioei buruzko adierazleak.

4.1. Elkartasuna, eskuzabaltasuna eta altruismoa.

Besteen beharrak bereak bezala sentitu eta bere egiteko gaitasuna, gainerakoak lagundu eta zaintzeko berezko jarrera, baita norberaren interesa besteenaren atzetik jartzeko ere; orobat, ezagutza, gauzak eta denbora partekatzekoa, norbaitek behar duenean.

1.–Gutxieneko maila:

Gehienetan, ez du interesik agertzen besteei laguntzeko. Soraio da haien beharrentzat. Gelakideei laguntza ematearen kontra dago, baita pertsona heldu batek eskatzen dioenean ere. Ez du deus edo ia deus partekatzen inorekin, eta beti jartzen ditu bere interesak besteenen gainetik.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez ditu gauzak partekatzen.

–Lehentasunezko eskubidea duela uste du eskolako materiala eta tokiak erabiltzeko.

–Ez da sentibera agertzen besteen premien aurrean eta, eskuarki, ez dio bere astiari uko egiten besteekin partekatzeko.

–Bere interesak taldearenen aurretik jartzen ditu. Ez du gustuko gelako lanetan laguntzea.

–Ez du adeitasunik ez sinpatiarik agertzen gelakide edo irakasleekin.

2.–Maila apala:

Zailtasunak ditu besteekin behar bezala portatzeko. Sentibera da besteen premien aurrean, baina lehentasuna ematen die bere hurbileko lagunei, eta laguntzen badu, gehiago izaten da bere interes pertsonalagatik. Gauzak partekatzen ahal ditu, baina bere adiskideekin bakarrik. Batez ere berari komeni zaiolako du interesa taldearen onuran.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du bere gauzarik uzten, baina bai behin eta berriro eskatuz gero.

–Inoiz bere gauzak partekatzen dituenean, eten gabe gogoratzen du bereak direla, edo konpentsazioren baten zain egiten du.

–Arrazoitu eta errepikatuz gero, gelako lanetan laguntzen du.

–Indibidualista izateko joera du eta, maiz, aitzakiak jartzen dizkio taldeko lanari.

–Besteen premiez ohartzen da, baina ez du berez laguntza eskaintzen. Ez du aise bere astia eskaintzen besteei laguntzeko.

3.–Maila ertaina:

Gehienetan, behar bezala portatzen da besteekin. Sentibera da haien premien aurrean eta laguntzeko joera du, baina batzuetan norbaitek bultzatzea behar izaten du. Ez du arazorik bere gauzak partekatzeko, baina ez du beti lehen pausua ematen. Taldean lan egiten duenean, bere lana eta bere partea egitera mugatzen da.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Batzuetan bere ekimenez laguntzen du eta beste batzuetan norbaitek akuilatzen duelako.

–Bere gauzak partekatzen ditu, eta batzuetan bere astia.

–Nahiko sentibera agertzen da besteen premien aurrean, nahiz ez duen gehiegi laguntzen.

–Jarrera berekoirik ez badu ere, batzuetan kosta egiten zaio guztien ongiari lehentasuna ematea.

–Maiz samar, bat egiten du bidegabeko tratua jasan edo kaltetuak izan diren pertsonen aldeko ekimenekin.

4.–Maila ertain altua:

Adeitasunez portatzen da gainerakoekin eta, maiz, adierazpen positiboak, adoretsuak egiten ditu hizkera egoki baten bidez eta keinu jakin batzuk erabiliz. Sentibera da besteen premiekin eta laguntza emateko joera du; gehienetan, ez du bere interesa besteen premien edo eskubideen aurretik jartzen. Bere gauzak arazorik gabe partekatzen ditu eta, maiz, bere astia besteei laguntzen ematen du. Eskuarki, taldearen ongia izaten du kontuan erabakiak hartzerakoan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere gauzekin eskuzabal jokatzeko joera du.

–Bere astia eta ezagutzak partekatzen ditu gelakideekin.

–Gehienetan, portaera adeitsua eta sentibera du.

–Ohartu egiten da noiz duen norbaitek arazoren bat eta bere laguntza eskaintzen dio.

–Eskatzen diotenean, beti ematen die laguntza gelakideei.

5.–Maila altu hoberena:

Adeitsu izateaz gain, besteetaz kezkatzen da eta oso sentibera da haien arazo eta premiekin. Prest egoten da laguntzeko eta bere burua eskaintzen du horretarako. Bere gauzak partekatzen ditu eta bere ekimenez aurreratzen zaio eskaerari premia ikusten duenean. Ez du eragozpenik jartzen bere astia besteei laguntzen emateko haien zeregin eta lanetan. Sentibera da triste edo arazoekin ikusten dituenekin. Bere ekimenez hurbildu eta saiatzen da laguntza ematen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere gauzak eskaintzen ditu inork eskatu gabe.

–Adi egoten da besteen premiekin eta laguntza ematera aurreratzen da.

–Adeitsua da, sinpatia erakusten du eta badaki sentimendu horiek hitzez adierazten.

–Hoberena bilatzen du taldearentzat. Bereak bezala sentitzen ditu taldearen beharrak.

–Ez dio axola bere astia eskaintzea besteei laguntzeko.

4.2. Lankidetza, elkarlana, konpromiso soziala.

Berezko jarrera, laguntza ematera eta besteekin batera guztien ongian eta ingurunea hobetzen aritzera. Taldearen parte sentituz eta nortasuna galdu gabe, haren zereginen eta funtzionamenduaren erantzukizuna du, bere ahalmenak jartzen ditu lanean, ekimenak abiatzen ditu, bere tokia hartzen du, interesa erakusten du elkarteetan parte hartzeko eta bere borondatez aurkezten da besteei zerbitzuak emateko.

1.–Gutxieneko maila:

Ez du ia inoiz konpromisorik hartzen ikastetxean edo gelan egiten diren ekimen, kanpaina edo ekintza solidarioekin. Gainera ekimen horiek kritikatu edo irrigarri uzten ditu, eta haietan parte ez hartzera bultzatzen du. Elkarren arteko lanetan, parte hartzen badu, ez da nahasten. Edozer gainetik irabaztea du helburu. Pertsona lehiakorra da eta soraio besteen arazo, eskubide edo premientzat.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du parte hartzen taldeko jardueretan, argi mespretxatzen ditu eta aldentzen da.

–Ez du erantzukizunik hartu nahi talde hurbilaren edo urrunaren alde.

–Berekoi agertzen da, ez da gauza izaten premiazko errealitate eta egoeretan pentsatzeko, non ez diren hurbil espazio eta denbora aldetik.

–Ihes egiten du besteen premiekiko edozein konpromisotik.

–Elkartasun proiektu edo kanpainez hitz egiten entzuten duenean, soraio agertzen da.

2.–Maila apala:

Ez da elkartasunezko ekimenen aurka agertzen, baina ez du haiekiko enpatia edo interesik. Ez da sentibera bere gelakideen proiektuei heltzeko orduan, nahiz ez dagoen guztiz kontra. Ez ditu bere egiten elkartasun edo lankidetza gaietan esleitzen zaizkion erantzukizunak, non ez den formalki bakarrik.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Sentsibilitate txikia du laguntza eta elkartasun proiektuetan sartzeko tenorean.

–Kosta egiten zaio pairatzen duten eta behar larriak dituzten pertsonez ohartzea.

–Eskuarki, jokabide berekoia du.

–Jarrera pasibo samarra du ikastetxeak edo gelak bere gain hartutako proiektuetan.

–Konpromisoak pasiboki onartzen ditu.

3.–Maila ertaina:

Badu joera besteentzako elkartasun eta laguntza ekimenetan parte hartzeko, nahiz batzuetan horrela jokatu desberdina ez izateagatik, bere burua ez nabarmentzeagatik, eta ez konbentzituta dagoelako. Ez du jarraipenik eta ez da parte hartze horretan nabarmentzen, baina izena ematen du taldearen proiektuetan. Noizean behin, animatu behar izaten zaio erantzukizunak har ditzan arlo horretan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Oro har, sentimendu onak agertzen ditu besteen premiekin, eta ongi iruditzen zaio laguntza ematea, baina ez du ekimenik hartzen.

–Ez da pertsona proaktiboa eta adore pixka bat falta du, baina arazorik gabe ematen du izena besteen aldeko jarduketa orokorrean. Taldearen ekintza izaten du euskarri.

–Ohartzen da badela jendea laguntza eta elkartasuna eskatzen duena eta, noizean behin, erantzukizun edo ekimen isolaturen bat hartzen du bere gain, baina ez lidergoa.

–Elkartasun kanpaina eta ekintzetan hartzen du parte, baina ez uste osoz.

–Bere egiten ditu erantzukizun batzuk, baina ez du beti jarraitzen eta ongi etortzen zaizkio taldearen laguntza eta ekimenaren aldeko giroa.

4.–Maila ertain altua:

Gogo onez aritzen da besteentzako elkartasun eta laguntza ekimenetan, baina ez du beti ekimena hartzen. Sentibera da gabezia eta premia larriak dituzten pertsonekin. Jarraitu egiten du parte hartzen eta bere egiten ditu erantzukizunak agintzen zaizkionean. Noizean behin, lider izaten da ekimenen batean.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Sentibera da pertsonen behar eta premiekin eta prest egoten da esku bat ematera eskatzen bazaio.

–Batzuetan bere borondatez agertzen da taldean zerbitzuak ematera.

–Maiz samar hartzen du parte boluntariotza proiektuetan eta ekimen prosozialetan (elkartasun jaialdiak, zozketak, merkatu txikiak..) gelako edo ikastetxeko beste batzuekin.

–Jarrera positiboa agertzen du elkartasun eta laguntza proiektuetan parte hartzearen alde.

–Gustura hartzen ditu erantzukizunak bere gain, agintzen zaizkionean.

5.–Maila altu hoberena:

Besteentzako elkartasun eta laguntza ekimenetan gogo onez aritzeaz gain, ekimena hartzen du eta ekintzak proposatzen ditu. Jarraitu egiten du parte hartzen eta lidergoa hartzeko joera du. Ilusioz eta gogoz hartzen ditu erantzukizunak. Asmo onez laguntzen du eta horrelako ekimenak estimatzen ditu. Bereziki sentibera da gabezia eta premia larriak dituzten pertsonekin.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Boluntariotza proiektuetan parte hartzera animatu eta bultzatzen du beste gelakide batzuekin.

–Bereziki sentibera da pertsonen behar eta premiekin.

–Jarrera positiboa erakusten du elkartasun eta laguntza proiektuetan parte hartzearen alde, eta taldeko zein laneko lider izaten da.

–Erantzukizunak hartzen ditu bere gain jarrera positiboz eta ilusio handiz.

–Sormena erakusten du eta jendeari ilusioa eta eskuzabaltasuna piztu eta kutsatzeko joera du.

4.3. Proaktibotasuna eta baikortasuna.

Pertsonak zailtasunak gainditzeko duen ohiko jarrera, oztopoei aurre egin eta haiek positiboki gainditu eta helburu berriak lortzekoa, eta arazoak konpontzeko bere burua eskaintzekoa. Besteak animatzea eskatzen du eta gogogabetu edo iraindu dezaketen esaldi negatiboak saihestea. Orobat, jarduera edo jarrera positibo batean jarraitzea, kosta ahala kosta.

1.–Gutxieneko maila:

Zailtasun handia du bere ekimenez jarduteko, helburuak finkatzeko eta haiek lortzearren lan egiteko. Normalean, portaera pasiboa eta ezkorra du, eta inguruabarrek eramaten dute. Apatiarako joera du, edozein jarduera zama bat da beretzat eta gainerakoak gogogabetzen ditu. Ez da gauza erantzukizuna hartzeko gauzak gerta daitezen. Arazoren baten aurrean ez du konponbiderik bilatzen; aldiz, aitzakiak jartzen ditu eta zailtasunak sortzen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Ez du konponbiderik bilatzen arazoen aurrean, gogaitu egiten da eta ez du erreakzionatzen. Ez daki sortzen diren zailtasunak gainditzen. Kosta egiten zaio gauza berriak egitea eta nekez pizten zaio ilusioa haiekin.

–Ez ditu frustrazioak ongi eramaten, gogaitzen da eta fisikoki erakusten du (haserre aurpegia, negarra, eraso keinuak...).

–Ez da gauza erantzukizuna hartzeko gauzak gerta daitezen, nahiz adore eman.

–Beldurra erakusten du, eta dena negatibo ikusten. Badirudi munduarekin gogaituta dagoela.

–Ez ditu bere emozioak kontrolatzen, sentitzen duena negatiboki adierazten du, triste agertzen da, ez du irribarrerik egiten, maiz kexatzen da eten gabe.

2.–Maila apala:

Badu zailtasunen bat bere ekimenez jarduteko. Gogoaren edo gogo gabeziaren arabera jokatzen du, inguruabarrek eraman dezatela utziz eta haiek aldatzeko esku hartu gabe, non ez zaion hartara bultzatzen; inguruan aldaketarik sortuz gero, koloka jartzen da eta ez da gauza aurre egiteko laguntza ematen ez bazaio. Zerbait kostatzen zaio gauzen alde ona ikustea. Zailtasunak ditu gatazkak konpontzeko eta adostasunak lortzeko, nahiz horretarako gauza den lagunduz gero.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Zailtasun franko aurkitzen ditu helmuga eta helburuak finkatzeko eta haiek lortzearren lan egiteko.

–Kosta egiten zaio bere ekimenez besteengana jotzea, eta eraman dezaten uzteko joera du.

–Ia beti, egoeren alde txarra ikusten du, ez da gozatzen parte hartzen duen egoera gehienetan.

–Bere aldarteak ezkortasunera jotzen du. Batzuetan badu joera eguneroko bizimoduan gertatzen diren gauza ilun edo desatseginei buruz hitz egiteko.

–Gauzak ikusteko moduak gaizki sentiarazten du, eta maiz bilatzen du babesa bere ezkortasunean eta hartan gordetzen da.

3.–Maila ertaina:

Maiz samar aritzen da bere ekimenez. Ez du uzten inguruabarrek eraman dezaten eta, batzuetan, haiek aldatzeko esku hartzen du, nahiz laguntza oso ongi datorkion. Bizitzaren alde ona ikusten du. Prest egoten da gatazkak konpontzeko eta adostasunak lortzeko, maiz hartzen ditu erantzukizunak gauzak gerta daitezen eta konponbideak bilatzen ditu, nahiz batzuetan laguntza behar izaten duen.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere aldartea alda daiteke, baina inguruabarren edo gogo faltaren guztiz menpe gelditu gabe.

–Ahaleginduz gero, gauza da erantzukizuna hartzeko gauzak gerta daitezen. Noizean behin, konponbide berriak bilatzen ditu egoerentzat.

–Lagunduz gero, garaile ateratzen da oztopoen gainetik, eta taldearen ekimenetan laguntzen du.

–Maiz samar, egoeren alde ona ikusteko joera du, baina batez ere besteen laguntzari esker adoretu eta gora egiten du.

–Maiz, bere inguruan agertzen diren gatazkak konpontzeko joera du.

4.–Maila ertain altua:

Maiz hartzen du ekimena hobekuntzak egiteko eta zailtasunei aurre egiteko. Pertsona positiboa izaten da, helmugak eta helburuak finkatzen ditu eta haiek lortzearren egiten du lan. Aukeratzeko borondatea jartzen du inguruabarren eta aldarteen gainetik; orobat, balioak bulkaden gainetik. Maiz, bere egiten du erantzukizuna gauzak gerta daitezen, eta bere burua aurkezten du lanetan parte hartzeko.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Gehienetan, baikorra da gelan gertatzen diren egintzen aurrean. Bere elkarrizketetan jarrera alaia eta konstruktiboa gailentzen da. Gehienetan, egoeren alde ona ikusten du, nahiz noizean behin “bainaren bat” jarri.

–Errealismoz baloratzen ditu gauzak, hondamendirik ikusi gabe.

–Aise ematen du laguntza zeregin, proiektu eta ekimenetan eta maiz samar eskaintzen du bere burua haiek bere gain hartzeko.

–Borondate indar nahikoa du bere erantzukizunen eta mandatuen kargu egiteko.

–Baliabide eta estrategiak bilatzen ditu, eta ekimena hartzen du gatazka eta arazoei konponbidea emateko tenorean.

5.–Maila altu hoberena.

Bere jokabidearen kontrola hartzen du eta ekimenari heltzen dio sormenetik. Errealista izateari utzi gabe, alai eta baikor agertzen da, aukerak ikusten ditu, baita gauzen alde ona ere. Borondatea agertzen du inguruabarren aurrean, hazi egiten da zailtasunen aurrean eta balioak jartzen ditu bulkaden aurretik. Badaki lider izaten, bere gain hartzen ditu erantzukizunak, jarraitu egiten du eta gogogabetu gabe egiten dio aurre zoritxarrari; adore ematen die besteei. Akordioetara iristeko eta gatazketan esku hartzeko gauza da, konponbideak aurkezten ditu eta laguntza ematen die besteei gauza bera egin dezaten.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Bere iritzi eta irizpideak entzuten eta kontuan hartzen dira, haiek adierazten dakielako. Lidergo afektiboa egiten du. Arretaz entzuten dio jendeari; badaki konbentzitzen eta adore ematen.

–Arazo baten aurrean, beti alde ona ikusten du. Eskuarki, zerbait on aurkitzen du gauza guztietan, errealista izateari utzi gabe. Zailtasunen aurrean hazi egiten da.

–Talde barreneko harremanak bultzatzen ditu beti. Akordioak lortzeko beti prest den pertsona da. Betik amultsutasuna bultzatzen duten hitzak erabiltzen ditu.

–Bere emozioak kontrolatzen ditu. Badaki norberaren eta besteen ideiak onartzen.

–Badu jarraipena bere helburuak lortzeko eta hobetzeko, eta ikasteko motibazioa du. Arretaz eta kontu handiz egiten du lan.

4.4. Justiziaren aldeko jarrera.

Pertsona bakoitzari dagokiona ematea eta eman dezakeena eskatzea da justizia. Eskubide eta erantzukizunak norberaren gain hartzea eskatzen du, besteen jarrerei arreta egin eta haiek ulertzea, eta norberarenak errespetuz eta asertibotasunez azaltzea. Irizpide zuzen eta egiazkoak erabiliz epaiak ematea, egintzak ezagututa eta ondorioak neurtuta, epaitu aurretik gogoeta eginez. Pertsona egiatiak eta zintzoak dira.

Ondarea eta guztien ongia errespetatzea dakar. Ez egotea axolagabe eta irmotasuna bultzatzea bidegabekerien aurrean. Indarkeriari uko egitea portaera gisa. Parte-hartze demokratikoaren ohiturak bere gain hartu eta sustatzea, baita besteengana zabalik egoteko gaitasuna ere: arretaz entzutea eta elkarrizketa, elkar ulertzeko. Ez uztea lehiakortasun okerrak, norberaren interes soilak edo apetak eraman dezaten.

1.–Gutxieneko maila:

“Justizia” bere alde dagoenaren ideia du. Kosta egiten zaio egia esatea. Bere burua zuritzen du sistematikoki, bere interesen arabera jokatzen du eta onura lortzen saiatzen da, nahiz besteei kaltea eragin. Esaten duena eta egiten duena ez dira bat etortzen; maiz ez ditu arauak errespetatzen. Bere eskubideetara jotzen du, ez betebeharretara. Partzialtasunez jokatzen du balorazioetan eta aurreiritzietara eta kidetasunetara jotzen du. Bidegabeko tratua du adiskideekin ere, berak betetzen ez dituen gauzak eskatzen ditu.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Maiz gezurrak esaten ditu eta bere egintzak zuritzen saiatzen da, eta errua besteei leporatzen.

–Ez ditu onartzen ezarritako arauak eta mugak. Erreakzio bortitza du zuzenketen aurrean. Ez ditu bere okerrak onartzen. Ez ditu kontuan hartzen bere ekintzen ondorioak, ezta baloratzen ere.

–Bere onura bilatzen du sistematikoki. Ez ditu errespetatzen besteen eskubideak, eta oztopoak jartzen ditu, inposatzen da eta gogaitzen du, baita gorputza erabiliz edo erasoekin.

–Besteak salatzen ditu ongi ez dagoen zerbait egiten dutenean, eta ez ditu haien ekarpenak onartzen, non ez diren bere kideen ingurukoak.

–Errespetu gabe, aurrejuzkuak eginez eta jendea baztertuz jokatzen du, eta ez dago besteek jasandako bidegabekeriaren aurka. Ez du irizpiderik egintza objektiboak eta bere iritziak bereizteko.

2.–Maila apala:

Asko kostatzen zaio bere ekintzen egilea dela onartzea eta maiz saiatzen da bere burua zuritzen. Maiz esaten ditu gezurrak. Askotan, bere interesen arabera jokatzen du, eta onura ateratzen saiatzen da, nahiz horrek besteak kaltetu. Maiz samar, esaten duena eta egiten duena ez dira bat etortzen; kosta egiten zaio arauak errespetatzea. Eskubideak aldarrikatzen ditu, baina ez ditu besteenak kontuan hartzen. Aurreiritziek eta kidetasunek eramaten uzteko joera du. Maiz samar bidegabekeriaz tratatzen ditu gelakideak.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Maiz samar esaten ditu gezurrak.

–Behin eta berriz gogoratu behar zaizkio mugak eta arauak, bete ditzan.

–Bere eskubideak azpimarratzen ditu, baina besteenak ez ditu argi. Gehienetan, besteei leporatzen die errua. Batzuetan, bere okerrak onartzen ditu azalpenak ematen zaizkionean, baina kosta egiten zaio bat etortzea esaten duena eta egiten duena. Gogoeta gutxi egiten du bere ekintzen ondorioei buruz.

–Maiz indarkeriaz erreakzionatzen du, hitzez edo gorputza erabiliz besteekiko gatazketan.

–Batzuetan, errespetu gabe, aurrejuzkuak eginez eta jendea baztertuz jokatzen du, eta ez dago besteek jasandako bidegabekeriaren aurka. Ez daki egintzak eta bere iritziak edo balorazioak objektibotasunez bereizten.

3.–Maila ertaina:

Gehienetan, berak egindakoa onartzen du eta egiati agertzen da. Koherentzia frankoz jokatzen du. Justiziaren eta egiaren balioak errespetatzen ditu. Eskuarki, tratu ona du jendearekin eta laguntza emateko prest egoten da, hala eskatuz gero. Eskuarki, objektibotasunez jokatzen du bere usteetan, nahiz tarteka aurreiritziren bat ager dezakeen. Oro har, zintzo eta zuzen jokatzen du, eta jendea, arauak eta gauzak errespetatzen ditu. Bere adiskideen defentsan ateratzen da bidegabekeria baten biktima izan direla uste badu, eta maiz egiten du beste pertsona batzuekin.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Egiatia da eta jende guztia zintzo eta errespetuz tratatzeko joera izaten du. Bere okerrak onartzen ditu eta haiek konpontzen saiatzen da. Gogoeta egiteko eta bere ekintzen ondorioak aurreikusteko joera du, eta badaki zuzenketak egiten.

–Mugak onartzen ditu, eta arauak betetzen.

–Eskuarki, gelako ikaskideen eskubideak onartzen ditu, eta guztien ongiaren garrantzia ere bai.

–Gatazkak indarkeria erabili gabe konpontzeko joera du.

–Bere adiskideak defendatzen ditu bidegabekerien aurrean. Gehienetan, egintza eta iritzi partikularra bereizten ditu.

4.–Maila ertain altua:

Gehienetan, bere ekintzen egilea dela onartzen du, eta egia esaten du, nahiz bere kalterako izan. Koherentziaz aritzeko eta gauzak adierazteko joera du. Irekia da elkarrizketetan. Bidezko tratua ematen die besteei, sentsibilitatea eta laguntzeko jarrera erakutsita. Objektibo eta inpartzial izateko joera du bere iritzietan, balorazioetan eta erabakiak hartzean. Zuzen jokatzen du, eta errespetua erakusten du pertsonekin, arauekin eta gauzekin. Maiz, bidegabekeriaren biktimatzat duena defendatzen du.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Egiatia izaten da, eta arauak zein pertsonak errespetatzen ditu. Gelakideen eskubideak onartzen ditu, eta errespetatzen.

–Bere okerrak onartzen ditu, eta hobetzen saiatzen da. Pertsona objektiboa eta enpatiadun izaten da bere balorazioetan. Gogoeta egiten du, eta ekintzen ondorioak aurreikusteko gauza da.

–Elkarrizketa bidez konpontzen ditu gatazkak. Asertibotasuna erakusten du eta badaki arretaz entzuten.

–Ez du inor alferrik salatzen eta, kasua bada, gatazkaren batean parte hartu izana onartzen du. Ez du jokatzen aurreiritzien eta interes berekoien arabera.

–Asaldatu egiten da gelakideren bat bidegabe tratatzen dela ikusiz gero eta egoera konpontzen saiatzen da, horretarako baliabide zuzenak erabiliz. Badaki egintzak eta iritziak bereizten.

5.–Maila altu hoberena:

Ongi bereizten ditu bidezko dena eta ez dena, egia esaten du eta bere ekintzen ondorioak onartzen ditu, nahiz horrek kaltea eragin diezaiokeen. Zintzo izaten saiatzen da eta bidezko tratua ematen die besteei, sentsibilitatez, enpatiaz eta laguntzeko prest jokatuz. Bere balorazioetan objektibotasuna eta inpartzialtasuna agertzen du, aurreiritzirik gabe. Elkarrizketaren zale da, badaki modu aktiboan entzuten. Arauak eta gauzak errespetatuz jokatzen du; gustura laguntzen du guztien ongiaren alde. Besteen defentsan ateratzen da bidegabekeria baten biktima izan direla uste duenean eta, bere aukeren arabera, taldearentzat edo gizartearentzat bidezkoa eta onuragarria dena lortzearren egiten du lan.

Maila honetako ohiko jokabideak:

–Eskuarki, egia esaten du eta errespetuz jokatzen du pertsona guztiekin.

–Gustura betetzen ditu bere eginbeharrak, eta hori jarreretan agertzen du. Bere okerrak onartzeko gauza da, eta haiek zuzentzeko bitartekoak jartzen ditu. Ez du gustuko jendaurrean harrotzea, nahiz horretarako arrazoiak izan. Gogoeta egiten du eta bere ekintzen ondorioak aurreikusten ditu, eta badaki okerrak zuzentzen.

–Badu irizpidea erabakiak hartzeko, eta arrazoiak aztertuta ematen du epaia, objektibotasunez eta inpartzialtasunez. Besteen indarrak eta akatsak onartzen ditu, baina lehentasuna ematen die kualitate positiboei.

–Ez du inoiz indarkeria erabiltzen, harreman onak ezartzen ditu gelakideekin eta irakasleekin. Beti konponbide zuzenak bilatzen dizkie gatazkei.

–Norbait ez bada zuzentasunez tratatzen, haren defentsan ateratzen da haren aldeko argudioak emanez. Bidegabetzat jotzen dituen egoerak hobetzeko ekimenak sortzen ditu eta, horretarako, bitarteko zilegiak erabiltzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F1508575