148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PIEDRAMILLERA

Ordenantza, Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duena

Piedramillerako Udalak, 2015eko martxoaren 26an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen landabideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunez, aldez aurretik iragarkia paratuta Kontzejuaren iragarki oholean eta 2015eko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11n, eta, jendaurreko epea alegaziorik gabe igaro ondoren, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratuko da.

Piedramilleran, 2015eko ekainaren 23an.–Alkatea, Enrique Ganuza Monreal.

ORDENANTZA, PIEDRAMILLERAKO UDALAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Piedramillerako Udalaren eskumeneko landabide publikoen sarea Piedramillerako herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

–Udaleko natur ondarearen balioak atxikitzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

Horrenbertzez, Piedramillerako Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xedea du Piedramillerako Udalaren mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua.

Piedramillerako Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.

5.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.–Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

7.–Areka eta bideak goldatzea. Erretenak lantzea edo hondatzea.

8.–Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

Jabeak saneamendu horietako ura bidearen ertzetako erretenerantz behar bezala bideratu beharko du, eta ur horrek eragindako kalteen erantzukizuna hartu beharko du bere gain, ur hori bidean edo finka partikularretan eta herrilurretan sartzen bada.

4. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua.

Zuhaitzak bideetatik 4 metrora landatuko dira, adarrak areketatik atera ez daitezen.

6. artikulua.

Piedramillerako Udalaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Piedramillerako Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Piedramillerako Udalak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua.

Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuetarako, berariazko baimena eskatuko zaio Piedramillerako Udalari.

9. artikulua.

Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua.

Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

12. artikulua. Fidantzak.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuek gutxienez ere 500 euroko fidantza eman beharko dute, eta hori 2.000 euro bitartekoa izaten ahalko da, bideetan asko ibiliz gero. Fidantza hori itzuliko da, Udalak kalterik ez dela egin egiaztatzen duenean.

13. artikulua. Zehapenak.

Piedramillerako Udalaren mugapeko bideetan kalteak egiten dituen ibilgailua horien erantzulea izanen da kontzeju honetan, eta kalteak ekarritako gastu guztiak ordainduko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1509515