148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Aldaketa, Longidako eraikuntzaren eta urbanizazioaren gaineko udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Longidako Udalak, 2015eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Longidako eraikuntzaren eta urbanizazioaren gaineko udal ordenantzako aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua), hasierako onespena 2015eko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, argitaratu eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, bidezkoa da ordenantza horren aldaketa behi betiko onestea eta testu osoa argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Longidan, 2015eko ekainaren 22an.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.

LONGIDAKO ERAIKUNTZAREN ETA URBANIZAZIOAREN GAINEKO UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Aldaketa eraikuntzari buruzko ordenantzetan

12. artikulua. Estalkiak.

Eraikuntzei, oro har, estalki maldaduna jarriko zaie, %40tik beherako malda izanen duena. Zeramikazko teila arabiarrez edo mistoz eginen dira estalkiak.

Hamabosgarren artikuluan onartzen diren terrazek estalki maldaduna izanen dute, isurki batekoa, bikoa edo hirukoa, eraikin nagusiaren bolumetriarekin eta konposizio estetikoarekin ongi ematen duena.

Estalkiko isurkiak teilatu-hegaletan luzatuko dira.

Teilatu-hegalei eusten dieten elementuak zurezkoak izan ahalko dira eite tradizionaleko eraikinetan, edo bestela hormigoizkoak.

Lukanak egiten ahalko dira, estalkiko leihoaren modura, arotz laneko elementuak teilen maila berean eginez, betiere, hezetasunari, isolamendu termikoari eta abarri aurre egiteko balio duen eraikuntza moduaz baliaturik, eraikineko gainerako leihoetan bezala. Lukanen gehienezko azalera ez da izanen kokatzen direneko isurkiaren azalaren %5 baino handiagoa. Horietako bakoitzaren neurria 60 x 100 cm-koa izanen gehienez, eta beraien artean 100 cm-tik gorako tartea utziko da.

Halaber lukanak egiten ahalko dira gailurretan, isurialde birekin edo lau isurialderekin, usadioko linternen antzera, eraikinaren barnealdea egoki argiztatu eta aireberritzeko. Estalkiko planoen mailarekiko aldea gehienez 0,90 metrokoa izanen dute, eta plano horien paraleloak izanen dira.

13. artikulua. Estalkiaren garaieratik goitiko eraikuntzak.

Estalkiko planoen gainetik lukanak, tximiniak eta antenak besterik ez da onartuko.

Eraikuntzaren Kode Teknikoko HE4 eta HE5 oinarrizko dokumentuen aplikazio eremutik kanpora gelditu dira Longidako herrietako hiriguneak (maiatzaren 11ko 281/2007 Ebazpena). Hortaz, ez da nahitaezkoa eguzki energia biltzeko instalazioak jartzea, oinarrizko dokumentu horietan eskatzen den moduan.

Mugatu egin da estalkien gainean eguzki plaka fotovoltaikoak jartzeko azalera; kasuan kasuko eraikineko bereko kontsumorako beharrezkoa den azalera hartuko dute gehienez.

Plakek okupatuko duten azalerak 2 m-ko atzeraemangunea izanen du gutxienez isurkiaren mugetan, ahalik eta gutxien ikus daitezen plaka horiek.

Isurkiaren malda berarekin jarriko dira plakak, forma errektangularretan, mozketarik gabe.

Ez da baimenik emanen edozein gradutan katalogaturiko eraikinen estalkietan eguzki plakarik jartzeko.

14. artikulua. Arotz lanak.

Baoetako arotz lanak zurezkoak izanen dira, hura pintatua edo bere kolorekoa izan. PVC eta gisako material sintetikoak eta aluminio lakatuak erabiltzea zilegi da. Zura ez diren materialak beti izanen dira zuraren kolorekoak.

Gradu integralean edo egiturazkoan katalogaturiko eraikinetako arotz lanetan baimentzen den material bakarra zura da.

Arotz lan batzuetan kolorea erabiltzeak eraikinaren fatxadako gainerako arotz lanak kolore berean pintatzea dakar. Egituretako eta estalkiko zurezko elementuak tindaturik nahiz beren kolore naturalean izaten ahal dira, gainerako arotz lanak pintaturik badaude ere.

Udalak obra bitartean erabilitako koloreak ikuskatzen ahalko ditu eta berriz ere pintatzea agintzen ahalko du hasiera batean onetsitakoak ez badira.

Hortaz, proiektu teknikoek alderdi hauek behar bezain zehatz aipatu beharko dituzte.

Hiri lurzoruan, argi baoak kanpoko aldetik estaltzeko elementuak kontraleihoak izanen dira beti. Salbuespenez pertsianak baimentzen ahalko dira, aipatu soluzioa teknikoki korapilotsua baldin bada halako leihateetako bao batzuek dituzten ezaugarri eta luze-zabalengatik, edo bide publikotik ikusten ez badira. Harrizko azpadura duten baoetan ere berdin jokatuko da (eraikuntzaren fatxada osoan ageriko harria badago, baoen ingurukoa ez da azpaduratzat joko).

Beheko solairuan galarazita dago ate zabukariak kanpoko aldera biratzea. Kanpoko aldera erabat biratuta, ez lerrokadura ofiziala gainditu, ez espazio publikoaren gainera irteten ez direnak salbuetsiko dira.

18. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

Arau orokor gisa, itxitura egiteko erabiltzen den materiala unitateko eraikuntzan erabilitakoa izanen da, eta diseinuak lotura izanen du harekin.

Ezin izanen da itxiturarik jarri fatxada nagusiaren aurrean, fatxada nagusia beti egonen baita lurzatiaren aurrealdeko espazio publikoarekin lotuta. Lurzoru urbanizagarrietan bai, onartuko da itxitura jartzea lurzatiaren aurrealdean, gehienez 1 m garai.

Forma aldetik haien ezaugarriak gainerako itxitura tradizionalenak bezalatsukoak izanen dira. Itxitura hormak harlangaitzez eraikiko dira, eta etxebizitzaren paramentuaren kopia direnak baimendu ahal izanen dira. Itxituren gehieneko garaiera 2 m izanen da.

Hormez gain, haizu izanen dira heskaiak edo gisakoak eta soluzio mistoak, baina ez da erabiliko txarrantxarik edo ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean. Nolanahi ere, itxitura opakuen gehieneko garaiera metro batekoa izanen da.

Mugakideen arteko hesietan, aurrekoez gain, metalezko sareak onartuko dira, gehienez ere 2 metrokoak.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren horma-atal bakoitzean direnen batez bestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpo aldetik neurtuak.

Lurzatian lur-euspena baldin badago, gehienez 2 m-ko garaiera duten eustormak eta metro 1eko segurtasun baranda onartuko dira.

Finken itxiturak Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean eta gainerako xedapen aplikagarrietan edo, bestela, dagokien araudian ezarritakoaren mende daudenean, determinazio hauek bete beharko dira:

–Finken itxiturak eraikuntza lerroan kokatuko dira. Inguru zelaituaren kanpoko ertzetik 8 metrotara kokatzen ahalko dira, baina, bakar-bakarrik, baldintza hauek betez gero: gardenak direnean eta gehienez ere 0,60 metroko garaierako zokaloa dutenean, eta hesolen gainean jarritako sare metalikoa, 2 metro bitarte (itxituren gehieneko garaiera).

–Proposaturiko itxitura abeltzaintzakoaren gisakoa denean (lurrean zuzenean sartutako zutoinak, fabrikako obrako zimendurik gabe, gehienez ere 2 metroko garaiera eta sarea), zortasun eremuan jarri ahalko dira.

–Itxiturako heskai eta landare ilarak ere 0,60 metroko zokalodun itxitura bezala kokatuko dira.

–Era guztietako kanalizazioak eta kutxatilak zortasun eremuan jarriko dira, ahal dela eremu horren bazterraldean; eremu zelaituaren kanpoko lerroari dagokionez, 8 metrotara dago muga.

25. artikulua. Lurzatien itxiturak.

Forma aldetik haien ezaugarriak tradiziozko gainerako itxiturenak bezalatsukoak izanen dira, eraikina non ezartzen den, hangoak.

Itxitura hauek baimentzen dira:

–Harlangaitzezko horma, gehienez 1,20 metro garai.

–Zurezko hesolez eta alanbrez osatutako itxitura, gehienez 1,20 metro garai.

–Heskaiak eta itxitura mistoak, baina ez da erabiliko ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean. Hiri lurzoruaren ondoko finketan, ez da txarrantxarik erabiliko finka bide edo espazio publikoetatik bereizten duten itxituretan.

–Sarrerako ateetan irizpide berari eutsiko zaio. Ez da erabiliko sarreraren gardentasuna eragozten duen xafla edo bestelako materialik.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren atal bakoitzean direnen batez bestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpo aldetik neurtuak.

Lurzatiak herrilurretatik edo bide publikoetatik bereizten dituzten itxiturak jartzeko lizentzia eman aurretik edo obrak hasterakoan, itxituraren zuinketaren akta eginen da, itxituraren jabearen kargura. Udalaren eta Kontzejuaren ordezkariak aurrean izanen dira eta onespena emanen dute.

Finken itxiturak Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean eta gainerako xedapen aplikagarrietan edo, bestela, dagokien araudian ezarritakoaren mende daudenean, determinazio hauek bete beharko dira:

–Finken itxiturak eraikuntza lerroan kokatuko dira. Inguru zelaituaren kanpoko ertzetik 8 metrotara kokatzen ahalko dira, baina, bakar-bakarrik, baldintza hauek betez gero: gardenak direnean eta gehienez ere 0,60 metroko garaierako zokaloa dutenean, eta hesolen gainean jarritako sare metalikoa, 2 metro bitarte (itxituren gehieneko garaiera).

–Proposaturiko itxitura abeltzaintzakoaren gisakoa denean (lurrean zuzenean sartutako zutoinak, fabrikako obrako zimendurik gabe, gehienez ere 2 metroko garaiera eta sarea), zortasun eremuan jarri ahalko dira.

–Itxiturako heskai eta landare ilarak ere 0,60 metroko zokalodun itxitura bezala kokatuko dira.

–Era guztietako kanalizazioak eta kutxatilak zortasun eremuan jarriko dira, ahal dela eremu horren bazterraldean; eremu zelaituaren kanpoko lerroari dagokionez, 8 metrotara dago muga.

Aldaketa urbanizazioari buruzko ordenantzetan

12. artikulua. Telekomunikazio sarea.

Telekomunikazio sareak instalatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak diseinatuko dira, eraikin berrien barneko sareekin konektatu ahal izateko (1/1998 Errege Lege Dekretua aplikatzeko esparrua).

Azpiegituren ezaugarriak:

Komunikazio elektronikoetarako diseinatzen diren sare publikoen azpiegiturek bermatu beharko dute ez dela bereizkeriarik eginen operadoreen artean eta sektore horretako benetako lehiakortasun baldintzei eutsiko zaiela; horretarako, diseinua egitean, eremu horretan sareak ezarri eta zerbitzuak eskaintzeko interesa izan dezaketen operadoreen beharrak aurreikusi beharko dira.

Komunikazio elektronikoen sareen ezaugarriak 5 UNE arauetan jasotzen dira, erreferentzia gisa:

–UNE 133100-1:2002 Telekomunikazio sareetarako azpiegiturak - 1. zatia: lurpeko kanalizazioak.

–UNE 133100-2:2002 Telekomunikazio sareetarako azpiegiturak - 2. zatia: erregistroko ganberak eta kutxatilak.

–UNE 133100-3:2002 Telekomunikazio sareetarako azpiegiturak - 3. atia: herri arteko tarteak.

–UNE 133100-4:2002 Telekomunikazio sareetarako azpiegiturak - 4. zatia: aireko lineak.

–UNE 133100-5:2002 Telekomunikazio sareetarako azpiegiturak - 5. zatia: fatxadako instalazioa.

Iragarkiaren kodea: L1509460