148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea

Barañaingo Udaleko alkate udalburuak, 2015eko ekainaren 29an, ondotik osorik ematen den ebazpen hau eman zuen:

“Ekainaren 29ko 652/2015 Ebazpena, Barañaingo Udaleko alkate udalburuak emana, legeak Alkatetzari ematen dizkion eskumen batzuk Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzi dituena.

Barañaingo Udaleko alkate udalburu Oihane Indakoetxea Barberíak,

Ikusirik Alkatetza honek esleituak dituen eskumenak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak emanak, eta Toki Entitateen kontrataziorako arau bereziak, bilduak baitaude Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onetsi duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian, aplikatzen ahal baitzaizkie Nafarroako Toki Entitateei; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Kontuan hartuz ezen, Toki Entitateen Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onetsi duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43.1 artikuluari jarraikiz, alkate udalburuak bere eskumenak eskuordetzen ahal dituela, baina ez guztiak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 71. artikuluetan aipatutakoak ez.

Kontuan izanik erregelamendu horren 43.3 artikuluko xedapenen arabera, alkateak, eskuordetzaren bidez, Gobernu Batzarraren eskuetan uzten ahal dituela eskumenak, eta organo kolegiatu horrek eskuordetutako gaietan hartzen dituen erabakiek, alkateak eskuordetu ez dituen gaietan hartutako ebazpenen balioa izanen dutela.

Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 44.1 artikuluak eskatzen duenez, eskuordetza guztiak alkatearen dekretu baten bidez eginen dira, eta hartan zehaztuko dira eskuordetzari loturiko gaien esparrua, zer eskumen ematen diren eta haietan baliatzeko baldintza berariazkoak.

Interes publikoaren alde eta udalkideek Udalaren gobernuan parte hartzea bultzatzeko, komenigarria da eskumen batzuk Tokiko Gobernu Batzarraren eskuetan uztea.

Horren ondorioz eta ikusirik, besteak beste, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 12. artikulua, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikulua, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onetsi duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43., 44., 52. eta 114. artikuluak, eta indarreko legediak Alkatetza honi ematen dizkion eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Barañaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarren esku uztea honako eskudantzia hauek:

1. Kudeaketa ekonomikoa garatzea onesten den aurrekontuari jarraikiz; gastuak xedatzea bere eskumenen esparruan, eta ordainketak agindu eta kontuak ematea; hori dena Toki Ogasunak arautzen dituen Legean xedatuarekin bat.

2. Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

3. Udaltzaintzan buru egitea.

4. Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean, baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

5. Kontratazio organoa izateagatik dituen eskumenak, hala nola, obra kontratuetarako, hornidurarako, zerbitzuetarako, zerbitzu publikoen kudeaketarako, administrazio kontratu berezietarako, eta kontratu pribatuetarako, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta 6 milioi euro baino gehiagokoak direnean ere, horien artean urte anitzetakoak ere sartzen baitira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

6. Obren proiektuak eta zerbitzuak onestea, kontratazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

7. Udalaren ondasunen gaineko kontzesioak esleitzea eta ondasun higiezinak eta eskubideak erostea, horiek ondareari buruzko legeriaren menean badaude eta haien balioa ez bada aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino handiagoa edota hiru milioi euroko balioa gainditzen ez bada.

Bigarrena.–Xedatzea Alkatetzak erabiliko dituela, eskuordetu ezinak direlako, TAOLen 21.3 artikuluan aipatutakoak eta, kudeaketaren eraginkortasuna dela-eta, lege horren 21.1. b), d), n), q) eta r) artikuluan ezarritako eskumena.

Hirugarrena.–Aurreko lerroaldeko eskuordetzak bere baitan biltzen ditu bai zuzendaritza eta kudeaketako ahalmenak, bai eta hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena ere.

Laugarrena.–Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 115.c) artikuluaren arabera, Tokiko Gobernu Batzarraren egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko ahalmena ere kide anitzeko organo horren esku uzten da.

Bosgarrena.–Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 114.1 artikuluaren arabera, emandako eskuordetzak indarra hartzeko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin beharko du. Eskuordetza hori onartutzat joko da, baldin eta hiru egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik, eskuordetza ematen dion organoari Gobernu Batzarrak ez badio berariaz adierazten ezen ez duela eskuordetza onartzen. Orobat, espresuki onartzen ahalko da, ebazpen hau Gobernu Batzordeari jakinarazteko bilkuran berean.

Seigarrena.–Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 44.2 artikuluari jarraikiz, eskuordetza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta horren berri emanen zaie Tokiko Gobernu Batzarrari eta Osoko Bilkurari, organo kolegiatu horiek duten lehen bilkuran eman ere.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan xedatu ez den orotan, honako arau hauetan eskuordetza hauei buruz esandakoak aginduko du zer egin: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.”

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2015eko ekainaren 30ean.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barbería.

Iragarkiaren kodea: L1509815