138. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2015 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileak ezartzen dituena, azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte.

Done Jakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezarri zuen abenduaren 14ko 209/1988 Foru Dekretuak, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko ibilbidea arautzen du.

Frantziako Done Jakue bideko lehenbiziko etapan, Nafarroako sarreran, bi ibilbide daude: mendebaldekoa, Donibane Garazitik abiatuta Luzaidetik eta Ibañetako mendatetik Orreagara doana, eta ekialdekoa, Donibane Garazitik abiatuta Hontotik, Oriundik eta Lepoederko mendatetik Orreagara ailegatzen dena.

Ekialdeko ibilbidean 1.200 metroko desnibela gainditzen da; izan ere, Donibane Garazi 154 metrora dago itsas mailaren gainetik eta, Lepoederko mendatea berriz, 1.432 metrora. Gainera, tartean beste desnibel batzuk ere badaude.

Desnibel hori gainditzeko, etapa horri heltzen dioten erromesek prestaketa fisiko egokia izan behar dute, eta, ikusi denez, halakorik ez da gertatzen portzentaje handi batean. Horretaz gain, egin beharreko esfortzua are handiagoa da elurra dagoenean edo eguraldia txarra denean, hori guztia kontuan hartu gabe halakoetan eraman beharreko ekipamendu materiala, zein, ikusi denez, oso maiz ez baita eramaten.

Kontua da ekialdeko ibilbidea altura handian sartzen dela Nafarroara, 1.288 metrora itsas mailaren gainetik. Eta Nafarroako tarte horrek ez du irtenbiderik Lepoederko mendi leporaino, Nafarroan sartu eta 5 kilometrora.

Seinalizazioa hobetzeko lanak etengabe egin dira, eta, aldian behin, erabiltzeko moduan dagoela egiaztatu. Egun, zehatza da eta erauntsietan baino ez daiteke hari jarraitzeko problemarik egon.

Aldi berean, estaldura hobetzeko jarduketak egiten ari dira teknologia berrien bidez Espainiako ibilbidearen parte handi batean.

Edonola ere, oraindik ere egiten dira erreskatatzeko esku-hartze profesionalak zein boluntarioak, askotan aldigaiztoak edo erromesen informazio eta prestakuntza faltak eraginda, ekialdeko ibilbide hori hain da gogorra.

Egoera hori bereziki larriagotzen da neguan, erreskateak egiteko baldintzak latzagoak direnean; izan ere, salbamendu ekipokoen bizitza arriskuan jar daiteke, eskualdeko orografia eta klimatologia direla kausa eta iritsi, lokalizatu eta ebakuatzeko oztopoak direla bide.

Hori dela eta, kontsultak eginda Luzaideko Udalari, Done Jakue Bideko Lagunen Elkarteari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari eta Foruzaingoari, eta Nafarroako Larrialdietako Agentziaren txostena ikusita, non jasotzen baita tarte horretan erromes ugariri ematen zaiela arreta.

Erromesen segurtasuna bermatzeko asmoz, beharrezkoa da igarotzeko neurri murriztaileak ezartzea neguan bideko ekialdeko ibilbidea aukeratzen dutenei.

Ikusita Nafarroako Gobernuak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearekin bat, baita Nafarroako Gobernuari babes zibilaren arloan eta larrialdiak kudeatzekoan dagozkion ekintza publikoko neurriak ere, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearekin bat.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jendearen segurtasuna dela eta, neurri murriztaileak ezartzea Done Jakue bideko ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, Nafarroako lehendabiziko etapan, eta xedatzea nahitaezkoa izanen dela urte bakoitzeko azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte Done Jakue bideko mendebaldeko ibilbidetik igarotzea (Luzaide), non ez duen berariaz baimentzen Nafarroako Larrialdietako Agentziak.

2. Nafarroan sartzeko ekialdeko ibilbidea ixtea egun horien artean, 43.º3’2,02’’N eta 1.º16’6,04’’W koordenatu geografikoetan, Bentartea mendi-lepotik hurbil.

3. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari agintzea jar ditzala igarotzea debekatzeko seinalizazioa eta igarotzea galarazteko beharrezko elementuak.

4. Nafarroako Larrialdietako Agentziari agintzea ebazpen honen 1. puntuko baimenak emateko prozedura gara dezala.

5. Foruzaingoari agintzea ebazpen hau betetzen den edo ez zain dezala.

6. Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari agintzea ebazpen honi publizitatea eman diezaiotela Done Jakue bideari buruzko web orrietan, agentzietan eta Done Jakue bideari buruzko publizitate edo informazioko beste baliabide batzuetan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Larrialdietako Agentziari, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari, Foruzaingoari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Done Jakue Bideko Lagunen Elkarteari, Luzaideko Udalari, Orreagako Udalari, Espainiak Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzari, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari, eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Lehendakaritzako, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat. Administrazio publikoen kasuan, horiek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela zuzenean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako aldez aurreko errekerimendua gorabehera.

Iruñean, 2015eko uztailaren 1ean.–Barneko zuzendari nagusia, Francisco José Fernández Elizalde.

Iragarkiaren kodea: F1510077