11. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea
arautzen duena. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2014ko azaroaren 26an egin osoko bilkura arruntean, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari eta horrekin bat heldu direnei jarraikiz, espedientea jendaurrean egon ondoren, hasierako onespenaren iragarkia 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 14an, argitaratuta, bizilagunek eta bidezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak egin ahal zitzaten. Alegaziorik aurkeztu ez denez, argitara ematen da testu osoa.

Barasoainen, 2014ko abenduaren 9an.–Alkate udalburua, Rita Roldán Murillo.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Eremua.

3. artikulua. Definizioak.

4. artikulua. Baimenak.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazen tipologia.

6. artikulua. Terrazetako elementuak.

6.1. artikulua. Terrazaren okupazio dentsitatea.

6.2. artikulua. Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

6.3. artikulua. Elementuen segurtasuna.

6.4. artikulua. Ezaugarri estetikoak.

7. artikulua. Apaingarriak. 8. artikulua. Eguzki-oihalak.

III. TITULUA

Eremu publikoaren baldintzak

9. artikulua. Terrazak instalatzeko baimenaren baldintza orokorrak.

10. artikulua. Eremu publikoan terrazak instalatzeko baldintzak.

10.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

10.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

11. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

12. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazen araubide juridikoa

13. artikulua. Udal lizentzia.

14. artikulua. Baimenaren ebazpena.

15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

16. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

II. ATALA

Zehapenen araubidea

17. artikulua. Ikuskapenak.

18. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

19. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

20. artikulua. Arau-hausteak.

21. artikulua. Zehapenak.

22. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

23. artikulua. Graduazio irizpideak.

24. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

25. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Xedapen Gehigarria

Azken Xedapena

ZIOEN AZALPENA

Ostalaritzako establezimendu jakin batzuek eremu publikoan terrazak eta gisako elementuak paratzeko ohitura dute, negozioa zabaltzeko.

Partikularrek jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dituztenean jabari publikoko ondasunak, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta gisakoak eta aprobetxamendu nahiz erabilera orokorreko gainerako obra publikoak, Udalen kontrola behar da, jabari publikoaren aldi baterako erabilera hori administrazioaren ikuspuntutik arautu beharra dagoelako, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren.

Merkataritzarako baliabideak izateaz gain, terrazek hiriari itxura jakin bat ematen laguntzen dute eta, gainera, topaleku bihurtzen dira maiz, baita gizarte bizitzaren dinamizatzaile ere.

Eremu publikoa okupatzen dutenez, terrazek beste erabilera batzuekin bateragarri behar dute izan, ez galarazteko ez oinezkoen joan-etorriak ez beste herritar batzuen jarduerak. Eta, bestalde, inguruarekin bat datozen baldintza estetikoen arabera paratu behar dira eta aldameneko etxebizitzetako herritarrak ez gogaitzeko moduan.

Horrez gain, araubide juridikoa ere arautu beharra dago, eskabideen tramitazioa eta baimenak eskuratzeko baldintza orokorrak finkatzeko bederen.

Bestetik ere, eta batez ere 42/2010 Legea onetsi denetik, gora egin dute upelak eta gisa askotako euskarriak jartzeko eskabideek. Halako elementuak, berez mahaiak ez diren arren, mahaitako baliatzen dira eta ostalaritzako establezimendu batzuen sarreretan paratzen dira, oinezkoendako karriketan batez ere.

Era berean, gero eta ohikoagoa da loreontzi-euskarri handiak eta jendea erakartzeko bestelako apaindurak paratzea saltokietako, ostalaritzako establezimenduetako eta beheko solairuetan kokaturiko negozioetako ate inguruetan, eta halakoak ere arautu beharra dago, apaingarritako eta informazioa emateko baliatzen diren elementu horiek beren helburua bete dezaten eta, aldi berean, eremu publikoaren erabilera behar bezalakoa izan dadin, gainerako erabiltzaileei trabarik ez eragiteko.

Arrazoi horiek guztiak kontuan harturik, ordenantza hau prestatu da, bost tituluz, xedapen gehigarri batez eta azken xedapen batez osaturik.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal mugapearen barrenean dauden jabari publikoko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Eremua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke hiriaren paisaian ikus daitekeenez, hala nola mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, itxitura iraunkorrak dituztenak edo halakorik ez dutenak, edo bakarrik upel eta tabureteez osatuak. Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu bereizgarri hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko. Haien arteko desberdintasunak egitekoan ikusi behar da eserlekuak pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak) izaten ahal direla, eta zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko diseinatuak (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Babesteko elementuak eta haize-babesak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko diren elementuak, establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Itxiturak: kontzeptu honetan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura eramaile batek eratutako elementuak, terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzeko badira, erraz desmuntatzeko modukoak badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

–Apaingarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz eraman daitezkeen elementuak, eremu publikoan ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes elementua bakarrik terrazaren eremua estaltzeko hedatu ahalko da, eta ez ditu izanen alboetako babes elementuak, eta, halakoak izanen balitu, itxituraren kategorian sartuko litzateke delako elementua.

–Eguzki-oihalak: terraza instalazio guztietan paratzen ahalko dira dagokien eraikinaren fatxadan lotutako eguzki-oihal hedagarriak, terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko, betiere horizontalki hedatzen badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

4. artikulua. Baimenak.

1.–Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da, ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz.

2.–Terrazaren baimen agiria, xehetasun planoa eta/edo proiektu teknikoa, eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta udal agintarien eskura.

3.–Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, baimendutako zer elementu dauden eta zenbat eta nolakoak diren, eta erabilera mugatzen duten baldintzak.

4.–Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

5.–Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

6.–Baimena baldintza batekin ematen da: ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.

7.–Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazen tipologia.

Ordenantza hau aplikatzeari begira, terraza mota bakarra aurreikusten da eremu publikorako.

Hala, terrazatzat jotzen da jabari publiko edo pribatuko lur eremua, ostalaritzako jarduerekin zerikusia duen aprobetxamendua izan dezakeena bertan zenbait elementu jarriz, eta establezimenduen barnean egiten den jarduera handitu edo zabaltzeko eremu gisa erabiltzen dena. Instalazio horiek, nolanahi ere, aldi baterako izanen dira.

Era zabalean ulertu behar da “terraza” kontzeptua, hor hainbat tipologia sartuta (zenbait mota eta neurritako mahai eta aulkiak dituztenak, upelak eta taberna aulkiak, elementu mugatzaileak, eguzki-oihalak... dituztenak edo ez dituztenak). Edonola ere, ordenantza hau aplikatzean, bakarrik baimendu ahalko dira ordenantza honek aipatzen dituen terraza elementuak dituzten instalazioak, eta elementu horiek Udalean aurkeztutako baimen eskaeran agertu beharko dira.

6. artikulua. Terrazetako elementuak.

1.–Oro har, bakar-bakarrik honako elementu hauek eratzen ahal dituzte terrazak: mahaiak eta aulkiak, bankuak, upelak eta tabureteak, babes elementuak eta haize-babesak, itxiturak, apaingarriak, eguzki-babesak edo eguzkitakoak, eguzki-oihalak.

2.–Terraza eratzen duten elementuen arabera, titularrak eskaeran adieraziko du zer elementuk osatuko duten bere instalazioa, eta ezin izanen du beste elementu bat gehitu, udal baimen osagarria lortu bitarte.

3.–Salbuespenezko kasuetan, aurrekoak ez bezalako terraza elementuak paratzen ahalko dira, titularrak dagokion eskaera aurkezten badu, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoarekin batera, hartan garbi adierazten direla elementu horren ezaugarriak eta helburua.

4.–Terrazako elementu bat ere ezin izanen da zoladuran itsatsi, salbuespenezko baimen berariazkoa lortzen ez bada behintzat; beraz, elementu guztiak eramangarriak edo erraz desmuntatzekoak izanen dira, kasuen arabera.

6.1. artikulua. Terrazaren okupazio dentsitatea.

1.–Zeinahi ere diren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabiltzen den espazioaren okupazioak, oro har, argi zehaztuta egon behar du.

Argi seinalatu behar da terrazak eremu publikoan hartzen duen espazioa. Mugatuta egonen da beti, zehaztuko den seinalizazio sistema baten bidez, pintura markak edo antzekoak erabiliz, eta baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren ertzetan paratuko dira.

6.2. artikulua. Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

1.–Ezaugarri nagusiak:

–Altzariek diseinu eta tratamendu bateratua izan beharko dute, eta ingurunearekin bat datozen koloretakoak izanen dira.

–Salbuespenik gabe, elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

–Ordenantza honetan berariaz baimentzen diren elementuak bakarrik finkatuko dira zoruan edo eraikinaren fatxadan, besterik ez.

–Oro har, haien ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

2.–Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

Mahai eta aulkiak:

Mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta gutxi gorabehera 80 zentimetroko aldea edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Haiek egitean erabilitako materialen arabera, lurreko euskarriek gomak edo neoprenoak izanen dituzte, arrastaka eramatean egiten den zarata txikiagotzeko.

Banku eta mahai linealak:

Salbuespenez, eta aldez aurretik eskaera arrazoitua eginik, baimena ematen ahalko da aurreko atalean deskribatutakoak baino neurri handiagoko banku eta mahaiak jartzeko. Eskaeran azaldu beharko da, elementu horien neurriak eta ezaugarriak ez ezik, titularrak non eta nola gordeko dituen altzari horiek jardueraren funtzionamendu orduetatik kanpo, oporretan etab.

Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Oro har, babesteko elementuen bidez mugatuko da terraza, eta haien garaiera 0,90 eta 1,20 metroen artekoa izanen da. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,90 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik aurrera.

Ezin izanen dira lurrean finkatu, eta haien euskarri moduan, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, landareontzia edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena.

Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, azkar kendu ahal izateko, prozedura arrunten bidez, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

Itxiturak:

Elementu hauek, oro har, oinezkoen eremuetan baizik ezin dira jarri, eta, baimentzeko, ezinbesteko baldintza izanen da teknikari eskudunak sinaturiko proiektu teknikoa aurkeztea.

Itxitura hauek egitura desmuntagarria izan beharko dute, beren ezaugarri eta neurriei egokitua.

Itxituren bi tipologia onartzen dira:

a) Bertikalki biltzen diren eguzki-oihalez osatutako alboko aldeak dituzten itxiturak, eguzki-oihal horiek oihalezko materialaz eginda daudela (olana edo antzekoren bat) eta egituraren goiko aldeko barran zintzilikatuta daudela. Kasu honetan, elementu mugatzaile horiek gardenak izan beharko dira, gutxienez ere 90 cm-ko garaieratik gora.

b) Lurraren gaineko elementuek (landareontziek edo antzeko zerbaitek) eratutako alboko aldeak dituzten itxiturak. Kasu honetan, elementu mugatzaile hauek bete beharko dituzte haize-babesetarako eskatutako baldintza berak (1,60 metroko gehieneko altuera, gardenak izan 90 cm-ko garaieratik gora etab.).

Oro har, itxituren alboko aldeen garaiera ez da izanen 2,20 metrotik beherakoa, eta egituraren zati batek ere ez du gaindituko 3,50 metroko garaiera edo 1,50 metroko muga kasuan kasuko fatxadako edozein hutsarteren beheko ertzaren azpian.

Terrazak oinezkoendako eremu berean badaude eta horietako batzuek mota horretako itxiturak badituzte, diseinu eta material berberak erabiliko dira.

Oinplano errektangularreko terrazen kasu orokorrean, gehienez ere terrazaren lau aldeetako hirutan paratzen ahalko dira itxiturak, eta libre utziko da beti establezimenduaren sarrera pareko aldea, tarte osoan. Egitura autosostengagarri bera erabiliz, babes sabaia instalatzen ahalko da, ezaugarri eta material berberekin. Gainerako kasuetan, deskribatu diren irizpide berberei jarraikiz eginen da diseinua.

Udal agintaritzak zehatz dezake elementu horien bidez mugatutako aldeetakoren batek irekigarria izan behar duen edo oihal garden eta bilgarriz egina.

Itxitura guztien diseinuak aukera emanen du prozedura honen bidez mugatutako alde guztiak bilgarriak izateko, baita desmuntatu eta kentzeko ere udal agintaritzak horixe ezartzen duenean.

Eguzki-babesak eta eguzkitakoak:

Eguzki-babesak, oro har, oinezkoen eremuetan edo bulebarretan jartzen ahalko dira bakarrik, eta, baimentzeko, ezinbesteko baldintza izanen da teknikari eskudunak sinaturiko proiektu teknikoa aurkeztea.

Eguzkitakoak eramangarriak izanen dira eta, beraz, egitura arina eta tolesgarria izanen dute.

Eguzki-babesek egitura autosostengagarri eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena, eta, horretarako, egitura arina izanen da eta modu ez solidarioan mihiztatuta egonen da, ezin izanen da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotu, ezta eremu publikoko beste ezein elementutan ere, eta zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, landareontziz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Eguzki-babesen eta eguzkitakoen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez eta 3,50 metro gehienez, edo 1,50 metro kasuan kasuko fatxadako edozein hutsarteren beheko ertzaren azpian.

Elementu horiek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

Eguzki-oihalak:

Oro har, edozein terraza instalaziok babesgarri hau izan dezake.

Elementu horiek eraikinaren fatxadan soilik lotzen ahalko dira, eta tolesgarriak edo bilgarriak izanen dira. Eguzki-oihala plano horizontalean edo makurtuan hedatu beharko da, debekatuta daudelarik alboko eguzki-oihal mota guztiak.

Eguzki-oihalen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez, garaiera hori isurkiaren beheko ertzeraino neurtuta, halakorik badute, eta gehieneko garaiera 3,50 metrokoa izanen da.

6.3. artikulua. Elementuen segurtasuna.

1.–Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

2.–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak, eta haize bortitzak kaltetu dezakeen beste edozein elementu, tolesten edo jasotzen ahalko dira, haizearen abiadura denean haien egileak segurtasunerako gehieneko abiaduratzat jotakoa bezalakoa edo handiagoa. Eguzki-babesen eta itxituren kasuan, proiektu teknikoak adierazi beharko du zer kalkulu hipotesien arabera diseinatu diren elementu hauen egiturak.

3.–Terraza haizeak tai gabe jotzen duen alde batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu hauek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

4.–Segurtasun arrazoiengatik, ez da inolaz ere baimenduko terrazaren elementuak eremu publikoan biltegiratzea, horiek plastikozkoak edo beste edozein material erregaiez eginak direnean.

5.–Ikusmen-desgaituek hauteman ahal izateko, terrazako elementuen zati bat ere ez da aterako baimendutako eremutik kanpo; orobat, ez da onartuko baimendutako eremuaren perimetroan elementuak jartzerik (elementu mugatzaileak, haize-babesak, itxiturak edo eguzki-babesak), baldin eta haien azpiko ertza 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago zoladuratik. Arrazoi beragatik, elementu hauetako bakoitzaren gutxieneko garaiera 90 zentimetrokoa izanen da, zoladuratik gora, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa izanen da gehienez.

6.4. artikulua. Ezaugarri estetikoak.

Honako eredu estetiko hau ezarri da, orientazio gisa eta lehentasunez:

Mahai eta aulkiak:

Mahaiak: egitura, lehentasunez, aluminio leundu eta anodizatuzkoa izanen da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa; mahai gainak zurezkoak, aluminiozkoak, zuntz sintetikozkoak edo antzekoak, eta tratatu eginen dira erraz garbitzeko.

Aulkiak: aulkien egitura aluminio leundu eta anodizatuzkoa izanen da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa. Jarlekuak eta bizkarraldeak zuntz sintetikoz, zurez edo lokarri plastifikatuz eginak izanen dira. Jarlekuan eta bizkarraldean onartzen da kuxin moduko elementuak erabiltzea.

Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Elementu horiek zurezko eta beirazko zerrendez (edo elementu gardenez) osatuta egonen dira, bertikalean eta orain bata eta gero bestea jarriz, eta zerrenda bakoitzak 15 zentimetroko zabalera izanen du. Akabera aluminio leundu eta anodizatuzkoa izanen da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa, izkina kamutsekin, eta alboko babes tarte bakoitzak 90 zentimetroko zabalera izanen du gutxienez.

Eguzki-babesak edo eguzkitakoak:

Eguzki-babesak: babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa, artile kolore naturalekoa edo antzekoa. Egitura aluminio leundu eta anodizatuzkoa izanen da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa, edo zurezkoa.

Eguzkitakoak: babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa, artile kolore naturalekoa edo antzekoa. Makuluak, beren euskarri elementuak eta tolesgarriak barne, aluminio leundu eta anodizatuzkoak izanen dira, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoak.

Eguzki-oihalak:

Eguzki-oihalen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa, artile kolore naturalekoa edo antzekoa. Egitura hedagarria aluminio leundu eta anodizatuzkoa izanen da, edo altzairu herdoilgaitz distiratsu edo satinatuzkoa.

7. artikulua. Apaingarriak.

1.–Apaingarriak jartzeko baimena ematen ahalko da (loreontziaren euskarriak, landareontziak, erakustokiak edo antzekoak) merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan, establezimenduak bere jardunari lotutako terraza izan ala ez izan. Elementu hauetako mota bat bakarrik ezartzen ahalko da establezimendu bakoitzeko; publizitate mezuren bat badute, kokatzen diren establezimenduari buruzkoa izaten ahalko da bakarrik.

2.–Oro har, ez da argindarra behar duen elementurik baimenduko.

3.–Elementu hauen gehieneko altuera 1,60 metrokoa izanen da, eta ez dute hartuko 80 × 80 cm-ko azalera baino handiagoa, proiekzio horizontalean.

4.–Establezimenduaren beraren fatxadako mugen barneko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

5.–Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro bat baino gehiago aterako, udal agintaritzak ez badu bestelako antolamendua baimentzen, behar bezala justifikaturiko kasuetan, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten badute oinezkoendako ohiko joan-etorria ez eragoztea.

6.–Ikusmen-desgaituen segurtasuna bermatzearren, berariaz debekatuta dago tripode tankerako edo antzeko elementuak paratzea.

7.–Ezin izanen dira finkatu lurrean edo eraikinaren fatxadan edo eremu publikoko beste edozein elementutan, eta diseinu egokia izanen dute bere kabuz egonkor izateko.

8.–Apaingarriek ezin izanen dituzte inola ere trabatu edo mugatu establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

9.–Ikusmen-desgaituek haiek hauteman ahal izateko, ez dira baimenduko azpiko ertza zoladuratik 15 zentimetro baino distantzia handiagora duten apaingarriak. Arrazoi beragatik, elementu bakoitzaren gutxieneko altuera 90 zentimetrokoa izanen da, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa, gehienez; muga honetan salbuespen izanen dira landareontziak, uste delako gaineko landareei esker erraz hautematen ahal direla.

8. artikulua. Eguzki-oihalak.

1.–Ordenantza honek aurreikusten du eguzki-oihalak paratzeko baimena ematea, ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetarako.

2.–Ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan ezartzen diren eguzki-oihalek honako muga hauek izanen dituzte:

Eguzki-oihala eratzen duten elementuetako bakar bat ere, salbuespenik gabe, ezin izanen da atera terrazarako baimendutako eremutik; hau da, erabat hedatu ondoren, eguzki-oihalak espaloiaren planoan duen proiekzio horizontalak ez ditu gaindituko baimendutako eremuaren mugak.

Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (itxitura, bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola era lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

Berariaz debekatzen dira batzuetan terrazaren eremua mugatzeko erabiltzen diren alboko eguzki-oihalak; haien lekuan, titularrak eskatzen ahalko du babesteko elementuak edo haize-babesak paratu ahal izatea.

3.–Baimendutako ordutegitik kanpo, bilduta egon beharko dute.

III. TITULUA

Eremu publikoaren baldintzak

9. artikulua. Terrazak jartzeko baimenaren baldintza orokorrak.

1.–Eremu publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen segurtasunari edo ibilgailuen joan-etorriei.

2.–Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz esan diezaiokete honelako inguruabarrak tarteko:

a) Hartaz arduratzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

b) Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

c) Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

d) Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

e) Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

3.–Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

4.–Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bestelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

5.–Udal agintari eskudunak terrazak eta gisako elementuak ezin para daitezkeen eremuak finka ditzake interes publikoak hala eskatzen badu, trazadura, kokapena, bide segurtasuna, obra publiko edo pribatuak, oinezkoen joan-etorri handia, saturazioa, ikuspena, irisgarritasuna edo beste edozein inguruabar dela eta.

Oinezkoendako eremuetan terrazak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

10. artikulua. Eremu publikoan terrazak instalatzeko baldintzak.

1.–Oro har, ikusmen-desgaituen joan-etorriak ez oztopatzeko, terrazak kokatuko dira horien establezimenduak daudeneko eraikinen ondoan. Establezimenduaren fatxadaren zabalera bera edo txikiagoa izanen du terrazak, eta establezimenduaren parean kokatuko da, oinezkoak igarotzeko lekua utzita.

2.–Hiri diseinu bateratua eta oinezkoen zirkulazio normala bultzatzearren, zenbait establezimenduk eskatzen badute baimena beren terraza espaloi tarte berean jartzeko, ez dira aldi berean baimenduko terraza batzuk fatxadaren ondoan eta beste batzuk espaloi ertzaren lerroan edo galtzadaren gainean; udal agintaritzak irizpide berari jarraituko dio guztietarako eta, kasu orokorrerako azaldu den moduan, galtzadaren ertzak izanen du lehentasuna terrazak jartzerakoan.

3.–Oro har, ezin izanen da terrazarik jarri oinezkoendako pasabideen, desgaitasunak dituztenentzat erreserbatutako aparkalekuen, autobus eta taxien geralekuen eta edukiontzien parean; halako tokietan jarri ahalko da, terraza eraikinaren fatxadaren ondoan jartzeko baimena ematen denean eta, gainera, terrazaren eta espaloi ertzaren artean gutxienez ere 4 metroko tartea egonen da oinezkoak pasatzeko.

4.–Establezimenduaren zabalera oso estua izateagatik terraza egokirik paratu ezin denean, salbuespenez eta udal agintariak aldez aurretik baimenduta, terraza hori alboko eraikinetako baten fatxadaren parean jarri ahalko da. Kasu horretan, ezinbesteko baldintza izanen da establezimendu horren titularraren berariazko baimena dakarren agiria aurkeztea; udal baimena baliogabetuta geratuko da, establezimenduaren titularrak bere baimena ukatzen duen unean.

10.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

1.–Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere 1,5 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da. Oinezkoendako pasabidea terraza eremu baten eta fatxada ondoko upel lerro baten artean dagoenean, pasabide hori 2,50 metrokoa izanen da.

2.–Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera hori proiekzio bertikal osoan errespetatu beharko da, eta gutxienez 3,50 metroko garaiera arte oztoporik gabea izanen da, zabalera eta luzera guztian.

3.–Horren ondorioz, terrazako elementu bakar batek ere ezin ahalko du baimendutako eremua igaro, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako pasabidea -aipatu berri dena- hartu ere.

4.–Udalaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide librea handitzen ahalko da.

5.–Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak, bidegorriak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, 4,50 metroko garaiera bitarte, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

10.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

1.–Oinezkoendako eremuetan terrazak jartzen direnean, ibilgailu ofizialak, hau da, suhiltzaileenak, poliziarenak, anbulantziak, garbiketakoak eta abar pasatzeko moduko oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, oztoporik gabeko 3,50 metroko zabalera duena gutxienez ere; oztoporik gabeko pasabide honen galibo altuera 4,50 metrotik gorakoa izanen da.

5.–Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide librea handitzen ahalko da.

6.–Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak, bidegorriak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, 4,50 metroko garaiera bitarte, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

7.–Terraza 10 metrotik gorako zabalera duen oinezkoendako eremu batean badago eta oinezkoendako kale horren ezaugarriak direla-eta hala egiterik badago, fatxaden ondoan edo oinezkoendako eremuaren erdialdean jarri ahalko da terraza, Udalak zer erabakitzen duen. Kalearen diseinua eta neurriak, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, ingurunearen baldintza estetikoak eta abar kontuan hartuz erabakiko da hori. Terrazak fatxadaren ondoan jartzen badira, kalearen erdialdean oinez ibiltzeko moduko tarte bat dagoela bermatuko da beti. Tarte horrek ez du inolako oztoporik izanen eta gutxienez ere 4 metroko zabalera izanen du. Terraza kalearen erdialdean jartzen bada, terrazaren bi aldeetan oinez ibiltzeko moduko bi pasabide daudela bermatuko da. Pasabide bakoitzak 3 metrotik gorako zabalera izanen du, eta bi aldeetako establezimenduek terrazarako eremu hori partekatu beharko dute.

Terraza oinezkoendako kalearen erdialdean jartzerik badago, establezimenduko langileen lana errazteko instalazio osagarri bat baimendu ahalko da, establezimenduko langileak ahalik eta gutxien ibil daitezen pasabidea zeharkatzen.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

11. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1.–Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

2.–Baimenen edo kontzesioen titularrak terrazen erabileraz arduratuko dira eta haien eskura dauden baliabideak jarri beharko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek auzokoei traba ez egiteko.

3.–Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

4.–Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, edo gisako beste edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo gisako beste edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailkuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak etab.)

e) Haurrendako josteta makinak paratu ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

5.–Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:

a) Ezin izanen da ezer ere zoladuran edo eraikinaren fatxadan lotu, eguzki-oihalak izan ezik, lizentzian horretarako aukera espresuki ezartzen ez bada behintzat.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

12. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

1.–Terraza zein jarduerari lotuta dagoen, hark baimendua duen ordutegia izanen du terrazak ere.

2.–Terrazen berariazko betebeharrak:

a) Erabiltzaileek eta udal agintaritzak ikusteko moduan jarriko dira prezioen zerrenda eta terrazaren planoa, establezimenduaren kanpoaldetik argi ikusteko eran, dela atean dela itxitura beiraztatuetan; informazio hori altuera egokian jarriko da, ongi argiztatuta. Udal agintaritzak dokumentu eredu bat ezar dezake, establezimenduek ikusgai jartzeko.

Terraza funtzionamenduan dagoen bitartean, ezin izanen dira inolaz ere eremu publikoan pilatu edo gorde terrazaren elementuak.

b) Eremu publikoan uzten ahal diren elementu guztiak modu antolatuan bildu beharko dira, betiere terrazarako baimendu den eremuaren barnean.

c) Titularrak terraza itxi beharko du erabiltzaileak auzokoei eragozpenak sortzen ari badira, eta hari dagokio, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo atera ditzaten.

d) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

e) Nahitaezkoa izanen da, terraza funtzionamenduan dagoenean, aldian-aldian garbitzea eta erratza pasatzea, eta, eguna bukatutakoan, terrazaren eremua erratzez eta lanbasez garbitzea.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazen araubide juridikoa

13. artikulua. Udal lizentzia.

1.–Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak paratu baino lehen udal baimena beharko da. Barasoaingo Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori.

2.–Ondorio horietarako, interesdunak eskaera aurkeztu beharko du Udaletxean, datu hauek azalduz: a) entitate eskatzailearen (funtzionamendurako udal lizentziaren titularraren) izena eta bi abizen, b) titularraren datuak, helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK, c) jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokalekua, d) terraza osatzen duten elementuak, 3. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera, eta e) memoria idatzia eta dokumentazio grafikoa, honako hauek jasotzeko:

–Lokala non dagoen adierazten duen planoa.

–Xehetasun planoa, eskala egokian. Bertan instalazioak ukitutako eremua deskribatu behar da, baita haren elementu guztien kokapena ere (mahaiak, aulkiak, haize-babesak eta abar), eta, oztoporen bat badago (trafiko seinaleak, zuhaitzak, hiri altzariak eta abar), adierazi egin behar da, baita udal zerbitzuetan izan daitekeen eragina ere (ura, saneamendua, gasa).

–Terrazaren elementu guztien deskribapena.

–Terrazako elementuak eremu publikotik kendu behar direnean, titularrak haiek gordetzeko erabiliko duen lokalaren deskribapena.

3.–Aurreko eskaerarekin batera, kasuen arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Terraza beste establezimendu baten parean ezartzeko eskaera egiten denean, haren titularraren baimen berariazkoa.

b) Terraza erabilera publikoko espazio pribatuak okupatuz ezartzeko eskaera egiten denean, ukitutako jabe elkartearen baimen berariazkoa.

c) Erantzukizun zibileko asegurua sinatu izanaren egiaztagiria, bermeen estaldura 300.000 eurokoa duena.

d) Ordenantza hau aplikatuz beharrezkoa den kasuetan, fidantza jarri izanaren frogagiria.

e) Ordenantza hau aplikatuz beharrezkoa den kasuetan, proiektu teknikoa, teknikari eskudunak sinatua.

14. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1.–Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, Udaleko agintari eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2.–Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Eskatzaileak Barasoaingo Udalarekin zorren bat edo beste duenean ere, baimenari ezezkoa emanen zaio.

15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1.–Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2.–Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta udal agintaritzak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3.–Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4.–Lizentziaren titularra terrazaren eremua eta ingurua mantendu eta garbitzera behartuta dago.

5.–Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

6.–Aldameneko eraikinean edo establezimenduaren eraikin berean jarritako aldamioek eta/edo markesinek terrazari eragiten diotenean, udal agintaritzak ezezkoa eman diezaioke terrazaren instalazioari.

7.–Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

16. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1.–Lizentziak gehienez ere hamabi hilabeterako emanen dira, eta zein urtetan ematen diren, ezin dute inola ere urte natural hori gainditu. Indarraldi hau, betiere, etenik gabekoa izanen da.

2.–Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu beste lizentzia bat hurrengo ekitaldirako lortu, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, instalazio guztia kenduz.

3.–Lizentziak automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoa aplikatuko da eta berriz eskatuko terrazarako baimena.

4.–Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

II. ATALA

Zehapenen araubidea

17. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko, bai jarduera egiteko moduari bai gainerako aginduei dagokienez.

18. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1.–Udal agintaritzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2.–Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintaritzak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3.–Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

19. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

1.–Eremu publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna lehengoratzea dela ulertuko da. Lehengoratze horren erantzuleak ez badu bere borondatez halakorik egiten, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2.–Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1.–Hona hemen hutsegite arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Baimenean aurreikusitako elementuak paratzea (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baina baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gaindituz. Eskatutako unitateak baino bi gehiago jartzea (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak).

c) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

d) Baimendutako eremuaren mugak igarotzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalkinarekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalkinarekin.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk baimendutako eremutik kanpora edukitzea tolestuta, pilatuta edo gordeta.

g) Ez betetzea eginbehar hau: terrazako jarduera egiteko udal baimena eta ordenantza honek ezarritako informazio osagarria erabiltzaileek eta udal zerbitzuek ikusteko moduan edukitzea.

h) Ez betetzea eginbehar hau: terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten lurreko markak beti ikusgai edukitzea edo, garbiro ikusten ez direnean, udal agintariaren inguruabar horren berri ematea.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteak ez badira.

2.–Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimendutako terraza elementuak (mahai, aulki eta bestelakoak) jartzea, baina baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak nabarmen gaindituz. Lizentzian baimendutako aulki, mahai edo bestelakoen halako bi baino gehiago jartzea.

c) Terrazak edo/eta ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea aldez aurretik aginduzko udal lizentzia edo baimena lortu gabe.

d) Eremu publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak bilduta, pilatuta edo biltegiratuta edukitzea eremu baimenduaren barnean edo kanpoan, funtzionamendu ordutegitik kanpo.

e) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalkinarekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalkinarekin, oztoporik gabeko pasabidea, oinezkoendako edo ibilgailuendako dena, hartuz.

f) Udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzei ez egokitzeagatik, Udalak instalazioa edo haren elementuetako bat kentzeko eskatu eta agindua ez betetzea.

g) Araudian eremuen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

h) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea kontserbazioari, segurtasunari eta higieneari dagokienez

i) Hiri altzariak edo baimendu gabeko edozein euskarri erabiltzea, terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

j) Erre daitezkeen instalazioko elementuak (plastikozko mahaiak eta aulkiak eta abar) bilduta, pilatuta edo biltegiratuta edukitzea, eremu baimenduaren barnean edo kanpoan, funtzionamenduaren edozein ordutegitan.

k) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen larriak sortzea edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

3.–Hona hemen arau-hauste oso larriak:

a) Urtebetean 3 arau-hauste larri egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak edo/eta beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako, saneamenduko eta elektrizitateko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipoak, josteta makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak etab.).

c) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte.

d) Terraza edo horren edozein elementu erabat edo hein batean kentzeko agindu eta ez betetzea, udal agintariak manatzen duenean trafikoaren, urbanizazioaren, interes orokorreko edo Udalaren intereseko arrazoiak direla medio.

e) Berariaz baimendutakoa ez beste edozein jardueratan aritzea.

f) Eremu publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa jartzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita bai ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako eremu publikoan jarrita dauden elementuak, baita oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasuna ere.

h) Eremu publikoaren lurzorua okupatzea argitalpenekin edo jendearen joan-etorria oztopatzen duten elementuekin edo hiri ingurunea hondatzen dutenekin.

i) Kontzesioaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

j) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

21. artikulua. Zehapenak:

1.–Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 601etik 3.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako kentzea.

c) Arau-hauste oso larriak: 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia kentzea.

2.–Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

3.–Ordenantza honen aurkako arau-hausteen zehapen prozedurak tramitatuko dira Polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzan xedatuaren arabera.

22. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1.–Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2.–Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

3.–Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

23. artikulua. Graduazio irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean eta, aplikatu beharreko zehapena graduatzerakoan, legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpidei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituen horiei jarraituko zaie.

24. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan erregulaturiko arau-hausteei dagokienez, hiru urte igarota preskribatuko dira oso larriak, bi urte igarota larriak eta sei hilabete igarota arinak.

Epe horiek ekintza zigorgarria egiten denetik hasita kontatuko dira edo, arau-hauste jarraituak direnean, egiteari uzten zaionetik kontatzen hasita.

25. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenak aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dira, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik kontatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek sei hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1416843