100. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

987/2015 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez errepideetako zaintzaile izateko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dira. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda berri bat errepideetako zaintzaile lanpostuan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezietako egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpe daudenetan.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I
Errepideetako zaintzaile gisa, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da, errepideetako zaintzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatuarekin bat.

2.3. Oinarri honetako 2.1 idatz-zatian jasotako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II
Deialdia, errepideetako zaintzaile gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da errepideetako zaintzaile lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) eta 2.1.e) ataletan eskatzen diren betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ezta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III
Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik, eta, hala badagokio, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betekizunen frogagirienak.

Errepideetako zaintzaile lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera adierazten denean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean), deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, betekizunen bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onesten diren deialdietarako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko hainbat aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren herena hain zuzen.

Proba egiteko boligrafoa eraman behar dute, tinta urdinekoa edo beltzekoa eta punta lodikoa. Kalkulagailu programaezina erabiltzen ahalko da.

4.2. Proba horrek 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Pedro Luis Soto Valcarce jauna, Sustapen Departamentuko Kontserbazio Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: Luis Miguel Martín Gómez jauna, Sustapen Departamentuko Nafarroako Erdialde-Iparraldea Zaintzeko Bulegoko burua.

Mahaikidea: Francisco Ruiz Urmendia jauna, Sustapen Departamentuko Nafarroako Mendebaldea Zaintzeko Bulegoko burua.

Ordezko mahaikidea: Fernando González Soriguren jauna, Sustapen Departamentuko Nafarroako Hego-Mendebaldea Zaintzeko Bulegoko burua.

Mahaikidea: Pablo González Sánchez jauna, Sustapen Departamentuko Herri lanetako ingeniari teknikoa.

Ordezko mahaikidea: Rafael Osés Primo jauna, Sustapen Departamentuko Obra Zibileko teknikaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: María José Vidal de Grado andrea, Sustapen Departamentuko Ustiapen Ataleko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: María Begoña Montón Benito, Sustapen Departamentuko Kudeaketa Teknikoaren Bulegoko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Errepideetako zaintzaile lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien zerrendak onetsiko dira. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, deialdiaren aipamena).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten pertsonek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, B motako gida-baimenaren, Eskola-Graduatuaren edo lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horien baliokidearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia lortzen duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2015eko apirilaren 27an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda (Errepideetako zaintzailea)

1. gaia.–Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskumenak. Funtzionamendua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: eginkizunak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak.

2. gaia.–Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legea.

–Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Plangintza, proiekzioa eta eraikuntza. Finantzaketa eta ustiapena. Jabari publikoa babesteko araubidea eta jabetzari ezarritako mugak. Hiri barneko tarteak eta errepideetako zeharbideak. Koordinazioa beste administrazio batzuekin. Zehapenen araubidea.

3. gaia.–Errepideak.

–Ezaugarri geometrikoen definizioa. Zeharkako sekzioa, galtzada, erreia, bazterbidea, plataforma, lur-berdinketa, luzetarako profila, zeharkako profilak, sestra, trazadura, peraltea, ponpaketa. Bide-zoruaren dimentsioak. Trafikoa. Zabalgunea.

4. gaia.–Betun-nahasketak.

–Betun-nahasketak. Mota ezberdinak. Fabrikazioa eta obran jartzea. Ureztatzea. Materialak; agregakinak, konglomeranteak, betun-aglutinatzaileak eta abar, baldintzak eta saiakuntzak. Betun-nahasketa bereziak. Betun-nahasketen akatsak eta horien garrantzia. Granulometria eta zehaztapenak. Hotzeko mikroaglomeratuak.

5. gaia.–Elementu lagungarriak.

–Zutikako seinaleztapena. Oinarrizko printzipioak. Jarraibide orokorrak. Seinale motak. Seinaleen esanahia. Seinale motak. Forma eta kolorea. Ikuspena. Bide-marrak. Eginkizunak, sailkapena eta ezaugarri fisikoak. Kolorea. Islatzeko gaitasuna. Materialak. Bide-marken motak. Segurtasun hesiak eta eusteko elementuak.

6. gaia.–Drainatzea.

–Luzetarako eta zeharkako drainatzea. Fabrika-obra txikiak. Barne tarteen eta sekzioen araberako definizioa eta sailkapena. Zer zatiz osatuta dauden. Gainazaleko uraren husketa. Higadura. Ezpondak. Azaleko eta sakoneko drainatzea. Arekak eta erretenak egitea. Kutxetak eta erregistro putzuak. Estolda-zuloak eta hustubideak. Lur azpiko drainatzeak. Material iragazlearen ezaugarriak.

7. gaia.–Neguko bidezaintza.

–Makineria, materialak, instalazioak, langileak. Zaintza eta informazioa. Normaltasun, prebentzio eta ekaitz egoerak eta beharrezkoak diren tratamenduak.

8. gaia.–Aritmetika eta geometria.

–Eragiketa aritmetikoei buruzko funtsezko ezagutzak. Figura berdinak, baliokideak eta antzekoak. Angelu auzokideak, osagarriak eta gehigarriak. Angeluen sailkapena. Horiek neurtzeko aparatuak. Erdikaria. Perpendikularrak eta zeiharrak. Paraleloak: ezaugarriak. Zeharkako batek ebakitako paraleloen arteko angeluak. Poligonoak eta azalerak. Triangeluak: propietateak, sailkapenak, ezaugarriak. Poligono baten angeluen batura. Laukiak, sailkapena eta propietateak. Trapezioa. Poligono erregularrak. Zirkunferentzia. Arkuak. Kordak. Propietate orokorrak. Arkuaren neurriak. Angeluak erdigunean, inskribatuak, barnekoak eta kanpokoak. Tangenteak: propietateak.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioaren eskabidea

Deialdiaren datuak.

Lanpostua

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Zk.:

Eguna:

Datu pertsonalak.

Izen-deiturak

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (kalea, zenbakia, atea eta abar)

Herria

Posta kodea

Probintzia

Telefonoak (3 gehienez)

Posta elektronikoa

Baimena.

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari espedientea tramitatu eta ebaztearren beste administrazio publiko batzuen datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko, hauexek kasu honetan: NANa eta deialdian eskatzen den titulazio akademikoa.

Desgaitasunaren egiaztapena (bidezko denean, bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Halaber, honako hau adierazten dut:

Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa badudala.

Ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua, ezta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ere.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .....................................................................ko (sorterria) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik.

Tokia eta eguna

Sinadura

OHARRAK: Eskabidearekin batera, NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA, FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

KARLOS III.AREN ETORBIDEA, 2, 31002 IRUÑA.

III. ERANSKINA

Eskabidea

Prestakuntzarako zerbitzu bereziak (Bakarrik Nafarroako Foru Komunitateko langile finkoak)

Deialdiaren datuak.

Lanpostua

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Zk.:

Eguna:

Datu pertsonalak.

Izen-deiturak

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (kalea, zenbakia, atea eta abar)

Herria

Posta kodea

Probintzia

Telefonoak (3 gehienez)

Posta elektronikoa

Baimena.

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari espedientea tramitatu eta ebaztearren beste administrazio publiko batzuen datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko, hauexek kasu honetan: NANa eta deialdian eskatzen den titulazio akademikoa.

Lanpostuaren datuak.

Departamentua

Zerbitzua

Lanpostua

Maila

Desgaitasunaren egiaztapena (bidezko denean, bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Halaber, honako hau adierazten dut:

Nire lanpostuan jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tokia eta eguna

Sinadura

OHARRAK: Eskabidearekin batera, NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA, FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

KARLOS III.AREN ETORBIDEA, 2, 31002 IRUÑA.

F1507331

Iragarkiaren kodea: F1507331