95. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Auzolana arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Aurizko Udalak, 2013ko uztailaren 4ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Auzolana arautzen duen ordenantza. Onespenaren erabakia 2014ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta ordenantza osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana arautzea, Aurizko herriaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, auzolanaren bidez arautzen da, Aurizko ohitura zaharra baita; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Auritzen bizi direnek dute auzolana egin beharra.

Udalerriko Biztanleen Erroldan orri berean agertzen diren pertsonek eratzen dute familia unitatea, auzolana egiteari dagokionez, nahiz eta auzolanerako deia egiten den bakoitzean haietako bakar batek duen egin beharra; etxeko egur-loteak zein herriko baratzak (betiere erabili gabe baldin badaude) edukitzeko eskubidea izango dute.

4. artikulua. Salbuetsita daudenak.

a) Hemezortzi urtetik beheitikoak eta berrogeita hamabostetik goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

5. artikulua.

Aipatutako taldeetan daudenek auzolanean parte har dezakete borondatez eta Udalak hori kontuan hartuko du egur loteak egiteko baso-aprobetxamenduak egin behar direnean edo soberan dauden herriko baratzak erabiltzeko orduan.

6. artikulua.

Beste familia bateko pertsona egoki batek ordezko gisa egiten ahalko du auzolana, edo, bestela, ez egiteko ordaindu ahalko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 53. artikuluari jarraikiz.

7. artikulua. Erregulazioa.

Aurizko Udala behartua dago auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzera.

8. artikulua.

Traktorea uztea familia unitate gisa hartuko da kontuan.

9. artikulua.

Edozein inguruabar dela eta, familia unitate batek uste badu ezin duela auzolana egin, egitera behartuta dagoenean, eskakizuna aurkeztuko dio Udalari, eta hark, inguruabarrak azterturik, eginbehar horretatik hein batean edo erabat salbuesten ahalko du familia unitatea.

10. artikulua.

Auzolana egitera jakinarazi gabe ez joateak diru kopuru bat ordaintzea dakar eta Udalak urtero zenbateko hori ezarriko du; 2014ean 50 euro izango da.

11. artikulua.

Aurizko Udalak auzolanerako deia gutxienez 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki oholean agertuz.

12. artikulua.

Lan aferak direla-eta bizilagunen batek ezin badu auzolanerako ezarritako ordutegian agertu, Udalari jakinaraziko dio; Udalak beste lan bat egiteko esango dio beste ordutegi batean, bizilagunen artean bereizkeriarik gerta ez dadin.

13. artikulua.

Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Lanak bereziak direnean Udalak espezialistak izendatu ahalko ditu, lanak zuzendu eta kontrolatzeko.

Auritzen, 2014ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Jose Irigaray Gil.

Iragarkiaren kodea: L1406998