89. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58/2014 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, segurtasunaren eta larrialdien arloko etengabeko prestakuntzarako ekintzak homologatzeko oinarriak onesten dituena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuaren 37.h) artikuluaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiak ditu Nafarroako administrazio publikoetako segurtasun eta larrialdietako langileen prestakuntzaren arloko eskumenak.

Bestalde, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak (gaur egun, Barne Zuzendaritza Nagusiari organikoki atxikia dago Nafarroako Segurtasun Eskola) ezartzen du erakunde horren eskumena dela Nafarroako Polizia kidegoetako langileak, albienteak, su-hiltzaile profesionalak, behin-behineko su-hiltzaileak, su-hiltzaile boluntarioak eta Nafarroako babes zibileko erakundeetako langileak trebatzea, garatzea eta prestatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko segurtasun eta larrialdietako langileen prestakuntzan beste erakunde eta entitate publiko batzuek ere parte hartu dute, zenbaitetan garai batean erakunde autonomoa zen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera jardun dutenak, horrela Nafarroako administrazio publikoetako segurtasuneko eta larrialdietako langileen etengabeko prestakuntzarako ekintzen eskaintza zabalduz, instituzioen arteko lankidetzari esker.

Kontuan hartuta Barneko zuzendari nagusiaren azaroaren 15eko 153/2012 Ebazpena onetsi zenez geroztik izandako esperientzia –ebazpen horren bidez segurtasunaren eta larrialdien arloko etengabeko prestakuntzarako ekintzak homologatzeko oinarriak onetsi ziren–, komenigarria da beste ebazpen bat argitaratzea, interesgarritzat jotzen diren berriak biltzeko eta hemendik aurrerako homologazioetan erabili beharreko irizpideak finkatzeko.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Etengabeko prestakuntzarako ekintzak homologatzeko oinarriak onestea. Ebazpen honi erantsi zaizkio.

2. Oinarri horiek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Larrialdietako Agentziara, Nafarroako Segurtasun Eskolara eta Etengabeko Prestakuntzari buruzko Akordio Nazionala izenpetu zuten zentral sindikaletara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko martxoaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Francisco José Fernández Elizalde.

ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO EKINTZAK HOMOLOGATZEKO OINARRIAK

Lehena.–Erakundeek eta entitate publikoek, zeinek bere eskumenen edo helburu profesionalen esparruan, Nafarroako administrazio publikoetako segurtasuneko eta larrialdietako langileentzako prestakuntza ekintzak egiten badituzte eta interesa badute Barne Zuzendaritza Nagusiak horiek homologatzeko, hari egiten ahalko diote eskaera.

Bigarrena.–Barne Zuzendaritza Nagusiak beste erakunde eta entitate publiko batzuen prestakuntza ekintzak homologa ditzan, beharrezkoa da ekintza horien diseinua Nafarroako Segurtasun Eskolak onetsitako Prestakuntza Planen diseinuarekiko homogeneoa izatea.

Hirugarrena.–Interesa duten erakunde eta entitate publikoek Barneko zuzendari nagusiari zuzenduko diote eskaera. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

1. Entitate eskatzailearen izaera juridikoa, eta bere helburuak prestakuntzari dagokionez.

Aurkeztu beharreko agirien artean, nahitaez, entitate eskatzailearen estatutuen kopia bat egonen da, baita fundazio-aktarena edo entitatea sortu izanaren dokumentuarena (behar den erregistro ofizialean inskribatua). Entitatearen titularrak edo behar bezala kreditatutako lege-ordezkariak sinatua egonen da eskaera.

2. Homologazioa zer prestakuntza-ekintzatarako eskatzen den, datu hauek zehaztuta:

a) Izena.

b) Prestakuntza-ekintza horrek Nafarroako Segurtasun Eskolaren helburuekin duen lotura, langile publikoek segurtasunaren eta larrialdien arloan dituzten prestakuntza beharren arabera.

c) Helburuak.

d) Hartzaileak.

e) Parte-hartzaileen gehieneko kopurua (edizioko).

f) Edukia, datu hauek zehaztuta: ikasgaiak, edukien multzoak eta bakoitzari esleitutako ordu kopurua.

g) Iraupena.

h) Mota: presentziala, online, mistoa edo urrutikoa.

i) Ikasleei exijitzen zaien gutxieneko presentzia (portzentajea).

j) Ekintza egiteko tokia, egunak, ordutegiak.

k) Edizio kopurua.

l) Egiteko baliabideak.

m) Koordinatzailea.

3. Prestakuntza-ekintzaren programa osatzen duten ikasgaiak emanen dituzten irakasleen titulazioa eta/edo espezialitatea.

4. Ebaluazioa:

Prestakuntza-ekintza bakoitzean, inkesten bidez edo beste modu batean, ikasleen iritzia jasoko da, pozik gelditu diren ala ez jakiteko. Prestakuntza-ekintzaren ondoren aprobetxamenduari buruzko ziurtagiriren bat eman behar bada, datu hauek ere emanen dira: zer proba eginen diren ikasleek ezagupenak barneratu dituzten jakiteko, eta zein diren ikasleek eskuratutako trebeziak.

5. Dokumentazioa ebazpen honi atxikitako ereduei jarraikiz beteko da.

Laugarrena.–Homologazioa jasotzen duen erakunde eta entitate publikoak edo elkarteak prestakuntza-ekintzari buruzko ziurtagiriak eman beharko dizkie irakasleei zein ikasleei. Nafarroako Segurtasun Eskolak jarraibideak eman ditzake eman beharreko ziurtagiriaren eredu eta formatuari buruz. Ziurtagirietan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

a) Izena, deiturak eta NANa.

b) Prestakuntza-ekintzaren izena.

c) Prestakuntza-ekintza sustatu duen entitatearen izena.

d) Barne Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, prestakuntza-ekintza homologatzen duena.

e) Mota: presentziala, online, mistoa edo urrutikoa.

f) Ziurtagiri mota: asistentzia agiria edo aprobetxamenduari buruzkoa.

g) Non eginen den.

h) Prestakuntza-ekintzaren hasiera eta bukera datak.

i) Ikastordu kopurua.

j) Ziurtagiria non eta noiz egin den.

k) Entitatearen ordezkariaren sinadura.

Bosgarrena.–Homologazio eskaerak jarduerak egin baino 30 egun lehenago aurkeztuko dira beranduenez.

Ez da inola ere homologatzen ahalko eskaera aurkezterako hasia edo bukatua den prestakuntza-ekintzarik.

Seigarrena.–Barneko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, behar den moduan arrazoituz eskatutako homologazioa eman ala ukatzen den.

Ebazpena emateko epea bi hilabetekoa izanen da, baina eteten ahalko da dokumentazio osagarria aurkeztea beharrezkoa bada. Isiltasuna positibotzat joko da.

Homologazioari buruzko ebazpenak balioa izateko, entitate sustatzaileak betebeharrak betetzen dituela frogatu beharko du.

Homologatutako prestakuntza-ekintza burututa galduko du indarra homologazioak, eta homologazio berria eskatu beharko da beste prestakuntza-ekintza bat egin behar den bakoitzean edo hasieran homologatutako edizio kopurua gainditzeko asmoa baldin badago.

Zazpigarrena.–Ekintza sustatzen duen erakunde eta entitate publikoak edo elkarteak, prestakuntza-ekintza buruturik, ekintza bukatu eta bi hilabeteko epean beranduenez, honako dokumentazioa igorriko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari:

a) Prestakuntza-jardueraren memoria edo laburpena, ikasleek egindako ekintzaren ebaluazioko emaitzak ere biltzen duena.

b) Ikasleen zerrenda ziurtatua, eta, bertan, haien izen-deiturak eta NANa. Bertaratzeko beharra duen prestakuntza-ekintza baldin bada, gutxieneko asistentzia bete duten ikasleak zein diren emanen da aditzera. Aprobetxamenduari buruzko agiria ematen den prestakuntza-jarduera denean, ikasleei egindako ebaluazioen emaitzak adieraziko dira, espreski zehaztuta zeinek gainditu duten prestakuntza-jarduera.

c) Irakasleen zerrenda ziurtatua, ongi zehaztuta irakasle bakoitzaren izen-abizenak eta NANa.

Hori Nafarroako Segurtasun Eskolak ezarritako datuekin eginen da.

Zortzigarrena.–Entitate sustatzaileen betebeharrak.

Entitate sustatzaileek homologazio-ebazpenean ezarritako moduan egin behar dituzte prestakuntza-ekintzak. Homologatutako prestakuntza-jardueran aldaketaren bat egin beharko balitz, haien berri eman beharko zaio Nafarroako Segurtasun Eskolari, prestakuntza-jarduera hasi baino lehenago betiere.

Entitate sustatzaileek ikasleen asistentzia kontrolatzeko behar diren mekanismoak izanen dituzte, eta, aprobetxamenduari buruzko ekintza baldin bada, baita ikasleak ebaluatzeko probak kontrolatzeko ere. Behar den dokumentazioa zaintzapean egonen da beti.

Bederatzigarrena.–Barne Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Segurtasun Eskolaren bidez, edozein unetan eskatzen ahalko ditu homologatutako prestakuntza ekintzei dagokienez beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazioa eta datuak.

Hamargarrena.–Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1406222