89. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

221/2014 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikuluan, “Gazteen elkartegintza eta gazteen beste erakunde batzuk”, ezarritakoaren arabera. Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak sendotu egiten du eskumen hori, baita uztailaren 2ko 36/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuek ere, gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta diru-laguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak dituen helburuen artean gazteen elkartegintza sustatzea dago, gazteak gizarte-bizitzan integratu eta parte hartzeko modua den aldetik. Horretarako, erraztasunak eman nahi dira gazteentzako programak aurrera eramateko eta haien egoitzen funtzionamendu eta hornikuntzarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdiaren oinarriak onestea, gazteentzako programen garapenerako. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 100.000 (ehun mila) euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2014rako luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Gazte elkarteen programetarako diru-laguntzak” izeneko 940003-95220-4819-232100 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta zehaztea presako tramitazioa erabili behar dela, deialdian parte hartu nahi duten gazte elkarte guztiak informatzeko jendaurreko epea bete ahal izateko.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Kontu-hartzailetza Delegatuari, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, horren Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Zuzendaritza-Kudeatzailetzari, Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari eta Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko apirilaren 10ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek, Nafarroako gazteen artean garatzen diren proiektuak aurrera eramateko.

Deialdiak onura publikoa dakar, gazteen elkartegintza sustatzea interesgarria delako gizartearentzat eta bide bat sortzen duelako gazteentzat beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan parte hartzeko.

2. Helburua.

Nafarroako gazte elkarteei laguntzea dute helburu deialdi honetako diru-laguntzek, gazte nafarrek bizitza sozialean duten parte-hartzea hobetuko duten proiektuak gauza ditzaten.

3. Entitate onuradunak.

Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden gazte elkarte guztiek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean. Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda prestatzeko arauak eguneratu zituen Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen ditu elkarte horiek, mota hauetakoak izan daitezkeenak:

A mota) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren eta apirilaren 22ko 397/1988 Errege Dekretuaren arabera eratutako gazte elkarteak, lehen aipatu helburuak, estatutuetan islatuak, dituztenak.

B mota) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratutako elkarteen gazte atalak; gazteriari buruzko programak garatuko dituen gazte atala, parte hartzeko bere organoak dituena, baimenduta izan beharko dute estatutuetan.

C) mota Gazteei zerbitzuak ematen dizkieten irabazi asmorik gabeko entitateak. Gazteriaren Zuzendariordetzak bidezkotzat joz gero, gazteek osatutakoak direla erabakitzen diren elkarteak sartzen ahalko dira idatz-zati honetan, baldin errolda hau prestatzeko arrazoi diren helburuak betetzen badituzte.

4. Diru-laguntza izan dezaketen proiektuen edukia.

Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte arteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

Diruz laguntzen ahal diren proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, helburuak lortzera bideraturik plan egituratu bati jarraikiz.

Gazte elkarteek eginen dituzten proiektuak lagunduko dira diruz. Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten gaiak landuko dituzte proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzeko jarduketak.

d) Gazteen aukera berdintasuna eta parte-hartze solidarioa bultzatzen dituzten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

e) Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituzten jarduketak.

f) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

g) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, baita obrak egitea edo material inbentariagarria eskuratzea helburu dutenak ere, aurreikusitako jarduerak egiteko.

Proiektu horiek 2014ko martxoaren 1etik 2014ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Proiektuak egiteko diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzatik kanpo gutxienez ere bi gaueko ostatua behar duten jarduerak.

–Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedakuntzan egindako gastua.

–Egoitzaren eta jardueren aseguruaren ordainketa.

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, proiektuek izaeragatik, haien arloan aditua den teknikari profesionala kontratatzea eskatzen dutelako.

–Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketen barruan, astialdiko prestakuntza ekintzak daude: elkartekideek Nafarroan edo beste autonomia erkidego batean onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek astialdiko monitore edo zuzendari izateko antolatzen dituzten ikastaroetan parte hartzea.

–Askotariko gastuak, diru-laguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

Diru-laguntza jasotzen duten gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6. Diru-laguntzaren xede ez diren kontzeptuak eta gastuak.

Hurrengoak deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen elkarteen jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteetako langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen jarduerak antolatu eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpalekuetara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Diru-laguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzenean lotu gabeko gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7. Diru-laguntzen gehieneko kopuruak.

7.1. A motako elkarteek aurkeztutako proiektuen gehieneko kostua 12.000,00 eurokoa izanen da.

B eta C motako elkarteek aurkeztutako proiektuen gehieneko kostua 6.000,00 eurokoa izanen da.

7.2. Aurkeztutako aurrekontuaren %66,66koa izanen da diru-laguntza A motako elkarteentzat, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

Aurkeztutako aurrekontuaren %66,66koa izanen da diru-laguntza B eta C motako elkarteentzat, eta 4.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.3. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du diru-laguntza gazte elkarte bakoitzeko, betiere 11.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortu duten guztiei aurreikusitako gehieneko zenbatekoa emateko, diru-laguntza hainbanatuko da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, A motako elkarteek aurkez dezaketen bigarren proiektuari helduko litzaioke, betiere behar adinako puntuazioa lortu badute, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte.

7.4. Diru-laguntza izan dezaketen gastuetarako honako muga hauek jarri dira, 4. oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da.

b) Egoitzatik kanpora egiten diren jardueretan, gaua ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Gehienez ere 900 euroko laguntza emanen da egoitzaren eta jardueren aseguruaren gasturako.

d) Gauzatu beharreko proiektuaren arloan aditua den teknikari profesional baten kontratazioa behar duten proiektuetan, ezin izanen da gehieneko guztirako gastuaren %20 gainditu, proiektu bakoitzeko zerbitzu profesionalen kontratazioan egindako gastuan.

8. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Gazteendako proiektuetarako diru-laguntza eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko erregistroan (Arrieta kalea, 25, solairuartea; Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan.

Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar dakizkion eskaerari.

9. Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Diru-laguntzarako eskaerak, entitateko buruak sinatuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen dituen eta/edo www.juventud.navarra.es web orrian eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko diren ereduak erabiliz aurkeztuko dira (1. eredua).

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela ziurtatzen duen agiria.

b) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik ez duela urratzen azaltzen duena (2. eredua).

c) Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez ere, helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskripzioa, garatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua (5. eta 6. ereduak) jasoko dituzte.

d) Elkarteak proiektuak prestatzen eta/edo jarduerak eta programak planifikatzen lehendik daukan esperientzia jasotzen duen dokumentua.

a) eta b) atalei dagokien dokumentazio administratiboan akats materialik atzematen bada, bost egun naturaleko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, eta eskatzen den dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztu beharko da ezartzen den epean.

9.2. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

9.3. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, baita datu faltsuak dituztenak ere.

10. Instrukzioa.

10.1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira.

10.2. Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiari dagokio, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren bidez, diru-laguntza emateko prozedura instruitzea; hark aztertu eta kalifikatuko ditu aurkezten diren eskaerak eta erantsi zaien dokumentazioa, bidezko zuzenketak egiteko eskatuko du eta eskaerak baloratzeko behar diren instrukzio egintza guztiak eginen ditu. Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ebazpen proposamena eginen dio.

10.3. Proiektuen xedeko hainbat arlotako adituen laguntza izaten ahalko da instrukzio aldian.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Eskaerak baloratzeko, ebaluazio batzorde bat eratuko da, Gazteriaren zuzendariorde nagusia buru duela, eta honako hauek kide: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua, Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoko burua eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko burua edo bere ordezkaria den kontseilukidea.

Ebaluazio batzordeak diru-laguntzak emateko eskaerak baloratuko ditu, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

11.2. Proiektuen balorazioa honako irizpide hauei jarraikiz eginen da, balorazio bateratuaren bitartez:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien den deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Atal honetan baloratzekoak: jardueren plangintza, helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia, proiektuaren izaera berritzailea eta emaitzen adierazleak.

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

12. Ebazpena, diru-laguntza ordaintzea eta justifikazioa.

12.1. Diru-laguntzak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen dira, espedientea, organo instruktorearen proposamen-txostena eta ebaluazio batzordearen erabakiak ikusirik, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 30 egun naturaleko epean.

Diru-laguntza emateko ebazpenean haren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira diruz lagundutako proiektu bakoitzeko. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Eskaerak ezetsitzat joko dira ez bada ebazpen espresik ematen ezarritako epean.

12.2. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da 2014ko urriaren 17an, beranduenez. Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Programaren txosten orokorra, programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzaren helburuei, iraupenari, gauzatzeko tokiari, parte-hartzearen kuotari eta emaitzen beste adierazle batzuei buruzko informazioa zehaztuta (7. eredua).

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraz jarduera (8. eredua).

c) Astialdiko prestakuntza ekintzetarako, jatorrizko fakturak (ikastaroa egiten duten elkarkideen izena eta bi deitura izanik) eta dagozkien ordainagiriak aurkeztuko dira. Horrez gain, ikastaroak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren diru-laguntzarik jaso duen ala ez adieraziko da eskabide-orrian.

d) Kasu guztietan, gastuen justifikazioa jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Gastu bakoitzaren fotokopia konpultsatuak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duen edo administrazio eragina duen beste agiriren bat ere aurkezten ahalko dira. Fakturek jarduerak antolatu eta diru-laguntza eskatzen duen gazte elkartearen izenean izan behar dute, eta “aztertua” hitzarekin zigilatu ondoren itzuliko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura luzatzen deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). PFEZren atxikipena zehaztuko da langileak autonomoen araubidearen menpe daudenean, edo antzeko lan egoera batean. Kasu horretan, ordainketaren justifikazioaz gain, Ogasunean sartutako atxikipenen likidazioa aurkeztu beharko da. Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Faktura guztiek ordainketaren egiaztagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, emate-orriak, autofakturak eta froga baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Dokumentazio hori modu honetan aurkeztuko da: karpeta batean, deialdian eskatzen den dokumentazioaren jatorrizko agiri guztiak eta jarduketen fitxak, dataren arabera ordenatuta, fakturak atxikita; beste karpeta batean, dokumentazioaren fotokopiak eta lehen aipatu justifikazioa.

e) Egindako jardueren zerrenda, jarduera bakoitzari egozten zaizkion fakturak xehakaturik (9. eredua). Dokumentu hori paperean eta euskarri informatikoan aurkeztu behar da.

f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako debekurik ez duela urratzen azaltzen duena.

g) Beste erakunde publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta emandako zenbatekoa (3. eredua).

h) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.3. Diru-laguntzak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ordainduko dira, diruz lagundutako proiektu teknikoa justifikatu ondoren.

a) Emandako diru-laguntzaren %100a justifikatzen ez bada, emandako diru-laguntza justifikatu ez den neurri berean murriztuko da haren ordainketa.

b) Gastuen justifikazioan, fakturen bidez egindakoa, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak eskatzaileei.

d) Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, baita datu faltsuak dituztenak ere.

e) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizuneko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren, eman baziren, edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.4. Deialdiari jarraikiz diru-laguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubidea eskuratzen denik.

12.5. 2014ko diru-laguntza ordaindu ahal izateko, diru-laguntza beraren 2013ko espedienteak likidatuta eta bukatuta egon beharko du.

12.6. Deialdi honi loturik ematen diren ebazpenak jendaurrean jarriko dira, jendeak ikus ditzan, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren iragarki oholean, baita www.juventud.navarra.es web orrian eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan ere.

13. Betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunak diren elkarteek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, beste hauek ere izanen dituzte:

a) Helburua lortzea eta diru-laguntza emateko oinarri den proiektua gauzatzea.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

c) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, baita diruz lagundutako proiektuei buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez daukan parte-hartzearen berri emanen da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

–Testuan: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak diru-laguntza eman du.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusira betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

d) Erantzukizuneko aitorpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean (2. eredua).

e) Diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko bestelako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari horien berri ematea. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala eguneratuta edukitzea (2. eredua).

g) Gazteen irtenaldietan, bi gaueko edo gehiagoko ostatua behar duten irtenaldiak jakinaraztea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari.

Halako ekintzatzat joko dira haiek egiteko gazte elkarteak beste lurralde batzuetara (nazioartean, Europan, Estatuan eta/edo Foru Komunitatean barna) joatea dakartenak. Honako hauek, besteak beste:

–Kanpalekuetan eta bestelako irteeretan parte hartzea. 10 egun lehenago jakinarazi beharko dira. (juventud@navarra.es). Ezarritako epean jakinarazi ezean, jarduera horri dagokion diru-laguntzaren zati bat edo diru-laguntza osoa galduko da (4. eredua).

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina proiektu edo programa bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez badute, deialdi honetan emandako zenbatekoa barne.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten gazte elkarteek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, elkarteko buruak sinatua, diru-laguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko.

15. Gardentasuna.

1. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen direnetz zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

5. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

6. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Oinarriak onartzea eta interpretatzea.

1. Deialdi honetan parte-hartzearekin onartu egiten dira bere oinarri guztiak.

2. Oinarrien interpretazioa, alderdi guztietan, ebaluazio batzordeari dagokio.

17. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra izanen dute ondorio, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutza interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. kapituluak agintzen dituen gainerako erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

Hala ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19. Legeria aplikagarria.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2014ko apirilaren 10ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1405613