7. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2013ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2013ko urriaren 23ko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Urraulbeitin, 2013ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Luis Castillo Santesteban.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman zuen 98/376/EE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Mugikortasun murriztuko pertsona desgaituek aparkatzeko txartelak, ordenantza honetan aurreikusitako prozeduraren arabera emanak, Urraulbeitiko Udalaren lurralde eremurako balioko du, eta gaitasuna emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta pertsona desgaituentzat ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bertzetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.

Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazio publikoek mugikortasuna murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Urraulbeitiko lurralde eremuan.

3. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Mugikortasuna murriztua duten pertsonendako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: bizilekua Urraulbeitin izatea, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko edo psikikoa izatea eta minusbaliotasuna %33tik gorakoa izatea.

4. artikulua. Baldintzak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

A) Baliaezintasun iraunkorreko gidariak:

1. Minusbaliatuak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion minusbalioa izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

a) %33ko edo gehiagoko minusbalioa izatearen gaineko ziurtagiria.

Minusbalioari buruzko ziurtagiriaren ordez aurkezten ahal da mendekotasun handiaren egoera aitortzen duen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko erakunde eskudunak emana.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbalioak modu larrian eragiten diola, ondoko kasuetako batean edo batzuetan:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

B) Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, minusbaliatuarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion minusbalioa izatea; hori dela eta, honako hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko edo gehiagoko minusbalioa izatearen gaineko ziurtagiria.

Minusbalioari buruzko ziurtagiriaren ordez aurkezten ahal da mendekotasun handiaren egoera aitortzen duen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko erakunde eskudunak emana.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbalioak modu larrian eragiten diola, ondoko kasuetako batean edo batzuetan:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

Kasu guztietan, minusbaliatuak Urraulbeitin erroldatuta egon behar du, eta ibilgailua Urraulbeitiko Udaleko TMIZn alta emanda eduki behar da.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

Urraulbeitiko Udalari dagokio txartela ematea, ondoko prozeduraren arabera:

A) Eskabidea.

Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiatuko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.

B) Agiriak.

Honako hauek dira eskaerarekin bat aurkeztu beharreko agiriak:

1. Eskatzailearen eta, hala behar denean, laguntzaile gidariaren NANaren fotokopia.

2. Legezko ordezkaria izatera, haren egiaztagiria eta haren NANaren fotokopia.

3. Eskubidearen titularraren bi argazki, nortasun agirikoaren tamainakoak.

4. %33ko minusbalioa edo handiagoa izatearen gaineko osasun ziurtagiria.

5. Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

6. Udalak bertze edozein agiri aurkezteko eskatzen ahalko du, 4. artikuluan jasotzen diren egoerak frogatzeko.

C) Ebazpena.

Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udal Erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

6. artikulua. Balioaldia.

Txartelak lau urterako balioko du.

Indarraldia amaituta, balioa galduko du, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

Nolanahi ere, indarraldia amaitutzat joko da Urraulbeitiko biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.

7. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik ikusteko moduan dela.

2. Ibilgailu txartelduna aparkatzen ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, desgaitasuna dutenendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

3. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoendako pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

8. artikulua. Txartela berritzea.

1. Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.

2. Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.

3. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

4. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

9. artikulua. Txartela deuseztatzea.

Txartela erabiltzeko baldintzak edo polizia agenteen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatu, eta txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.

Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea administrazioaren kontzesiorik gabe edo haren indarraldia amaituta.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnak eramateko erabiltzea.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1317105