51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2013ko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Atezko Udaleko erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza (2014ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsi da.

Eritze Atetzen, 2014ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Francisco Javier Nuin Ibero.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ATEZKO UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Administrazio izaera.

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Atezko Udalaren erregistroak izaera administratiboa du eta, bertan, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak inskribatzen ahal dira, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea.

Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, bi pertsona adindunek edo adingabeko emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, ezkonduen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartze egonkorra.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Atezko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

5. artikulua. Lehen inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen.

Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Bikoteari buruzko inguruabarrak eta hitzarmenak idaztea.

Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Inskripzioa, bi kideek batera eskaturik.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Bikote egonkorra desegitea.

Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

–Kide bat ezkontzen denean.

–Bien artean hala erabaki delako.

–Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

–Urtebetetik gora elkarrekin bizitzetik geldituta.

–Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroaren kokalekua.

Erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorrean egonen da.

10. artikulua. Erregistroko Liburu Orokorra.

Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Oinarrizko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Idazpenen publizitate eza.

Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

13. artikulua. Erregistroaren doakotasuna.

Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

14. artikulua. Tratamendu bera.

Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Atezko Udalean.

I. ERANSKINA

Atezko Herriko Etxean, udal erroldaren bulegoan

............................... egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .................................................................., jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ..........................................................................., adinez nagusia (edo adingabe emantzipatua, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ............... eta

Izena: .................................................................., jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ..........................................................................., adinez nagusia (edo adingabe emantzipatua, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Eta adierazten dugu:

“Ezkondu gabeko bikote egonkorren” Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizikoa.–Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ..........................................................................., (oroitarazi behar zaio .................................................................. jaun/andreari TAOLaren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.–Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena.–Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.–Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ezta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Borzgarrena.–Ez dugula nahi/nahi dugula Erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena.–Baimena ematen dugula Atezko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Atezko Erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Atezko Udaleko Erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: .................. Sinatua: ..................

II. ERANSKINA

Atezko Herriko Etxean, ............................... egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ..................................................; NAN zenbakia: .............., eta

Izena: ..................................................; NAN zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udal Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L1403505