213. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

577/2014 EBAZPENA, irailaren 26koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, “Lehen Hezkuntzako ikasleen aztura eta balioen garapen-mailaren adierazle sistema” argitaratzea onesten duena.

Ebazpen honen xedea da “Lehen Hezkuntzako ikasleen aztura eta balioen garapen-mailaren adierazle sistema” argitara dadin onestea, ikasleak balioetan hezteko erreferente izan dadin irakasleendako zein familiendako.

Azturen eta balioen garapenak pertsonen hezkuntzaren ezinbesteko dimentsioa egituratzen du eta curriculumean sartutako gaitasun giltzarrien garapenaren ardatz bat dira. Horregatik, gomendagarria da ikastetxeen eta familien eskura planteamendu hori erraztuko duten materialak eta proposamenak jartzea.

Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta IKTen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du ebazpen hau onets dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Lehen Hezkuntzako ikasleen aztura eta balioen garapen-mailaren adierazle sistema” argitara dadin onestea. Adierazle sistema hori ebazpen honetako eranskinekoa da. Hezkuntza Departamentuak sistema hau garatu eta aplikatzeko material osagarria ikastetxeen eskura jarriko du 2014-2015 ikasturtean.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta IKTen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Lanbide Heziketako Zerbitzuari, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2014ko irailaren 26an.–Hezkuntza Baliabideen Zuzendari Nagusia, Iñigo Huarte Huarte.

ERANSKINA

Sarrera

Azturen eta balioen garapena pertsonen hezkuntzaren ezinbesteko dimentsioa da eta curriculumean sartutako gaitasun giltzarrien garapenaren ardatz bat dira. Horregatik, gomendagarria da ikastetxeen eta familien eskura ezinbesteko hezkuntza-alderdi hori erraztuko duten materialak eta proposamenak jartzea.

Lehen Hezkuntzako ikasleen aztura eta balioen garapen-mailaren adierazle sistema ezarrri da, oso tresna praktikoa etapa honetako ikasleen giza balioen eta aztura positiboen garapena definitu, zehaztu, behatu eta ebaluatzeko. Horrek aukera ematen die irakasleei eta familiei baliozko erreferentzia izateko, beren ikasle eta seme-alabak balioetan hezi ditzaten.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2014-2015 ikasturtean arautzeko jarraibideetan adierazten da hobekuntza planetan ikasleak balioetan hezteko helburuak sartu eta urtero berrikusi behar direla. [Ikus 286/2014 Ebazpena, ekainaren 25ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. 1. eranskina]. Horretarako, komenigarria da ongi eratutako adierazle sistema izatea, esparru horretan irakasleei eta familiei behaketa eta ebaluazioa erraztuko diena, alegia.

Giza balioak, balio etikoak, balio sozialak eta balio zibikoak nortasuna prestatzen duten kualitateak dira, bizikidetza positiboa izateko izaera egituratzen dute eta bizitzaren beraren funtsezko orientazioan biziki laguntzen dute. Aztura moduan sendotutako balio horietan sistematikoki hezteak laguntzen du ikasleek ikasteko eta ekimena izateko gaitasuna hobe dezaten eta motibazioa, ahalegina eta hausnarketa, sintesi eta egituraketarako gaitasunak estimulatzen ditu. Neska-mutilei eta gazteei laguntzen die beren burua ezagutzen, arazoei aurre egiten, proiektuak taldean esperimentatu eta egiten, modu arduratsuan lan egiten, gainerakoekin errespetuz eta proaktiboki harremanak izaten eta baliozko konpromisoak bereganatzen, orobat, bizi diren gizartearen ondasun komunari ekarpena eginez eta, hartara, bertute zibikoen garapenararen eta hobekuntza sozialaren oinarri modura erabiliz.

Gaur egungo gizartearen konplexutasunak eta balioen aniztasunak eskolari eta familiei ahalegina eskatzen die giza gaitasunak, gaitasun etikoak eta gaitasun zibikoak haur eta gazteei emateko, bizitzari modu emankor eta kongruentean aurre egin diezaieten.

José Antonio Marinaren ustez, hezkuntzak bi osagai nagusi ditu: heziketa eta izaeraren prestakuntza. Heziketa haur eta gazteek esparru linguistikoan, matematikoan, teknikoan, kulturalean, etikoan eta zibikoan, estetikoan eta abarretan eskuratu behar dituzten jakintza eta trebetasunen multzoa bada, izaeraren prestakuntza beren bizi-proiektua ongi aukeratzeko gai izateko eta pertsona duinak eta zoriontsuak izateko garatu behar dituzten baliabide pertsonalen multzoa da.

Funtsean, jarrerak, giza balioak eta azturak dira, curriculumeko arlo guztietan, ikastetxean izan beharreko portaera orokorrean eta eguneroko bizitzako jarduketetan egon behar dutenak.

Esaterako, prestakuntza esparruetan zeharkako gaitasunez edo trebetasunez (Soft Skills) mintzatzen da –esaten da gaitasun edo trebetasun horiek gainerakoekin harremanak eta komunikazioa errazteko, lidergorako, aldaketari egokitzeko eta problemak ebazteko gaitasunerako egokiak direla–. Horiek guztiek nortasun aberats, orekatu eta heldu baten garapenarekin zerikusia dute.

Beste ebidentzia bat: PISA 2012 azterlanaren Espainiako txostenean esaten da “AEBetako Hezkuntza Departamentuak 2013ko otsaileko txosten batean azpimarratu (zuela) nekaezintasuna eta pertseberantzia direla XXI. mendean hezkuntzan arrakasta izateko faktore kritikoak” (PISA 2012 Problemen ebazpenerako Espainiako txostena, 200. or.). Eta horri dagozkion datuak aski argiak dira, izan ere Nafarroan, urrunago joan gabe, PISA 2012 txostenean, ikasketetan gehien eta gutxien irauten duten ikasleen artean gutxi gorabehera 60 puntuko aldea dago.

Hori horrela, hezkuntza balioak eta bertute zibikoak familietan eta ikastetxeetan sustatzen dira bizitzarako eta garapen pertsonalerako ezinbestekoak diren gaitasunak diren aldetik. Nortasun helduen hobekuntzan oso adierazgarriak diren indarguneak dira. Indargune horien zerrenda ia agortezina da, baina zerrendatze soil bat oso adierazgarria da haien garrantzi eta ahalmenaz ohartarazteko orduan: errespetua eta tolerantzia, ahalegina, ongi egindako lana, erantzukizuna, jarraitutasuna, ordena, ekimena, sormena, gaitasun estetikoa, leialtasuna, hobetzeko grina, emozioen autokontrola, kiroltasuna, etsipenari aurre egitea, konpromisorako gaitasuna, ondasun komunaren, eskuzabaltasunaren eta elkartasunaren alde egiten duten herritar aktiboak...

Esaten da ebaluatzen ez dena debaluatzen dela. Horixe bera gertatzen da izaeraren prestakuntzaren eta balio eta jarreren lanketaren esparruan. Hori dela eta, jarraian ematen diren adierazleen sistema, eguneroko jardunaren behaketaren bitartez, lagungarria gerta daiteke arlo horretan adierazgarrienak diren balioetako batzuk eta haien garapen-mailaren zehaztapena identifikatzeko.

Adierazle sistema honetan adierazle-bilduma egituratua dago eta diagnostikorako eta hobekuntza planen jarraipenerako erabil daitezke, gorago esan den bezala. Irakasleendako eta familiendako egitura soil, operatibo eta erraz ulertzeko modukoa eskaini nahi da.

Adierazleak lau aztura eta balio motari buruzkoak dira:

1. Eskolako bizikidetza eta bizitza errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

2. Lana eta ikasketak errazten dituzten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

4. Pertsonekiko eta gizartearekiko konpromisoa errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

Adierazlean sartutako alderdi bakoitzaren garapen-maila desberdinak deskribatzen dituen epigrafe-sistema baten bidez egituratzen dira.

Adierazle batean sartu dira hartan sartutako alderdi baten enuntziatua, definizioa edo hurbilpen kontzeptuala edo alderdi hori lortzearen sekuentziazioa edo gradientea. Azken hau lortzeko bost mailatako eskala bat erabiltzen da; hauxe:

–Gutxieneko maila.

–Behe maila.

–Maila ertaina.

–Maila ertain-altua.

–Maila altu-hobeezina.

2014-2015 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak sistema hau garatu eta aplikatzeko material osagarria jarriko du ikastetxeen eskura.

Hezkuntza balioen definizio operatiboa

Lehen Hezkuntza

1. Eskolako bizikidetza eta bizitza errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

1.1. Gainerakoak errespetatzea:

Gainerakoen balioa eta duintasuna onartzea eta balio horren arabera tratatzea. Gainerakoen eskubideak onartzea. Haien berezitasunak eta aldeak onartzea eta haien iritziak modu aktiboan entzutea, baloratzea eta haiekin ados dagoen edo ez dagoen adieraztea, norberarenak inposatzen ahalegindu gabe.

1.2. Arauak errespetatzea:

Ikasgelan, jolasean eta, oro har, bizikidetzan ezarritako portaera ildoak onartu eta barneratzea eta norberarenak balira bezala hartzea. Betetzeko prest egotea, baita haiek beteko direla zaintzeko ere.

1.3. Objektuak eta ingurua zaintzea:

Ikastetxeko altzariak ongi zaintzeko, edozein kartel iragarle errespetatzeko, norberaren eta ikaskideen materialak zaintzeko eta ingurunea eta ingurumena gorde eta zaintzeko jarrera izatea.

1.4. Adeitasuna eta enpatia:

Ikaskideekin, irakasleekin eta, oro har, ikastetxeko langileekin atsegina eta amultsua izateko gaitasuna, bestearen beharrekin sentiberatasuna erakutsiz eta gainerakoen tokian erraz jarriz.

2. Lana eta ikasketak errazten dituzten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

2.1. Antolaketa eta plangintza.

Egin beharreko jardunean pentsatzen jartzeko, eskuragarri dagoen denbora, atazak eta tokiak eta erabili beharreko baliabideak eta materialak modu egokian banatzeko gaitasuna. Ideiak egituratu eta bere gauzak ordenatzeko ohiko jarrera.

2.2. Interesa eta arreta.

Norberaren jarduna zuzentzeko, xedeak ezartzeko eta xede horiek lortzeko baliabideen gainean hausnartzeko gaitasuna, pentsamendua modu aktiboan zentratuz esaten zaionean eta egin behar duenean. Ikaskuntzan jakin-min sanoa eta sakontzeko nahia erakustea.

2.3. Jarraitutasuna eta pertseberantzia.

Hasi dena ongi bukatzeko, proposatutakoa lortzeko neurri zehatzak hartzeko, norberaren erabaki eta konpromisoetan sendoa izateko, eta zailtasunen aurrean hobetzeko gaitasuna, asmorik eta portaerarik aldatu gabe.

2.4. Erantzukizuna.

Norberaren egintzen jabe izateko, haien ondorioak bereganatzeko eta norberaren kargu diren ataza eta ondasunez arduratzeko gaitasuna, zuhurtziagabetasunak prebenituz eta saihestuz.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

3.1. Autoestimua.

Norberak bere buruaz egiten duen balorazioa da. Doitutako autoestimu batek berekin dakar norberaren indarguneak eta ahuleziak modu errealistan ezagutzea eta atazak eta jarduerak egiterakoan eta gainerakoekiko harremanetan ziurtasuna erakustea. Berekin dakar asertibotasuna, iritziak eman eta adierazpenak egiterakoan, eta ohar eta kritikak modu naturalean onartzea.

3.2. Konfiantza gainerakoengan.

Bere inguruko pertsonen aurrean balorazio positiboa, errespetua eta entzute aktiboa eskuarki izateko jarrera. Elkarlanerako eta adiskidantzarako irekia izatea, muga berezirik gabe; gainerakoen problemez, ikuspuntuez eta beharrez interesa izatea.

3.3. Emozioen oreka.

Sentimenduak eta emozioak onartu, izendatu eta egoki adierazteko ohiko jarrera da. Asertibotasuna eta adorearen egonkortasuna erakusten ditu.

3.4. Autokontrola.

Norberaren beharrak eta portaera kontzienteki eta borondatez menderatzea. Portaera ez da erreaktiboa eta ez dago atsegina eta atsekabea moduko estimuluen, gogoen eta gogogabetasunen... mende. Oreka eta lasaitasuna erakusten ditu.

4. Pertsonekin eta gizartearekin konpromisoa errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

4.1. Elkartasuna, eskuzabaltasuna eta altruismoa.

Gainerakoen beharrak bereak balira bezala sentitu eta onartzeko gaitasuna, besteak lagundu eta zaintzeko jarrera naturala izatea, baita taldearen interesa berearen aurretik jartzekoa ere, eta jakintza, objektuak eta denbora partekatzea, besteek behar dutenean.

4.2. Elkarlana, lankidetza, konpromiso soziala.

Laguntza emateko eta ondasun komunari eta inguruaren hobekuntzari ekarpena egiten laguntzeko jarrera naturala. Talde bateko kide dela uste duelako, taldearen atazen eta funtzioamenduaren ardura bere gain hartzen du, ahalmen pertsonalak gehitzen ditu, ekimenak bere gain hartzen ditu, taldean elkarlanean aritzeko interesa du eta besteei zerbitzuak borondatez ematen dizkie.

4.3. Proaktibotasuna eta baikortasuna.

Ekimenerako eta ustekabeei aurre hartu eta haiek gainditzeko ohiko jarrera. Pentsamendu positiboen eta negatiboen artean bereizi eta lehenen aldera makurtzeko gaitasuna. Xedeak ezartzearen garrantzia baloratzea. Gogogabetu edo irain dezaketen esaldi negatiboak saihestea. Jarduera edo jarrera positiboei eustea, kosta ahala kosta.

4.4. Justiziarako jarrera.

Bakoitzari dagokiona eman eta eskatzea da justizia. Eskubideak eta erantzukizunak hartu eta bere gain hartzea da, besteen posizioak ulertzea eta norberarenak errespetuz eta asertiboki azaltzea. Pertsona egiati eta zintzoak izatea. Besteen merezimenduak onartzea. Ondarearekin eta ondasun komunarekin errespetuzko jarrera izatea. Parte-hartze demokratikorako azturak bere egin eta sustatzea. Bidegabekerien aurrean errebeldia-espiritua sustatzea. Indarkeria gorrotatzea. Ospeak, plazer berekoiak edo gutiziak ez galbideratzen uztea.

Lehen Hezkuntza

1. Eskolako bizikidetza eta bizitza errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

(Oharra: dokumentu honen irakurketa errazteko, termino eta izen generiko asko erabili da eta, hartara, berariaz adierazi nahi da ez dela inor hizkuntzaren bitartez sexuagatik edo generoagatik edo bestelako inguruabarrengatik alde batera utzi edo baztertu nahi. Berariaz besterik esaten ez den bitartean, ohar eta jokaera guztiek ikasle guztiak aipatzen dituzte, edozein izanik ere haien sexua).

1.1. Gainerakoak errespetatzea.

Ikasleak gainerakoen balioa eta duintasuna onartzen ditu eta balio horren arabera tratatzen ditu. Besteen eskubideak onartzen ditu. Haien berezitasunak eta aldeak onartzen ditu eta haien iritziak modu aktiboan entzuten ditu, baloratzen ditu eta haiekin ados dagoenetz azaltzen du, norberarenak inposatzen saiatu gabe.

1.–Gutxieneko maila.

Ikaslea ez da oso sentibera beste pertsona batzuen presentziarekin eta beharrekin. Bere portaera funtsean egozentrikoa da eta nahi duena lortzen ez badu indarkeria ere erabil dezake. Beste pertsona batzuen esanak eteten ditu, hitz egiten ari direnean, ez die entzuten, berearekin atera nahi izaten du eta ohartarazten zaionean ez du oso gogo onez hartzen. Bere interesak besteenen aurretik jartzen ditu. Ikasgelan portaera disruptiboak izaten ditu, baita ahozko eraso-saialdiak eta fisikoak ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez ditu bere ikaskideen sentimenduak kontuan hartzen.

–Ez ditu besteen arrazoiak eta informazioak kontuan hartzen. Ez du kasurik egiten.

–Arreta-gunea izan nahi du.

–Ez daki itxaroten.

–Besteei beti eskatzen die, baita oihuka ere.

2.–Behe maila.

Ikaslea ustez gainerakoen beharrekin sentibera da baina, funtsean, bere interesak gainerakoenen gainetik jartzen ditu eta justifikazio eta aitzaki bila hasten da. Normalean kosta egiten zaio bere ikaskideak baloratu eta errespetatzea, bereziki ez badira bere lagunak. Maiz samar bere hutsegiteak onartzen ditu, ohartarazten zaionean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere lagunen sentimenduak soilik hartzen ditu kontuan.

–Uler dezake besteek desberdin pentsatzea, baina kostata onartzen du.

–Berea gailentzea nahi du eta horretarako estrategiak bilatzen ditu.

–Itxuraz kasu egiten du, baina funtsean berea lortu nahi du.

–Larritzen da berak nahi duena lortzen ez duenean.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak onartzen du gainerakoek beren interesak eta beharrak dituztela, baina batzuetan kosta egiten zaio onartzea, nahiz eta onartzen dituen helduren batek ohartarazten duenean. Gai da barkamena eskatzeko, baina egindakoa erraz errepikatzen du. Bere ikaskideak ia beti baloratu eta errespetatzen ditu eta beti interakzioa arautzen duten testuinguruetan helduak daudenean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Gainerakoen sentimenduak kontuan hartzen ditu, helduek oso ongi arautu eta erregulatutako testuinguruetan.

–Ikaskideen iritzia errespetatzen du, testuinguru formaletan eta helduek araututakoetan.

–Guztiaren gainetik ere, ez ditu eskuarki bere interesak bilatzen eta badaki gainerakoenak onartzen.

–Kasu egiten du eta badaki itxaroten, baina beti heldua bertan badago.

–Ezinegona ia beti kontrolatzen du, berak nahi duena lortzen ez duenean.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak normaltasunez onartzen du gainerakoek beren interes eta beharrak dituztela, horretan heldu baten esku-hartzerik behar izan gabe. Zuzentzeko gai da eta, kasua bada, barkamena eskatzeko. Oro har, bere ikaskideak baloratu eta errespetatzen ditu, kasu egiten die eta laguntza eman diezaieke eskatzen badiote.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Gainerakoen sentimenduak eta beharrak kontuan hartzen ditu, eskolan, klaseetan nola korridore eta jolasaldietan.

–Ikaskideen iritzia testuinguru desberdinetan errespetatzen du, testuinguru horiek helduek arautakoak izan edo ez.

–Eskuarki kasu egiten du eta badaki itxaroten.

–Pazientziarik eza normalean kontrolatzen du lortu nahi duena lortzen ez duenean, barkamena eskatzen du besteak gaizki tratatzen dituenean edo desegoki jarduten duenean.

–Besteei laguntza maiz eskatzen die eta errespetatua izatea eskatzen du.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak onartzen du gainerakoek beren interes eta beharrak dituztela, horretan heldu baten esku-hartzerik behar izan gabe. Bere ikaskideak jokabide prosozialen alde inplikatzen ditu. Zuzentzeko gai da eta, kasua bada, barkamena eskatzeko eta hori bera bultzatzen du taldean. Oro har, bere ikaskideak baloratu eta errespetatzen ditu eta hori ohiko jarreratzat dauka.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Besteen sentimenduak eta beharrak kontuan hartzen ditu, edozein testuingurutan. Besteen arazoekin sentibera da.

–Ikaskideen iritzia errespetatzen du eta besteak ere hala egitera gonbidatzen ditu.

–Eskuarki kasu egiten du eta badaki itxaroten eta ikaskideak animatzen ditu jokabide bera izatera.

–Egonarria dauka eta ulerbera da, eta jarrera uzkurrak ditu nahi duena lortzen ez duenean. Gatazketan beti elkarrizketarako irekia da eta jarrera eraikitzailea du.

–Besteei erraz barkatzen die eta tratuan akatsen bat egiten badu barkamena eskatzen du, berez eta modu adeitsuan.

1.2. Arauak errespetatzea.

Ikasgelan, jolasean eta, oro har, bizikidetzan ezarritako portaera-ildoak onartu eta barneratzen ditu ikasleak eta bereak balira bezala hartzen ditu. Prest dago haiek betetzeko, baita haiek bete direla zaintzeko ere.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak ez ditu arauak betetzen, ezagutzen baditu ere, eta haien aurrean axolagabe agertzen da. Bere portaera funtsean egozentrikoa da eta ahalegintzen da arauak beti bere aldera interpretatzen. Ohartarazten zaionean aitzakiak ateratzen ditu, arauak ezbaian jartzen ditu eta haiek betetzeari uko egiten dio.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez ditu klasean onartutako arauak betetzen.

–Ez du hitz egiteko txanda errespetatzen.

–Ez daki isilik lan egiten, ezta erritmoarekin eta ordenarekin ere.

–Ez ditu jolasean arauak betetzen. Iruzur egiten du.

–Ikasgelan, eskuarki, oihu egiten du, zalaparta ateratzen du, korridoreetan laster egiten du kontuan hartu gabe jarrera horrek gainerakoak gogaitzen edo molestatzen dituen.

2.–Behe maila.

Ikasleak arauak errespetatzen ditu (batzuk bai eta besteak ez) eta gehien interesatzen zaizkionak edo gustukoen dituenak kontuan hartzen ditu. Bete ohi ditu, heldu baten zaintzapean badago. Arauak onartzen ditu, beteko ez balitu errieta eginen zaiola edo zigortuko dutela uste badu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Arau batzuk errespetatzen ditu eta beste batzuk ez.

–Jokoaren arauak errespetatzen ditu, bereziki berari dagozkionak.

–Isilik lan egiten du denbora-tarte laburretan.

–Estimulu jakin batzuen aurrean oihuka eta zalapartaka hasten da.

–Korridoreetan laster egiten du eta zalaparta ateratzen du zaintzarik edo helduen presentziarik ez dagoela dakienean.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak onartzen du arauak ezarri behar direla eta uste du beharrezkoa dela haiek bete behar direla eskatzea. Badaki arauak betetzen, baina batzuetan bere jarrera ez da oso sinesgarria eta azalpenak eskatzen ditu. Arau batzuk bete ohi ditu, baina beste batzuen aurrean uzkur ageri da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Isilik lan egiten du, baina batzuetan bere ikaskideen lanean eta jarreran tartekatzen da.

–Ahalegintzen da ozen ez oihu egiten eta hitz egiten, baina “zaintza jaisten duenean” hala egiten du.

–Jokoaren arauak errespetatzen ditu, baina batzuetan haien gainetik jauzi egiten du, irabazteko.

–Arauak ezartzeko lankidetza eskatzen zaionean elkarlanerako jarrera du, baina ez oso konbentzituta; eragozpenak jartzen ditu.

–Oro har, ez du gehiegitan atentzioa ematen eta bere portaera onargarria da, bereziki helduak edo giroak horretara lagunduz gero.

4.–Maila ertain-altua.

Arauak betetzeari begirako jarrera positiboa izan ohi du, nahiz eta noizean behin ez bete. Arauak arazorik gabe bete ohi ditu, nahiz eta heldu baten gainbegiratzeak asko laguntzen dion. Arauen ezarpenean eta aplikazioan laguntzen du, nahiz eta batzuetan hori egitera animatu behar den.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Eguneroko arauak eskuarki betetzen ditu.

–Isilik lan egiten du, nahiz eta batzuetan kanpoko estimuluekin arreta galtzen duen.

–Ahalegintzen da oihurik ez egiten, ezta ozen hitz egiten ere.

–Jokoaren arauak errespetatu ohi ditu.

–Arauak ezartzerakoan elkarlanean aritzen da, nahiz eta batzuetan ongi hartzen duen helduaren estimulua eta motibazioa.

5.–Maila altu-hobeezina.

Oro har, arauak betetzeko ez du heldu baten gainbegiratzea behar. Jarrera positiboa du arauen betetzeari dagokionez. Arauen ezarpenean eta aplikazioan gogo onez elkarlanean aritzen da hori egiteko eskatzen zaionean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Eguneroko arauak betetzen ditu eta besteak hori egitera animatzen ditu.

–Isilik lan egiten du, edozein izanik ere giroa.

–Ez du oihurik egiten, ezta ozen hitz egiten ere.

–Jokoaren arauak errespetatzen ditu eta beste batzuk hori egitera animatzen ditu.

–Arauak ezartzerakoan aktiboki parte hartzen du eta ez du helduaren estimuluaren eta motibazioaren beharrik.

1.3. Objektuen zainketa.

Prest izatea ikastetxeko altzariak ongi tratatzeko, edozein kartel iragarle errespetatzeko, norberaren materialak eta ikaskideenak zaintzeko eta ingurua eta ingurumena gorde eta zaintzeko.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak ozta-ozta zaintzen ditu bere materialak eta ez da oso sentibera bere inguruko gauzak mantendu eta kontserbatu behar direnean. Normalean zaborrak zaborrontzietatik kanpora botatzen ditu eta ez du gune komunak mantentzeko lanetan parte hartzen eta, are gehiago, haietan dauden objektuak edo altzariak hondatu egiten ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Klaseko materialak erdeinatzen ditu, esaterako, arkatzei hozka egiten die edo lurrera botatzen ditu, bere mahaiari edo besteeni kalteak egiten dizkie edo zikintzen ditu, paperak lurrera botatzen ditu, etab.

–Bere bizkar-zorroa beti botata eta desordenatuta dago.

–Bere ardurapeko liburuak desordenatuta eta kontrolik gabe daude edo maiz galtzen ditu.

–Ez du materiala zaintzen; hausten edo zikintzen du. Ez du inolako loturarik gauzekin; ez ditu zaintzen, ordenatzen eta bere tokian uzten. Ez ditu maileguan uzten zaizkion gauzak itzultzen.

–Mahaira edo aulkira igotzen da, hormak zikintzen ditu...

2.–Behe maila.

Ikasleak bere gauzak zaindu ohi ditu, baina ez ikastetxekoak edo ikaskideenak. Eskolako bere materiala eta bere ikaskideena edo ikastetxekoa noizean behin galdu edo hondatzen du eta haren erabilera okerra egiten du. Zaborrontziak ez ditu maiz egoki erabiltzen eta ez du gehiegi parte hartzen gune komunak mantentzeko lanetan eta altzarien zainketan.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Noizean behin materiala zaintzen du, baina horrek ez dio gehiegi axola.

–Bere bizkar-zorroa desordenatuta dago, berari dagokion tokian uzten badu ere.

–Liburuak desordenatuta daude eta materiala, bere tokian badago ere, pilatuta dago eta haren zainketak ez dio axola.

–Liburuek eta materialek ez die ardura. Noizean behin ez ditu maileguan uzten zaizkion gauzak itzultzen.

–Paperak eta zaborrak maiz samar lurrera botatzen ditu eta maiz ez ditu altzariak ongi tratatzen.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak bere materialak eskuarki ordenatu eta zaintzen ditu, batez ere helduek hala egiteko eskatzen diotenean. Hala egin behar duela eskatuz gero eta zaintzapean egonez gero, parte hartzen du klasea ordenatua eta garbia mantentzen eta ikastetxeko eta inguruko gauzak eta instalazioak garbitu eta zaintzen ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Materialak ordenatzen ditu hala egiteko eskatzen zaionean.

–Liburuak ordenatuta daude nahiz eta noizean behin baten bat galtzen duen.

–Gogora ekarri behar zaio bizkar-zorroa bildu behar duela.

–Materiala gordeta dago, baina ez ordenatuta eta egoera onean. Gogora ekartzen bazaio, maileguan uzten zaizkion gauzak itzultzen ditu.

–Hala esaten bazaio, ikasgela, ikastetxea eta ingurua ordenatua eta, oro har, garbia izateko lanetan parte hartzen du.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak oro har bere materialak oso ongi zaintzen ditu eta sentibera da bere inguruko gauzak mantentzeko eta kontserbatzeko lanetan. Klasea ordenatua eta garbia mantentzeko lanetan parte hartzen du. Berezko kezka du ingurua zaintzeaz eta hura mantentzeaz.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Interesatzen zaizkion edo bere jabetzapekoak diren materialak zaintzen ditu eta gainerakoenak errespetatzen ditu.

–Liburuak eta materialak ordenatu samar ditu nahiz eta ezarritako ordena beti hori ez izan.

–Eskuarki, maileguan utzitako gauzak egoera onean itzultzen ditu.

–Klasea garbi eta ordenan mantentzeko lanetan gainerakoekin batera parte hartzen du, kexarik egin gabe.

–Normalean ingurua garbi izan nahi du, bereziki zaintza badago eta hori egitera bultzatzen bazaio.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak, berez eta eskuarki, bere materiala eta besteena zaintzen du. Klasea ordenatua eta garbia mantentzeko lanetan atseginez parte hartzen du. Ingurua zaintzeaz arduratuta dago eta, bere ahalen arabera, hura mantentzeko lanetan aktiboki parte hartzen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere materiala eta klasekoa zaintzen du.

–Erabiltzen dituen liburuak eta lantresnak zuzen ordenatuta dauzka eta laneko egoera onean daude.

–Eskuarki, maileguan utzitako gauzak zaindu eta egoera onean itzultzen ditu.

–Ikasgela ordenatuta eta antolatuta izateko lanetan parte hartzen du, baita bere ingurua garbi eta ordenatuta izatekoetan ere.

–Hondakinak birziklatzen ditu eta ingurumenaz arduratuta dago.

1.4. Adeitasuna eta enpatia.

Ikaskideekin, irakasleekin eta, oro har, ikastetxeko langileekin atsegina eta amultsua izateko gaitasuna; bestearen beharren aurrean sentibera agertzen da eta bestearen tokian erraz jartzen da.

1.–Gutxieneko maila.

Ikaslea ez da oso sentibera besteen presentziaren eta beharren aurrean, ez da atseginegia gainerakoekin izandako lehen harremanean eta ez da gai bestearen beharrak hautemateko edo bestearen tokian jartzeko. Bere portaera funtsean berekoia da. Bere sentimenduak eta iritziak egoki agertzeko zailtasun handiak ditu eta, eskuarki, bere tratua zakarra eta desatsegina da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Indibidualistegia da bere lanean eta ez die sekula besteei laguntzarik ematen. Gehienez ere, bere lagunarekin soilik jolas egiten du eta gainerakoak baztertzen ditu.

–Ez die bere ikaskideei kasurik egiten. Zakarra da harremanetan eta ez da adeitsua.

–Beste ikaskideekin oker jokatzen duenean ez du portaera horren gaineko hausnarketarik egin nahi izaten.

–Ez da kontziente bere beharrak eta sentimenduak zein diren.

–Ia ez du ahozkoa ez den hizkuntzarik ulertzen.

2.–Behe maila.

Ikaslea ahalegintzen da gainerakoekiko harremanetan adeitsua izaten, nahiz eta zailtasunen bat duen haien beharrak zein diren hautematen eta ez da tartean sartzen. Askotan berekoia da eta kostatzen zaio besteen tokian jartzen eta bere sentimenduak eta iritziak egoki agertzen. Batzuetan bere tratua ez da oso adeitsua eta haserre dagoela ematen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere talde txikian jolasten da eta gainerakoak baztertzen ditu eta bazterketa hori agerian uzten du.

–Bere lagunei soilik laguntzen die.

–Gainerakoek esandakoa entzuten du heldu batek hala egiteko agintzen dionean.

–Ez badu ezer lortu nahi ez da adeitsua besteekin.

–Batzuetan ulertzen du ahozkoa ez den hizkuntza, baina ez da ohikoena.

3.–Maila ertaina.

Ikaslea atsegina izan ohi da gainerakoekin, haien beharrak hautematen ditu eta gai da bestearen tokian jartzeko, baina horrek behartzen badu ahalegin pertsonal handia egitera ez du ezer ere egiten. Maiz aski gai da bere sentimenduak eta iritziak egoki adierazteko eta bere ikaskideei ere laguntzen die. Oro har, inguruko pertsonekiko tratuan zuzena da, noizean behin salbuespenak izan badaitezke ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Maiz atsegina da tratuan.

–Gehien batean bere taldekoekin jolasten da eta, gainerakoak baztertzen ez baditu ere, ez ditu beti bilatu eta jolasera gonbidatzen.

–Noizean behin laguntza ematen die besteei.

–Gainerakoek esandakoa entzuten du, bere interesen arabera edo une jakin batzuetan.

–Ahozkoa ez den hizkuntza ulertzen du, nahiz eta batzuetan entzungor egiten duen.

4.–Maila ertain-altua.

Ikaslea, oro har, adeitsua da inguruko pertsonekin eta sentibera da haien beharrekin. Eskuarki, gai da besteen tokian jartzeko, bere sentimendu eta iritziak egoki adierazteko eta bere arazo eta motibazioak entzun eta ulertzeko. Normalean, laguntza ematen du eta atsegina eta amultsua da ingurukoekin.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ikaskideak jolastera gonbidatzen ditu eta maiz beste haur batzuei laguntzen die.

–Maiz hausnartzen du besteekin duen jarduteko modua egokia den edo ez.

–Oro har, bere ikaskideei kasu egiten die eta denekin atsegina da.

–Besteei eskerrak ematen dizkie, egiten dizkioten mesede edo arreten aurrean.

–Ahozkoa ez den hizkuntza atsegina ulertzen du, eskuarki erabiltzen du eta badaki sentitzen duena eraginkortasunez eta naturaltasunez adierazten.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikaslea, normalean, beste pertsona batzuen presentziarekin eta beharrekin sentibera da. Jakin nahi du besteek modu jakin batean zergatik jarduten duten. Bestearen tokian jartzen da, haren beharrak zein diren susmatzen du eta soluzioak bilatzerakoan modu aktiboan lagundu eta parte hartzen du. Badaki beste pertsona batzuek komunikaziorako eskaintzen dituzten aukerak identifikatu eta aprobetxatzen. Eskuarki atsegina eta amultsua da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bakarrik daudela ikusten duenean, besteak gonbidatzen ditu beraiekin jolastera eta gainerakoei atazak egiten laguntzen die.

–Bere ikaskideek esan beharrekoa entzuten du eta adeitasunez tratatzen ditu.

–Eskerrak ematen ditu eta gauzak “mesedez” eskatzen ditu.

–Badaki zein diren bere beharrak eta horren berri ematen du. Bere lagunei dagokienez pentsatzen eta sentitzen duenari buruz hausnartzen du.

–Beste haurrak sentitzen duenarekin (tristura, mina, poztasuna...) identifikatzen da. Ahozkoa ez den hizkuntza afektibotasunez erabiltzen du.

2. Lana eta ikasketak errazten dituen aztura eta balioei buruzko adierazleak.

2.1. Antolaketa eta plangintza.

Egin behar denaren gainean pentsatzeko eta eskura dagoen denbora, atazak, tokiak, baliabideak eta erabiliko diren materialak egoki banatzeko gaitasuna. Ideiak egituratzeko eta bere gauzak ordenatzeko ohiko jarrera.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak antolatzeko zailtasun handiak ditu. Modu desordenatuan portatzen da eta batzuetan anabasaraino irits daiteke. Oso oldarkorra da. Ez du ezarritako lan planik eta lan egiten duenean noizean behin egiten du, ordutegirik gabe.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez du biltzen, ezta ordenatzen ere, erabiltzen duen materiala.

–Ez du agenda egunean eramaten.

–Ez du jardueraren denbora antolatzen, inprobisatzen du eta arreta erraz galtzen du.

–Gehien gustuko duena egiten hasten da, ez egin behar duena.

–Nagia da eta haserrekorra izan daiteke aurka egiten bazaio eta bere lanean, bizitza-ordenan edo antolaketan hobetu behar duela eskatzen bazaio.

2.–Behe maila.

Ikasleak antolatzeko zailtasun asko ditu. Modu desordenatuan eta nagitasunez portatzen da. Lanean jartzen denean lan plana oso oinarrizkoa da eta gero ez du betetzen. Kosta egiten zaio ordutegia betetzea eta bere lana antolatu eta planifikatzeko ia beti heldu baten laguntza behar du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Erabiltzen duen materiala batzuetan bildu eta ordenatzen du eta bil dezan heldu batek beti gainean egon behar du.

–Agenda eguneratua du, gutxi gorabehera, baina modu ez oso sistematikoan. Ez da bere lanerako tresna eraginkorra, gehiago da alderdi formala edo betebeharra.

–Planifikatzen saiatzen bada ere, ez du lortzen eta berehala albo batean uzten du.

–Jardueraren denbora antolatzen saiatzen da, baina arreta galtzen du edo erraz samar alboratzen du.

3.–Maila ertaina.

Ikaslea gai da lana antolatzeko heldu batek gainbegiratuz gero. Eskolako jarduerak egiteko behar den materiala normalean ekartzen du. Lan plan bat presta dezake heldu baten orientazioei jarraikiz. Ordutegi bat ezartzen du eta, oro har, betetzen du, baina ongi datorkio heldu baten laguntza eta kontrola. Giroak lagun (edo oztopa) diezaioke lana ordenarekin eta aurreikuspenarekin egiten.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Erabiltzen duen materiala bildu eta ordenatzen du nolabaiteko autonomiaz, nola eta non egin behar duen esaten bazaio.

–Agenda egunean darama, nahiz eta zerbait apuntatzea noizean behin ahazten zaion.

–Bere lana planifikatzen du heldu baten ildoei jarraikiz.

–Jardueraren denbora antolatzen du.

4.–Maila ertain-altua.

Ikaslea gai da lana autonomiaz antolatzeko. Eskuarki ez du heldu baten gainbegiratzerik behar. Eskolako jarduerak egiteko behar den materiala ekartzen du. Gai da lan plan bat nolabaiteko eraginkortasunez prestatzeko. Ordutegi bat ezarri eta betetzen du. Besteekin elkarlanean aritzen da lana edo jarduera antolatu behar duenean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Erabiltzen duen materiala bildu eta ordenatzen du nolabaiteko autonomiaz eta ez da beharrezkoa nola eta non egin behar duen esatea.

–Agenda egunean darama eraginkortasunez.

–Bere lana planifikatzen du heldu baten ildoei jarraikiz.

–Jardueraren denbora antolatzen du eta haren garapena, beharrezko materialak... aurreikusita dauzka.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikaslea gai da bere kasa antolatzeko. Ez du heldu baten gainbegiratzerik behar. Oso antolatua da. Eskolako jarduerak egiteko behar den materiala beti ekartzen du. Gai da lan plan bat bere kasa prestatzeko. Ordutegi bat ezarri eta segitzen du eta, orobat, gai da ustekabeko egoeretara egokitzeko. Atazak egiterakoan, zuhur jokatzen du eta, gainera, gustuz eta atseginez egiten du. Taldean lan egiten duenean, taldean arrastoa uzten du antolaketan eta plangintzan.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Erabiltzen duen materiala bere kasa bildu eta ordenatzen du eta ez da beharrezkoa nola eta non egin behar duen esatea. Jarrera positiboak eta poztasun pertsonalekoak erakusten ditu.

–Agenda egunean darama, eraginkortasunez, eta gainerako ikaskideei ere berdin egiteko esaten die.

–Bere lana modu beregain eta eraginkorrean planifikatzen du.

–Jardueraren denbora irizpide errealistekin antolatzen du eta bere aurreikuspenak betetzen ditu.

–Talde lanean arrasto positiboa uzten du alderdi horietan.

2.2. Interesa eta arreta.

Norberaren jarduera zuzentzeko, xedeak ezarri eta haiek lortzeko baliabideei buruz hausnartzeko gaitasuna, pentsamendua modu aktiboan zentratuz esaten denean eta egin behar denean. Ikasteko jakin-min sanoa du eta hartan sakondu nahi izaten du.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak arreta mantentzeko zailtasun handiak ditu. Arreta oso erraz galtzen du. Etengabean hitz egiten du eta mugitzen da. Oso urduria da. Oldarkorra da eta bere lanak ez du jarraitutasun handirik. Klasean ez du ia interesik eta jakin-minik erakusten.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez ditu klaseko atazak eta jarduerak egiten.

–Ez du klasean parte hartzen eta ez du galderarik egiten.

–Ez dio taldeko elkarrizketaren hariari segitzen.

–Arreta oso erraz galtzen du.

–Beharrezkoa da bere arreta denbora-epe laburretan galdatzea.

2.–Behe maila.

Ikasleak arreta mantentzeko zailtasun asko ditu. Arreta oso erraz galtzen du. Asko mugitzen da eta hitz egiten du. Urduria da. Oldarkorra da eta bere lanak ez du jarraitutasun handirik. Klasean arreta galdu ohi du eta ez du jakin-min handirik erakusten.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Klaseko atazak eta jarduerak ez ditu beti egiten, batzuetan bai eta bestetzuetan ez.

–Klasean gutxi parte hartzen du, betiere bere interesaren arabera.

–Ez du galderarik egiten eta egiten baditu ez dute zerikusi handirik izaten gaiarekin.

–Taldeko elkarrizketa batean noizean behin arreta galtzen du, nola edo hala segitzen badu ere.

–Arreta erraz samar galtzen du eta beharrezkoa da maiz arreta galdatzea.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak oro har arreta mantentzen du. Distrazioak kontrolatu ohi ditu. Hitz egin eta esku hartzen du, dagokionean, nahiz eta batzuetan une desegokietan egin dezakeen. Lasai egotearen jarrera erakusten du. Oldarkortasuna kontrolatzen du eta iraunkorra izan ohi da. Arrazoizko interesa du klasean, baita nolabaiteko jakin-mina ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Klaseko atazak eta jarduerak egiten ditu.

–Klasean neurrian parte hartzen du, bere interesaren arabera.

–Galdera gutxi egiten ditu eta, eskuarki, gaiari dagozkionak izan ohi dira.

–Taldeko elkarrizketa batean noizean behin arreta galtzen du, segitzen badu ere.

–Noizean behin arreta galtzen du, baina ez da beharrezkoa eskuarki bere arreta galdatzea.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak oro har arreta du. Distrazioak kontrolatzen ditu eta eskuarki erne dago klasean eta jardueretan. Hitz egin eta parte hartzen du, eskuarki eta egoki denean. Nolabaiteko lasaitasun aktiborako jarrera du. Oldarkortasuna kontrolatzen du eta iraunkorra izan ohi da. Arrazoizko interesa du klasean, baita nolabaiteko jakin-mina ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Klaseko atazak eta jarduerak egiten ditu.

–Klasean aktiboki parte hartzen du, edozein izanik ere gaia.

–Galdera egokiak egiten ditu.

–Taldeko elkarrizketak eskuarki segitzen ditu, interesez eta zaletasunez.

–Arreta gutxitan galtzen du. Arretari iraunarazten dio.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak ia beti mantentzen du arreta. Distrazioak kontrolatzen ditu eta eskuarki erne dago klasean eta jardueretan. Aktiboki ahalegintzen da gainerakoek ere hala egin dezaten. Hitz egin eta parte hartzen du, egoki denean eta eskuarki. Lasaitasun aktiboaren jarrera eskuarki erakusten du. Bere jarrerarekin ikasgelako giro lasai eta erlaxatua izaten laguntzen du. Oldarkortasuna kontrolatzen du eta iraunkorra izan ohi da. Klasean interes handia erakusten du, baita jakin-min sano eta aktiboa ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Klaseko atazak eta jarduerak beti egiten ditu.

–Klasean aktiboki parte hartzen du, edozein izanik ere gaia, eta, gainera, zaletasunez eta atsegintasunez, parte-hartzerako eta lanerako giro egokia sortuz horretarako.

–Galdera egokiak eta iradokitzaileak, proaktiboak egiten ditu.

–Taldeko elkarrizketak beti segitzen ditu, interesez eta zaletasunez.

–Ia inoiz ez du arretarik galtzen. Jardueretan arretara iraunarazten dio.

2.3. Jarraitutasuna eta pertseberantzia.

Ekindakoa ongi bukatzeko, proposatutakoa lortzeko neurri zehatzak jartzeko, norberaren erabaki eta konpromisoetan sendoa izateko eta zailtasunen aurrean hobetzeko gaitasuna, asmorik eta portaerarik aldatu gabe.

1.–Gutxieneko maila.

Ikaslea oso erraz desanimatzen da; ataza bat hasi eta erdizka uzten du. Bere motibazioa oso urria da, bere lan maila bezalakoa: ez ditu etxeko lanak erregulartasunez egiten eta ikasgelan norbaitek gainbegiratu behar du bere lana bukatu gabe utz ez dezan. Zailtasunik txikienaren aurrean ataza bertan behera utzi ohi du. Jarduera batean baino gehiagotan ematen du izena, baina ez du asko irauten haietan. Ez ditu lortu beharreko helburuak argi eta bere ahalegina gutxienekoa da. Jolasetan nekatzen da jolaserako ahalegina egin behar badu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez da gai zailtasunei aurre egiteko eta baliabide batzuk aukeratzen ditu, hala nola, pena ematea, negar egitea, ezkutatzea...

–Ez da ahalegintzen eta zailtasunik txikienaren aurrean ataza utzi eta beste batera pasatzen da.

–Nekez interesatzen da gai berrietan.

–Ez dio bere buruari erronkarik ezartzen gustuko ez baditu.

–Bere laneko erritmoa ez da beti berbera eta ia gehienetan motela eta interesik gabea da.

2.–Behe maila.

Ikaslea erraz desanimatzen da, baina gai da ataza bukatzeko heldu batek gainbegiratzen badu. Bere motibazioa urria da eta atazan jarraitzeko berehalako saria behar izaten du. Ez ditu lortu beharreko helburuak argi eta ez da apenas ahalegintzen. Maiz lanak erdizka uzten ditu. Errendimendua ez da erregularra eta irakasgaien eta jasotzen duen laguntzaren araberakoa da. Eskolaz kanpoko jardueraren batean izena eman badu, albo batera utzi ohi du egin beharreko ahalegina gehiegizkoa bada.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Etxeko lanak egunero egin ohi ditu.

–Ez die zailtasunei aurre egiten, nahiz eta ez duen bere etsipena fisikoki erantzunez gauzatzen.

–Zailtasunen aurrean gutxi ahalegintzen da; behin bakarrik ahalegintzen da eta ez badu lortzen alde batera uzten du.

–Bere lanak egiteko heldu bati laguntza eskuarki eskatzen dio eta nolabaiteko mendekotasuna erakusten du.

–Agintzen zaizkion gauzak eta atazak egiteko edo ez egiteko duen jarrera apetatsu samarra da.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak modu erregularrean egiten du lan gelan eta proposatzen zaizkion atazak eskuarki bukatzen ditu, zertxobait zuzenduta bada ere. Motibazio maila onargarria du eta ataza egiten jarraitzen du berehalako saririk ez badago ere. Eguneroko atazak maiz ikasi eta egiten ditu, burutze-maila egokiarekin, baina heldu bat bere ondoan egotea lagungarri zaio. Lan eta ahalegin maila egokia du nahiz eta, ikasturtean aurrera joan ahala, errefortzurik ez badu ez duen hain modu erregularrean lan egiten.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Zailtasunei aurre egiten die, baina maiz kanpokoei laguntza eskatzen die.

–Eskuarki, ahalegintzen da, baina ahalegintzen da benetan interesatzen zaionean soilik.

–Oro har, bere laneko erritmoa egokia eta egonkorra izan ohi da.

–Ez badu berehalako ordain edo saririk, gogogabetu daiteke.

–Egin beharrekoa soilik “konplitzen” du eta gutxienekoarekin etsitzen da ez bazaio gehiago galdatzen.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak eskuarki egin beharrekoa egiten du. Estudiatzen du eta atazak bere kasa eta modu erregularrean egiten ditu, ikasturtearen hasieratik bukaeraraino. Normalean ez da zailtasunen aurrean etsitzen eta haiek gainditzen ahalegintzen da eta, orobat, ataza egiterakoan arduraz jokatzen du. Oro har, gai da motibazioa denboran zehar mantentzeko. Argi ditu zein diren lortu beharreko helburuak eta haiek erdiesten ahalegintzen da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Zailtasunei aurre egiten die eta, oro har, itxaropenak ongi betetzen ditu, nahiz eta kasu bakanen batean helburua lortu gabe amore eman dezakeen.

–Ahalegintzen da eta entseatzen da, badu borondatea, agintzen zaiona betetzen ahalegintzen da eta gehiago egin badezake egiten du.

–Gai berrien gaineko jakin-mina du, baina haietako batzuk ezagutzen baditu soilik aztertzen ditu.

–Lantzen hasten den jarduerak oso ongi bukatzen ditu.

–Erregulartasunez lan egin ohi du, berehalako pizgarririk behar izan gabe.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak modu erregularrean eta bere kasa lan egiten du, eguneroko atazak gauzatzen ditu eta aldizka ikasten du. Argi ditu lortu beharreko helburuak eta lan- eta ahalegin-maila altua du. Erresilientea da, bere burua gainditzen saiatzen da, zailtasunek ez diote amorerik emanarazten; aitzitik, goraka egiten du eta soluzioak bilatzen ditu eta, orobat, langintza horretan sendo aritzen da. Gai da motibazioa denboran zehar mantentzeko, nahiz eta emaitzak ez izan berak nahi dituenak.

–Bere lanean pertseberatzen du, eskuarki eta arretaz, eta lortu arte eusten dio.

–Bere laneko erritmoa oso ona da eta, eskuarki, ez du amore ematen.

–Zailtasunei aurre egiten die, poztasunez, eta lortu nahi duena lortzeko borrokatzen da.

–Erronka berriak eta ez dakiena ikastea gustuko ditu. Bide eta soluzio desberdinak bilatzen ditu, bere xedera iristeko. Bere burua hobetzea gustatzen zaio.

–Gai da ekintza bat behin eta berriz egiten saiatu eta errepikatzeko eta, orobat, berriz hasteko, bere xedea lortu arte.

2.4. Erantzukizuna.

Norberaren egintzen jabe izateko, haien ondorioak bereganatzeko eta norberaren kargu diren ataza eta ondasunez arduratzeko gaitasuna, zuhurtziagabetasunak prebenituz eta saihestuz.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak modu oldarkorrean jokatzen du, ez du bere egintzez hausnarketarik egiten, ez ditu planifikatzen, ez du haien jabetza eta haietatik erator daitezkeen ondorioak bereganatzen. Ez du esaten duena zaintzen, eta ez da bere hitzen oihartzunaz eta haiekin egin dezakeen kalteaz jabetzen. Bere portaera apetatsua da. Gero beteko ez dituen agintzak edo asmo-aitorpenak egiten ditu. Maiz, utzikeriaz, eskolako materiala edo bestelako objektuak ahaztu, galdu eta/edo hondatzen ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez da jarduketa desegokiak egiten dituela jabetzen. Ez du aurreikusten zer egin behar duen eta zein diren ondorioak, eta ez du onartzen zerbait gaizki egin duelako konpondu behar duela.

–Ez ditu bere gauzak kontrolatzen eta batzuetan ez ditu bereak direla onartzen.

–Materialak botata uzten ditu eta ez da oroitzen non uzten dituen.

–Beti badu justifikazioren bat eta besteei errua botatzen die arrazoi eta aitzaki desberdinak bilatuz. “... hala delako”.

–Ez ditu eskolako atazak egiten, ez da elkarlanean aritzen etxeko lanetan, etengabe gogora ekarri behar zaio egin behar dituela eta heldu batean etengabeko gainbegiratzea behar da ataza eta lan horiek egin ditzan.

2.–Behe maila.

Ikaslea gai da bere ekintzak planifikatzeko, baina ez horrenbeste haien ondorioak aurreikusteko. Kosta egiten zaio erabakiak hartu eta praktikara eramatea. Bere portaera apetatsua da. Batzuetan zailtasunak ditu bere egintza eta ondorioen jabetza bereganatzeko, nahiz eta “in fraganti” harrapatu eta lekukoak izan. Maiz botatzen die errua besteei. Maiz egiten ditu gero beteko ez dituen agintzak edo asmo-aitorpenak. Utzikeriaz, eskolako materiala edo bestelako gauzak ahaztu, galdu eta/edo hondatzen ditu. Maiz ez ditu eskolako atazak egiten eta ez da ahalegintzen haiek egiten, ez da elkarlanean aritzen etxeko lanetan eta askotan gogora ekarri behar zaio egin behar dituela eta, orobat, heldu baten gainbegiratzea behar du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Badaki zer ez duen ongi egiten, baina ez du horren gaineko hausnarketarik egiten eta ez da gai oker egindakoa zuzentzeko.

–Erabakiak hartzeari ihes egiten dio.

–Edozein atazaren aurrean kosta egiten zaio konpromisoak hartzea; ataza ahaztu egiten du. Erruak sistematikoki besteei egozten dizkie.

–Atazak egiterakoan ez da txukuna, desordena eta desantolaketarako joera du.

–Badaki zein diren bere materialak, baina ez ditu zaintzen eta ez da haietaz ia-ia arduratzen.

3.–Maila ertaina.

Ikaslea gai da bere ekintzak planifikatu eta kontrolatzeko, baina ez horrenbeste ebaluatzeko. Maiz bere egintzen eta ondorioen jabetza onartzen du, noizean behin aitzaki bila hasten bada ere. Bere betebeharrak bete ohi ditu, nahiz eta batzuetan gogora ekarri behar zaizkion. Bere akatsak maiz onartzen ditu eta zuzentzen saiatzen da, baina ez du zalantzarik barkamena eskatzeko heldu batek hori egitera gonbidatzen badu. Egunero ikasten du eta atazak egiten ditu heldu baten nolabaiteko gainbegiratzepean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Oro har, agindutakoa betetzen du, nahiz eta batzuetan bere betebeharrak zein diren oroitarazi zaion.

–Badaki noiz diren desegokiak bere ekintzak eta heldu batek ohartarazten dionean hausnar egiten du.

–Badaki zein diren bere materialak eta objektu pertsonalak eta norbaitek ohartarazten dionean gehixeago zaintzen ditu eta ordenatuta uzten ditu.

–Bere gauzak ordenatzen ditu eta epeak betetzen ditu, baldin eta kanpoko esku-hartzea badago.

–Egiten dituen lanetan ahalegintzen da, hala galdatzen bazaio.

4.–Maila altua.

Ikasleak bere ekintzak kontrolatzen ditu, gai da ondorioak aurreikusteko eta emaitza ebaluatzeko eta oso gutxitan bilatzen ditu aitzakiak. Ez die beldur erabakiak hartzeari eta ondorioz jarduteari. Bere akatsak onartu ohi ditu eta haiek zuzentzen saiatzen da. Okertzen bada ez du arazorik barkamena eskatzeko eta oker egindakoa zuzentzen saiatzen da. Egunero bere kasa ikasten du eta atazak egiten ditu, egiten duena heldu batek gainbegiratu gabe. Aski ahalegintzen da egiten duenean.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Oro har, hausnar egiten du egin behar duenaren eta izanen dituen ondorioen gainean.

–Badaki zein diren bere materialak eta objektu pertsonalak eta haien gaineko ardura hartzen du inork ohartarazi gabe.

–Aski ahalegintzen da bere lanean eta epeak zaintzen ditu. Puntuala izan ohi da.

–Bere akatsak zailtasunik gabe onartzen ditu eta egindako kalteak konpondu ohi ditu.

–Aski ongi antolatzen da eta bere denbora eta eguneroko atazak planifikatzen ditu.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak bere egintzak kontrolatzen ditu, gai da haien ondorioak aurreikusteko, bere ekintzak planifikatzen ditu, emaitzak ebaluatzen ditu, asmatutakotik eta egindako akatsetatik ikasiz, eta egindako ekintzaren ondorioak bereganatzen ditu, aitzakiarik bilatu gabe eta inor errudun egin gabe. Bere akatsak onartzen ditu eta haiek zuzentzen saiatzen da. Ez die beldur erabakiak hartzeari eta ondorioz jarduteari. Egin beharrekoa arretaz egiten du eta bere betebeharrak azkar betetzen ditu. Eskolako eta etxeko lanetan elkarlanean aritzeko bere burua eskaintzen du. Egunero bere kasa ikasten du eta atazak egiten ditu, egiten duena heldu batek gainbegiratu gabe.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere egintzak kontrolatzen ditu eta haien ondorioak bereganatzen ditu, zuhurtziagabetasunak saihesten ditu eta egindako kalteak konpontzen ditu, zerbait oker eginez gero.

–Bere denbora eta atazak ongi planifikatzen ditu.

–Bere materialak kontrolatzen ditu. Bere materialez eta klasekoenez arduratzen da.

–Gainerakoei eskuarki laguntzen die eta ondasun komunerako zerbitzuan ekimenak ditu.

–Ardurazko postuak onartzen ditu eta borondatez ere haietan aurkezten da.

3. Norberaren eta familiaren ongizatea errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

3.1. Autoestimua.

Ikasleak bere buruaz egiten duen balorazioa da. Doitutako autoestimu batek berekin dakar norberaren indarguneak eta ahuleziak modu errealistan ezagutzea eta atazak eta jarduerak egiterakoan eta gainerakoekiko harremanetan ziurtasuna erakustea. Berekin dakar asertibotasuna, iritziak eman eta adierazpenak egiterakoan, eta ohar eta kritikak modu naturalean onartzea.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak bere buruari buruzko irudi negatiboa du. Dudatsua da eta autokonfiantza gutxi erakusten du. Zailtasunak ditu proiektu eta jarduerei aurre egiteko, ziurtasun eta konfiantza gabeziagatik. Helduen eta ikaskideen onespen osoa behar du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez du atazak garatzeko ekimenik eta oso erraz blokeatzen da.

–Triste egon ohi da eta ez daki zer esan.

–Helduekin ez da oso komunikatiboa.

–Ikaskide gutxi eta hautatuekin egon ohi da beti.

–Bere lanarekin segitzeko etengabe galdetzen dio irakasleari.

2.–Behe maila.

Ikasleak bere buruari buruzko irudi apal samarra du, baina ez negatiboa. Dudatsu dago eta ez du bere buruarengan konfiantza askorik inguruabar jakinetan (ohikoak ez diren egoeretan, berarendako zailak edo nolabaiteko presiopean egindako jardueretan...). Zailtasunak ditu proiektu eta jarduera berriei aurre egiteko, ziurtasun eta konfiantza gabeziagatik. Heldu eta ikaskideen onespena asko baloratzen du, batzuetan hura gabe jarduteko gai bada ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Atazak egiteko ez du ekimen propiorik izaten eta zain egoten da zer egin behar duen heldu batek esan arte.

–Helduekin ez da oso komunikatiboa.

–Ikaskide gutxi eta hautatuekin egon ohi da maiz.

–Bere lanarekin segitzeko irakasleari maiz galdetzen dio.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak bere buruari buruzko irudi onargarria du. Ziurtasunarekin eta konfiantzarekin jarduten du, nahiz eta batzuetan bere adinerako ohikoak direnak baino ziurgabetasun eta zalantza handiagoak izan. Ez dago helduen mende eguneroko jarduerak egiterakoan. Proiektu eta jarduera berriei aurre egin diezaieke nolabaiteko ziurtasunez, ekimen propioak hartzen ez baditu ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Jarduerak nolabaiteko autonomiaz egiten ditu.

–Oro har, irakasleen iruzkinak eta hobekuntza proposamenak ongi hartzen ditu.

–Ikaskide eta lagunen zirkulu ez-mugatua du.

–Ikaskideen iruzkin negatiboak erlatibizatzen ditu eta bere irizpideei jarraitzen die.

–Bere iritziak ematen ditu, nolabaiteko ziurtasunez eta bere buruan konfiantza izanez.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak bere buruari buruzko irudi ona du. Segurtasunez eta konfiantzaz jarduten du. Ohiko jarduerak egiteko ez dago helduen mende. Proiektu eta jarduera berriei aurre egin diezaieke nolabaiteko ziurtasunez eta ildo horretan ekimen propioak hartzen ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Jarduerak autonomiaz, segurtasunez eta ekimenez egiten ditu.

–Bere irizpideei jarraitzeko ez dago erabat ikaskideen iruzkinen mende.

–Irakasleen iruzkinak eta hobekuntza proposamenak ongi hartzen ditu.

–Ikaskide eta lagunen zirkulu ez-mugatua du eta tratuan irekia da.

–Bere iritziak ematen ditu, nolabaiteko ziurtasunez eta bere buruan konfiantza izanez.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak bere buruaren irudi ona du eta ziurtasunez eta konfiantzaz jarduten du. Ohiko jarduerak egiteko ez dago helduen mende. Proiektu edo jarduera berriei eskuarki egiten die aurre, ziurtasunez eta ekimena hartuz. Bere ikaskideen aurrean lider ageri da, proposamen positiboak egiten ditu eta, eskuarki, onartzen dizkiote.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Jarduerak autonomiaz, ziurtasunez, jarrera positiboz eta eraikitzailez garatzen ditu.

–Tentsio egoeretan iruzkin eraikitzaileak egiten ditu.

–Irakasleen iruzkinak eta hobekuntza proposamenak ongi hartzen ditu eta positiboki baloratzen ditu.

–Ikaskide eta lagunen zirkulu zabala du. Lidergo jarrerak ditu.

–Iritziak ematen ditu, bere buruarengan konfiantza izanez, eta ikuspuntu desberdinak modu eraikitzailean onartzen ditu. Ikasgelako ikastaldeak eta irakasleek oso ongi baloratzen dute.

3.2. Konfiantza gainerakoengan.

Bere inguruko pertsonen aurrean balorazio positiboa, errespetua eta entzute aktiboa eskuarki izateko jarrera. Elkarlanerako eta adiskidantzarako irekia izatea, muga berezirik gabe; gainerakoen problemez, ikuspuntuez eta beharrez interesa izatea.

1.–Gutxieneko maila.

Ikaslea ez da oso sentibera gainerako pertsonen presentziarekin eta mesfidantza eta zailtasun larriak ditu lankidetza eta adiskidantzarako harremanak ezartzerakoan. Mesfidatia da; uste du gainerakoak bere kontra daudela. Zailtasun handiak ditu bere sentimenduak eta beharrak erakusteko. Besteek esandakoa bost axola zaio.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ikaskideekiko harremanetan erreakzio desegokiak gertatzen dira.

–Ez dizkie besteei bere gauzak uzten, ez baita ikaskideez fidatzen.

–Zailtasunak ditu taldean lan egiteko; nahiago du lanak bakarrik egin.

–Ikaskide eta irakasleen jarduketak eta iritziak oker interpretatzen ditu.

–Bera tartekaturik dagoen edozein galderari ihes egiten dio, beldur delako gaizki ulertuko dutela, irri eginen diotela edo oker epaituko dutela.

2.–Behe maila.

Ikaslea ez da oso sentibera gainerako pertsonen presentziarekin eta zailtasun batzuk ditu lankidetza eta adiskidantzarako harremanak ezartzerakoan. Ez ditu eskuarki gainerakoen aurrean sentimenduak agertzen, nahiz eta batzuekin arazorik gabe fidatzen den. Ez du gustuko bere sentimenduak eta beharrak agertzea. Besteengatiko interesa mugatua da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Kosta egiten zaio elkarrizketa bat hastea eta lagunkoitasun, lankidetza edo adiskidetasun harremana mantentzea.

–Maiz bere ikastaldearen eta klasearen interesen aurretik bereak jartzen ditu.

–Zailtasunak ditu taldean lan egiteko, baina batzuetan erresistentziei aurre egiten die eta gainerakoekin lan egiten du.

–Ikaskide eta irakasleen jarduketak eta iritziak batzuetan oker interpretatzen ditu eta, orobat, helduekin gehiago fidatzen da.

–Normalean ez zaio bere buruaz hitz egitea gustatzen, irri eginen dioten edo negatiboki epaituko duten beldurrez.

3.–Maila ertaina.

Ikaslea sentibera da gainerako pertsonen presentziarekin, kontuan hartzen ditu eta haiekin lankidetza eta adiskidantzarako harremanak eskuarki ezartzen ditu. Oro har, gainerakoekin fidatzen da, baina zertxobait gutxiago ezezagunak badira. Normalean ez dio axola bere sentimendu eta beharrak adierazteari. Maiz aski besteekiko interesa erakusten du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Lankidetza, begikotasun edo adiskidantzarako harreman bat mantentzeko zailtasunik handirik ez du.

–Bere interesak eta ikastaldearenak eta ikasgelakoak aski ongi uztartzen ditu.

–Oro har, talde lana egiten du arazorik gabe.

–Eskuarki ikaskide eta irakasleen jarduketen eta iritzien aburu doitua du.

–Normalean ez du beldurrik bere buruaz hitz egiteko gainerakoen aurrean.

4.–Maila ertain-altua.

Ikaslea sentibera da gainerakoen presentziaren aurrean, baita gizarte-harremanak eta talde-harremanak preziatu eta baloratzen ditu ere. Lankidetza eta adiskidantzarako harreman onak eskuarki ezartzen ditu. Oro har, besteekin fidatzen da. Ez dio axola bere sentimenduak eta beharrak agertzeari. Besteengatiko interes handia du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Beste pertsona batzuekin eta talde zabalekin giza harreman onak mantentzea gustuko du.

–Gainerakoen ekarpenak eta iritziak baloratzen ditu eta bere interesak eta ikastaldearenak eta ikasgelarenak uztartzen ditu. Ikaskide eta irakasleen jarduketen eta iritzien aburu doitua du.

–Talde lana egiten du arazorik gabe.

–Ez da emana funtsik gabeko funts eta beldurrei.

–Ez du beldurrik bere buruaz hitz egiteko gainerakoen aurrean.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak giza harremanak eta taldeko harremanak baloratzen ditu eta gainerako ikaskideen aurrean liderra da. Lankidetza eta adiskidantzarako harreman on eta zabalak ezartzen ditu. Horrekin gozatzen du eta jarrera positiboak eta prosozialak kutsatzen ditu. Ahalegintzen da gainerakoak pozik egon daitezen eta beren sentimendu eta beharrak ager ditzaten. Besteengatiko interes handia du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Pertsonekin eta talde zabalekin giza harreman onak mantentzea gustuko du.

–Sarritan lehentasuna ematen die taldeko interesei bereei eman beharrean. Ikaskide eta irakasleen jarduketen eta iritzien aburu doitua du.

–Lider jarduten du. Taldean lan egin eta dinamizatzen du.

–Besteen ekarpenak eta iritziak baloratzen ditu eta parte-hartze giro ona lortzen du.

–Gatazka uneak saihesten ditu eta gertatzen direnean berbideratzen saiatzen da. Giro bat sortzen du, zeinetan denek hitz egiteko joera duten, argi eta garbi eta jarrera positiboarekin.

3.3. Emozioen oreka.

Sentimenduak eta emozioak onartu, izendatu eta egoki adierazteko ohiko jarrera da. Asertibotasuna eta adorearen egonkortasuna erakusten du.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak zailtasunak ditu bere emozioak eta izan ditzaketen ondorioak identifikatu eta adierazteko eta, orobat, bere indarguneak eta mugak ezagutzeko. Euforiatik tristurara zakarki igarotzen da. Haserrekorra da eta etsipen egoeren aurrean indarkeriaz edo hondoratuta erreakzionatzen du eta maiz kexatzen da. Uste du mundua bere kontra dagoela, denek irri egiten diotela. Ez ditu zuzenketak onartzen eta defentsiban egoten da eta, orobat, tentsioa sortzen dioten egoerak errefusatzen ditu. Estres, antsietate edo etsipen egoerak konpontzeko gaitasun txikia du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez daki bere sentimenduak kalifikatzen: ez ditu ezagutzen eta bere erreakzioak proportziorik gabeak dira. Ez da gainerakoen sentimenduez jabetzen, ez zaizkio axola.

–Ez da gai bere bulkadak erregulatzeko gai, ezta zerbait lortzeko itxaroteko ere. Nahi duena lortzen ez duenean indarkeriarekin erreakzionatzen du.

–Ez daki bere gatazkak ebazten: negar egiten du, oihu egiten du, zalaparta sortzen du, baita eraso ere.

–Ez du umore-senarik eta edozein txantxa irain moduan hartzen du.

–Arreta une oro behar du, hura erreklamatzen du eta hura lortzeko eginahalak egiten ditu.

2.–Behe maila.

Bere aldartea balekoa da, nahiz eta erraz haserretzen den kontra egiten badiote. Maiz ez ditu bere emozioak onartzen. Ez da gai bere egintzak erraztasunez aztertzeko. Zerbaitek nahigabea sortzen badio errua beste bati botatzen dio, ez daki aurre egiten eta heldua bilatzen du gatazkan esku hartu eta ebatz dezan. Erraz erortzen da adore faltan. Munduaren ikuspegi optimista eta pesimista txandakatzen ditu, jarduketa edo egoera zehatzen arabera.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Kosta egiten zaio bere sentimenduak eta bulkadak kontrolatzea.

–Besteen sentimenduak batzuetan kontuan izaten ditu eta zuzen portatzen da, baina haserratu ohi da emandako arrazoirik gabe. Haserretzen da eta konpostura galtzen du nahi duena lortzen ez badu.

–Kanpokoen esku-hartzea behar du gatazkak konpontzeko.

–Ez du txantxarik onartzen nahiz eta batzuetan egiten dituen.

–Helduaren arreta nola edo hala bereganatu behar du, modu onean edo txarrean.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak, oro har, mundua modu errealistan eta eraikitzailean ikusten du eta orekatua ageri da. Alabaina, kontrako zerbait gertatuz gero, adorea galtzen du eta altxatzea kostatzen zaio. Eskuarki sentimenduak eta emozioak egoki adierazi, kontrolatu eta erabiltzen ditu eta bere aldarteak onartzen ditu, nahiz eta batzuetan horretarako helduaren laguntza behar duen. Normalean gainerakoen iritziak onartzen ditu. Lasaia da eta maiz kontrako egoeren aurrean lasaitasunez erreakzionatzen du, noizean behin egoerak gainditzen badu ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Oro har, nahiko autokontzeptu positiboa du.

–Bere portaera arrazoizkoa da, nahiz eta batzuetan kanpoko laguntza behar duen bere sentimenduak ezagutu eta zuzen erregulatzeko.

–Behar duenean gatazkak ebazteko laguntza bilatzen du.

–Oro har, saria lortu arte itxaroten du, haserretu gabe eta atentzioa eman gabe. Normalean hitz egiteko txanda errespetatzen du.

–Oro har, enpatia agertzen du. Txantxak egitea gustuko du eta ia beti onartzen ditu.

4.–Maila ertain-altua.

Bere umorea aski erregularra da eta ez ditu aldaketa zakarrak egiten. Oro har, kritikak eta laudorioak ongi hartzen ditu. Autoestimu ona du, badu umore-sena eta badaki bere hutsak onartzen eta haien gainean barre ere egiten du. Sentimenduak eta emozioak egoki adierazi, kontrolatu eta erabiltzen ditu. Lasaia izaten ahalegintzen da eta kontrako egoeren aurrean lasai samar erreakzionatzen du. Gainerakoen iritziak onartzen ditu. Mundua nahiko modu errealistan ikusten du eta erabaki orekatuak hartu ohi ditu. Bere buruaz eta gainerakoez errespetua izaten du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere sentimenduak onartzen ditu eta eskuarki badaki erregulatzen.

–Batzuetan gai da bere gatazkak ebazteko, egoerari egokituz gero.

–Enpatikoa izan ohi da eta erresilientzia handia du.

–Maiz umore onez onartzen ditu txantxak. Gainerakoak errespetatzen ditu.

–Behar duena eskatzen du arreta bereganatu beharrik izan gabe. Badaki itxaroten.

5.–Maila altu-hobeezina.

Badaki bere sentsazio fisikoak emozioekin lotzen. Bere aldartea egonkorra da. Ustekabe bat gertatuz gero (azterketa bat ez pasatzea, ikaskideren batekin haserretzea, etab.), badaki tartea uzten eta egoera aztertzen, geroago jardun ahal izateko. Gai da estres, antsietate edo etsipen egoerak konpontzeko. Bere burua balioesten du eta gainerakoak beti errespetatzen ditu. Badaki entzuten, iritziak onartzen ditu eta bere sentimenduak adierazten ditu. Egoerak modu eraikitzailean hartzen ditu, errealismoz, eta esku hartzeko ahalmenak hobetzeko erabiltzen ditu. Erabaki orekatuak hartze ditu eta haien eragina baloratzen du. Konfiantza erakusten du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Badaki bere sentimenduak zein diren eta errespetuz eta asertibotasunez adierazten.

–Gainerakoen sentimenduak onartzen ditu eta, ondorioz, jarduten du. Txantxak onartzen ditu eta txantxak egiten ditu, besteei errespetua galdu gabe.

–Badaki itxaroten bere ekintzengatik saria lortzeko. Ustekabe baten aurrean ez du adorea erraz galtzen.

–Bere gatazkak aisetasunez eta positiboki ebazten ditu. Pazientzia du. Bere akatsak arazorik gabe onartzen ditu.

–Zerbait behar badu modu egokian eskatzen du. Ez du bere burua nabarmentzen.

3.4. Autokontrola.

Norberaren beharrak eta portaera kontzienteki eta borondatez menderatzea. Portaera ez da erreaktiboa eta ez dago atseginaren eta atsekabearen estimuluen, gogoen eta gogogabetasunen... mende. Oreka eta lasaitasuna erakusten ditu.

1.–Gutxieneko maila.

Ikaslea oldarkorra da, ez du hitz egiteko txanda errespetatzen eta arreta mantenitua izatea kosta egiten zaio. Ez da gai bere emozioak zuzen adierazteko edo ez agertzeko eta kosta egiten zaio bere erreakzioak eta aldarteak menderatzea. Zarata egiten du, batetik bestera mugitzen da eta ikaskidea bilatzen du, harekin hitz egiteko eta arreta galtzeko. Gogora etortzen zaion lehena esaten du. Haserrekorra da eta egoera etsigarrien aurrean indarkeriaz edo behera etorriz erreakzionatzen du. Bere akatsak onartzeko zailtasun handiak ditu. Giroaren, nahien eta gogogabetasunen arabera jokatzen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez da bere sentimenduez jabetzen. Ez da gai nahi duena argi eta garbi komunikatzeko. Ez du hori adierazteko hiztegia ezagutzen.

–Bere nahi eta gogogabetasunen morroi da.

–Ez ditu bestelako ikuspuntuak ikusten, ezta onartu ere. Ez ditu hitz egiteko txandak errespetatzen.

–Ez da gai bere ziurtasun-gabeziari, bere beldurrari aurre egiteko.

–Ez daki bete haurren proposamenei ez esaten. Besteek edo taldeak esandakoari men egiten dio.

2.–Behe maila.

Ikasleak zailtasun batzuk ditu bere emozioak eta aldarteak kontrolatzeko (adierazteko edo ez agertzeko). Gai da soilik isilik gelditzeko, hitz egiteko txanda errespetatzeko eta bere bulkadak kontrolatzeko, zaintzapean badago. Batzuetan oldartsu erreakzionatzen du, neurririk gabe eta modu desegokian, eta bere ikaskideekin liskarrak izan ditzake. Estres, antsietate edo etsipen egoerak konpontzeko gaitasun txikia du. Kosta egiten zaio bere akatsak onartzea.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Batzuetan soilik jabetzen da bere sentimenduez eta horiek nola menderatu. Bere aldarteek eta nahiek maiz agintzen dute, zergatik ongi jakin gabe.

–Kosta egiten zaio berea bezalakoak ez diren beste ikuspuntu batzuk onartzea.

–Ez da ausartzen bere beldurretako eta etsipenetako askori laguntzarik gabe aurre egiten.

–Kostatzen zaio komeni ez zaizkion proposamenei ez esaten.

–Maiz samar taldeak esanari men egiten dio.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak badaki bere bulkadak eta emozioak menderatzen, hitz egiteko txanda oro har errespetatzen du eta ikasgelan duen portaera zaintzen du, baina batzuetan nekatzen da eta errefortzua behar izaten du. Lasai samarra izan ohi da eta egoera bortitz eta deserosoen aurrean lasaitasunez jokatzen du, batzuetan egoerak gainditzen badu ere. Gai da bere akatsak onartzeko, batzuetan heldu baten gidaritza behar badu ere.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere sentimenduez jabetzen da eta kanpoko laguntzarekin adierazten du. Jardun baino lehenago, maiz zer egin behar duen pentsatzen du.

–Oro har, gai da beste ikuspuntu batzuk ikusteko eta aski enpatia ona lortzen du.

–Bere beldur eta ziurtasun-gabeziei aurre egiten die, baina batzuetan norbaitek nolabaiteko ziurtasuna ematea behar du.

–Batzuetan badaki bere ustez ongi ez dagoen zerbaiti ez esaten.

–Taldeak esandakoari batzuetan men egiten dio, baina erabakiak bere kabuz ere hartzen ditu.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak badaki ongi portatzen ikasgelan eta ikasgelatik kanpo, hitz egiteko txandari itxaroten dio eta klasean ez du arreta galtzen, ez eta galarazten ere. Jardun baino lehenago eskuarki gauzak pentsatzen ditu. Eskuarki lasaitasuna erakusten du eta egoera bortitz eta deserosoen aurrean lasaitasunez erreakzionatzen du. Normalean badaki besteen tokian jartzen eta errespetuz jokatzen du. Badaki bere erruak bere egiten eta horien ondorioak onartzen. Oro har, bere emozioak modu zuzenean agertzen edo ez agertzen.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere sentimenduez jabetzen da eta kontrolatu ohi ditu.

–Oro har, buruan duena eta nahi duena komunikatzen du, kosta egiten bazaio ere. Zerbait interesekoa ez duenean argi eta garbi ez esaten du. Asertiboa izan ohi da.

–Berea bezalakoak ez diren ikuspuntu desberdinak ikusi eta baloratzen ditu.

–Oro har, bere ziurtasun-gabeziei eta beldurrei aurre egiten die.

–Ez dio taldeak esandakoari erraz men egiten. Borondatea eta nortasun handia erakusten ditu.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak, eskuarki, badaki bere emozioak eta aldarteak menderatzen eta erabaki bat hartu eta jardun baino lehenago hausnarketa egiten du. Modu egonkorrean portatzen da eta lasaitasunez erreakzionatzen du egoera bortitz, deseroso edo etsipena sortzen diotenen aurrean. Asertiboa da. Bere akatsak eta akats horien ondorioak normaltasunez onartzen ditu eta haietatik ikasten ahalegintzen da. Bere emozioak modu zuzenean agertzen ditu edo ez ditu agertzen. Segurtasuna ematen du eta sendotutako nortasuna erakusten du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere sentimenduez jabetzen da, zuhurra da eta asaldura kontrolatzen du (lasai egoten da). Konfiantza eta segurtasuna ematen du.

–Zer nahi duen argi komunikatzen du eta sentimenduei lotutako hiztegi zabala du (sumindura, deserosotasuna, narritadura, haserrea, laidoa, amorrua, gorrotoa, poztasuna, tristura, atsekabea, gozamena, poztasuna).

–Gai da askotariko ikuspuntuak onartzeko eta gertatutakoari konponbide desberdinak emateko. Badaki besteen tokian jartzen.

–Bere beldur eta ziurtasun-gabeziak onartzen ditu, baina ez du horregatik lurra jotzen. Aitzitik, egoera gainditzeko eta pertsona moduan hazteko erronkak ikusten ditu. Badaki arrazoizko arriskuez jabetzen.

–Badaki ez esaten zerbait interesatzen ez zaionean edo ongi ez dagoela iruditzen zaionean eta, orobat, ez hori arrazoitzen du. Asertiboa da.

4. Pertsonekin eta gizartearekin konpromisoa errazten duten aztura eta balioei buruzko adierazleak.

4.1. Jokabide prosoziala: elkartasuna, eskuzabaltasuna eta altruismoa.

Gainerakoen beharrak bereak balira bezala sentitu eta bereganatzeko gaitasuna, besteak lagundu eta zaintzeko jarrera naturala izatea, baita taldearen interesa berearen aurretik jartzekoa ere, eta jakintza, gauzak eta denbora partekatzea, besteek behar dutenean.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak ez du inolako interesik besteak laguntzeko. Bost axola zaizkio haien beharrak. Ez die ikaskideei laguntzarik eskatu nahi izaten, ez da heldu bati ere. Ez du ezer edo ia deus ere bere ikaskideekin partekatzen. Bere interesak beti aurretik jartzen ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez ditu bere gauzak partekatzen.

–Materialak jasotzen lehena izan nahi du.

–Ez da sentibera ikaskideen beharren aurrean.

–Bere interesak taldearenen aurretik jartzen ditu. Ez du gustuko ikasgelako atazetan elkarlanean aritzea.

–Ez da ez atsegina ez maitagarria ikaskideekin eta irakasleekin.

2.–Behe maila.

Ikasleak zailtasunak ditu ikaskideekin zuzen portatzeko, baita helduaren gainbegiratzepean ere. Besteen beharren aurrean sentibera da, baldin eta lagun horiek lagunik minenak badira eta interes pertsonalarekin lotuta badago. Eskatzen badiote, bere lagunei soilik laguntzen die. Gauzak parteka ditzake, baina soilik bere lagunekin. Taldeak ona hartzea nahi du baldin eta berari onurarik ekartzen badio.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez ditu bere gauzak maileguan uzten. Hala ere, heldu batek eskatuz gero atzera egiten du.

–Bere gauzak noizean behin partekatzen dituenean, behin eta berriz gogoratzen du bereak direla.

–Behin eta berriz esaten bazaio, klaseko atazetan elkarlanean aritzen da.

–Bere ikaskideen beharrak sumatzen ditu, baina ez du berez laguntzarik eskaintzen. Ez dago prest bere ikaskideak laguntzeko bere denbora erraz eskaintzeko.

–Taldean lan egiteko eragozpenak maiz egiten ditu.

3.–Maila ertaina.

Ikaslea, eskuarki, zuzen portatzen da bere ikaskideekin. Sentibera da haren beharrekin eta lagundu ohi ditu, baina norbaitek hori egitera bultzatzea beharrezkoa izaten da. Ez du arazorik bere gauzak partekatzeko, nahiz eta ez duen beti ekimena hartzen. Taldean lan egiten duenean bere lana egiten du, bere zatia, berari dagokiona, ez gehiago.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Batzuetan bere ekimenez eta bestetzuetan horretara bultzatzen dutelako, gai da besteak laguntzeko.

–Bere gauzak eta, batzuetan, bere denbora partekatzen du.

–Besteen beharrekin aski sentibera da, inplikatzen ez bada ere.

–Jarrera berekoiak ez baditu ere, interes komunari ez dio balio handirik ematen.

4.–Maila ertain-altua.

Ikaslea besteekin adeitasunez portatzen da eta maiz hizkuntza baliabide egokiak eta hiztegi egokia erabiltzea lortzen du adierazpenak egiteko. Sentibera da besteen beharrekin eta laguntza eman ohi die. Oro har, ez du interes pertsonala beste pertsonen behar edo eskubideen aurretik jartzen. Bere gauzak arazorik gabe partekatzen ditu eta bere denbora besteenarekin partekatu ohi du. Bere erabakietan, normalean kontuan hartzen du taldearen ona.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere gauzekin bihozbera izan ohi da.

–Bere denbora eta ezagutzak partekatzen ditu, noizbehinka bada ere eta hori egitera bultzatzen zaionean.

–Eskuarki portaera adeitsua izaten du.

–Konturatzen da ikaskideren batek noiz duen arazo bat eta halakoetan lagundu ohi du.

–Eskatzen badiote ikaskideei beti laguntzen die.

5.–Maila altu-hobeezina.

Adeitsua izateaz gainera, bere ikaskideez arduratzen da eta haien arazo eta beharren aurrean oso sentibera da. Oro har, besteak laguntzeko prest da eta boluntario ateratzen da. Bere gauzak partekatzen ditu eta ez da beharrezkoa haiek eskatzea, behar bat ikusten duenean bere ekimenez eskariari aurre hartzen baitio. Ez du eragozpenik bere denbora besteei beren ataza eta lanetan laguntzen erabiltzeko. Sentibera da ikaskideren bat burumakur edo arazoekin ikusten duenean. Bere ekimenez hurbiltzen zaio eta laguntzen ahalegintzen da.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere gauzak eskaintzen ditu inork eskatu aurretik.

–Adi dago besteen beharren aurrean eta laguntzan aurrea hartzen du.

–Atsegina eta maitagarria da, eta badaki bere sentimenduak ahoz adierazten.

–Taldearendako onena bilatzen du beti. Taldearen beharrak bereak balira bezala hartzen ditu.

–Bere denbora bere ikaskideak laguntzeko erabiltzeak ez dio ardura.

4.2. Elkarlana, lankidetza eta konpromiso soziala.

(Balio hauek etapako azken ikasmailetan ageri dira gehienbatean, haurrek nolabaiteko heldutasun psikologikoa behar dutelako).

Laguntza emateko eta ondasun komunari eta inguruaren hobekuntzari ekarpena egiten laguntzeko jarrera naturala. Talde bateko kide dela uste duelako, taldearen atazen eta funtzionamenduaren ardura bere gain hartzen du, ahalmen pertsonalak gehitzen ditu, ekimenak bereganatzen ditu, taldean elkarlanean aritzeko interesa agertzen du eta besteei zerbitzuak borondatez ematen dizkie.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak ez du bere ikastetxean edo ikasgelan inongo ekimen, ekinaldi edo ekintza solidariorekin konpromisorik hartzen. Ez du parte hartzen eta, gainera, ekimen horiek kritikatzen ditu. Ez egitera bultzatzen ditu bere ikaskideak. Jolas kooperatiboetan, parte hartzen badu, ez du galtzea onartzen. Bere helburua beti irabaztea da, edonola ere. Oso lehiakorra da eta gainerakoekin soraioa.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez du jarduera kolektiboetan parte hartzen, argi eta garbi mesprezatu eta bazter uzten ditu.

–Hurbileko edo urruneko taldeari onura emateko, ardurak hartzeari uko egiten dio.

–Berekoia da, ez da gai espazioan hurbil ez dauden errealitateetan edo behar-egoeretan pentsatzeko.

–Ez du besteen beharrekin inongo konpromisorik hartzen.

–Proiektu edo ekinaldi solidarioez hitz egiten entzuten duenean, ez dio axola.

2.–Behe maila.

Ikasleak ekimen edo ekintza solidarioak gustuko baditu ere, ez du haiekiko enpatiarik edo interesik. Ez da sentibera bere ikaskideekin proiektu amankomunei aurre egiterakoan, nahiz eta ez dagoen erabat haien kontra. Ez ditu bereganatzen, edo forma aldetik soilik bere egiten ditu, proiektu solidario edo lankidetza proiekturen batean agindu zaizkion ardurak.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ez da oso sentibera laguntzarako proiektuetan eta elkartasun proiektuetan parte hartzearekin.

–Kosta egiten zaio jabetzea badirela sufritzen duten eta behar handiak dituzten pertsonak.

–Bere jarrera pasibo samarra da ikastetxeak edo ikasgelak bere gain hartutako proiektuetan.

–Konpromisoak pasiboki onartzen ditu.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak elkarlanean aritzeko joera du elkartasuneko ekimenetan eta besteei laguntzen die, baina hori egiten du gainerakoengandik ez bereizteko, bere burua gehiegi ez nabarmentzeko, eta ez egiten ari denean uste osoa duelako. Ez da konstantea eta ez da nabarmentzen bere parte-hartzean. Noizean behin beharrezkoa da arlo honetan ardurak hartzera animatzea.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Besteen beharren aurrean, oro har, sentimendu onak ditu eta ongi deritzo arlo horretan jarduteari, baina, eskuarki, ez du ekimenik hartzen.

–Ez da proaktiboa eta adore gabezia du, zertxobait, baina besteei laguntzeko prest dago arazorik gabe. Horretarako euskarria taldearen ekintza da.

–Hautematen du badirela laguntza eta elkartasun-ekintzak behar dituzten pertsonak eta, noizean behin, erantzukizun edo ekimen isolaturen bat bereganatzen du, baina haren buru izan gabe.

–Ekinaldi eta ekintza solidarioetan parte hartzen du, baina egiten ari denean uste gehiegirik izan gabe.

–Zenbait erantzukizun bere gain hartzen ditu, baina beti ez da haietan konstantea eta ongi hartzen du taldearen laguntza eta giro ekintzailea.

4.–Maila ertain-altua.

Ikaslea ongi aritzen da elkarlanean elkartasun-ekimenetan eta besteei laguntzen die, nahiz eta ez dituen beti ekimenak bere kasa hartzen. Gabezia eta behar larriak dituzten pertsonekin sentibera da. Bere parte-hartzean konstantea izan ohi da eta erantzukinak bere gain hartzen ditu hala agintzen zaionean. Noizean behin bada ere ekimenen baten buru izan daiteke.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Sentibera da pertsonen behar eta gabeziekin eta haiek laguntzeko prest dago, hala eskatzen zaionean.

–Batzuetan bere burua eskaintzen du taldean zerbitzuak egiteko.

–Ikasgelako beste ikaskide batzuekin boluntariotzako proiektuetan maiz samar parte hartzen du.

–Elkartasun eta laguntza proiektuetan parte hartzeko jarrera positiboa du.

–Erantzukizunak bere gain hartzen ditu, hala eskatzen zaionean.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikaslea ongi aritzen da elkarlanean elkartasun-ekimenetan eta besteei laguntzen die eta, orobat, ekimenak hartzen ditu eta ekintzak proposatzen ditu. Bere parte-hartzean konstantea izan ohi da eta lider peto-petoa izan ohi da. Erantzukizunak ilusioz eta gogo handiz bere gain hartzen ditu. Elkarlanean gogo onez aritzen da eta ekimen mota horiek gogoko ditu. Gabezia eta beharrak dituzten pertsonekin bereziki da sentibera.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Ikasgelako beste ikaskide batzuekin boluntariotzako proiektuetan parte hartzera animatu eta bultzatzen du.

–Pertsonen behar eta gabeziekin bereziki da sentibera.

–Elkartasun eta laguntza proiektuetan parte hartzeko jarrera positiboa du eta gainerako ikaskideen aurrean lider izan ohi da.

–Erantzukizunak bere gain hartzen ditu jarrera positiboekin eta ilusio handiz.

–Sortzailea da eta gainerakoengan ilusioa eta eskuzabaltasuna sustatu eta kutsatu ohi ditu.

4.3. Proaktibotasuna eta baikortasuna.

(Balio hauek etapako azken ikasmailetan ageri dira gehienbatean, haurrek nolabaiteko heldutasun psikologikoa behar dutelako).

Ekimena hartzeko eta ustekabeei aurre hartu eta haiek gainditzeko ohiko jarrera. Pentsamendu positiboen eta negatiboen artean bereizteko eta lehenen aldera makurtzeko gaitasuna. Xedeak ezartzearen garrantzia baloratzea. Gogogabetu edo irain dezaketen esaldi negatiboak saihestea. Jarduera edo jarrera positiboei eustea, kosta ahala kosta.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak zailtasun handiak ditu bere ekimenez jarduteko, helburuak finkatzeko eta haiek lortzeko lan egiteko. Bere ohiko portaera pasiboa eta ezezkorra da eta inguruak agindutakoari men egiten dio. Arduragabekeriarako joera du eta beretako edozein jarduera zama da eta gainerakoak desanimatzen ditu. Ez da gai gauzak gerta daitezen erantzukizuna bere gain hartzeko. Arazo baten aurrean ez du konponbiderik bilatzen, arazoak pilatu besterik ez du egiten.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Arazoen aurrean ez du konponbiderik bilatzen, nahigabetzen da eta ez du erreakzionatzen. Ez daki sortzen zaizkion zailtasunak gainditzen. Kosta egiten zaio gauza berriak egitea eta ez da haiekin oso erraz ilusionatzen.

–Ez ditu etsipenak jasaten, atsekabetzen da eta negar egiten du egiten ari dena gustuko ez badu.

–Ez da gai gauzak gerta daitezen erantzukizuna bere gain hartzeko, hori egitera animatuz gero ere.

–Beldurrak erakusten ditu eta dena modu negatiboan ikusten du. Badirudi munduarekin ez dagoela gustura.

–Ez ditu bere emozioak kontrolatzen eta sentitzen duena modu negatiboan adierazten du.

2.–Behe maila.

Ikasleak zailtasunen bat dauka bere ekimenez jarduteko. Gogoz edo desgogoz jarduten du, ingurukoak agintzen dio eta ez du egoera aldatzeko parte hartzen, hori egitera bultzatzen ez bazaio bederen. Bere inguruan aldaketaren bat gertatuz gero, desegonkortzen da eta ez da gai egoera berriari aurre egiteko, laguntzen ez bazaio jakina. Kosta egiten zaio berak gauzen alde ona ikustea. Zailtasunak ditu gatazkak ebatzi eta akordioetara heltzeko, nahiz eta gai den hori egiteko, laguntzen bazaio.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Zailtasun handiak ditu xedeak eta helburuak finkatzeko eta haiek gainditzeko lan egiteko.

–Kosta egiten zaio gainerakoengana bere ekimenez zuzentzea eta besteen gurdira erraz igotzen da.

–Ia gehienetan egoeren alde negatiboa ikusten du eta parte hartzen duen egoeretako gehienetan ez du gozatzen.

–Bere aldarteak ezkortasunera jotzen du gehienbat. Eguneroko bizitzan gertatzen diren gauza triste eta desatseginak komentatu eta mintzatzeko joera du batzuetan.

–Gauzak ikusteko duen moduak gaizki sentiarazten du eta maiz beraren barnean gerizatu eta ixten da.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak maiz samar bere ekimenez jardun ohi du. Ez dio inguruak agintzen eta gauzak aldatu behar direnean batzuetan esku hartzen du, besteek laguntzea ongi badatorkio ere. Baikor samarra da eta maiz gauzen alde ona ikusi ohi du. Gatazkak ebatzi eta akordioetara heltzen ahalegintzen da, erantzukizunak maiz hartzen ditu gauzak gerta daitezen eta konponbideak bilatzen ditu, nahiz eta batzuetan horretarako laguntza behar duen.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere aldartea aldakor samarra da, baina ez dago inguruaren edo gogo-gabezien mende.

–Ahaleginduz gero, gai da gauzak gerta daitezen erantzukizuna bere gain hartzeko. Noizean behin egoerei konponbide berriak bilatzen dizkie.

–Kontrakotasunetatik airos ateratzen da, laguntzen bazaio, eta taldeko ekimenetan gainerakoekin elkarlanean aritzen da.

–Maiz samar egoeren alde positiboa ikusi ohi du, bere burua animatu eta gora egiten du, bereziki gainerakoen laguntzari esker.

–Bere inguruan agertzen diren gatazkak konpontzen saiatzen da.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak maiz ekimena hartzen du hobekuntzak egiteko eta zailtasunei aurrea hartzeko. Baikorra izan ohi da, xedeak eta helburuak finkatzen ditu eta haiek lortzeko lan egiten du. Aukeratzeko borondateak lehentasuna du inguruabarren eta aldarteen aurrean eta balioak bulkadak baino lehenago daude. Maiz erantzukizuna bere gain hartzen du, gauzak gerta daitezen, eta atazak egiteko bere burua eskaintzen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Gehienetan baikorra da ikasgelan gertatzen diren gertakizunen aurrean. Bere solasaldietan jarrera alai eta eraikitzailea nagusi da. Egoeren alde positiboa ikusten du, nahiz eta batzuetan “baina”ren bat esan.

–Gauzak errealismoz baloratzen ditu gertatzen denarekin hondamendirik egin gabe.

–Ataza, proiektu eta ekimenetan erraz parte hartzen du eta maiz samar haiek bere gain hartzeko bere burua eskaintzen du.

–Borondate aski du bere erantzukizun eta mandatuak bere gain hartzeko.

–Tresnarik eta estrategiarik onenak bilatzen ditu eta ekimena hartzen du gatazkak eta arazoak konpontzerakoan.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak, eskuarki, bere jokabidearen gaineko kontrola bere gain hartzen du eta bere ekimenean sortzailea da. Errealista izateari utzi gabe, alai eta baikorra da eta aukerak eta gauzen alde ona ikusten ditu. Inguruabarren aurrean borondatea du, zailtasunen aurrean gora egiten du eta bulkaden aurretik balioak jartzen ditu. Lider ona da, erantzukizunak bere gain hartzen ditu, pertseberatzen du eta kontrako egoerei aurre egiten die, desanimatu gabe; besteak animatzen ditu. Gai da akordioetara heltzeko eta gatazkak ebazten esku hartzeko, konponbideak ekarriz eta besteak hala egiteko animatuz.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Bere iritzi eta irizpideak entzun eta kontuan hartzen dira haiek azaltzen badakielako. Lider amultsua da. Besteei entzuten die eta erraz konbentzitzen eta animatzen ditu.

–Arazo baten aurrean beti alde positiboa ikusten du. Normalean gauza guztietan zerbait ona ikusten du, errealista izateari utzi gabe. Zailtasunen aurrean harrotzen da.

–Ikaskideen arteko harremanak beti errazten ditu. Akordioetara iristeko beti irekita dago. Begikotasuna beti errazten duen hiztegia erabiltzen du.

–Bere emozioak kontrolatzen ditu. Badaki zein diren, bereak nola gainerakoenak.

–Pertseberantea da bere helburuak lortzeko eta hobetzeko, eta ikasteko motibatuta dago. Modu txukun eta arduratsuan lan egiten du.

4.4. Justiziarako jarrera.

(Balio hau etapako azken ikasmailetan ageri da gehienbatean, haurrek nolabaiteko heldutasun psikologikoa behar dutelako).

Justizia bakoitzari dagokiona ematea eta eskatzea da. Eskubideak eta erantzukizunak hartu eta bereganatzea da, besteen jarrerak ulertzea eta norberarenak errespetuz eta asertiboki azaltzea. Pertsona egiati eta zintzoak izatea. Besteen merezimenduak onartzea. Ondarearekin eta ondasun komunarekin errespetuzko jarrera izatea. Parte-hartze demokratikorako azturak bereganatu eta sustatzea. Bidegabekerien aurrean sendotasuna sustatzen du. Indarkeria gorrotatzea. Ospeak, plazerak edo gutiziak ez galbideratzea.

1.–Gutxieneko maila.

Ikasleak uste du ‘justizia’ berari onura ekartzen dion zerbait dela. Ez du gogoko egia esatea. Bere burua sistemaz zuritzen du, bere interesen arabera jarduten du eta onura lortzen ahalegintzen da nahiz eta horrekin besteei kalte egin. Ez dago koherentziarik esaten duenaren eta egiten duenaren artean eta arauak ez ditu maiz errespetatzen. Bere eskubideak eskatzen ditu, baina ez bere betebeharrak. Partziala da balorazioetan eta aurreiritzi eta kidetasunetara jotzen du. Bere ikaskideak, baita bere lagunak ere, bidegabe tratatzen ditu eta berak egiten ez dituen gauzak besteek egitea eskatzen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Gezurra maiz esaten du eta bere ekintzak zuritzen eta besteei errua botatzen ahalegintzen da.

–Ez ditu helduak jartzen dizkion mugak eta arauak onartzen. Zuzenketen aurrean indarkeriaz erreakzionatzen du. Ez ditu bere akatsak onartzen.

–Bere onura sistemaz bilatzen du. Ez ditu bere ikaskideen eskubideak errespetatzen, oztopoak jartzen dizkie, molestatu egiten ditu eta baita gorputza erabiliz eraso ere egiten die.

–Gainerakoak salatzen ditu zuzena ez den zerbait egiten dutenean.

–Errespeturik gabe tratatzen ditu, aurretik juzgatzen eta baztertzen ditu eta besteekin egindako bidegabekeriari ez dio kontra egiten.

2.–Behe maila.

Ikasleak zailtasunak ditu bere ekintzen jabetza bere gain hartzeko eta maiz bere burua zuritzen ahalegintzen da. Kosta egiten zaio egia esatea. Maiz bere interesen arabera jarduten du eta onura ateratzen saiatzen da nahiz eta horrekin besteei kalte egiten dien. Maiz samar ez dago koherentziarik esaten duenaren eta egiten duenaren artean eta kosta egiten zaio arauak errespetatzea. Eskubideak erreibindikatzen ditu, baina besteenak ia-ia ez ditu kontuan hartzen. Aurreiritzi eta kidetasunei lehentasuna ematen die. Bere ikaskideak maiz bidegabeki tratatzen ditu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Maiz samar esaten du gezurra.

–Behin eta berriz gogorarazi behar zaizkio mugak eta arauak, bete ditzan.

–Bere eskubideak markatzen ditu, baina ez du argi zein diren besteenak. Eskuarki bere ikaskideei botatzen die errua. Batzuetan akatsak onartzen ditu, azaltzen zaizkionean, baina kosta egiten zaio esaten duenaren eta egiten duenaren artean koherentea izatea.

–Bere ikaskideekin gatazkak dituenean, indarkeria fisikoa edo hitzezkoa maiz erabiltzen du.

–Batzuetan errespeturik gabe tratatzen ditu, aurretik juzgatzen eta baztertzen ditu eta besteekin egindako bidegabekeriari ez dio kontra egiten.

3.–Maila ertaina.

Ikasleak, eskuarki, bere ekintzen jabetza onartzen du eta zintzoa izan ohi da. Bere portaeran koherente samarra da. Justiziaren eta egiaren balioak errespetatzen ditu. Normalean ongi tratatzen ditu gainerakoak eta prest dago haiek laguntzeko, eskatuz gero. Eskuarki, bere hautemateetan objektiboa da, nahiz eta noizean behin aurreiritziren bat izan dezakeen. Oro har, ondratua izan ohi da, zuzentasunez jokatzen du eta, orobat, pertsonak, arauak eta gauzak errespetatzen ditu. Bere lagunak defendatzen ditu bidegabekeriaren bat egiten dietela uste duenean eta bestelako ikaskideekin maiz hala jokatzen du.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Zintzoa izan ohi da eta gainerakoak zuzen eta errespetuz tratatu ohi ditu. Bere akatsak onartzen ditu eta haiek konpontzen ahalegintzen da.

–Mugak onartu eta arauak bete ohi ditu.

–Eskuarki, bere ikaskideen eskubideak eta guztien ondasunaren garrantzia onartu ohi ditu.

–Gatazkak ebatzi ohi ditu indarkeriarik erabili gabe.

–Bere ikaskideak bidegabekerien aurrean defendatzen ditu, bereziki bere lagunak.

4.–Maila ertain-altua.

Ikasleak, eskuarki, bere ekintzen jabetza bere gain hartzen du eta egia esaten du, kalte egiten badio ere. Koherentziaz portatu eta mintzatu ohi da. Elkarrizketarako irekia da. Gainerakoak modu duinez tratatzen ditu eta sentiberatasuna eta laguntzeko jarrera erakusten ditu. Bere aburu, balorazio eta erabakietan aski objektiboa eta inpartziala da. Pertsonak, arauak eta gauzak zuzen eta errespetuz hartzen ditu. Maiz defendatzen ditu bere ikaskideak bidegabekeriaren baten biktima izan direla uste badu.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Arauekin egiatia da eta errespetuz hartzen ditu. Bere ikaskideen eskubideak onartu eta errespetatzen ditu.

–Bere akatsak onartu ohi ditu eta hobetzen ahalegintzen da. Bere balorazioetan objektiboa eta enpatikoa izan ohi da.

–Gatazkak elkarrizketaren bidez ebazten ditu. Asertiboa da.

–Gatazkaren batean parte hartu badu, ez die beste ikaskideei errurik botatzen eta hura onartzen du. Ez da portatzen aurreiritzien eta interes berekoien arabera.

–Matxinatzen da ikaskideren bat bidegabe tratatzen badute eta bere alde jartzen da egoera konpondu ahal izateko.

5.–Maila altu-hobeezina.

Ikasleak zuzena denaren eta zuzena ez denaren arteko aldea ongi bereizten du, egia esaten du eta bere ekintzen ondorioak bere gain hartzen ditu, nahiz eta horrek kalte egin diezaiokeen. Ondratua izaten ahalegintzen da eta gainerakoak zuzen tratatzen ditu, sentiberatasunez, enpatiaz eta laguntzeko jarreraz. Ahalegintzen da bere balorazioetan objektiboa eta inpartziala izaten eta ez du aurreiritzirik. Elkarrizketarako irekia da. Arauak eta gauzak errespetatuz jarduten du eta guztien ondasunaren alde egiten du lan, atseginez. Besteak defendatzen ditu uste badu bidegabekeria baten biktima direla eta, aukerarik badu, bere ustez beretako, talderako eta gizarterako zuzena denaren alde egiten du lan.

Maila honetan ohikoak diren jokabideak:

–Eskuarki egia esaten du eta denak errespetuz hartzen ditu.

–Bere betebeharrak atseginez betetzen ditu eta hori bere jarreretan islatzen da. Gai da bere akatsak onartzeko, ahalkerik erakutsi gabe, eta akats horiek zuzentzeko baliabideak jartzen ditu. Ez du besteen aurrean bere burua nabarmentzea gustuko, nahiz eta horretarako arrazoiak izan.

–Bere aburuak egiten ditu, zergatiak aztertuz datuekin, modu inpartzialean eta objektibotasunez. Bere ikaskideen bertuteak eta akatsak argi eta garbi onartzen ditu, baina lehentasuna bertuteei ematen die.

–Ez du inoiz indarkeria erabiltzen, eta ikaskideen eta irakasleen artean harreman positiboak ezartzen ditu. Gatazketan beti konponbide duinak bilatzen ditu.

–Ikaskideren bat ez badute zuzentasunez tratatzen, beraren defentsan ateratzen eta haren aldeko argudioak egiten ditu.

Iragarkiaren kodea: F1414065