174. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Eguesibarko Udalaren herrilurretako
ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2014ko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, Eguesibarko Udalaren herrilurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Espedientearen jendaurreko epean ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, ulertu behar da hasierako onespen hura behin betikoa bihurtu dela. Hori guztia deusetan ukatu gabe onetsitako testua nahitaez argitaratu behar dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, indarra izan dezan.

Iragarki honen bidez testu osoa ematen da argitara, aldaketak bertan sartu ondoren.

Atarikoa

Udalak, 2004ko irailaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eguesibarko Udalaren herrilurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hasierako onespen hori 2004ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 8an. Behin betiko onespena, barnean ordenantzaren testua zuena, berriz, 2005eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an.

Aipatu ordenantzak herrilarreen aprobetxamendua baizik ez du arautzen.

Ordea, Eguesibarko Udalak baditu, orobat, laborantzarako herrilurrak –zehazki Ustarrozko garai bateko kontzejutik heldu direnak. Kontzeju hori urriaren 25eko 287/1990 Foru Dekretu bidez iraungi zen (1990eko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 9koa)–. Horrenbestez, arautu behar da haien aprobetxamendua, behar bezala administratu eta kudeatzeko, edo ordenantza aldatuz, bertan sarturik laborantzarako herrilurrak, edo ordenantza berri bat onetsiz. Dagoena aldatzea erabaki da.

Hurrengo testuan, herrilurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren aldaketa biltzen da (2005/04/22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), laborantzarako herrilurrak arautzen dituzten xedapenak sartuz.

EGUESIBARKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN
ORDENANTZAREN TESTUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Eguesibarko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Eguesibarko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri ondasunen inguruan Eguesibarko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Eguesibarko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide baten bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Eguesibarko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Eguesibarko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Eguesibarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Eguesibarko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Eguesibarko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Eguesibarko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Eguesibarko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herrilurretako larreen aprobetxamendua.

b) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

15. artikulua. Eguesibarko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Orokorrean, Eguesibarko Udaleko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Eguesibarko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

Nolanahi ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren ondorioz, ibar honetako toki entitate iraungien herrilurren erabilera eta aprobetxamendua, ordenantza honetan arautua, toki entitate haien lurretan bizi diren herritarrek baizik ez dute izanen.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. artikulua. Eguesibarko Udaleko herrilarreek beste finka partikular batzuekin batera, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, ustiapen unitate bakarra osatzen dute.

18. artikulua. Eguesibarko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

21. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

22. artikulua. Eguesibarko Udalak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

Egulbati: behi edo zaldi aziendako 40 buru.

Honi dagokionez, Eguesibarko Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:

Zaldi azienda buru bat 8 ardi buru adina da.

Behi azienda buru bat 8 ardi buru adina da.

Ahuntz azienda buru bat 1 ardi buru adina da.

23. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten, larreen kalitatea eta eskortak diren ala ez kontuan harturik, Eguesibarko Udalak honako kanon hauek finkatu ditu bazkalekuetarako:

Egulbati: 60 euro/azienda larriko abelburua (behi edo zaldi azienda).

24. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI) kontuan hartuz.

25. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da.

–Lehenbiziko epea. Urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea. Urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

26. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 5 eguneko epean esleipenaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %4 utzi beharko du fidantzatako.

27. artikulua. Eguesibarko Udalak beretzat gordetzen du larre guztien bostetik bat, onuradun berririk balitz urtean esleitzeko.

28. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

29. artikulua. Prozedura. Eguesibarko Udalak erabakia hartu ondotik, 5 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten. Hori baino lehenago, ediktua paratu beharko da Eguesibarko Udaletxeko iragarki oholean.

30. artikulua. Eguesibarko Udalak behin-behinekoz esleituko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

31. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

III. KAPITULUA

Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua

33. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea.

Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

34. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira. Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, bertze irizpide batzuk ebalua daitezke, hala nola: lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako bertze edozein datu ere.

35. artikulua. Lotearen azalera.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurra: 20 erregu.

2. 34. artikuluan ezarritakoa (lehentasunekoak) betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, lehorreko 20 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, lehorreko 40 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, lehorreko 60 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea, lehorreko 100 erregu.

36. artikulua. Faktoreak beheratzea.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honetako 34. eta 35. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

37. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da, oro har.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta interesdunak eskatuta, Udalak eskaera aztertu eta dagokion batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzeko.

38. artikulua. Kanona.

Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herrilurrak esleitzeko espedientea hasteko erabakian.

Kanona izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

39. artikulua. Laborantza zuzeneko eta pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 40 a) artikuluan xedatua aplikatuko da.

40. artikulua. Esleipen-hartzaile izatetik gelditzea.

Esleipen-hartzaile izateari utzi nahi diotenek eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.

a) Uztea ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko du uzteko eskaria. Esleipena uzteko eskaria onartuta dela, dagokion batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoan, Udalak herritarren arteko zuzeneko esleipena baliatuko du.

Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartzen ahalko zaio. Dena dela, ezin izanen da herrilurretako lurzati baten onuradun izan bertze esleipen aldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.

b) Uztea familia unitateko bertze kide bati subrogatzeagatik.

Inork lurzatien onuradun izan nahi badu, jatorrizko eskatzaileak subrogatuta familia unitatearendako eskatzaile gisa, eskaera idatzia aurkeztu beharko da Udaleko Erregistroan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren uztea eta familia unitate bereko titularrarendako subrogazioa onetsi ondoan, hura onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.

c) Epea baino lehen uztea.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, esleipen-hartzaile izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ezin izanen dira herrilurretako lurzatien onuradunak izan, egokitu zitzaien esleipen aldi osoa bete arte.

d) Behartuta uztea.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte. Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Esleipen-hartzaile izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.

Betiere, esleipena utzi beharko dute laborantza urtean erretiratu edo pentsiodun bilakatzen diren onuradunek.

41. artikulua. Laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzea.

Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Dagokion batzordearen txostenaren ondoan Udalak osoko bilkuran gehiengo soilez hartzen duen erabakiaren arabera, esleitutako herrilurrak zuzenean eta norberak lantzen ez dituenean, ordenantza honen 39. artikuluan xedatuari jarraikiz.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena egiten ez duenean errentan emandako lurzatiengatik.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

g) Erretiroduna eta pentsioduna denean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

42. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

43. artikulua. Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskura dagoen azaleraren %25 banatzeko irizpidea izanen da eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa.

b) Eskura dagoen azaleraren %75 banatuko da lehentasuna duten herritarren ustiategien titularren artean, irizpidea izanik eskatzaile bakoitzaren ustiategiaren azaleraren alderantzizko proportzioa.

44. artikulua. Epea.

Esleipenaren epea 37. artikuluan adierazitako berbera da.

45. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.

Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herrilurrak esleitzeko espedientea hasteko erabakian.

Haren zenbatekoa izanen da ezaugarri berdintsuko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

46. artikulua. Laborantza zuzenean egitea.

Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 39. artikuluan xedatua bete beharko da.

47. artikulua. Erreserba, onuradun berriendako.

Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

3. ATALA

Enkante publiko arrunta

48. artikulua. Enkantearen bidezko esleipena.

Aitzineko ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lur sobera baldin badago, Udalak, enkante publikoan eginen du esleipena. Arau orokorra izanen da 2 urte izatea enkante arrunt hauetako esleipen epea, non eta Udalak, osoko bilkuran, gehiengo soilaz bertze erabaki bat hartzen ez duen, dagokion batzordeak txostena egin ondoan, izan ere erabaki dezake esleipen epea amaitzea lehenago esleitutako lurzatien esleipena amaitzen denean.

Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 39. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

4. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena

49. artikulua. Udalaren zuzeneko ustiapena.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA

Esleipen modu guztien prozedura

50. artikulua. Esleipen eskaera aurkezteko epea.

Udalaren osoko bilkurak, aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.

51. artikulua. Dokumentazioa.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Udalaren erroldatze eta bizikidetza agiria, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Familia unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia unitateko kide guztiena.

e) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

f) Errentan edo jabetza ez den bertze titulu batean lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

g) Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena.

h) Jabetzako lurrak, hirugarrenei errentan emanak daudenak.

Eskatzaileren batek eskatzen zaizkion agiriak ekartzen ez baditu, akatsa zuzentzeko epea emanen zaio eta hura iraganik eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.

52. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Tokiko Gobernu Batzarrak esleipen modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du.

Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta alegazioak egin daitezen argitaratuko da.

53. artikulua. Alegazioak.

Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko.

Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Tokiko Gobernu Batzarrak, eta Osoko Bilkurari igorriko dio, onar dezan, mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

54. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Familia unitatearen titular diren bizilagunen zerrenda ikusirik, Osoko Bilkurari igorriko zaio, behin betiko onets dezan, eta lurzatiak esleitzeko egunak emanen dira aditzera.

55. artikulua. Esleipena.

Lehentasuna duten herritarrendako esleipenaren behin betiko zerrenda ikusita, loteak esleituko dira; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 35. artikulukoak izanen dira.

Herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 43. artikulukoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

56. artikulua. 1.–Eguesibarko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Une horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Eguesibarko Udalak hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Eguesibarko Udalak hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

57. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

58. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduaren kanonak Eguesibarko Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

59. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bortz gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta ohartarazten da ezen, ordenantza honen kontra, errekurtso hauek paratzen ahal direla:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Sarrigurenen, 2014ko abuztuaren 19an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1411479