174. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

64/2014 FORU DEKRETUA, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituen otsailaren 19ko 23/2014 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen ditu, eta ezartzen du ez dela aplikatuko foru legearen mendeko entitateek beren entitate instrumentalei mandatuak egiten dizkietenean obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioetan, baldin eta mandatua 8. artikuluan aurreikusitako eran egiten bada.

Aipatu 6/2006 Foru Legea aldatu zuen otsailaren 25eko 3/2013 Foru Legea onetsi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituen otsailaren 19ko 23/2014 Foru Dekretua onetsi zen. Bereziki, foru dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalen araubide juridiko, ekonomiko eta administratiboa arautzen du jarduera administratiboaren esparruan, Administrazioaren tresna propioak eta zerbitzu teknikoak diren aldetik.

Arau horrekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalei, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez, aurretik aitortuko zaie tresna propioak direla, eta zein zuzendaritza nagusi, erakunde autonomo edo departamenturen mende dauden, hark agintzen dizkien obren, horniduren eta laguntzen exekuzioak nahitaez bete beharreko mandatuen araubide berezia izanen dute. Une honetan, bidezkoa da xedapen gehigarri bakarra aldatzea, eta aitortza hori berritzeko 6 hilabeteko epea ordeztea, sektore publikoaren II. berrantolamendu plana burutu dadin.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarrian adierazten denez, Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emanen ditu. Horren babesean prestatu da foru dekretu hau.

Kontratazio Publikorako Batzordeak, 2014ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran, aldeko txostena eman du foru dekretu honi buruz.

Hori horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko abuztuaren 27ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituen otsailaren 19ko 23/2014 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra aldatzea.

Testu hau izanen du aipatu foru dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak:

“Xedapen gehigarri bakarra.–Entitate instrumentalaren izaera sozietate publikoei aitortzea.

Foru dekretu honetan ezarritakoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko sozietate publikoei izaera instrumentala aitortzeko prozedura. Lehendik entitate instrumentalaren izaera duten entitateentzat, gaur egun indarra duten deklarazioak iraungi baino lehen berritu beharko da aitortza hori.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1411807