148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

57/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua aldatzen duena. Dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzkoa da.

ZIOEN AZALPENA

Bizikidetza batzordea 2013ko irailean jarri zen abian Hezkuntza Departamentuan, bizikidetza arazoei lotuta dauden edo egon daitezkeen eskumenak dituzten unitateen arteko koordinazioa bermatu eta hobetzeko.

Abian jarri zenetik hainbat hilabete igaro ondoren, osatu behar diren zenbait kontu antzeman dira ikastetxeetako bizikidetzaren esparru juridikoan. Abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak ezarri zuen aipatu esparrua. Hain zuzen, Dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzkoa da.

Besteak beste, gurasoen eta legezko arduradunen erantzukizun eta eskubideen araubidea zehazteko aukera ikusi da, bizikidetza gatazken informazioa izateko duten eskubideari bide emateko eta prebentzio neurriak hobetzeko eskola-komunitatean betebeharrak betetzen ez dituztenean.

Gizartean gero eta komunikazio-gailu gehiago daudenez, hainbat printzipio orokor, prozedura eta arau kontuan hartu behar dira berariaz, gero ikastetxe bakoitzak zehaztu edo garatuko dituenak barneko arauetan.

Departamentuko bizikidetza batzordeak metatutako esperientzia ikusita, gomendagarria da batzorde hori bizikidetzaren esparru arautzailean sartzea, eta Departamentuak bestelako laguntza- eta informazio-baliabideak ere hartuko ditu kontuan.

Bestetik, komeni da Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak bizikidetza arloan oinarrizko araudiari gehitutako araubidearen zati bat sartzea foru antolamenduan, betiere dagoeneko sartuta ez badago. Adibidez, irakasleak eta zuzendaritzako taldea autoritate publikoak direla aitortzean prozedura zuzentzaileetan izan diren oinarrizko ondorioak, edo neurri zehatz batzuk jartzea bereziki larritzat jotzen diren portaeretan.

Hainbat kontu tekniko ere sartu dira gai hauen alderdi batzuk argitu edo hobetzeko: kautelazko neurriak, bizikidetzaren aurkako portaerak izatera bultzatzea eta erabakitako prozedura.

Azkenik, Parlamentuak 2014ko urtarrilaren 9an emandako Ebazpenaren ildo berean, hizkuntza-eredu ezberdinak dituzten hezkuntza-komunitateetan ikastetxe bateko bizikidetza edo hainbat ikastetxeren artekoa jorratzen ari da Departamentuko bizikidetza batzordean, eta horri buruz hartu behar diren neurrien artean komenigarritzat jo da arlo horretan hainbat printzipio, eskubide eta betebehar sartzea abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aginduzko txostena ikusirik eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 2ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehenengo artikulua. 6. artikulua aldatzea.

1.–6. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. Bizikidetza planean prebentzio neurriak, bitartekaritza, bizikidetzarako konpromisoak eta bizikidetzarako erregelamendua sartuko dira, hala nola bizikidetza hobetzeko eta gatazkak bake bidez konpontzeko behar diren gainerako neurriak.

Hizkuntza-eredu bat baino gehiago dituzten ikastetxeetan, bizikidetza planak berariaz bilduko ditu aurreko neurriak, eredu ezberdinetako ikasleen eta hizkuntza-komunitatearen bizikidetzari lotuta.

Hainbat hizkuntza-eredu izan eta instalazioak konpartitzen dituzten ikastetxeetan, elkarrekin prestatuko dute haren bizikidetza plana edo planak. Nolanahi ere, eredu ezberdinetako ikasleen eta hizkuntza-komunitatearen bizikidetza errazten duten neurri eta jarduerak sartuko dira.”

2.–6. idatz-zatia gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

“6. Ikastetxe bakoitzak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko protokolo bat sartuko du bizikidetza planean, honako hauek zehazteko: teknologia horiek modu seguruan erabiltzea, gailuak erabiltzeko baldintzak eta ikastetxeetako sareko informazioa kudeatzeko arauak”.

Bigarren artikulua. 7. artikulua aldatzea.

7. artikuluari 7. idatz-zatia gehitu zaio, eta honela idatzita agertuko da:

“7. Hizkuntza-eredu bakarreko ikastetxeetan, familiekin eta erakundeekin 5. idatz zatian adierazi bezala koordinatu behar diren hezkuntza-neurrien artean, ikasleei eta hezkuntza-komunitateari beste hizkuntza-eredu bat edo batzuk dituzten ikastetxeetako ikasle eta hezkuntza-komunitateekin bizitzeko aukera ematen dieten neurriak sartuko dira”.

Hirugarren artikulua. 9. artikulua aldatzea.

3. eta 4. idatz-zatiak gehitu zaizkio 9. artikuluari, eta honela idatzita agertuko dira:

“3. Ikastetxeek konpromisoak proposatzen ahalko dizkiete jazarpen portaerak izateagatik hezkuntza neurriak aplikatu zaizkien ikasleen familiei, modu horretan ikastetxea eta familia batera aritu daitezen portaera horiek zuzentzeko.

Familiek uko egiten badiote konpromiso horiek sinatzeari, agintaritza eskudunei horren berri emanen zaie baldin eta legeek adingabeak zaintzeko ezartzen dituzten betebeharrak betetzen ez badira, edo ez behar bezala, eta adingabeek beharrezko laguntza ez badute.

Ikastetxeek araubide bera aplikatu beharko diete haien bizikidetza arauetan ezarritako konpromiso familiarrei honako kasu hauetan: bizikidetzarako bereziki larritzat jotzen den portaera batengatik neurriak aplikatu direnean; 17. artikuluaren 1 e) edo 1 l) idatz-zatietako kasuetan; edo derrigorrezko eskolatze adineko ikasleak eskoletara behin eta berriz joaten ez direnean.

4. Derrigorrezko eskolatze adinetik gorako ikasle batek, bizikidetzarako bereziki kaltegarria den portaera batengatik ikastetxeak neurri zuzentzaile bat aplikatu ondoren, uko egiten badio ikastetxeak proposatutako bizikidetzarako konpromisoa sinatzeari, haren matrikula deuseztatzen ahalko da, aldez aurretik ikasleari edo, adingabea bada, haren gurasoei edo legezko ordezkariei entzun ondoren, ikastetxearen bizikidetzarako erregelamenduan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean eta, betiere, haren ikasketak aprobetxatzen ez dituenean.

Ikaslea adingabea bada, gurasoei edo legezko ordezkariei ere proposatu behar zaie konpromisoa sinatzea. Familiek uko egiten badiote konpromiso hori sinatzeari, horren berri emanen zaie agintaritza eskudunei 3. idatz-zatian adierazitako moduan.”

Laugarren artikulua. 12. artikuluaren 3., 5. eta 6. idatz-zatiak aldatzea.

1.–12. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Neurri horiek aplikatuz gero, ikasle guztiek eta, bidezkoa denean, aitak, amak edo legezko ordezkariak eskubidea izanen dute entzunak izateko eta beren burua defendatzeko alegazioak aurkezteko, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

Neurri zuzentzaileak hartzeko prozeduretan, ikastetxeetako irakasleek eta zuzendaritzako taldeetako kideek egiaztatutako egitateek froga-balioa eta egiazkotasun presuntzioa izanen dituzte, aurkakoa frogatzen ez bada, ikasle edo haien legezko ordezkariek haien eskubide edo interesen alde adierazten edo aurkezten ahal dituzten frogak galarazi gabe.”

2.–12. artikuluaren 5. eta 6. idatz-zatiak aldatu dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“5. Edozein hezkuntza neurri aplikatu aurretik, zilegi izanen da ohartarazpena, kargu-hartzea eta zuzentzeko errekerimendua egitea, ahoz eta/edo idatziz, baita portaera desegokiari eta haren ondorioei buruzko gogoeta bat ere.

Ekipoak, materialak, jantziak edo gailuak eramateagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik aplikatzen diren hezkuntza neurriak alde batera utzita, ikasleei eskatzen ahalko zaie ikastetxeari emateko, haren esku egon daitezen eskolak bukatu arte edo ikasleak berak, gurasoek edo ikasleen ordezkariek jaso arte, ikastetxearen bizikidetzarako erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

6. Neurri jakin bat aplikatzea egokia ote den erabakitzeko, irakasle arduradunek eta zuzendaritzak ondoko hauengana jotzen ahalko dute aholku eske: ikastetxeko orientatzailea, ikastetxeko bizikidetza batzordea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitza, Hezkuntzako Ikuskatzailetza eta Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordea.’”

Bosgarren artikulua. 14. artikulua aldatzea.

1.–14. artikuluaren 1.b) idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Eskolara ez joatea edo berandu iristea justifikatu gabe. Eskolara ez joatea edo berandu iristea justifikaziorik gabekoa dela ondorioztatuko da idatziz desenkusatzen ez bada edo, hala eginda ere, ikastetxeak uste badu emandako arrazoia ez dela nahikoa hutsegitea justifikatzeko.

Ikastetxeko zuzendaritzak edo bizikidetzarako erregelamenduak honako hauek definituko ditu: hutsegiteak justifikatzeko prozedura, irizpideak idatziz emandako arrazoia ez dela nahikoa hutsegitea justifikatzeko eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak informazioa eskuratzeko, justifikazioaren ondorioetarako.”

Seigarren artikulua. 17. artikulua aldatzea.

17. artikuluaren 1. idatz-zatiari ñ) azpiatala gehitu zaio, eta honela idatzita agertuko da:

ñ) Ikasleek sinatutako bizikidetzarako konpromisoak ez betetzea. Konpromiso horiek foru dekretu honen 9.1 artikuluan aipatzen dira.

2.–17. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. Nolanahi ere, bizikidetzarako bereziki kaltegarria den portaeratzat joko da beste ikasle bat bultzatzea aurreko idatz zatian bizikidetzarako bereziki kaltegarritzat jotzen den portaera bat hartzera.”

3.–3. idatz-zatia gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, ahalmena dute beren bizikidetzarako erregelamenduan aurreko bi idatz-zatietan ezarritako portaerak zehazteko, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera”.

Zazpigarren artikulua. 19. artikulua aldatzea.

1.–19. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, kontuan harturik Hezkuntza Proiektua eta ikastetxearen izaera, ahalmena dute beren bizikidetzarako erregelamenduan artikulu honen 1. idatz-zatian adierazitako hezkuntza neurriak zehazteko. Halaber, ikasleak edo haren familiak ikastetxeak aukeratutako hezkuntza neurria ordezten duen beste bat planteatzen ahalko du; ikastetxeko zuzendaritzak onartzen ahalko du proposamena, haren ustez hobea bada ikaslearentzat eta ikastetxeko bizikidetzarako”.

2.–19. artikuluari 4. idatz-zatia gehitu zaio, eta honela idatzita agertuko da:

“4. 17. artikuluaren 1.a) idatz-zatian ezarritako portaeren kasuan eta, betiere artikulu horretan ezarrita badaude, jatorri edo ondorio gisa Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren aurkako bereizkeria edo generoan, sexu-orientabidean edo sexu-nortasunean oinarritutako jazarpena duten portaeren kasuan, edo jatorri gisa arraza, etnia, erlijioa, sinesmenak edo desgaitasuna duten portaeren kasuan, edo dituzten ezaugarri pertsonalen, sozialen edo hezkuntzakoengatik ahulenak diren pertsonen aurka egiten direnen kasuan, oro har, neurri zuzentzaile hauetako bat hartuko da: eskoletara edo ikastetxera joateko eskubidea etetea, hamabost eskola egunetarako gehienez, edo beste ikastetxe batera bidaltzea; derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketen ikasleen kasuan, aipatu eskubidea etetea ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan ezartzen den gehieneko aldirako, edo haren matrikula deuseztatzea, bi kasuetan ikastetxeak proposatzen zaion neurria aurreko idatz-zatian azaldu bezala aplikatzea galarazi gabe”.

Zortzigarren artikulua. 20. artikuluaren 4. idatz-zatia aldatzea.

20. artikuluaren 4. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Aplikatzen diren kautelazko neurriak, halakorik bada, prozedura bukatu arte mantentzen ahalko dira, betiere proposatutako neurrirako ezarri den denbora eta 19. artikuluan finkatutakoa gainditu gabe, aplikatu beharreko neurriarekin bat egiten duenean. Ikasleak kautelazko neurrien pean ematen duen denbora aplikatzen den hezkuntza neurrian ezartzen den denboratik deskontatuko zaio.”

Bederatzigarren artikulua. 23. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatzea.

23. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Espedientea ezin izanen da prozedura adostuaren bidez tramitatu baldin eta ikasturte berean ikasleari aplikatu zaion hezkuntza neurriren bat ez bada bete, edo ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduan horrela ezartzen den kasuetan”.

Hamargarren artikulua. 26. artikuluaren 2.a) idatz-zatia aldatzea.

26. artikuluaren 2.a) idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“a) Seme-alaben ikaskuntza prozesuaren eta haien gizarte eta hezkuntzako integrazioari buruzko informazioa jasotzea.

Ondorio horietarako, ikastetxeek prozesu horiei buruz behar den informazio guztia emanen diete gurasoei edo legezko ordezkariei, eta, bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita, ahalik eta lasterren (beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik).”

Hamaikagarren artikulua. 27. artikulua aldatzea.

1.–27. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Ikastetxeko bizikidetza planean familiek ikastetxeko bizitzan izanen duten parte-hartzea arautuko da, bizikidetzari buruzko alderdi guztietan.

Eskola-jantoki arruntak kudeatzen dituzten entitateek, beren autonomia erabiliz, jantokiko bizikidetzarako arauak ezarriko dituzte, ikastetxeko bizikidetzarako erregelamenduarekin koherentzia mantenduz.

Eskualdeko jantokietan ikastetxeek ikastetxeko Bizikidetza planean sartuko dituzte jantokiko bizikidetzarako arauak.”

2.–27. artikuluari 5. idatz-zatia gehitu zaio, eta honela idatzita agertuko da:

“5. Gurasoen edo legezko ordezkarien ez-betetze larri edo errepikatuak gertatzen badira 2. idatz-zatiko b) eta e) azpiataletan ezarritako erantzukizunetan, irakasleen agintea eta ikastetxeko arauak errespetatzeari dagokionez, edo f) azpiatalean ezarritakoetan, ikastetxeko zuzendariak murrizten ahalko die ikastetxeko instalazioetan sartzea, gehienez hamabost eskola egunetarako, edo hezkuntza komunitateko kide batekiko komunikazio pertsonala murriztuko die, bizikidetzarako erregelamenduan ezarritako baldintza, prozedura eta mugekin.

Ikastetxean sartzea murrizteko neurria aplikatu baino lehen, ikastetxeak gurasoei edo legezko ordezkariei eskatu beharko die izenda dezatela, hala behar denean, nor izanen den ikastetxera joateko arduraduna, murrizketak dirauen bitartean, bizikidetzarako erregelamenduan finkatuta ez badago.

Komunikazio pertsonalak murrizten direnean, ikastetxeak familiari behar den informazioa emateko erabiliko duen prozeduraren berri emanen dio.

Bi kasuetan, gurasoek edo legezko ordezkariek frogatzen badute neurria aplikatzearen ondorioz adingabearen eskubideen egikaritza osoa galaraziko litzatekeela, ikastetxeak murrizketa eta eskubideak bateratzen dituzten beste neurri bat proposatu beharko du.

Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, bizikidetzarako erregelamenduan zehazten ahalko dituzte instalazioetan sartzeari dagokionez aldi baterako murrizketa ekarriko duten portaerak, baita murrizketen iraunaldia ere, portaeren edo inguruabarren arabera.”

Hamabigarren artikulua. Bosgarren xedapen gehigarria aldatzea.

Bosgarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. Ikastetxe bateko bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren ondorioz, Fiskaltzak irekitzen badu Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusitako prozedura bat, baloratuko da foru dekretu honen 20. artikuluan ezarritakoarekin bat hasitako ohiko prozedura eteten den ala ez.”

Hamahirugarren artikulua. Zortzigarren xedapen gehigarria gehitzea.

Zortzigarren xedapen gehigarria gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza, osasun eta gizarte politiken arloetako eskumenak dituzten departamentuen laguntza.

1.–Bizikidetza gatazketan, aparteko kasuetan, beren inguruabar pertsonal edo familiarrengatik edo beren portaerengatik hezkuntza neurriak edo osasun edo gizarte laguntza neurriak behar dituzten ikasleekin lotura badute, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordeari eskatzen ahalko diote balora dezala ea komeni den behar den laguntza ematea, horretarako eskumenak dituen departamentuarekin koordinatuz.

2.–Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordeari eskatzen ahalko diote idazkari bat izenda dezala bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren ondorioz hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedura arrunten instrukzioan laguntzeko, Hezkuntzako kontseilariak ezarriko dituen baldintzetan.

3.–Ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek erreklamazioa jartzen ahalko dute, edo Hezkuntza Departamentuko bizikidetza batzordearen bitartekaritza eskatu, 9. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan eta 27. artikuluaren 5. idatz-zatian ezarritako neurri eta jarduketen aplikazioari dagokienez.

Horretarako, erregelamendu bidez batzorde horren osaera eta erreklamazioak jartzeko prozedura ezarriko dira. Batzordean ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek hartuko dute parte haien federazioen bidez.

Hamalaugarren artikulua. Bederatzigarren xedapen gehigarria gehitzea.

Bederatzigarren xedapen gehigarria gehitu da, eta honela idatzita agertuko da:

“Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren balorazioa.

1.–Bizikidetza planaren urteko berrikuspenean bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak baloratu beharko dira, baldin eta neurriak aplikatu bazaizkie.

2.–Ikastetxeek bizikidetza batzordeari urtero bidaliko diote bizikidetzarako bereziki kaltegarriak diren portaeren kopurua, baldin eta neurriak aplikatu bazaizkie, mota bakoitzeko portaeren kopurua eta sexuaren arabera banatutako datuak adierazita. Ez dira adieraziko zeini aplikatuko zaizkien neurriak; bai, ordea, gehitu nahi den edozein datu, betiere datu pertsonalen babesa bermatuz.”

Hamabosgarren artikulua. Hamargarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamargarren xedapen gehigarria.–Espezialitateak ikasle helduak dituzten ikastetxeetan.

Erregelamendu bidez berezitasunak garatuko dira hizkuntza eskola ofizialetan, helduentzako ikastetxeetan, Zubiarten eta soilik edo batez ere ikasle helduak dituzten beste ikastetxeetan.

Hezkuntza kontseilariari ahalmena ematen zaio foru agindu bidez ikastetxe horiei foru dekretu honetako xedapenetakoren batetik salbuesteko.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Dena den, eredu ezberdinetako ikasleen arteko bizikidetzarako neurriak hartzeko betebeharra 2015-2016 ikasturtearen hasieraraino atzera daiteke. Neurri horiek foru dekretu honen 1. eta 2 artikuluetan daude ezarrita.

Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1409745