225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

64/2013 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, landetxeetan ostatu hartzeko arauak ezartzen dituen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroaren ezaugarrietako bat ingurumenari dion errespetu handia da. Horregatik, naturari eta ingurumenari loturiko jarduerek onarpen handia dute nafarren eta bisitatzen gaituztenen artean.

Turismoaren esparruan, landetxeak ostatu hartzeko arrakasta eta onarpen handiko modalitatea dira turisten artean; izan ere, naturarekin eta naturari loturiko turismo jarduerekin harreman estua izateko aukera eskaintzen dute eta, gainera, ekarpen ekonomiko garrantzitsua sortzen dute landa-inguruneko herritarrentzat.

Nafarroa aitzindari izan da esparru horretan, 1986an jada lehen laguntzak arautu baitziren landa-inguruneetan turistentzako ostatuak sortzeagatik. Laguntza horiek hurrengo urteetan errepikatu izan dira.

Denborak eta jardueraren garapenak maiatzaren 16ko 200/1991 Foru Dekretua argitaratzera bultzatu zuten, landetxeetako jarduera lehen aldiz arautzeko. Gero, martxoaren 22ko 105/1993 Foru Dekretuak landetxeen araudia onetsi zuen.

Ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuak, landetxeetan ostatu hartzeko arauak eman zituenak, gaur egun indarrean baitirau, ostatu hartzeko modalitateak ezartzen ditu, kategoriatan sailkatzen ditu eta bete behar dituzten baldintza teknikoak eta funtzionatzeko araubidea erregulatzen ditu.

Azken foru dekretua onetsi zenetik metatu den esperientziak, beste autonomia erkidego batzuetako esperientziekiko erkaketak eta egin diren merkatuaren azterlanek erakusten dute araudia harmonizatu beharra dagoela, Estatuko turistek eta, batez ere, atzerritarrek (asko erabiltzen dituzte landetxeak) establezimendu horien kategoriak uler ditzaten laguntzeko.

Harmonizazio horren bidez, beste sailkapen bat egin gogo da landetxeen kategoriekin, beste autonomia erkidegoena bezalakoa izan dadin, baita Europaren gainontzekoan dabilenarekin konparatzeko modukoa ere.

Horri esker, Estatuko eta atzerriko turistei ostatu eman gogo zaien establezimenduaren kategoria ulertzeaz gain, publizitatea eginen zaie Estatuak bere eskumenetik kanpoko esparruetan antolatzen dituen kanpainetan eta eskaintza hobeki ezagutzeko aukera emanen zaie bidaia-agentzia handizkariei, haiek beren bazkideei helaraz diezaieten.

Horren ondorioz, turismoa bultzatuko da Nafarroan, landa ingurunean batez ere, ekimenen beharra baitu garatzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko azaroaren 6an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat.

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Landa-etxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuaren aldaketa.

Bat. 5. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“5. artikulua. Sailkapena eta plaka bereizgarria.

1. Turismoko araudiaren ondorioetarako, landetxeak kategoria hauetan sailkatuko dira zerbitzu eta instalazioen kalitatearen arabera: 1, 2, 3, 4 eta 5 izar, foru dekretu honen I. eta II. eranskinetan ezarritako arauei jarraituz.

2. Landetxearen sailkapena duten turismoko establezimendu guztietan nahitaez erakutsi beharko da plaka bereizgarria sarrera nagusiaren ondoan.

Turismoko eskumena duen kontseilariak finkatuko ditu plaka bereizgarriaren ezaugarriak.”

Bi. 42. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“42. artikulua. Sailkatzeko irizpideak.

Sailkapen bat emateko, I. eta II. eranskinetan puntuazio multzo bakoitzean ezarritako inguruabarrak baloratuko dira. Zenbaki osoko puntuazioak izanen dira, zenbaki hamartarrik gabe.

Edozein puntuazio multzotan lortutako puntuazio txikienari dagokiona izanen da emanen den sailkapena.

Zein den ere lortzen den puntuazioa, izar bateko sailkapena dakarten inguruabarretakoren bat izateak kategoria hori esleitzea ekarriko du.

Orobat, 4 edo 5 izarreko kategoria lortzea galarazten duen inguruabarren bat izateak haren azpiko kategorian sailkatzea ekarriko du, lortutako puntuazioaren arabera”.

Hiru.

1. Foru dekretuaren I. eta II. eranskinak aldatu dira. Hona testu berriak:

I. eranskina

Gelaka alokatzen diren landetxeak sailkatzeko irizpideak

1. Izar bateko kategoria esleitzeko inguruabarrak.

–Landetxera sartzeko zailtasuna.

–Establezimenduaren titularrarekin partekatutako jan-egongela.

–Kontserbazio txarreko aztarnak zoru, pareta eta sabaietan, bezeroen geletarako aldean.

–Oheetan metalezko somierra izatea.

–Aparrezko edo artilezko koltxoia izatea.

–Bainugela beste bezeroekin partekatzea eta gelatik urrun.

–Kontserbazio txarreko aztarnak bainugelan.

2. 4 eta 5 izarreko kategoria esleitzea galarazten duten inguruabarrak.

A) 4 izar.

–Barrenetik hormigoiz eta forjatuz erreformatutako eraikina.

–Kanpoko inpaktua izatea, hala nola lantegiak, trenbideak, ibilgailuen joan-etorri handiko errepideak eta antzekoak hurbil izatea.

–Bezeroentzako jarduera gogaikarriak, hala nola usaina, zarata eta antzekoak landetxetik 100 metro baino hurbilago.

–Banagunerik ez izatea logelen eta jan-egongelaren artean.

–Apaingarririk ez izatea logeletan.

–Bainugela beste bezeroekin partekatzea logelaren ondoan.

B) 5 izar.

Aurreko atalean ezarritakoez gain:

–1920tik geroztikako eraikina.

–Ingurune egokitua ez izatea.

–Bainugela logela guztietan ez izatea.

3. Landetxearen ingurunea eta azpiegiturak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Seinaleak.

  • Landetxera iristeko nahikoa: 2 puntu.
  • Landetxera iristeko nahikoa ez dena: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen ibilgailuentzako aparkalekua, zoru erregularrekoa eta logelako ibilgailu bateko proportzioan:

  • Landetxe ondoan: 2 puntu.
  • 50 metro baino hurbilago: puntu bat. (Orobat, puntu bat emanen da landetxetik 50 metrora edo urrunago aparkatzen bada, aparkalekuak arautzen dituzten udal ordenantzak aplikatuta).

–Landetxeko bidea:

  • Zoladura duena: 2 puntu.
  • Zoru erregularra duena: puntu bat.

–Antzinatasuna:

  • 1920koa baino lehenagokoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: 2 puntu.
  • 1920tik geroztikakoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: puntu bat.

–Kanpoko fatxadaren estetika:

  • Oso zaindua: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Terraza edo ataripe estalia:

  • Altzariz hornitua: puntu bat.

–Landetxearen beraren kanpoko ingurunea:

  • Bezeroek erabiltzeko egokitua: 2 puntu.
  • Egokitu gabe: puntu bat.

4. Landetxearen barrena eta zerbitzuak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Tronadura:

  • Bezeroek erabiltzeko aldean, salbu sukaldean eta bainugeletan: 2 puntu.
  • Logeletan: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen aldea eta titularraren etxebizitza aparte egotea:

  • Erabat aparte: 2 puntu.
  • Guneren bat komuna izatea: puntu bat.

–Soilik ostatu-hartzaileentzat den egongelaren azalera:

  • 4 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: 2 puntu.
  • 3 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Egongelaren dekorazioa (zoruak, paretak, sabaiak, ateak, altzariak, gauzak eta antzekoak):

  • Nekazari girokoak: 2 puntu.
  • Estetika harmoniatsua: puntu bat.

–Berokuntza zentrala:

  • Ostatu-hartzaileen aldeko toki guztietan: 2 puntu.
  • Toki guztietan ez: puntu bat.

–Ur biltontzi gehigarria:

  • 150 l-ko edukiera, gutxienez ere, pertsona eta egun bakoitzeko, eta bi egunetarako autonomia nahikoa duena: puntu bat.

–Multzo elektrogenoa.

  • Baldin bada: puntu bat.

–Tximinia egongelan:

  • Baldin bada: puntu bat.

–Bezeroek erabiltzeko telefonoa:

  • Telefono publikoa: 2 puntu.
  • Hari gabeko telefonoa: puntu bat.

–Aisiako elementuak bezeroen eskura (telebista, bideoa, kate musikala, mahai jokoak, aisiakoak eta antzekoak):

  • 2 elementu: puntu bat.
  • 4 elementu: bi puntu.
  • 6 elementu edo gehiago: 3 puntu.

–Kanpoko jarduerak, ostatuaren osagarriak:

  • Baldin bada: puntu bat.

5. Landetxeko logelak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Birentzako logelen luze-zabalera:

  • 3,5 × 3,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.
  • 3 × 3 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Batentzako logelen luze-zabalera:

  • 2,5 × 2,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.
  • 2 × 2 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Isolamendu akustikoa:

  • Baldin bada: puntu bat.

–Argiaz babesteko elementuak:

  • Guztira: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Dekorazioko elementuak:

  • Nekazari girokoak: 2 puntu.
  • Bestelakoak, baina atseginak: puntu bat.

–Altzarien egoera:

  • Oso zaindua: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien estiloa:

  • Tradiziozkoa: 2 puntu.
  • Modernoa eta egokia: puntu bat.

–Logelen hornidura:

  • Idazmahai osoa, egunez eta gauez erabiltzeko: puntu bat.
  • Gauez irakurtzeko gunea: puntu bat.
  • Egoteko tokia (sofaz edo besaulkiz eta mahaitxoz hornitua): puntu bat.

–Armairuak:

  • 60 × 1,10 baino handiagoak: 2 puntu.
  • 60 × 1,10 baino txikiagoak edo horma-armairuak: puntu bat.

6. Landetxeko bainugelak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Esklusiboak eta logelari lotuak:

  • Bezeroentzat diren guztiak bakarrik daudenean: puntu bat.

–Bainugelen eta ostatu plazen arteko proportzioa:

  • Bainugela bat 2 ostatu plazatarako: 3 puntu.
  • Bainugela bat 3 ostatu plazatarako: 2 puntu.
  • Bainugela bat 4 ostatu plazatarako: puntu bat.

–Bainugelako arropa zuria:

  • Bainuko eskuoihal bat, konketako bat eta alfonbratxoa ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Bainugelaren hornidura:

  • Bainuontzia, ispilua, argiak, entxufea, paperontzi estalkiduna, eskuila eta armairu apalategia: puntu bat.
  • Eskuoihalen lehorgailua: puntu bat.
  • Ile lehorgailua: puntu bat.

–Azalera:

  • 3 m²-tik gorakoa: puntu bat.

7. Puntuazio tartea, puntuazio multzoen arabera.

INGURUNEA ETA
AZPIEGITURAK

BARRENA ETA ZERBITZUAK

LOGELAK

BAINUGELAK

Izar bat

 0-7 puntu

0-10 puntu

   0-8 puntu

0-4 puntu

2 izar

 8-9 puntu

11-12 puntu

9-10 puntu

 5 puntu

3 izar

10-11 puntu

13-16 puntu

11-13 puntu

6-7 puntu

4 izar

12-13 puntu

17-19 puntu

14-16 puntu

8-9 puntu

5 izar

 13 puntu

  19 puntu

16 puntu

 9 puntu

II. ERANSKINA

Etxebizitza-landetxeak sailkatzeko irizpideak

1. Izar bateko kategoria esleitzeko inguruabarrak:

–Landetxera sartzeko zailtasuna.

–Berokuntza ez independentea.

–Kontserbazio txarraren aztarnak zoruetan, paretetan, sabaietan, ekipamenduan eta gauzetan.

–Oheetan metalezko somierra izatea.

–Aparrezko edo artilezko koltxoia izatea.

–Bainugela bat 8 ostatu plazatarako.

2. 4 eta 5 izarreko kategoria esleitzea galarazten duten inguruabarrak:

A) 4 izar:

–Barrenetik hormigoiz eta forjatuz erreformatutako eraikina.

–Kanpoko inpaktua izatea, hala nola lantegiak, trenbideak, ibilgailuen joan-etorri handiko errepideak eta antzekoak hurbil izatea.

–Sarbide baliaezinak, hala nola argi-puntuetara ezin iristea korridoreetan, korridore estuak, erabili ezin diren barandak eta antzekoak.

–Sukaldea eta jan-egongela aparte ez egotea.

–Banagunerik ez izatea logelen eta jan-egongelaren artean.

–Apaingarririk ez izatea logeletan.

B) 5 izar:

Aurreko atalean ezarritakoez gain:

–1920tik geroztikako eraikina.

–Ingurune egokitua ez izatea.

–Bainugela bat logela bakoitzeko ez izatea solairu berean.

3. Landetxearen ingurunea eta azpiegiturak. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Seinaleak.

  • Landetxera iristeko nahikoa: 2 puntu.
  • Landetxera iristeko nahikoa ez dena: puntu bat.

–Ostatu-hartzaileen ibilgailuentzako aparkalekua, zoru erregularrekoa eta logelako ibilgailu bateko proportzioan:

  • Landetxe ondoan: 2 puntu.
  • 50 metro baino hurbilago: puntu bat. (Orobat, puntu bat emanen da landetxetik 50 metrora edo urrunago aparkatzen bada, aparkalekuak arautzen dituzten udal ordenantzak aplikatuta).

–Landetxeko bidea:

  • Zoladura duena: 2 puntu.
  • Zoru erregularra duena: puntu bat.

–Antzinatasuna:

  • 1920koa baino lehenagokoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: 2 puntu.
  • 1920tik geroztikakoa, tradiziozko egitura eta elementuak kontserbatzen dituena: puntu bat.

–Kanpoko fatxadaren estetika:

  • Oso zaindua: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Terraza edo ataripe estalia:

  • Altzariz hornitua: puntu bat.

–Landetxearen beraren kanpoko ingurunea:

  • Bezeroek erabiltzeko egokitua: 2 puntu.
  • Egokitu gabe: puntu bat.

–Ostatuaren kokapena.

  • Etxebizitzak eraikin osoa hartzen du: 2 puntu.
  • Eraikinak zenbait ostatu plaza ditu aparteko sarrera dutenak: puntu bat.

4. Landetxearen barrena. Puntuatzen diren ezaugarriak.

–Ostatuaren banaketa eraikin osoa hartzen duenean:

  • Ostatua duplexean banatua: puntu bat.

–Ostatuaren gelak:

  • Sukaldea, jan-egongela, logelak eta bainugelak bereizita daude: 2 puntu.

–Tronadura:

  • Bezeroek erabiltzeko aldean, salbu sukaldean eta bainugeletan: 2 puntu.
  • Logeletan: puntu bat.

–Soilik ostatu-hartzaileentzat den egongelaren azalera:

  • 4 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: 2 puntu.
  • 3 m²-tik gorakoa, ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Egongelaren dekorazioa (zoruak, paretak, sabaiak, ateak, altzariak, gauzak eta antzekoak):

  • Nekazari girokoak: 2 puntu.
  • Estetika harmoniatsua: puntu bat.

–Berokuntza zentrala:

  • Ostatu-hartzaileen aldeko toki guztietan: 2 puntu.
  • Toki guztietan ez: puntu bat.

–Tximinia egongelan:

  • Baldin bada: puntu bat.

–Ur biltontzi gehigarria:

  • 150 l-ko edukiera, gutxienez ere, pertsona eta egun bakoitzeko, eta bi egunetarako autonomia nahikoa duena: puntu bat.

–Multzo elektrogenoa.

  • Baldin bada: puntu bat.

–Bezeroek erabiltzeko telefonoa:

  • Baldin bada: puntu bat.

–Aisiako elementuak bezeroen eskura (telebista, bideoa, kate musikala, mahai jokoak, aisiakoak eta antzekoak):

  • 2 elementu: puntu bat.
  • 4 elementu: bi puntu.
  • 6 elementu edo gehiago: 3 puntu.

Sukaldeko etxe-tresnak:

  • Ontzi-garbigailua: puntu bat.
  • Mikrouhin-labea: puntu bat.

–Sukaldeko altzariak, goiko eta beheko armairuekin:

  • Zurezkoak: 2 puntu.
  • Beste material batzuetakoak: puntu bat.

–Aireztatze behartua sukaldean:

  • Baldin bada: puntu bat.

5. Landetxeko logelak. Puntuatzen diren ezaugarriak:

–Birentzako logelen luze-zabalera:

  • 3,5 × 3,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.
  • 3 × 3 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Batentzako logelen luze-zabalera:

  • 2,5 × 2,5 m-ko lauki batean sartzen da: 2 puntu.
  • 2 × 2 m-ko lauki batean sartzen da: puntu bat.

–Isolamendu akustikoa:

  • Baldin bada: puntu bat.

–Argiaz babesteko elementuak:

  • Guztira: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien egoera:

  • Oso zaindua: 2 puntu.
  • Onartzeko modukoa: puntu bat.

–Altzarien estiloa:

  • Tradiziozkoa: 2 puntu.
  • Modernoa eta egokia: puntu bat.

–Dekorazioko elementuak:

  • Nekazari girokoak: 2 puntu.
  • Bestelakoak, baina atseginak: puntu bat.

–Armairuak:

  • 60 × 1,10 baino handiagoak: 2 puntu.
  • 60 × 1,10 baino txikiagoak edo horma-armairuak: puntu bat.

6. Landetxeko bainugelak. Puntuatzen diren ezaugarriak:

–Bainugelen eta ostatu plazen arteko proportzioa:

  • Bainugela bat 2 ostatu plazatarako: 3 puntu.
  • Bainugela bat 3 ostatu plazatarako: 2 puntu.
  • Bainugela bat 6 ostatu plazatarako: puntu bat.

–Bainugelen proportzioa solairu bateko baino gehiagoko ostatuetan:

  • Bainugela bat solairuko: puntu bat.

–Bainugelako arropa zuria:

  • Bainuko eskuoihal bat, konketako bat eta alfonbratxoa ostatu plaza bakoitzeko: puntu bat.

–Bainugelaren hornidura:

  • Bainuontzia, ispilua, argiak, entxufea, paperontzia estalkiduna, eskuila eta armairu apalategia: puntu bat.
  • Eskuoihalen lehorgailua: puntu bat.
  • Ile lehorgailua: puntu bat.

–Azalera:

  • 3 m²-tik gorakoa: puntu bat.

7. Puntuazioen tartea puntuazio multzoen arabera:

INGURUNEA ETA AZPIEGITURAK

BARRENA ETA ZERBITZUAK

LOGELAK

BAINUGELAK

Izar bat

 0-8 puntu

0-14 puntu

  0-6 puntu

0-4 puntu

2 izar

9-10 puntu

15-16 puntu

 7-8 puntu

 5 puntu

3 izar

11-12 puntu

17-20 puntu

 9-10 puntu

6-7 puntu

4 izar

13-15 puntu

21-23 puntu

11-13 puntu

8-9 puntu

5 izar

 15 puntu

  23 puntu

 13 puntu

 9 puntu

2. Foru dekretuaren III. eranskina kendu da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ofiziozko sailkapena.

Turismo arloko departamentu eskudunak ofizioz sailkatuko ditu foru dekretu honek indarra hartzen duenean Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden landetxeak, zein bere kategorian, ondoko baliokidetasun hauen arabera:

–3 hosto: 4 izar

–2 hosto: 2 edo 3 izar, zein den Nafarroako Turismo Erregistroan jasotako puntuazioa.

–Hosto bat: izar bat.

Xedapen iragankor bakarra.–Tramitazioan dauden eskaerak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko aurkeztu diren eskaerak ebatzita ez badaude, foru dekretu honetan onetsitako kategoria berrien arabera sailkatuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1315482