99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84/2012 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Barasoaingo eta Biurrungo udal mugapeetan Barasoaingo Eremu Esperimentala, Acciona Windpower, S.A.k sustatua, aldatzeko 2012ko martxoan aurkeztutako dokumentazioari jarraituz.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 1eko 139/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Barasoaingo eta Biurrungo udal mugapeetan Barasoaingo Eremu Esperimentala, Acciona Windpower, S.A.k sustatua, ezartzeko.

2012ko martxoaren 20an, Acciona Windpower, S.A.k baimena aldatzeko eskaera aurkeztu zuen, zapaten eta muntaketa plataformaren diseinuan eta neurrietan egindako aldaketa batzuen ondorioz; orobat, 4 aerosorgailuko errotorea 100 metrokoa izanen delako, bi aerosorgailuko dorrea hormigoizkoa eta beste hiruetakoa altzairuzkoa, eta garraio bereziek A3.2 aerosorgailu ondotik biratzeko erradioa aldatu delako. Orobat, eskaeran adierazten du, azaroaren 19ko 1565/2010 Errege Dekretuan (energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduerari buruzko zenbait alderdi arautu eta aldatzen ditu) ezartzen diren legegintza eta aurresleipen arloko prozedura luzeak direla eta, eraikuntza hasiera atzeratu behar izan dela, eta bi urtetik gora iragan da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, martxoaren 1eko 139/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zuenetik; hortaz, hura luzatzeko eskatzen da. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jakinarazi duenez, aldaketa horiek ez dute ingurumen ukipen nabarmen berririk eraginen 2010eko baimenean baloratutakoen aldean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen 105. artikuluak (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen) ezartzen du Administrazioak noiznahi alda ditzakeela bere egintzak, aldaketa indarreko legediaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Barasoaingo Eremu Esperimentala aldatzeko eta baimenaren indarraldia bi urtez luzatzea hura eraikitzeko Barasoaingo eta Biurrungo udal mugapeetan, 2012ko martxoan aurkeztutako dokumentazioari jarraituz. Acciona Windpower, S.A.k sustatzen du.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Basozaintzari, Barasoaingo eta Biurrungo udalei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1206605