99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

256/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak emana, lehortearen ondorioak arintzeko ohiz kanpoko neurriak hartzea agintzen duena.

Nafarroan izan den euri-eskasiak neguko laboreen azaleratzea eta garapena galarazi du, baita abeltzaintza estentsiborako larreak sortzea ere. Hori dela eta, beharrezkoa da zenbait laguntza jasotzeko araudietan salbuespenak egiteko ohiz kanpoko neurri batzuk hartzea, batetik, laguntzak jasotzeko betebeharrak bete ahal izateko, eta bestetik, ardi eta behi azienda estentsiborako bazka edukitzeko.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak martxoaren 28an emandako 161/2012 Foru Aginduaren bidez, eskaera bakarraren aurkezpena arautu zen 2012ko kanpainarako, honako hauetarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzatutako nekazaritza eta abeltzaintzako ordainketa zuzenak, Nafarroako Landa Garapenaren Programako zenbait laguntza, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatutako nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko laguntzak, bai eta ordainketa bakarraren eskubideak lagatzearen jakinarazpenak, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak eta zenbait laguntza ordainketa bakarrerako araubidean sartzea ere.

Foru agindu horren 14. artikuluak ezartzen du, deklaratutako laboreek emaitzarik izan ezean, laguntza eskatzaileak beharturik daudela idatziz jakinaraztera Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko Departamentuari beren ustiategian gertatu diren gorabeherak, horien berri izan bezain laster, gorabehera horiek laguntzak eskuratzeko baldintzak ez betetzea badakarte. Horren ondorioz, laguntzaren eskaera egoera errealera egokituko da. Kontuan harturik egoera hori oso hedatuta dagoela Nafarroako hegoaldean, beharrezkoa da jakinarazpen hura egin beharra bertan behera uztea alferrikako tramiteak ekiditeko.

Gainera, 15. artikuluak, f) atalean, xedatzen du laborea edo bere hondarrak lurzatietan izan behar direla irailaren 10era arte, ekilorea, soja, artoa, erremolatxa, tabakoa, arroza edo patata denean, eta ekainaren 30era arte gainerako laboreen kasuan, baldin eta bazka-azalera justifikatzeko eskatzen bada abere dentsitatearen faktorea kalkulatzeko, edo laguntza hauen kasuan: labore txandaketak lehorreko lurretan, lekaleen kalitatea, fruitu oskoldunen sektoreko nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak, tabakoaren kalitatea, azukre-erremolatxaren kalitatea, azukre-erremolatxaren ekoizleentzako laguntza, eskualde menditsu eta behartsuetarako konpentsazio-ordaina, nekazaritza ekologikoa, abeltzaintza ekologikoa, galzorian diren arraza autoktonoak, estepa eremuetako nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak eta hazitarako patatarako laguntza.

Belar txarren hedapena saihesteko asmoz, eta laboreen hondarrak azienda estentsiboaren eskura jartzeko nutrizio baldintza hobeagoetan, laboreen hondarren aprobetxamendua hilabete bat aurreratzen da, aurreikusita zegoen datarekin alderatuta.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduaren bidez, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen. Agindu hori aldatu egin zen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 16ko 538/2010 Foru Aginduaren bidez.

Otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduaren hirugarren arauak e) atalean ezartzen du aukeratzen ahal den azaleraren %5 proteaginosekin edo lekadunekin erein behar dela, eta i) atalean, berriz, urtero zehazten den zerealen azaleraren %25ean, gutxienez, nekazaritza lurzatiaren perimetroan 3 m-ko zerrenda batean ez dela uzta jasoko, eta bi azalera horiek abuztuaren 1era arte nekazaritzako edo abeltzaintzako aprobetxamendurik gabe egon beharko dutela. Data horretatik aurrera abereak bazkatzeko erabiltzen ahalko da bakarrik.

Bidezkoa da, orobat, lekaleak eta proteaginosak zuzenean bazkatzea baimentzea maiatzaren 31tik aurrera.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 15ean emandako 283/2010 Foru Aginduaren bidez, ardiak Errege Bardean larratzeko "Natura 2000" laguntzak emateko arau erregulatzaileak ezarri ziren, eta 2010eko deialdia onetsi.

283/2010 Foru Agindu horren 3. artikuluaren 5. idatz-zatian ezartzen denaren arabera, debekatuta dago maiatzaren 15etik abuztuaren 15era bitarte eta azaroaren 1etik otsailaren 15era bitarte larratzea Errege Bardean esleitutako abeltzaintzako barrutietan. Foru agindu hori aldatuz, Errege Bardean larratzen den aziendak, laboreen produkzio eskasa dela eta, uztatu gabe geldituko diren azalerak denbora gehiago aprobetxatu ahal izatea lortu nahi da, eta udako debekua hilabete bat murriztea, hots, ekainaren 15etik abuztuaren 15era bitarte.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Zenbait laguntza jasotzeko betebeharren gaineko ohiz kanpoko neurriak.

Lehortearen ondorioak arintzeko asmoz, ohiz kanpoko neurriak hartzea agintzen da arau hauei dagokienez:

a) 161/2012 Foru Agindua, martxoaren 28koa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak emana, eskaera bakarraren aurkezpena arautzen duena 2012ko kanpainarako, honako hauek direla eta: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzatutako nekazaritza eta abeltzaintzako ordainketa zuzenak, Nafarroako Landa Garapenaren Programako zenbait laguntza, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatutako nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko laguntzak, bai eta ordainketa bakarraren eskubideak lagatzearen jakinarazpenak, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak eta zenbait laguntza ordainketa bakarrerako araubidean sartzea ere.

b) Otsailaren 9ko 50/2009 Foru Agindua, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuena.

c) 283/2010 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, ardiak Errege Bardean larratzeko "Natura 2000" laguntzak emateko arau erregulatzaileak ezarri eta 2010eko deialdia onesten duena.

2. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak martxoaren 28an emandako 161/2012 Foru Aginduari buruz hartutako ohiz kanpoko neurriak. Foru Agindu horren bidez, eskaera bakarraren aurkezpena arautu zen 2012ko kanpainarako, honako hauetarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzatutako nekazaritza eta abeltzaintzako ordainketa zuzenak, Nafarroako Landa Garapenaren Programako zenbait laguntza, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatutako nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko laguntzak, bai eta ordainketa bakarraren eskubideak lagatzearen jakinarazpenak, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak eta zenbait laguntza ordainketa bakarrerako araubidean sartzea ere.

1. 161/2010 Foru Aginduaren 14.1.a) artikuluan xedatutakoa gorabehera, ez da beharrezkoa jakinaraztea lehorteak IV., V., VI. eta VII. eskualdeetan sartuta dauden udalerrietako lehorreko labore negukoetan eragindako gorabeherak.

2. Martxoaren 28ko 161/2010 Foru Aginduaren 15.f) artikuluan xedatutakoa gorabehera, laboreak edo horren hondarrak zuzenean bazkatuz aprobetxatzen baldin badira maiatzaren 31tik aurrera, ez da ulertuko ez dela baldintza hori bete.

3. artikulua. Otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduari buruz hartutako ohiz kanpoko neurriak. Foru agindu horren bidez, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduaren eranskineko hirugarren arauaren e) atalean xedatutakoa gorabehera, onuradunek beren burua behartzen dute azaleraren %5 proteaginosekin edo lekadunekin ereitera, bereziki ilar proteaginosoa (Pisum sp.) edo zalkea (Vicia sativa), eta horretara konprometituko dira. Eremu hori nekazaritzarako edo abeltzaintzarako aprobetxatu gabe utziko da maiatzaren 31ra arte. Data horretatik aurrera abereak zuzenean bazkatzeko erabiltzen ahalko da soilik; oro har ezarritako egunetan bilduko dira abereak.

4. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 15ean emandako 283/2010 Foru Aginduari buruz hartutako ohiz kanpoko neurriak. Foru agindu horren bidez, ardiak Errege Bardean larratzeko "Natura 2000" laguntzak emateko arau erregulatzaileak ezarri ziren, eta 2010eko deialdia onetsi.

Ekainaren 15eko 283/2010 Foru Aginduaren I. eranskineko 3.5. artikuluan xedatutakoa gorabehera, debekatuta dago ekainaren 15etik abuztuaren 15era bitarte eta azaroaren 1etik otsailaren 15era bitarte larratzea Errege Bardean esleitutako abeltzaintzako barrutietan.

Xedapen iragankor bakarra.-Aplikagarritasun baldintzak.

Foru agindu honetan jasotzen diren ohiz kanpoko neurriak aplikatuko dira, bakar-bakarrik, 2012ko kanpainan aurkezten diren laguntza eskaeretan.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 15ean.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1207557