99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

213/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako 2012. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, bere jarduketa programen artean, haur eta familiei oinarrizko arreta emateko programa bat du.

Abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, haurrei eta nerabeei babesa, sustapena eta arreta ematea, Nafarroako Foru Komunitatean.

Bestalde, abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluaren bidez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren diru-laguntzen deialdiak egiteko eskumena Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako diru-laguntzen 2012ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. 115.954 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastuen aurrekontuko "PFEZaren %0,7ko funtsa, Lanbide hastapeneko programak eta diru-laguntzen deialdia" izeneko 900005 91100 4819 231700 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Haur eta Nerabeentzako Babes, Sustapen eta Arretaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 9an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea eta aplikazio eremua.

Deialdi honek xedea du 2012ko diru-laguntzak esleitzeko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako.

Diru-laguntza horien bidez, bultzatu nahi da adingabeen babesgabetasun arriskuaren prebentzioaren arloan aritzen diren elkarteek eta gainerako entitateek programak eta ekintzak egin ditzatela talde horien premiei erantzuteko.

2.-Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak diruz lagunduko ditu babesgabetasun arrisku arina/moderatua duten adingabeentzako gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta esku-hartze terapeutikoak, eta/edo babesgabetasun arrisku egoerei aurrea hartzea helburu dutenak, zehazki, egoera horietan dauden adingabeen bizi baldintzak hobetzeko helburua (lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programa eta ekintzak eginez) duten programak.

2. Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen arabera babesik gabeko egoeran ez dauden haur edo nerabeentzako programak edo ekintzak ez dira diruz lagunduko, ezta adingabeen babesgabetasun egoerei aurrea hartzea helburu ez dutenak ere.

3.-Diru-laguntzaren zenbatekoa eta prozedura-mota.

1. Diru-laguntza 36.000 euro izanen da, gehienez, urtean.

2. Eskatutako kopurua ere 36.000 eurokoa izanen da gehienez urtean.

3. Diru-laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.

4. Aurkezten diren entitateek programa baterako soilik jasotzen ahalko dute diru-laguntza.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

4.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira.

2. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek langileria gastuetarako, jardueren garapenerako eta funtzionamendurako erabiliko dute laguntza. Funtzionamendu gastuek ez dute diru-laguntzaren %30 gaindituko.

5.-Betebeharrak.

1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoak diren erregistroetan inskribatuta egotea.

b) Diru-laguntza jasoko duen jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen xedea babesgabetasun arriskuan dauden adingabeentzako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Xedeak lortzeko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta esku hartzeko gaitasuna frogatzea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Baldin eta 2011. urtean onuraduna izan bada Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren apirilaren 5eko 120/2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako diru-laguntzen deialdian, aurkeztu izatea memoria teknikoak eta ekonomikoak eta diru-laguntza esleitu eta ordainduaren ondoriozko fakturak.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetatik salbu egotea.

2. Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

6.-Proiektua bukatzeko epea.

Laguntzaren xede diren programak (2012. urtean egin behar dira) betetzeko epea urtebetekoa da. Edozein egunetan hasten direla ere, diruz lagundutako jarduerek 2012ko abenduaren 31n bukatuta egon behar dute.

7.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azalak zabalik egon beharko du, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen.

8.-Agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu behar da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

-Entitatearen estatutuak.

-Diru-laguntzaren eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

-Kasuan kasuko inskripzioak bidezko diren erregistroetan egin direla frogatzen duten agiriak: Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen erregistroko inskripzioa, eta dagokion beste edozein inskripzio.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. oinarrian ezarritakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena. Berariaz frogatu beharko da entitateak ordainketak egin behar dituela diruz lagundutako jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, agertarazten duena ez entitatea, ez administratzaileak edo ordezkariak ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatutako agiriak aurkeztea, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo dagoeneko haren esku dauden datuak badira, salbu diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

b) Diru-laguntza eskaeraren xede den programaren gaineko memoria teknikoa, programaren deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

-Helburuak.

-Zein giza-talderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

-Eginen diren jardueren eta haien metodologiaren azalpena.

-Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzen bidez lortu nahi diren emaitzen aipamena.

-Ekintza/Programa horretara bideratuko diren langileak eta baliabideak.

-Lan egutegia. Ekintzak diru-laguntza eskatzen den urte berean egin beharko dira.

-Ebaluazio sistema.

-Programaren/Ekintzaren justifikazioa.

-Eta programa baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Dokumentazio ekonomikoa:

-Entitateak kasuan kasuko urterako duen programaren, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra.

-Programa garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza, gehienez ere 36.000 euro.

Kontzeptuen arabera zehaztu beharko dira bai programarako aurreikusi diren gastuen aurrekontu osoa bai eskatzen den zenbateko zehatza (langileak, programa garatzeko jarduerak eta funtzionamendu gastuak).

-Hala denean, programa osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9.-Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Haur eta Nerabeentzako Babes, Sustapen eta Arretaren Zerbitzuko Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalari esleitu zaizkio diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko aurreikusitako eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

2. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio 15 egun naturaleko epean okerra zuzen dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 5/2004 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko memoria teknikoa eta ekonomikoa erantsi ez baditu eta, hala badagokio, aurreko urteko diru-laguntzaren ondoriozko fakturak aurkeztu ez badira.

4. Eskaeren balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Haur eta Nerabeentzako Babes, Sustapen eta Arretaren Zerbitzuko zuzendariak, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Ataleko buruak eta Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko buruak.

5. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10.-Balorazioa.

1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako programak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa. 15 puntu gehienez, honela banaturik:

-Entitateen helburuak, 5 puntu gehienez.

-Haurraren eta nerabeen babesaren arloan aurretik duen esperientzia, 5 puntu gehienez.

-Herri, probintzia edo bestelako mailetan hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren esparruko bestelako entitate eta elkarteekin lankidetza eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

b) Programen balorazioa, 45 puntu gehienez, 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehazki:

-Programaren kalitatea, 35 puntu gehienez.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, 10 puntu gehienez.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk, 40 puntu gehienez.

-Aurreko urteetan egindako programen jarraipena, 15 puntu gehienez.

-Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, 5 puntu gehienez.

-Programa zein neurritan egokitzen den xedeko populazioaren beharrei. 5 puntu gehienez.

-Programaren berrikuntza (helburuetan, edukietan, metodologian edo baliabideetan), 15 puntu gehienez.

2. Ondoko entitate hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Ekintzen programa 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukiaren araberakoa ez dutenak (Diru-laguntza eskaeraren xede den programaren gaineko memoria teknikoa, eta haren deskribapena).

b) Hamargarren oinarriaren lehen ataleko b) letran aurreikusitako programaren kalitatearen balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak.

c) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak.

3. Onartu diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 75 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.

c) 60 puntutik 74 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

d) 50 puntutik 59 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

5. Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

6. Aurrekontuan diru erabilgarri aski ez badago, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da entitate onuraradun guztien artean.

11.-Ebazpena.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpenean, gutxienez, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

12.-Ordainketa.

1. Programa burutu dela frogatzen denean ordainduko da, oro har, diru-laguntza. Horretarako, aldez aurretik, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak justifikatu beharko dira, 14. oinarrian ezarritako moduan.

2. Dena dela, diru-laguntzaren %25 ordaintzen ahalko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera. Aurkeztutako justifikazioaren arabera eta hartan diruz lagungarri gisa onartutakoaren arabera ordainduko da gainerakoa.

3. Aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, behar hori frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

13.-Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak gauzatzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen ditu, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuradunak urtero memoria tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek deialdiaren oinarrien arabera gauzatzea, ez baita zilegi diru hori beste helburu batzuetarako erabiltzea.

b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak bete direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2013ko urtarrilaren 8a baino lehen, 2012ko abenduaren 31rako bukatu diren jarduerak badira.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Entitateak programaren diru-sarreren eta gastuen balantzea aurkeztuko du justifikaziorako eta, harekin batera, diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrekin batera frogagiriak aurkeztu beharko dira (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta haien fotokopia bat erantsita aurkeztuko dira. Frogagiri guztietan (fakturak, banku-laburpenak, ordainagiriak, etab.) honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa eta ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita eduki behar dute.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako datu hauek bilduko dira:

-Entitatearen eta programaren identifikazioa.

-Lortutako helburuak.

-Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

-Egindako jardueren azalpen laburra, honako hauek jasoz: edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa.

-Proiektua gauzatzean izandako zailtasunak.

-Proiektuaren balorazioa, ebaluaziorako ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Halaber, esleitutako diru-laguntzen zerrenda jarriko du Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Atariaren web orrian, ondokoak adierazita: diru-laguntzaren entitate hartzailea, zenbatekoa eta helburua.

j) Proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, hori egiterik dagoenean.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

15.-Itzulketak.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea, jasotako diru guztia itzularaztea eta berandutza interesa eskatzea, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza jasotzeko programaren oinarrian zeuden ekintzak ez gauzatzea.

b) Diru-laguntzak zuen xedea edo hura emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea horretarako baldintzak bete gabe.

d) Esleipenaren baldintzak aldatzea, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren baimenik izan gabe, edo aldaketa hori bidezkotzat jotzen ez bada.

3. Halaber, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako kopuruen %50 itzularaztea baldin eta diru-laguntzaren erabilera aldatzen bada eta hasierako programaren aldaketa nabarmena baldin bada, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren iritziz.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherarik azalduz gero.

4. Gainera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %25 itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.

b) Organo eskudunaren egiaztapen lanak oztopatzea edo horiei uko egitea, horren ondorioz ez bada ezinezkoa gertatzen egiaztatzea jasotako funtsak nola erabili diren, helburuak bete ote diren, diruz lagundutako jardueren errealitatea eta erregulartasuna edo helburu bererako bateraezinak diren beste diru-sarrera batzuk izan ote dituen.

5. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzeak berarekin ekarriko du diru-laguntzako kopuruak itzultzea, foru agindu horren 8.2 artikuluan ezarritako portzentajean. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

16.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio gehiezkoa.

17.-Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

18.-Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 9an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1207186