99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

241/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia izendatzen duena ikuskapen programa Nafarroako Foru Komunitatean kontrolatu eta aplikatzeaz arduratuko den organo eskuduna izateko, produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen aldian aldiko ikuskapenei buruzko azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 2009/128/EE Zuzentarauak Europako jarduketaren esparrua ezartzen du pestiziden erabilera iraunkorra lortze aldera. Zuzentarau hau, pestiziden erabilerak gizakien osasunean eta ingurumenean dituen arriskuak eta ondorioak gutxitzea eta plagen kudeaketa integratua eta planteamendu edo teknika alternatiboak sustatzea baititu helburu, inflexio-puntua da plagen aurkako borrokan; izan ere, erabiltzen diren pestiziden kopuruak eta toxikotasuna gutxitzea bilatzen du kimikoez bestelako metodoak, plagen kudeaketa integraturako aholkuak, erabiltzaile profesionalen eta saltzaileen prestakuntza eta aplikatzen diren pestiziden kantitateen doikuntza sustatuta.

Azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuak, produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen aldian aldiko ikuskapenei buruzkoak, gure antolamendu juridikora ekartzen ditu 8. artikulua eta 2009/128/EE Zuzentarauaren II. eranskina, eta ahalmen jakin bateko produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen aldian aldiko ikuskapen sistema bat ezartzen du, bai nekazaritzako ustiategietan erabiltzen direnentzat, bai beste eremu batzuetako profesionalentzat. Helburu horrekin, produktu fitosanitarioak aplikatzen dituzten makinen zentsua sortzea xedatzen du arauak, lehendabiziko kontrol tresna gisa; orobat, prestakuntza ematea ikuskatzaileei, Produktu Fitosanitarioak Aplikatzeko Ekipoen Ikuskapen Estazioak (ITEAFS) izendatzea, ikuskapenak egiteko epeak ezartzea, lehentasunak, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekiko komunikazioak eta beste jarduketa batzuk; horiek autonomia erkidego bakoitzean jarduketak koordinatu eta gauzatzeaz arduratuko den organo eskudun bat izendatzea justifikatzen dute.

Ahal dela, produktu fitosanitariorik eta horien hondarrik gabeko produkzioak lortzea da azken helburua, haiek ahalik eta gutxien erabilita jatorrian; izan ere, horrek segurtasun kualitatibo handiagoa ekarriko du produkzioetan, baita segurtasun handiagoa ere erabiltzaile eta aplikatzaileentzat eta eragin txikiagoa ingurumenean.

Ondorio horiekin, produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen aldian aldiko ikuskapenei buruzko azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuak 6. artikuluaren 2. puntuan ezartzen du autonomia erkidegoek, errege dekretu hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, beren lurraldean burutuko den ikuskapen programa kontrolatu eta aplikatuko duen organo eskuduna izendatuko dutela eta haren berri emanen diotela Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari, aipatu foru dekretuan ezarritakoa betetzearren.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 1eko 10/2001 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura ezarri zuen, eta 8. artikuluan xedatu Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren esku direla, besteak beste, nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapenaren arloetan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako eskumenak.

Orobat, abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Egitura horren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak, bere zerbitzuen bitartez, eginkizun hauek betetzen ditu: produktu fitosanitarioen fabrikazioa kontrolatzea, merkaturatzea eta erabiltzea, nekazaritzako produkzioen osasungarritasuna zaintzea, nekazaritzako makinen erregistroa eta produktu fitosanitarioen merkatari eta fabrikatzaileena mantentzea, baita Europak nekazaritzako ustiategiei emandako laguntzen baldintzazkotasun kontrolen erregistroa ere.

Horrenbestez, eraginkortasunagatik eta beharrezko koordinazioagatik, bidezko da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia organo eskuduna izendatzea produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen ikuskapen arloan, produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen aldian aldiko ikuskapenei buruzko azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuak xedatutakoaren ondorioetarako.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Organo eskuduna izendatzea.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia organo eskuduna izendatzen da produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoen ikuskapenei buruzko azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuan ezarritako ikuskapen programa kontrolatu eta aplikatzeko arduradun gisa.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 8an.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1207601