89. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

19/2012 FORU DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 133/2011 Foru Dekretua eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretua aldatzen dituena.

Abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren bitartez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen; atalak bitarteko organo guztiak biltzen ditu, bakoitzaren atxikipen eta eginkizunekin batera.

Foru dekretu honen xedeak dira, alde batetik, Unibertsitateen eta Etengabeko Prestakuntzaren Zerbitzuko atal bat deuseztatzea, haren eginkizunak berratxikitzea eta Azterlan eta Proiektuen Atala sortzea, eta, beste aldetik, Ebaluazio Atala berratxikitzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2012ko apirilaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehenengo artikulua.-Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretua aldatzea.

1. 9. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"9. artikulua. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzua.

b) Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzua.

c) Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzua.

d) Unibertsitateen Zerbitzua.

e) Lanbide Heziketaren Zerbitzua.

f) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.

Eta zuzendaritza nagusiaren menpe zuzenean, Azterlan eta Proiektuen Atala eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atala. Atal horretako burutza prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko da."

2. 10. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"10. artikulua. Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

-Indarra duen hezkuntza sistemak araudiaren aldetik behar duen garapena aztertu eta proposatzea.

-Ikasketen eta antolaketaren arloetako araudia prestatu eta proposatzea.

-Estatuko zein autonomia erkidegoetako hezkuntza administrazioek onesten duten araudia erregistratu, katalogatu eta artxibatzea.

-Titulu akademikoak emateko eta ikasketak baliozkotzeko proposamenak tramitatu eta ebaztea.

-Ikasketa ziurtagiriak ematea eta tituluak homologatzeko eta ikasketak baliozkotzeko espedienteak tramitatzea eta, hala behar denean, ebaztea.

-Ikasketen eta Espezialitateen Erregistroaz eta Diplomen eta Tituluen Erregistroaz arduratzea.

-Eskola irakaskuntzen maila, etapa eta modalitate guztietako curriculum edukiak prestatu eta eguneratzea.

-Testuliburuak eta curriculumeko gainerako materialak aztertzea.

-Berrikuntza programak eta hezkuntzako esperimentazio proiektuak proposatu, onetsi, gauzatu eta ebaluatzea.

-Baliabide didaktikoen zabalkundea egin eta, hala behar denean, horiek prestatzea.

-Hezkuntza ingurunean teknologia berrien erabilera sustatu eta bultzatzeko ekintzak egitea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako materialak erosterakoan aholku ematea, eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan aritzea ikastetxeentzat ekipamendu informatikoa eta ikus-entzunezkoa, komunikazio sistemak eta informazio-teknologiak erosteko planak eta irizpideak finkatzeko orduan.

-Behar diren jarduketak egitea ikastetxeek Interneterako sarbidea eta konexioa izan dezaten, eta horretarako behar diren komunikazio eta informatika sistemak kudeatu eta mantentzea.

-Departamentuaren eta ikastetxeen arteko informazio trukerako eta komunikaziorako sistemak kudeatu eta mantentzea, baita ikastetxeetako ekipo informatikoak ere.

-Eskola estatistikak prestatzea departamentuko beste zerbitzuekin batera.

-Baliabide informatikoei eta komunikazioei loturiko jarduketa teknikoak koordinatzea, administrazioko beste unitate batzuekin batera.

-Irakasleen prestakuntzarako proposamenak prestatu eta gauzatzea.

-Helduen hezkuntza planifikatu eta garatzea.

-Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak."

3. 11. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"11. artikulua. Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren egitura.

Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Ikasketak Antolatzeko Atala.

b) Hobekuntza Planen eta Berrikuntza Programen Atala.

c) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atala.

d) Prestakuntzako Atala."

4. 13. artikulua indargabetu da, edukirik gabe geratu baita.

5. 16. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"16. artikulua. Prestakuntzako Atalaren eginkizunak.

Prestakuntzako Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

-Irakasleen prestakuntza beharrak zehaztea, egiazko egoeraren eta hezkuntza sistemaren aurreikuspenen arabera.

-Irakasleen prestakuntza plana prestatu eta gauzatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzuekin koordinatuta.

-Irakasleentzako laguntza zentroak eta baliabide zentroak kudeatu eta koordinatzea.

-Oinarrizko prestakuntzaz eta etengabekoaz arduratzen diren ikastetxe eta erakunde unibertsitarioekin eta irakasleen hobekuntzaren ardura duten beste erakunde batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatzea eta horien jarraipena egitea.

-Irakasleen prestakuntzarako beharrezkoak diren laguntzak emateko deialdiak egin eta kudeatzea.

-Urrutiko irakaskuntzan ari diren irakasleei teknologia berrien arloko prestakuntza eskaintzeko ikastaroak edo curriculumean teknologia berriak sartzen dituztenak garatu eta gauzatzea.

-Departamentuko beste zerbitzu batzuekin batera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietako prestakuntza jarduerak garatzea irakasleentzat, eta teknologia berriak baliabide didaktiko gisa erabil daitezen bultzatzea.

-Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

-Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak."

6. II. kapituluko 5. atalaren izenburua aldatzen da. Hemendik aurrera "Unibertsitateen Zerbitzua" izanen da.

7. 28. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"28. artikulua. Unibertsitateen Zerbitzuaren eginkizunak.

Unibertsitateen Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

-Unibertsitateko goi mailako irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetako jarduketak programatu, kudeatu eta gauzatzea.

-Goi mailako irakaskuntzaren arloan Estatuko gainerako administrazio eta entitateekiko harremanetan parte hartzea, bai eta Nafarroan dauden unibertsitateekiko harremanetan ere; ikerketa zientifiko eta teknikoko jarduerak erabakitzen, jarraitzen eta ebaluatzen dituzten organoetan ere parte hartzea.

-Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako irakaskuntzaren plangintzari buruz eta unibertsitateen ekonomi eta finantza araubideari buruz eginarazten zaizkion azterlan eta txostenak egitea, bere kudeaketa esparruan.

-Ikasketak eta Fakultate, Goi mailako Eskola Tekniko, Unibertsitate Eskola eta Unibertsitate Institutuak sortzeari eta desagertzeari buruz eskatzen zaizkion azterlanak egitea, bere kudeaketa esparruan.

-Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitateen arteko programetan parte har dezan sustatzea (Estatuko, Europako eta nazioarteko programetan).

-Ikerketa sustatzeari, bultzatzeari eta koordinatzeari buruz bere gain uzten diren jarduketak bultzatu eta aurrera eramatea.

-Bere kudeaketa esparruko deialdiak eta unibertsitateekin lankidetzan aritzeko proposamenak egin, kudeatu eta kontrolatzea.

-Nafarroako komunitate zientifikoaren partaidetza sustatzea eta laguntzea, prestakuntza eta ikerketa zientifiko eta teknikorako Estatuko, Europar Batasuneko eta nazioarteko programetan.

-Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak."

8. 29. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

"29. artikulua. Unibertsitateen Zerbitzuaren egitura.

Unibertsitateen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Unibertsitateko Irakaskuntzaren Atala.

b) Zientziaren Sustapenerako eta Unibertsitate Hedapenerako Atala.

9. 32. artikulua indargabetu da, edukirik gabe geratu baita.

10. 38. bis artikulu berria gehitu da, honako edukia duena:

"38. bis artikulua. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren egitura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Ebaluazio Atala atxikirik dauka."

11. II. kapituluko 9. atal berria erantsi da, Azterlan eta Proiektuen Atala izenekoa, bai eta 39. bis artikulu berria ere, honako edukia duena:

"39. bis artikulua. Azterlan eta Proiektuen Atalaren eginkizunak.

Azterlan eta Proiektuen Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu eta, berariaz, honako hauek:

-Departamentuari eskatzen zaizkion proiektuei buruzko dokumentazioaren prestaketa eta aurkezpena koordinatzea.

-Moderna Planeko gaiei buruzko kudeaketak koordinatzea eta elkarlanean aritzea hainbat instituziorekin.

-Departamentuko proiektuen aurkezpena bultzatzea, Hezkuntza Departamentuko unitateak babestuz.

-Hezkuntzako antolamenduaren esparruan izaera bereziki zeharkakoa eta orokorra duten proposamenak dinamizatzea, Hezkuntza Departamentuko zenbait unitate ukitzen dituztenean.

-Sinergiak identifikatzea eta aprobetxatzea, hezkuntzako instituzioen edo hezkuntzarekin harremana dutenen eta Departamentuko unitateen artean.

-Europako proiektuen aurkezpena bultzatzea.

-Aurreko guztiekin zerikusia izanik, agintzen zaion beste edozein eginkizun."

Bigarren artikulua. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretua aldatzea.

1. 3. artikuluari d) atala gehitu zaio, honako edukia daukana:

"d) Hezkuntza Departamentuak Ebaluazioaren Institutuan eta estatuko zein nazioarteko ebaluazio ikerketetan duen parte hartzea koordinatzea eta bideratzea.

2. 14. artikulua gehitzen da, honako edukia duena:

"14. artikulua. Ebaluazio Atala.

Ebaluazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

Nafarroako hezkuntza sistemako etapei eta ikasketei buruzko kanpoko ebaluazioak diseinatu, antolatu eta egitea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako diagnostikoko ebaluazioak antolatzea.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Ebaluazio Institutuak zuzentzen dituen estatuko eta nazioarteko ebaluazioak Nafarroan koordinatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Ebaluazio Institutuan duen parte-hartzea koordinatzea eta bideratzea.

Urteroko txostenak egitea, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako emaitza akademikoei buruz.

Nafarroako hezkuntza adierazleak prestatzea, estatuko eta nazioarteko adierazleen sistemen testuinguruaren barnean.

Ebaluazio gaiei buruzko txostenak eta azterlanak egitea.

Hezkuntza Departamentuaren beste instantzia batzuekin batera aritzea, hezkuntza sistemaren funtzionamenduari buruzko informazioa emanez.

Ikastetxeak, irakasleak eta programak ebaluatu behar dituzten Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko arloei laguntza teknikoa ematea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak bere kudeaketa eremuan agintzen dizkion gainerako eginkizunak."

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.-Izendapena mantentzea.

Prestakuntzako Atala izatera pasa den Irakasleen Prestakuntzako Ataleko buruaren izendapena baldintza berberetan berresten da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.-Aurrekontuko aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.-Garatzeko ahalmenak.

Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko apirilaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1206450