48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, turismoko ETEek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzea eta mantentzea sustatzeko laguntzen 2012ko deialdia onesten duena.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko era berrian.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Kontseilaritzaren helburu nagusietako bat da zerbitzuen kalitatea handitzen lagunduko duten ekintzak ahalbidetu eta bultzatzea, horretarako sektoreko enpresaburuekin batera lan eginez. Horregatik, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak enpresaburuek arlo horretan egin dituzten jarduketetarako diru-laguntzak eman ditu azken urteotan, bai inbertsioak egiteko, bai ziurtagiriak eman edo sustapena egiteko.

Aurten jarduketa gehiagotarako diru-laguntzak emanez indartzen den lan ildo hau bat dator Turismoko Estatuko Idazkaritzak segitzen duenarekin, eta denok batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.

Beharrezkoa izanen da, hortaz, kalitate turistikoaren "Q" marka ziurtatu, berritu eta mantentzea babesten jarraitzea. Alde horretatik, deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduketak ugaldu dira, marka erabiltzeko eta hari atxikitzeko alderdiak sartu baitira, baita laguntza teknikoari eta marka mantentzeko eta berritzeko auditoretzak babesteari buruzkoak ere. Hori guztia, enpresaburuen laguntzarekin, lagungarria izanen da Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzeko, kalitateko destino gisa hedatuko baita.

Deialdi hau konkurrentzia bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baina norgehiagoka egin gabe. Diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Hala izanen da ulertzen delako deialdian aurreikusten diren jarduketa guztiek garrantzi bera daukatela.

Bestalde, zehaztu behar da laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen dela. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Turismo arloko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onestea 2012an kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortu eta mantentzea sustatzeko.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

30.000,00

G/A10001/4709/432302: ETErentzako laguntzak, kalitatearen "Q" marka lortzeko

2012

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko otsailaren 3an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Turismoaren arloko ETEek Nafarroan dituzten establezimenduek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko
laguntzen 2012ko deialdiaren arauak

1.-Xedea.

Deialdi honen bidez Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiriak lortu, berritu eta mantentzea bultzatu nahi da.

2.-Aurrekontuko diru-zuzkidura.

2012ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontu-sail bat dago, 30.000 eurokoa, "Kalitatearen Qa lortzeko ETEentzako laguntzak" izenekoa (A10001 A1120 4709 432302 kontu-saila). Diru-kopuru hori handitzen ahalko da, programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuetako kontu-sailari diru gehiago erantsiz.

Diru-laguntzarako eskaerek deialdi honi aurrekontuan esleitutako zuzkidura gainditzen badute, diru-laguntza hainbanatu eginen da, dagoen diruari egokitzeko.

Betiere, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua gerakin berria agortu arte handitzen ahalko da edo, hainbanatu beharrik gabe zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

3.-Onuradunak.

Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean establezimendu turistiko arautu gisa erregistratuta badaude Turismoko Erregistro Ofizialean.

ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

4.-Laguntzen barruan sartzen diren jarduketak eta erreferentzialdia

Deialdi honen bidez laguntza emanen da ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren "Q" markaren ziurtagiria ezarri, lortu eta berritzeko egin behar den gastu arrunterako eta, zehazki, honako hauetarako:

a) Markari atxikitzeko kuota.

b) Ziurtapenerako kanpoko auditoretzaren gastuak (edo ziurtapena jasoa duten establezimenduei Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoretzakoak) eta ziurtagiria berritzeko edo mantentzeko auditoretzakoak.

c) Zein urtetarako berritu edo mantendu nahi den, urte horretan marka erabiltzeko eskubidearen kuota.

d) Kanpoko aholkularitzaren laguntza teknikoa, bertaratua eta on-line, 4.b atalean aintzat hartzen diren ezartze eta/edo berritzeetarako.

Kontzeptu honengatik egiten diren eskaerak, eskatzaileak eta erakunde aholku-emaileak sinatuko dituzte, berariazko eredu formalizatuari jarraikiz. Eskaerarekin batera memoria bat ere aurkeztu beharko da eta bertan ezarpenerako lan plana, laguntzarako aurreikusitako ordu kopurua eta laguntzaren aurrekontua zehaztuko dira. Halaber, lan plan horrek bi alderdien onartze sinadura izan beharko du.

Ondorio guztietarako, 2011ko azaroaren 1etik 2012ko urriaren 31 arte fakturatutako gastuak sartuko dira; alabaina, establezimenduek auditatuta egon beharko dute denbora horretan eta haien txostenak 2012ko ziurtapen batzorde teknikoetan berrikusita.

5.-Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak funts galdurako diru-laguntzak dira ondoko portzentaje eta mugen arabera:

-a) kontzeptua: atxikitzeko kuota. Dagokion gastuaren %50era bitarte.

-b) kontzeptua: auditoretzak. Gastuaren %60ra bitarte ziurtagiria lortzeko auditoretzaren gastuagatik, eta %50 ziurtagiria berritzeko auditoretzetan edo aldez aurretik ziurtagiria duten establezimenduetan Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoretzetan, eta %40 mantentzeko auditoretzetan.

-c) kontzeptua: marka erabiltzeko eskubidearen kuota. Dagokion gastuaren %50era bitarte (berritzeko edo mantentzeko eskaerarekin batera, besterik ez).

-d) kontzeptua: kanpoko aholkularien laguntza teknikoa. Dagokion gastuaren %60; gehienez ere, aurrekontu hau onartuko da:

  • 3.000,00 euro, ziurtagiria lortzeko laguntzengatik (1.800 euroko diru-laguntza, gehienez ere).
  • 2.000,00 euro, ziurtagiria berritzeko, mantentzeko eta arau berriaren araberako ziurtagiriak lortzeko laguntzagatik (1.200 euroko diru-laguntza, gehienez ere).

Laguntza hauek ez dituzte hartzen auditorearen eta kanpoko aholkularien egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.

Diru-laguntza kalkulatzerakoan balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) zenbatekoa kenduko da.

6.-Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau lehia bidez ebatziko da; izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituen deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Aitzitik, banatzeko formula gisa ezarri da diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea.

7.-Araubide juridikoa.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urteko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

8.-Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Dena dela, jasotako diru-laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa bada, behar den zenbatekoa kenduko zaio diru-laguntzari.

9.-Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberako eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskaera ereduak Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneten eskuratzen ahal dira, helbide elektroniko honetan: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Orobat, bide telematikoa erabiltzen ahal da eskaerak aurkeztu eta tramitatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da ziurtagiri elektronikoa izatea, HTNk baimendutako ziurtagirirako autoritate batek emana.

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, ereduan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskatzen den dokumentazioa:

a) Nortasuna:

-Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

-Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

-ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko.

-"Laguntza teknikorako" eskaeren kasuan, 4.d) oinarria, dagokion atalean adierazitakoaren araberako txostena erantsiko da.

-Aurrekontua, kontzeptuka zehaztua.

c) Bestelakoak:

-Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz, horretarako ezarritako ereduari jarraikiz.

-Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

-Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal diren kostuentzat eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.

-Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako helbidean lortzen ahal dena: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

Agiriak aurkeztean komeni da ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzea, baliabideen zentzuzko erabileran laguntzeko, esate baterako paper birziklatu eta klororik gabe zuritua erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

10.-Epeak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.-Eskaeren tramitazioa.

Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak berrikusiko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Deialdia ebazteko 3 hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

12.-Justifikatzeko epeak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta laguntzen ordainketa.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak onetsitako diru-laguntzaren diru-kopurua aldi bakarrean ordainduko da, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztu ondoren:

-Laguntzak justifikatzeko eskabidea, behar bezala beteta.

-Fakturen kopia eta fakturatutako zenbateko osoa ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

- Kalitataren "Q" marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo beste erakunde eskudunak luzatua edo ziurtagiria berritzeko auditoretza pasatu izanarena. Agiri hori eduki ezean justifikazioa egiterakoan, Turismo Zerbitzuak behar den guztia egiaztatuko du.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Ordainaldi bakar batean emanen da laguntza, aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu eta establezimenduak "Q" ziurtagiria edo markaren horren berritzea lortu ondoren.

Frogagiriak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 15ean bukatuko da.

-Ziurtatze batzordearen atzerapen administratiboaren ondorioz enpresa batek ez badu ziurtagiria deialdi honetan ezarritako epean lortzen, auditoretzako txostena kontuan hartzen ahalko da, salbuespenez, baldin eta alde orotan adostasuna ematen badu eta horrela irizten badio ziurtapen batzordeak urte horretako azken bilkuran. Era berean, eta justifikazioa egiterakoan "Q" marka lortzeko ziurtagiria oraindik eduki ezean, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak egiaztatuko du behar den guztia.

13.-Onuradunen betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:

a) Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari 2012ko abuztuaren 15a baino lehen. Ez badu hala egiten, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.

b) Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

c) Idatzizko kontratua aurkeztea azpikontrataturiko jarduera 60.000 eurotik gorakoa denean.

d) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide orriaren bidez egin beharko dira, eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

e) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak.

g) Gastua Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean, web orrian, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.

14.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.

15.-Diru-laguntza itzultzeko betebeharra.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan ezarritako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak, osorik edo partez.

16.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Bi errekurtsoak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia eta oinarriak argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1202114