34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2012 FORU DEKRETUA, otsailaren 1ekoa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duena.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aipatu erregelamenduko zenbait artikulu aldatzeko proposamena egin du, artikulu horien aplikazio praktikoan zenbait zailtasun atzeman direlako eta ehiza sozial eta iraunkorraren eredu bat garatzen aktiboki parte hartzen duten gizarte sektoreek eskaera batzuk egin dituztelako.

Hori horrela, komenigarria da aipatu artikuluak aldatzea. Arlo hauei buruzkoak dira: ehiztari azterketa oraindik ezarria ez duten beste autonomia erkidego batzuetako bizilagunek ehiza lizentzia lortzea; tokiko ehiza-barrutiek gutxienez izan behar duten azalera; kalteei aurrea hartzeko neurri eraginkorrak ezartzea; ehiza-barrutiko zaintzailearen figura, ehiza populazioen kontrolerako beste zeregin batzuetako partaidekide gisa; ehiza-barrutiek ematen ahal dituzten baimen berezien kudeaketa; harrapatzen diren ehiza larriko animaliei jarri behar zaizkien zigiluak eta antzeko beste gai batzuk.

Gai horiek guztiak berariazko partaidetza organoetan aztertu dira, bai Ehizako Aholku Batzordean bai Nafarroako Ingurumen Kontseiluan, eta aldeko txostena jaso da.

Gainera, jendaurreko informazio eta parte-hartze aldiaren tramitea bete du proiektuak.

Horrenbestez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 1eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamenduko zenbait artikulu aldatzea. Erregelamendu hori ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bat.-3.3.a) artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"a) Ehiza-lizentzia berria eskatuz gero, ehizarako gaitasun-probak gainditu direlako ziurtagiria, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak emana.

Beste autonomia erkidego batek emandako ehizarako gaitasun-ziurtagiriak ere balioa izanen du, baldin eta erkidego horretako gaitasun-probak Nafarroako ehiztarien azterketaren antzekoak badira. Ehiztaria atzerritarra bada, bere herrialdeko ehizarako gaitasun-probak gainditu dituelako ziurtagiria aurkeztu behar du.

Hori hala izanik ere, ez da baliozkotzat joko, ondorio hauetarako, autonomia erkidego bateko gaitasun-ziurtagiria, Nafarroako ehiztari azterketaren antzeko gaitasun-probak ez dituzten autonomia erkidegoekin egindako hitzarmen edo akordioen ondoriozkoa denean."

Bi.-4. idatz-zati berri bat erantsi zaio 3. artikuluari, eta honela idatzita agertuko da:

"4. Nafarroan lehenbiziko ehiza-lizentzia eskatzen dutenei, hots, bizilekua Foru Komunitatean dutenei, ehizarako gaitasuna autonomia erkidego bateko ehiza-lizentzia baten bidez frogatzen badute, eskatzen ahalko zaie ehiztari azterketa gainditu izana frogatzen duen ziurtagiria aurkez dezatela."

Hiru.-7. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"7. artikulua. Azalera.

1. Ehiza-barrutiek 2.000 hektareako azalera eduki behar dute gutxienez.

2. Salbuespen gisa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak baimena emanez gero, 2.000 hektarea baino gutxiagoko tokiko ehiza-barrutiak sortzen ahalko dira, baldin eta herriak azalera hori baino txikiagoa badu, bizitegi eta industria erabilerako eremuak eta goragoko araudiaren arabera erabilera bateraezinak dituzten beste lur eremu batzuk kenduta. Gainera, horretatik ateratzen den azalerak hamabost hektareatik beherakoa izan beharko du, nahitaez, herriko ehiztari bakoitzeko.

Baimena emateko, toki entitate eskatzaileak ehiza-barrutia eskatzeko behar diren agiriekin batera, ehiztarien zerrenda aurkeztu behar du (izena, abizenak, nortasun agiria, ehiza-lizentziaren zenbakia eta helbidea), bai eta zerrendako ehiztari guztiak udal erroldan bizilagun gisa agertzen direlako ziurtagiria ere bai, Udalak emana.

3. Aurreko lerroaldean aipatutako salbuespen hau ehiza-barruti intentsiboei ere aplika dakieke.

4. Nolanahi ere, ehiza-populazioek eta ehiza-aprobetxamenduaren bideragarritasunak ehiza antolatzea ahalbidetzen ez badute, ezin izanen da 2.000 hektarea baino gutxiagoko ehiza-barrutirik eratu.

5. Ehiza-barruti bihur daitezkeen lur eremuen jarraitutasuna ez da etentzat joko ibaiak, errekak, bide publikoak, trenbideak, ubideak edo antzeko beste eraikinen bat izateagatik. Aitzitik, aipatu elementu eta eraikinek, berez, ez dakarte jarraitutasunik mugakideak ez diren lurren artean."

Lau.-8. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"8. artikulua. Ehiza-barrutiko titularraren betebeharrak.

1. Ehiza-barrutiko titularrak betebehar hauek izanen ditu kasu guztietan:

a) Basa faunaren babesari buruzko araudia betetzen laguntzea.

b) Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari eskatzen dituen datu estatistikoak ematea.

c) Titulartasun pribatuko barrutietarako ezarritako tasak edo bidezko legeetan ezartzen direnak ordaintzea.

d) Ehiza-barrutiaren aprobetxamendutik ateratako diru-sarreren %25 animalien populazioak eta beren habitatak hobetzeko inbertitzea.

Honen ondorioetarako, Ehiza Antolatzeko Planeko ekintzetatik animalien populazioen eta beren habitaten hobekuntzan zuzeneko eragina dutenak bakarrik zenbatuko dira, bai eta kalteen prebentziorako lanak eta ehiza-barrutirako zaintza kontratatzea ere. Ehiza Antolatzeko Planean ageri ez diren gainerako ekintzak ondorio hauetarako zenbatu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik baimena ematea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak.

Ehiza-barrutiko titularrak burututako ekintzen gastuen frogagiriak aurkeztu beharko ditu, eskatzen zaizkionean.

e) Epizootia izan litekeen gaitzen bat agertuz gero, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua jakinaren gainean jartzea, eta gauza bera egitea barrutietan pozoitzerik gertatu edo debekatutako tresnaren bat erabili dela jakinez gero.

f) Ehiza aprobetxamenduaren titularren eta nekazarien arteko koordinaziorako mekanismoak ezartzea, nekazaritzari ahalik kalte gutxien egiteko.

2. Ehiza-barrutiko titularrak, kudeaketaren arduraduna baldin bada, aurrekoez gainera betebehar hauek ere izanen ditu:

a) Ehiza-barrutian egiten diren ehiza jardueren antolaketaz eta gauzatze zuzenaz erantzutea, eta ehiza jarduera antolatuak direnean, segurtasunaz ere bai.

b) Ehiza Antolatzeko Plana prestatzea eta bere kostura finantzatzea.

c) Ehiza-barrutia behar bezala garbitzea eta seinalatzea.

d) Ehiza-espezieen populazio nagusiei urtero kontrolak egitea haien bilakaera aztertzeko.

e) Ehiza-barrutian ehiza babesteko behar adinako zaintza jartzea, Ehiza Antolatzeko Planari jarraituz.

Ezarri beharreko gutxieneko zaintza erlazio honen araberakoa izanen da: hegoaldeko ehiza-eremuan, dedikazio osoko ehizazain bat 15.000 hektareako; iparraldeko ehiza-eremuan, dedikazio osoko ehizazain bat 25.000 hektareako, erregelamenduan ezarritako eremuen arabera.

Zaintzan aritzen den pertsonak ehizazain titulua eduki behar du, erregelamendu honen 8.bis artikuluaren arabera. Pertsona hori ezin da izan ehiza-barrutiaren esleipena hartu duen ehiztari elkarteko bazkidea, eta ezin da ehizan aritu lanean ari den barrutian. Ehiza-barrutia duen udalerrian (edo udalerrietan) beste zaintza lan batzuetan aritzen ahal da, baldin eta ehizazaintzarako ezarritako denborak barrutiaren azaleraren araberako gutxieneko zaintza denborak betetzen baditu.

Ehizazainaren kontratazioaren eta dedikazioaren frogagiriak Ingurumen, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren eskura jarri beharko dira, eskatzen dituenean.

f) Barrutiko ehiza-espezie guztien aprobetxamendua kudeatzea, Ehiza Antolatzeko Planean eta aplikatu beharreko araudian ezarritako mugen barnean.

g) Urteko kudeaketa planak aurkeztea.

h) Barrutiaren kudeaketari buruzko auditoretzak onartzea.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari ehiza-barrutiaz eskatzen duen informazio guztia ematea, finantzei buruzko datuak eta ehizarako baimena duten pertsonen zerrenda barne.

i) Kalteak ekiditeko behar diren neurriak hartzea."

Bost.-8. bis artikulua sortu da. Artikuluak hauxe dio:

"8. bis artikulua. Ehizazaina.

1. Ehizazainaren figura sortu da.

2. Ehizazainak Nafarroako Foru Komunitatearen barnean beteko ditu bere eginkizunak.

3. Ehizazain izateko bete beharreko baldintzak:

a) Ehiza espezialitateko landazain partikularraren titulua izatea.

b) Ehizarako gaikuntza ikastaro baten aprobetxamendu ziurtagiria izatea; Nafarroako Foru Komunitateak homologatutako zentro batek emana.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak emanen du titulua, interesdunak eskaturik eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Ehizazainaren titulazioak berarekin ekarriko du Nafarroako ehiza-lizentzia lortzeko gaitasun ziurtagiria.

4. Ehizazainaren eginkizunak:

Indarra duen araudiak ehiza espezialitateko landazain partikularrei ematen dizkien eginkizunak galarazi gabe, ehizazainak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

b) Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura.

c) Kalteak kudeatzea (kontrolatu eta aurrea hartzea).

d) Harrapakarien kontrola.

e) Habitatak kudeatzea.

f) Barrutia garbi mantentzea, ehiza jarduerari dagokion orotan.

g) Administrazioarekin lankidetzan aritzea, barrutiaren ehiza kudeaketako jardueretan eskatzen zaionean.

5. Ehizazainek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zeregin horretarako antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara joan beharko dute".

Sei.-12.2 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Lehen mailako seinaleen artean bigarren mailakoak jarriko dira; batetik bestera 100 metro egon daitezke gehienez."

Zazpi.-12. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"4. Barrutietako barne aldeak, Ehiza Antolatzeko Planetan ezarriak, identifikatzeko bigarren mailako seinaleek ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Materiala: seinalea zurruna izatea eta luze irautea bermatzen duen edozein.

b) Neurriak: 20 x 30 zentimetro, %10eko tolerantzia tartea utziz neurri bakoitzean.

c) Gutxieneko altuera zorutik hasita: 1 eta 2,50 metro bitarte.

d) Koloreak: urdina "Zakurren eremurako". Gorria "Hazitako ehizakien eremurako". Horia "Erreserbarako". Laranja ehizako espezie zehatz baten "Babes eremurako". Berdea "Galeper eremurako" (ez da beharrezkoa izanen ureztaketa tradizionaleko eremuak oholtxoz seinalatzea).

Oholtxoek kolore bakoitzari dagozkion hitzak eduki ditzakete, hau da, aurreko lerroaldean komatxo artean ageri den testua.

Bigarren mailako seinaleetan koloreek duten esanahia kasuan kasuko barrutietan ehizarako gaikuntza ematen duen dokumentuan jarri beharko da".

Zortzi.-13. artikuluari 5. idatz-zatia gehitu zaio, eta honela idatzita agertuko da:

"5. Salbuespen gisa, lurralde etena duten toki entitateek ehiza-barruti bakarra eratzen ahalko dute."

Bederatzi.-16.2 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Ehiza-barruti bat toki bateko ehiztari elkarte bati zuzenean esleitzen zaionean, esleipena soziala izanen da. Esleipen modalitate honetan, toki entitateak baldintzen agirian honako irizpide hauek ezarri beharko ditu gutxienez:

a) Tokiko edo kanpoko ehiztaria izatea.

b) Ehiza-barrutia esleitua duen tokiko elkarteak kanpoko ehiztariak bazkide nahitaez egin behar dituen ala ez.

c) Kanpoko ehiztariei, tokikoen aldean, kobratu beharreko gehieneko prezioa.

Edozein modutan ere, nahitaezkoa izanen da ehiza-barrutirik ez duten ehiztari nafarrentzat plaza batzuk gordetzea, gutxienez tokiko ehiztari elkarteko kideen %3, salbuespen honekin: Ehiza Antolatzeko Planean ezarritako gehieneko ehiztari kopurua tokiko ehiztari elkarteko kideen kopuru bera edo txikiagoa izatea.

Baimen horien kostua ezin da izan tokiko ehiztarientzat ezarritakoa halako bi baino handiagoa; ehiztari bati baimena emateko ez da beharrezkoa izanen tokiko elkarteari atxikitzea.

Aprobetxamenduaren titularrak gonbidapenak eman ditzake. Horiek emateko baldintzek barrutia esleitzeko baldintzen agirian aurrekusita egon behar dute. Horiek, edonola ere, izendunak izanen dira eta ehizarako egun zehatz bat jasoko dute, eta ez dute gaindituko, eguneko, barrutia osatzen duten ehiztarien kopuruaren %3a.

Hamar.-16.4 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"4. Barrutiko titularrak edo aprobetxamenduaren esleipen-hartzaileak, untxiak edo basurdeak harrapatzeko baimen berezi bat badu animalia horiek kalterik ez egiteko, zilegi izanen du aldi baterako baimenak ematea, espezie horiek, ez beste batzuk, ehizatzeko."

Hamaika.-19.2 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Horretarako, jabe partikularrek ehiza-barruti pribatua eratzeko eskaera aurkeztu behar dute eta bertan ondokoak zehaztu: proposatzen diren mugak, proposatutako barrutiaren kartografia 1:25.000 edo 1:50.000 eskalan, barrutian sartutako lurren katastro justifikazioa eta haien jabetza-frogagiriak; eremuak jabe bat baino gehiago izanez gero, denek sinatuko dute eraketa eskaera, eta jabeek jakinarazpenetarako izendatzen duten ordezkariaren berri ematen duen agiria ere aurkeztuko beharko da."

Hamabi.-Lerroalde bat gehitu da 29. artikuluko 3. idatz-zatiaren bukaeran, eta honela idatzita agertuko da:

"Hazitako ehizakien eremuak ehiza-hegaztiak entrenatzeko ere erabiltzen ahalko dira, Ehiza Antolatzeko Planean horixe agertzen denean. Kasu horretan, ehiza-hegaztien entrenamendua urteko egun guztietan egiten ahalko da."

Hamahiru.-29.4 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"4. Galeper eremua. Nafarroako hegoaldean dauden eremuak dira, non galeperra ehizatzen ahal den kasuan kasuko debekualdi aginduan urtero ezartzen diren ehizako denboraldietan.

Erliebe orografiko urriko edo halako erlieberik gabeko eremuetan kokatuak egon behar dute eta, gainera:

a) Ureztalur tradizionalak galeper eremutzat joko dira zuzenean.

b) Lehorreko eremuek eta/edo ureztalur berriek, galeper eremutzat jotzeko, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren berariazko baimena beharko dute. Kasu horietan, galeper eremuaren azalera, guztira, ez da inoiz ere izanen ehiza-barrutiaren azaleraren %10a baino handiagoa, eta ez ditu 300 hektarea baino gehiago izanen."

Hamalau.-36.5 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"5. Debekualdian debekaturik dago ehizaki hilak garraiatu eta merkaturatzea, legez eratutako industri ustiategi edo ehiza etxaldeetatik datozenak izan ezik; horiek beren jatorria frogatzeko zigilu edo etiketak eduki behar dituzte.

Debekutik salbuetsiko dira, halaber, kalteak kontrolatzeko salbuespenez ematen diren baimenen bidezko suntsiketen ondoriozko animaliak; halakoetan, bertan eduki beharko da baimen hori."

Hamabost.-40. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"40. artikulua. Kupoak erregulatzea.

Ehizaren eta arrantzaren arloan eskuduna den departamentuak bidezkoak diren bitartekoak jar ditzake ehizako kupoak eta presioa erregulatzeko, ehiza larrian baimenduta dauden espezieetako edozeinetan."

Hamasei.-47.2 artikulua aldatu da, h) idatz-zatia, eta j) eta k) idatz-zati berriak gehitu dira. Honela idatzita agertuko dira:

"h) Hegaztiak hegaldian tiroz ehizatzeko postu bakoitzean, bai zoruan bai goratuta daudenetan, hiru ehiztari egoten ahal dira aldi berean gehienez.

Ehiztari bakoitzak eskopeta bakarra edukitzen ahalko du postuan.

j) Etxolak ezin izanen dira bihurtu hegan doazen hegaztiak harrapatzeko postu.

k) Birigarroen ehizarako postuak ezin izanen dira bihurtu usoak hegaldian harrapatzeko postu edo etxola."

Hamazazpi.-49.2 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Ehiza larrian, postuetan dauden ehiztariek bala kartutxoak dituzten errifleak edo eskopetak eduki ditzakete".

Hemezortzi.-50.5 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"5. Bai monterian bai uxaldi-ehizan, aprobetxamenduaren titularrak ehizaburu bat izendatuko du, eta honek parte hartzen duten ehiztari guztiei azaldu beharko die nola jardun behar duten ehizaldian pertsona guztien segurtasuna ziurtatzeko. Horrez gainera, ehiztari bakoitza bere postuan kokatu behar du eta ehizaldiaren hasiera eta amaiera adieraziko ditu seinaleen bitartez. Ehizaburuak, ehizaldia hasi baino lehen, non egin daitekeen tiro azalduko die parte hartzen duten ehiztari guztiei, eta ehiztariek ez dute tiro eginen handik kanpo, ezta, bereziki, bistan dauzkaten gainerako postuetarantz ere. Ondorio horietarako, ehiztari bakoitzak hitzez eta keinuez agertu behar die hurbilenekoei non dagoen bere postua".

Hemeretzi.-54.2 artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Arrantza-lizentzia lortu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute eta bertan izen-abizenak, helbidea, jaiotza-data eta NAN zenbakia adierazi".

Hogei.-68. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"68. artikulua. Arrantza antolatzeko planak.

Arrantza baliabide hauek antolatzeko plan zuzentzaileak eginen dira:

a) Ur salmonikolak.

b) Ur geldoak eta ur bilduak.

c) Karramarro aloktonoak.

2. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileek ondokoak ezarriko dituzte gutxienez:

Planaren aplikazio-eremuko ibai tarteen mugak.

Uren zonifikazioa, ezaugarri biogeografikoak eta ekologikoak eta planean aztertutako espezieentzako ahalmena kontuan harturik.

Arrantza baliabideen jarraipenari, kontrolari eta aprobetxamendu iraunkorrari buruzko jarraibideak eta arau orokorrak.

3. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak prestatu eta Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik.

Onetsi ondoren, plan zuzentzaileek ez dute mugaegunik izanen. Hala ere, onesten direnetik 15 urte igarota berrikusiko dira eta, edonola ere, inguruabarrek bultzatuta beharrezkoa den guztietan ere."

Hogeita bat.-76. artikuluaren a) eta b) idatz-zatiak aldatu dira, eta honela idatzita agertuko dira:

"a) Ibai salmonikoletan, izokinetarako sailkatuta daudenetan, gutxienez 50 metroko tartea utzi behar da arrantzalearen edo bere beitaren eta presen oinarriaren, arrainentzako eskalen eta pasaguneen sarrera edo irteeraren artean.

b) Ibai salmonikoletan, izokinetarako sailkatuta ez daudenetan, eta ziprinidoen ibaietan, gutxienez 10 metroko tartea utzi behar da arrantzalearen edo bere beitaren eta arrainentzako eskalen eta pasaguneen sarrera edo irteeraren artean. Arrainentzako pasagunerik ez duten presetan, gutxienez 50 metroko tartea utzi behar da arrantzalearen edo bere beitaren eta presen oinarriaren artean."

Hogeita bi.-79. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

"2. Prozedurari ekiteko, interesdunak eskaera aurkeztu behar du; bertan nor den eta non bizi den (jakinarazpenetarako) zehaztu behar du, eta ondoko agiri hauek erantsi behar ditu:

a) Polizia-atestatua edo horren baliokidea edo antzekoa den agiri ofiziala, ezbeharraren arrazoi eragilea aski egiaztatuko duena.

b) Kalteen peritazioa.

c) Ibilgailuaren konponketaren jatorrizko faktura edo kopia konpultsatua.

d) Ibilgailuaren aseguru-polizaren kopia.

e) Ibilgailuaren titulartasunaren egiaztagiria.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren jatorrizkoa agiria. Behar bezala eta osorik beteta egon behar du eskaera horrek."

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Xedapen gehigarri bakarra.-Ehiza-barrutien gutxieneko zaintza, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako moduan, nahitaezkoa izanen da 2013ko urtarrilaren 31tik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapena.-Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko otsailaren 1ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1201893