221. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2751/2012 EBAZPENA, urriaren 22koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien beste zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrei erantzuteko.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontratazioaren aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako dei eginen dute, prestakuntzako izangaien zerrendak egiteko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, deialdi hau iragartzen da:

DEIALDIA

OGASUNEKO KUDEATZAILE ETA IKERTZAILE LAGUNTZAILE IZATEKO LANPOSTUAK PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIEN EGOERAN BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.-Deialdia egiten da, hautaproben bidez osatu dadin Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko, salbu eta Osasun Departamentukoei.

Bigarrena.-Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoarena edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak osorik gaindituak izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, bederatzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren mendeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.-Eskabideak.

4.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, artxiboak eransteko Erregistro Orokor Elektronikoan aurreikusitako formatuetatik edozein erabil daiteke parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko.

4.2. Eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai deialdiari buruz "Zerbitzuak" "Enplegu Publikoa" direlakoetan egiten den aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo beren nortasun datuak eta nazionalitatea frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute bakarrik.

Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen lanpostuan aritzeko dei egiten zaien izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte titulu betebeharra frogatzen duten agiriak, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera adierazi behar denean.

4.3. Desgaitasun aitortu bat duten izangaiek beharrezkotzat jotzen dituzten denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte; halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute hori, organo eskudunak legezko desgaitu izaera egiaztatzeko emandako agiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, eta gainera, beste orri batean azaldu zer desgaitasun duten eta nolako egokitzapenak eskatzen dituzten.

Bosgarrena.-Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenetik abiatuta ("Zerbitzuak" atala, "Enplegu Publikoa" azpiatala).

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamena, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean), hautaproba egiteko deialdi honetan ezarri diren egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Seigarrena.-Proba.

6.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2. Proba honek 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Izangaien zerrendan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

6.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Beren nortasuna frogatzen ez duten izangaiak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

6.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Zazpigarrena.-Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: César Redín Setuain jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Marta Huarte Rodríguez andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: María Teresa Elizari Huarte andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Aholkularitza eta Koordinazio Bulegoko burua.

Ordezko mahaikidea: Cristina Eleta Equiza andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

Mahaikidea: Javier Miqueleiz Garayoa jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko teknikaria.

Ordezko mahaikidea: María Begoña Lerga Iturbide andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko teknikaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Javier Marturet Ilundain jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

Ordezko mahaikide idazkaria: Marta Eufemia Bernat Las andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.-Gainditzen dutenen zerrenda.

8.1. Puntuetan berdinketarik gertatuz gero, deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera erabakiko da.

Berdinketak jarraituz gero, zozketa baten bidez ebatziko da. Zozketa epaimahaiak eginen du, alfabetotik bi letra hautatuz. Berdinketa hautsiko da lehen abizenaren ordena alfabetikoaren arabera, eta, behar izanez gero, bigarren abizenaren ordenaren arabera, zozketan ateratzen diren bi letretatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA hartuko dira, berdinketak hausteko. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiari buruzko atalean) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

8.2. Probaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko deialdia gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa").

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.-Izangaien zerrenda eta deia.

9.1. Hautapen prozesuko espediente osoa jasorik, izangaien zerrenda onetsiko da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

9.2. Deia.

Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren adierazpena honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia jasotzen duten izangaiek deialdian eskatutako titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoaren tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo lizentziatura bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako lehen hiru kurtso osoak gainditzen dituztela frogatu. Betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak izan behar dute.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.-Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

10.1. Prestakuntzarako 4 urteko bigarren aldi bat egiteko eskubidea duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

10.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2012ko urriaren 22an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. E5RANSKINA

Nafarroako Gobernua.- Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua - Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabide eredua

Eskaera, .................................. lanpostuan aritzeko prestakuntzarako izangai berrien deialdian parte hartzeko. Deialdia ..........(e)ko ............ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ................aren ............(e)an.

1) Norberaren datuak.

Izen-deiturak

NAN zk. ................... Nazionalitatea ................. Jaioteguna

Helbidea .............................................. Herria

Probintzia .............................. Posta kodea

Telefonoak (3 gehienez)

Posta elektronikoa

2) Zein lanpostutarako izendatua (datuak).

Departamentua

Zerbitzua

Lanpostua

Maila

3) Desgaitasuna frogatzea. (bidezkoa denean bakarrik).

[ ] Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

[ ] Desgaitasuna dela eta, egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

4) Euskarazko lanpostuak. (deialdian agertzen badira bakarrik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:

[ ] Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).

[ ] Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu ditudala (1. jakite maila).

[ ] Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

5) Horrez gain, hauxe diot:

Jarduneko lanpostuan aritzeko tituluez gain, baditut deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditut, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

(Sinadura)

Oharrak:

-Eskabidearekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Hitzarmen ekonomikoa.

1. gaia.-Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen hitzarmen ekonomikoa. Xedapen orokorrak. Tributu harmonizazioari buruzko arau orokorrak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arauak.

Oharra: hitzarmen ekonomikoari buruzko galderen erantzunak deialdia argitaratzen den egunean indarra duten arauen araberakoak izanen dira.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

2. gaia.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra. Tributudunen eskubide orokorrak. Zerga zuzenbidearen iturriak. Tributu motak. Subjektu pasiboak. Erantzuleak. Tributu zorra. Arau-hauste arinak eta larriak. Zerga zehapenak.

3. gaia.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra. Tributuen kudeaketa: ebatzi beharra. Alegazioak. Interesdunari entzunaldia ematea. Epeak. Tributudunari informazioa eta laguntza ematea: argitalpenak, jakinarazpenak eta tributu gaietako kontsultak. Tributuen likidazioa: Motak. Diru-bilketa: borondatezko eta premiamendu aldiak. Diru-bilketa premiamendu aldian. Tributuen gaineko ikuskapena: ikuskapen lanetako dokumentazioa eta epeak.

4. gaia.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra. Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Berrikuspeneko prozedura bereziak. Errekurtsoa jartzeko eskubidea. Inpugnatutako egintzen exekuzioa bertan behera uztea. Bermeen kostuak itzultzea. Berraztertzeko errekurtsoa. Inpugnazio ekonomiko-administratiboak: motak, organo eskuduna eta zer gairi buruz aurkezten ahal diren erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

Oharra: Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari buruzko galderen erantzunak deialdia argitaratzen den egunean Nafarroan indarra duten foru arauen araberakoak izanen dira.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.

5. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Zergaren araubide juridikoa, izaera, helburua eta aplikazio eremua.

6. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Zergapeko egintzaren esparru material eta pertsonala.

7. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Zerga-oinarria: arau orokorra. Lan etekinak. Kapitalaren etekinak: arau orokorrak. Ondasun higiezinen kapitalaren etekinak. Ondasun higigarrien kapitalaren etekinak.

8. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Enpresa edo lanbide jardueren etekinak.

9. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Ondare gehitze eta gutxitzeak.

10. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Errenta-egozpenaren araubidea. Inbertsio kolektiboko erakundeak.

11. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Errenten integrazioa eta konpentsazioa. Likidazio-oinarri orokorra: zerga-oinarriaren zati orokorrean egin beharreko murrizketak. Likidazio-oinarri negatiboaren zati orokorraren konpentsazioa. Aurrezkiaren likidazio-oinarri berezia.

12. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Kuota osoa. Kuota likidoa: kuotaren kenkariak. Kuota diferentziala. Tributu zorra.

13. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Baterako tributazioa aukeratzea. Familia unitatea zer den. Aukera horretaz nola baliatu. Baterako tributazioaren elementuak. Kontu-sail negatiboen konpentsazioa baterako tributazioan. Baterako tributazioaren arau bereziak.

14. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Zergaldia eta zergaren sorrarazpena. Urte naturaletik beherako zergaldiak. Diru-sarrera eta gastuen aldi bateko egozpena. Familia egoera zehaztea.

15. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Atxikipenari edo konturako sarrerari lotuak dauden errentak. Konturako ordainketak egitera behartuak daudenak. Konturako sarrera edo atxikipena egin beharra nola sortzen den. Atxikipenen aldi baterako egozpena. Kontura egindako sarreren edo atxikipenen kalkulua eta zenbatekoa. Atxikitzailearen eta konturako sarrera egiten duenaren betebeharrak. Ordainketa zatikatuak.

16. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Zergaren kudeaketa: prozeduraren hasiera, egiaztapena eta ikerketa, likidazioa, zerga-bilketa. Formazko betebeharrak. Preskripzioa. Errekurtsoak.

17. gaia.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea: zenbatespen objektiboaren araubidean sartutako jarduerak. Ikur, indize edo moduluak aplikatzeko jarraibide eta definizio komunak. Baztertzeko arrazoiak. Uko egiteak eta atzera egiteak.

Oharra: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko galderen erantzunak deialdia argitaratzen den egunean Nafarroan indarra duten foru arauen araberakoak izanen dira.

Sozietateen gaineko Zerga.

18. gaia.-Sozietateen gaineko Zerga. Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Salbuespenak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta kalkulua; balioaren zuzenketak: amortizazioak; finantza errentamendurako kontratuak eta erabilera lagatzekoak, erosteko edo berritzeko aukera dutenak; narriaduraren ondoriozko balio-galera, pentsio planetako ekarpenak eta kontribuzioak; zerga ondorioetarako kengarriak ez diren gastuak.

19. gaia.-Sozietateen gaineko Zerga. Zerga-oinarria: baloratzeko arauak; aldi baterako egozpena; berrinbertsioa; zenbait aktibo ukiezin lagatzearen ondoriozko diru-sarrerak; finantza gastuak kengarriak izateko arauak; likidazio-oinarria; likidazio-oinarriaren murrizketak. Zergaldia eta zergaren sorrarazpena.

20. gaia.-Sozietateen gaineko Zerga. Tributu zorra: karga tasak eta kuota osoa; hobariak; zergapetze bikoitza saihesteko metodoak.

21. gaia.-Sozietateen gaineko Zerga. Tributu zorra: pizgarrien ondoriozko kenkariak; ordainketa zatikatua; konturako ordainketen kenkaria. Zergaren kudeaketa.

Oharra: Sozietateen gaineko Zergari buruzko galderen erantzunak deialdia argitaratzen den egunean Nafarroan indarra duten foru arauen araberakoak izanen dira.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

22. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Izaera eta aplikazio eremua. Zergapeko egintza: ondasunen entregak, zerbitzu emateak, Europar Batasunaren barrenean egiten diren ondasun erosketak eta ondasunen inportazioak.

23. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Salbuespenak: ondasunen entregak, zerbitzu emateak eta Europar Batasunaren barrenean egiten diren ondasun erosketak. Salbuespenak ondasunen inportazioetan (Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 37/1992 Legearen 27., 64. eta 65 artikuluak).

24. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Zergapeko egintza non gertatzen den: ondasunen entregak, zerbitzu emateak eta Europar Batasunaren barrenean egiten diren eragiketak. Zergaren sorrarazpena: ondasunen entregak, zerbitzu emateak, Europar Batasunaren barrenean egiten diren ondasun erosketak eta ondasunen inportazioak.

25. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Zerga-oinarria: ondasunen entregak, zerbitzu-emateak, Europar Batasunaren barrenean egiten diren ondasun erosketak eta ondasunen inportazioak. Subjektu pasiboak: ondasunen entregak, zerbitzu emateak, Europar Batasunaren barrenean egiten diren ondasun erosketak eta ondasunen inportazioak. Zergaren erantzuleak. Zergaren jasanarazpena.

26. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Zerga-tasa. Kenkariak eta itzulketak. Zergaren aplikazio esparruan ezarrita ez dauden enpresaburu eta profesionalentzako itzulketak.

27. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Araubide bereziak. Arau orokorrak. Araubide erraztua. Abeltzaintzaren, nekazaritzaren eta arrantzaren araubide berezia. Ondasun erabilien, artelanen, antigoaleko gauzen eta bildumako gaien araubide berezia. Inbertsioko urrearen araubide berezia. Bidaia agentzien araubide berezia. Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia. Bide elektronikoaz egindako zerbitzuen araubide berezia. Entitate taldearen araubide berezia.

28. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Subjektu pasiboen betebeharrak. Zergaren kudeaketa: likidazioa eta bilketa. Ofiziozko behin-behineko likidazioa. Europar Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen laburtua. Ordezkari fiskala.

29. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Diru-sarrera etetea. Arau-hausteak eta zehapenak. Errekurtsoak. Xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaileak eta azken xedapenak.

30. gaia.-Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua.

Oharra: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko galderen erantzunak deialdia argitaratzen den egunean Nafarroan indarra duten foru arauen araberakoak izanen dira eta, horietan arautu gabe baldin badago, lurralde erkidean indarra duen araudiaren araberakoak.

Iragarkiaren kodea: F1215090