161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Behin betiko onespena, burlatarrek euskara ikasteko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarri arautzaileena

Burlatako Udalak, 2012ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, burlatarrek euskara ikasteko diru-laguntzen deialdi publikoa (2012ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 27an).

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hori aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak, eta jendaurreko epea inolako alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, bidezko da aipatu oinarri arautzaileak behin betiko onestea eta testua oso-osorik argitaratzea, bere ondorioak sor ditzan.

Burlatan, 2012ko abuztuaren 3an.-Alkateordea, Ventura Verdes Gallego.

BURLATARREK EUSKARA IKASTEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOA ARAUTZEKO OINARRIAK

Aitzinsolasa

Burlatako Udalak, Euskara Alorraren bitartez, euskara ikastea sustatzeko jarduerak bultzatu nahi ditu eta, hortaz, ikasketa horien gastuak finantzatuko ditu, hein batean.

Horiek horrela, Burlatako Udalak, diru-laguntzak emanen dizkie, lehia irekiaren araubidea erabiliz, Burlatan erroldatuta egonik aurreko urteko uztailaren 1etik eta deialdi honen urteko ekainaren 30ra bitartean euskara ikasteko ikastaroak egiten dituztenei.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorra, Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

1. artikulua. Aurrekontua.

Deialdi honek indarrean dagoen udal aurrekontuan diru-izendapena izanen du, eta Udal aurrekontuko 451.548.002 kontusaila (hainbat laguntza) erabiliko da horretarako.

Zenbateko hori handitu ahalko da burlatarren alfabetatzean eta euskalduntzean ari diren Entitateentzako Diru Laguntzen Deialdian soberan geratzen den diruarekin, horrela gertatuz gero. Zenbateko horiek bizilagun bakoitzari dagozkion diru-laguntzak kalkulatu ondoren doituko dira, kontabilitatean.

2. artikulua. Helburua, baldintzak, diru-laguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.

Burlatan erroldaturiko bizilagunei euskara ikasteko ikastaroek dakarzkieten gastuak diruz laguntzea da deialdi honen xedea eta helburua, baldin eta ikastaroek deialdiko 4. artikuluan aipatzen diren helburu eta edukiak badituzte, eta betiere eskatzaileek 3. artikuluan finkaturiko baldintzak betetzen badituzte.

Deialdiko onuradunek ondoko betebehar hauek dituzte:

2.1.-Diru-laguntza emateko oinarri izan den xedea bete, jarduera gauzatu edo jokabidea izatea.

2.2.-Diru-laguntza zer gastutarako eman den, haiexetarako baizik ez erabiltzea.

2.3.-Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

2.4.-Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

2.5.-Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

2.6.-Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea Burlatako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitute egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

2.7.-Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean, legearekin bat.

2.8.-Diruz lagundutako ikastaroen garapenean sartzen diren aldaketa nabarmenak Burlatako Udalari jakinaraztea.

2.9.-Jasotako diru guztia edo zati bat itzuliko da, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorraren 22.1 artikuluak arautzen duen kasu bat gertatzen denean.

2.10.-Ikastaroa egiteko izan dituen diru-sarreren eta gastuen fakturak eta egiaztagiriak aurkeztea. Fakturak egungo legeriaren araberakoak izanen dira. Aurkeztutako faktura jatorrizkoak diligentzia edo zigilu batekin itzuliko zaizkio eskatzaileari, non adieraziko baita gastua emandako diru-laguntzaren araberakoa dela, eta Udalaren diru-laguntzari zer finantzazio portzentajea dagokion; hori guztia, xede bera duten diru-laguntzen arteko lehia behar bezala kontrolatzeko.

3. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahal dituzte diru-laguntzak, baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko direlarik:

3.1.-16 urtetik goitikoa izatea.

3.2.-Burlatan erroldatua egotea. Baldintza hori betetzeari uzten baldin bazaio diruz lagundutako ikastaroak iraun bitartean, Burlatan erroldatu gabe egondako denboraren arabera murriztuko da laguntzaren zenbatekoa.

3.3.-Burlatako Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea; Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari itzuli beharreko zenbatekorik.

3.4.-Diruz lagundutako ikastaroaren %80an parte hartu duela frogatzea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Administrazio publikoren bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak daudenak.

b) Diru-laguntzen hartzaile edo lankidetza hitzarmenen sinatzaile izanik, Burlatako Udalarekiko betebeharrak urratu edo bete ez dutenak, aurreko bi ekitaldietan.

c) Oro har, aurreko puntuan zehazturiko baldintza oinarrizko horietariko edozein betetzen ez dituztenak.

Ez dira dokumentu bidez frogatu beharko udal agiritegietan bilduta dauden alderdiak azken lau urtetan aldaketarik egon ez bada, oinarrietan berariaz eskatu ezean betiere.

4. artikulua. Diru-laguntzaren xede diren proiektuen baldintzak.

Ikastaro estentsibo eta trinkoetarako eta barnetegietarako emanen dira diru-laguntzak. Autoikaskuntzako ikastaroetarako, Udalak eskaerak bideragarriak ote diren aztertuko du, banan-banan eta aurrekontuko kontusailaren arabera. Udako unibertsitateko ikastaroetarako ere jaso ahalko da diru-laguntza.

Eskatzaileek bitan baizik ezin izanen dute jaso maila bereko ikastaroa egiteko laguntza; hau da, aurretik diruz lagunduriko maila bera egiteko bigarrenez jaso ahalko da laguntza, betiere eskola orduen % 80an gutxienez parte hartu izana frogatuta.

5. artikulua. Deialdiaren publizitatea.

Deialdi hau iragartzeko iragarkiak paratuko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, www.burlada.es web orrian, Burlatako Udalaren Egoitza Elektronikoan (https://sedeelectronica.burlada.es) eta Udalaren iragarki oholean.

6. artikulua. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak I eranskinean agertzen den eskabidearen bitartez aurkeztuko dira, eskatzaileak sinatuta eta ondoko hauek erantsita:

6.1.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

6.2.-Ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria ondoko xehetasunak zehazturik: ikastaroaren iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua.

6.3.-Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

6.4.-Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi duen, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

6.5.-Euskaltegiak egindako asistentzia-agiria gehitu beharko da. Asistentziak % 80tik gorakoa izan beharko du. Bertan ikasleak gainditutako urratsak ere azalduko dira.

6.6.-Langabeek Seguritate Sozialak emandako bizitza laborala izeneko agiria aurkeztu ahalko dute, udalak, inguruabar horri begira, bekaren zenbatekoa kalkula dezan. Ez da langabeziaren txartelaren fotokopia ziurtagiritzat onartuko.

6.7.-Beste toki batean xede berberaz eskatutako diru laguntzak zerrendatuko dira, egindakoak edo egin beharrekoak, izapidetuak edo izapidetze bidean, erakunde publikoei edo pribatuei eskatutakoak. Honako hauek adierazi beharko dira: eskatutako kopurua edo emandako kopurua ebatzita balego edo aurreikusitako kopurua aurreko urtekoa aintzat hartuz.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo kopia egiaztatuak.

Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren iragarkian ezarriko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izango da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesatuari errekerimendua eginen zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean hori konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 71. artikuluan adierazi bezala eman ere.

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Larrañetako plaza, zk.g., 31600 Burlata) edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluan aipaturiko edozein erregistrotan.

7. artikulua. Diru-laguntzak instruitzeko eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Diru-laguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna Burlatako Udalaren Euskara Zerbitzua izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egoki juzgatzen dituen jarduketa guztiak eginen ditu, ofizioz, batzorde horrek.

Euskara Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.

Tokiko Gobernu Batzarrak ebatziko du diru-laguntzak emateko prozedura, Euskararen Informazio Batzordearen irizpena jaso ondoren betiere.

8. artikulua. Diru-laguntzak ematea.

Deialdi honek indarrean dagoen udal aurrekontuan diru-izendapena izanen du. Zenbateko hori handitu ahalko da burlatarren alfabetatzean eta euskalduntzean ari diren Entitateentzako Diru Laguntzen Deialdian soberan geratzen den diruarekin, horrela gertatuz gero. Behar den epean eta behar den moduan aurkezten diren eskaeren artean banatuko da, deialdiko baldintzak betetzen dituztenen artean betiere.

Diru-laguntza jasotzeari begira, lehentasuna emanen zaie langabeziako sorospenik jasotzen ez duten langabeei, halako moldez non, banaketa egiteko lehiarik egonez gero, langabeei egokituko zaien diru-laguntzaren zenbatekoa gainerako eskaitzaileena baino %25 handiagoa izanen baita.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko -ez bere horretan ez bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batuta- ikastaroaren kostu osoa.

Dena den, diru-laguntzen onuradunek ezin izanen dute 500 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso deialdi bakoitzeko.

9. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa da, gehienez ere. Diru-laguntza eskatzen den egunean hasiko da epea kontatzen. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Lehiaketaren ebazpenak eten eginen du administrazio bidea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta Burlatako Udalaren iragarki oholean argitaratuko da orobat.

10. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena. Ez da diru-laguntza jasotzen ahal duen gastutzat onartuko oinarri hauetan finkatu den epeaz kanpo egindako gastuak.

Zeharkako zergak ez dira inolaz ere diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera ematen dutenean. BEZari dagokionez, hain zuzen, onuradunak ordaindutako benetako kostuak baizik ezin izanen dira diruz lagundu, hau da, kengarri ez diren eta benetan ordaindu diren gastuak, izan ere, kengarriak diren heinean berreskuragarriak ere badira.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

Dena den, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste elkarte edo erakunde pribatu zein publikoen diru-laguntza nahi laguntzekin batuta, egin beharreko ikastaroaren kostu osoa.

Oinarri hauen arabera diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, onartu gabeko bestelako ekarpenak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Oinarri hauen bidez arauturiko diru-laguntzek aurrekontuan dagoen diruaren pean egonen dira. Balorazioa egindakoan ikusten bada Burlatako Udalaren Osoko Bilkurak 2012ko aurrekontuan onetsi duen diru-esleipena aski ez dela, zenbatekoak hainbanatuko dira, indize zuzentzaile bat aplikatuta.

12. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da beste edozein administrazio, entitate edo pertsonak helburu bererako ematen dituen diru-laguntzekin.

Nolanahi ere, diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

13. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, haiek emateko erabakia hartu ondoren pagatu ere; banku transferentzia eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.

14. artikulua. Diru-laguntzak emateko erabakiaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, eta aldez aurretik jakinarazi gaberik, bertze administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

15. artikulua. Jasotako zenbatekoen itzulera.

Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorraren 22. artikuluak araututako kasuetan osorik edo partez itzuliko ditu onuradunak jasotako zenbatekoak, eta zilegi izanen da haiei berandutze-korrituak ere eskatzea, diru-laguntza noiz jaso eta hortik aitzina.

Onuradunak zenbat diru itzuli behar duen zehazteko, baldintzak noraino ez diren bete neurtuko da, eta irizpide horri erreparatuko zaio; nolanahi ere, proportzionaltasun-printzipioari jarraitu beharko zaio.

16. artikulua. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu ezen euskara ikasteko laguntzak emateko jasotako datuak Burlatako Udalaren jabetzako fitxategi informatizatu batean biltzen ahalko direla (Larrainetako plaza, zk.g., 31600 Burlata). Era berean, jakinarazten dizugu baduzula eskubidea datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra agertzeko, Udalaren Erregistro Orokorrera joz horretarako (Larrainetako plaza, zk.g., 31600 Burlata).

17. artikulua. Diru-laguntzak arautzeko arauak

Diru-laguntza deialdi honek men eginen die agiri honetan jasotako oinarriei, bertan aurreikusten den orori eta ondoko legeetan xedatutakoari:

a) Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorra.

b) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa.

d) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.

18. artikulua. Errekurtsoak.

Nolanahi ere, deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1211610