95. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Galarko udal mugapean salmenta ibiltaria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2011ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran, hasieran onetsi zuen Galarko udal mugapean salmenta ibiltaria arautzen duen ordenantza. 2011ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2011ko apirilaren 27an.-Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

GALARKO UDAL MUGAPEAN SALMENTA IBILTARIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lege oinarria.

Ordenantza hau Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluaren a), b) f) g) eta h) letretan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.2 artikuluan, Merkataritza Ez Egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean udalei aitortzen zaizkien eskumenak erabiliz onetsi da.

2. artikulua. Xedea.

Udal ordenantza honek kontsumo gaien salmenta ibiltaria arautzea du xede, herritarren eta salmenta mota horretan esku hartzen duten sektoreen interes orokorrak babesteko, baita Galarko udal mugapean hura gauzatzeko bete behar diren betekizunak eta baldintzak ezartzea ere.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza Galarko udal mugape osoan aplikatuko da, salmenta ibiltaria edo ez egonkorra gauzatzeko baimentzen diren erabilera publikoko toki eta guneetan.

2. Jabetza pribatuko guneetan salmenta ibiltarian aritzeko, Udalaren baimena eskuratu beharko da aurretik.

3. Arau honetatik kanpo egonen dira bide publikoan baimentzen diren postu finko eta egonkorrak, administrazio emakidaren bidez beren merkataritza jarduera ohikotasunez eta etengabe garatzen dutenak, beren baldintza agirien bidez arautuko baitira, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legean, udal ordenantzetan eta kasuari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera. Lizitatzaileak beharturik egonen dira dagozkien xedapenak betetzera, erregelamenduzko lizentziak eta baimenak eskuratzera eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatera.

4. Legez aitortuta dauden erakunde, elkarte edo entitateek establezimendu egonkor batetik kanpo, bide publikoan edo erabilera publikoko gunean egiten duten salmenta, irabazteko asmorik gabekoa, izaera politiko, sindikal edo sozialeko xedea duena eta haien berariazko helburuak lortzeko egiten dena, aurretik udal baimena eskuratu beharra ukatu gabe.

4. artikulua. Salmenta ibiltariaren kontzeptua.

1. Salmenta ibiltaria da merkatariek merkataritza establezimendu egonkor batetik kanpo, postu eta instalazio desmuntagarri eta garraiagarrietan (kamioi-dendak barne), hain zuzen, behar bezala baimenduriko tokietan, ohikotasunez, noizbehinka, aldian behin edo etengabe egiten dutena.

2. Arau honen ondorioetarako eta herriko negozioekin lehia desleiala egotea eta zenbait kale merkatu bihurtzea eragozteko, salmenta ibiltari baimenezintzat joko da merkataritza establezimendu egonkor batetik kanpo, bide publikoan edo erabilera edo jabari publikoko guneetan eta, oro har, pertsona asko biltzen diren eremuetan, ibilgailuak saltzea. Jarduera hori egiten dela ulertuko da, ibilgailuak leku berean etengabe aparkatuta daudenean, kartela edo salmentaren berri ematen duen beste ohar bat izanda edota telefono zenbakia edo saltzailearekin harremanetan jartzeko beste aukera bat jakinarazita. Halaber, salmenta ibiltaritzat joko da ibilgailuak kalean uztea, ibilgailuan berean saltzeko iragarkirik egon gabe ere, haren salmentari edo alokairuari buruzko publizitatea beste leku batean argitaratzen bada. Udalak ibilgailua kentzen ahalko du bide publikotik.

Aldiz, ez da salmenta ibiltaritzat joko titularrek (zirkulazioko baimenean izaera horrekin agertzen direnak) beren artean eta une jakin batean, bide publikoan edo erabilera eta jabari publikoko guneetan ibilgailu horietan ageriko iragarkiak jarriz publizitatea zabaltzeko asmoa izanda, ibilgailuak saltzea. Hala ere, eta jabari publikoaren erabilera berezi bat dakarren neurrian, aurretiazko udal baimena beharko du.

Hamar eguneko gehieneko eperako baimena ematen ahalko zaie ibilgailuen jabeak diren eta Galarren erroldatuta dauden pertsonei. Horretarako, baldintza hori egiaztatu, eta zirkulazioko baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute. Espedientean egiaztatu beharko da erroldako helbidea ibilgailua aparkatzeko kalearekin bat datorrela.

Baimena ageriko lekuan erakutsi beharko da ibilgailuaren barnean. Baimen hori izan edo ibilgailuaren barnean erakutsi ezean, ordenantza honetan ezarritako neurriak eta bereziki 39. artikuluaren r) letran adierazitakoa hartzea onartuko da.

5. artikulua. Debekuak.

1. Galarko udal mugapean debekatuta dago ordenantza honetan arautzen diren kasuak betetzen ez dituen salmenta ibiltaria.

2. Debekatuta dago salgaiak lurraren edo ehun, olana edo antzekoen gainean zuzenean erakustea.

3. Debekatuta dago instalazioak saltzaileari baimenean esleitzen zaion tokitik kanpo edo Udalak baimendutako tokiak eta egunak ez direnetan jartzea.

4. Erabat debekatuta dago megafoniako gailuak erabiltzea, salmentaren berri emateko, eta publizitatea banatzea, Udalak horri buruzko berariazko baimenik eman ezean.

5. Erabat debekatuta dago kartela edo salmentaren edo alokairuaren berri ematen duen beste ohar bat duten edozein motatako ibilgailuen salmenta iragartzea.

6. Halaber, erabat debekatuta dago edozein motatako ibilgailuak uztea, ibilgailu berean saltzeko iragarkirik egon gabe, haren salmentari edo alokairuari buruzko publizitatea beste leku batean argitaratzen bada.

6. artikulua. Salmenta ibiltariaren motak.

Galarko udal mugapean salmenta ibiltarian aritzeko baimena edo lizentzia ematea Udalari dagokio. Eremuan dagoen ekipamendu maila eta horrek herritarren kontsumo beharrizanetarako duen egokitzapena, interes publikoko zirkunstantziak, gertaerak, herriko jaiak edo tradizionalak egitea eta produktu motari buruzko inguruabarrak kontuan hartuta, hark jarduera baimentzen ahalko du, hurrengo modalitateetan:

1. Aldizkako azoka txikiak. Salmenta mota horretan saltoki multzoak kokatzen dira hiri lurzoruan. Haietan txikizkako salmenta egiten da, merkataritza gaien eskaintza askotarikoa dela, aurretik mugatutako salmenta azaleretan eta Galarko Udalak ezarritako aldizkakotasunarekin.

2. Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan. Salmenta mota horretan, zirkunstantzia edo egun zehatzak, feriak, jaiak eta herri gertaerak direla eta, saltoki multzoak kokatzen dira erabilera publikoko guneetan, Galarko Udalak aurretik mugatutako erabilera publikoko kokalekuetan, hain zuzen.

Udalak deialdia eginen du, eta saltzaileek ordenantza honetako betekizunak eta deialdi bakoitzerako ezartzen diren berariazko arauak beteko dituzte. Eskaerak edo proposamenak honako hauek bilduko ditu: xehetasun maila nahikoa duen kokapen planoa, konpromisoen onarpena, postuen gehieneko kopurua, haien ezaugarriak, produktuak/lanbideak/jarduerak eta abar. Fidantza jartzeko eskatuko da; konpromisoak betetzen badira itzuli eginen da.

4. Gune publikoetan bakarka jartzen diren saltokiak, noizbehinkakoak, merkaturatzen den produktuaren sasoian bakarrik baimentzen direnak edo salbuespen gisa arrazoi justifikatuengatik baimentzen direnak, hurrengo ezaugarriak dituztenak:

a) Kokaleku finkoa duten postu desmuntagarriak, haien instalazioa finko egon badaiteke baimenaren iraunaldi osoan.

b) Kokaleku finkoa duten postu desmuntagarriak, egunero kendu behar badira.

c) Edozein motatako ibilgailuetan salmenta edo merkataritza ibiltarian aritzea, hainbat salgai motarekin, merkataritza ekipamendu urria edo salmenta mota horren tradizioa duten kontzeju edo eremuetan.

7. artikulua. Salmenta egunak eta lekuak.

1. Kokaleku zehatzak, jarduera gauzatzeko egunak, saldu beharreko produktuak eta salmenta ibiltaria gauzatzeko gainerako betekizunak Galarko Udalak, haiek instalatzeko edota egiteko ematen dituen ebazpenen bidez, kasu zehatz bakoitzerako zehazten dituenak izanen dira.

2. Galarko Udalak kokapena aldatzen ahalko du, interes publikoko arrazoiek edo behar bezala arrazoitzen diren beste batzuek hori gomendatzen dutenean, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe. Halaber, urteko lizentziek indarra izan arren Galarko Udalak erabakitzen badu ohiko azoka txikien kokapena aldatzea, kokapen berriko postuak zozketaren bidez esleituko dira titularren artean.

8. artikulua. Saltzeko produktuak.

1. Haren araudiak debekatzen ez badu, elikagaien salmenta ibiltariaren baimena murriztailea izanen da; izan ere, sasoiko produktuak baino ez dira salduko bide publikoan edo erabilera publikoko guneetan, adibidez: izozkiak, gaztainak eta tuberkulu erreak eta antzekoak; ohiko produktuak, hala nola fruitu lehorrak, patata frijituak, gozokiak eta antzekoak; feria eta herri jaietako ohiko produktuak, adibidez, ore frijituak, izozkiak, turroiak eta antzekoak; eta astero egiten den azoka txikian eta aldizkako merkatuetan baimentzen diren elikagaien salmenta.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, haren araudi arau-emaileak debekatzen ez badu, elikagaien salmenta ibiltaria baimentzen ahalko da behar bezalako ekipamendurik ez duten kontzeju edo eremuetan.

3. Elikagaien salmenta baimentzen ahalko da, sektoreko legediak produktu mota bakoitzerako ezartzen dituen osasun eta higiene baldintzak betetzen direnean soilik. Elikagaien salmenta ibiltarirako instalazioek produktua arautzen duen araudian eta elikagaien higiene baldintzak arautzen dituen araudian ezartzen diren osasun baldintza teknikoak bete beharko dituzte.

4. Baimenduriko produktua janari prestatutzat jotzen bada, jarduera gauzatu baino lehen, lizentziaren titularrak ezarpenaren berri eman beharko die osasun publikoko zerbitzu ofizialei, establezimendua ikuska dezaten.

5. Haren araudiak debekatzen ez badu, elikagaiak ez diren produktuen merkataritza ibiltaria azoka txikietako salmenta motan eta bide publikoko edo erabilera publikoko guneetako salmenta motan baimentzen ahalko da. Kasu horretan egonen da sasoiko produktuen, ohiko produktuen, loreen eta landareen eta, kirol eta musika arloko gertaerak edo herri jaiak direla-eta dena delako ikuskizunari lotuta egiten diren produktuen salmenta.

II. TITULUA

Baimen araubidea

10. artikulua. Arau orokorrak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren salmenta motetako edozeinetan aritzeko, aurretik derrigorrezko udal lizentzia edo baimena eskuratu beharko da.

2. Debekatuta dago ordenantza honetan arautzen diren salmenta motetako edozeinetan aritzea udal baimenik izan gabe.

3. Emandako udal lizentziaren titularrari egin beharreko edozein jakinarazpen, eskaera, agiri edo administrazio egintza salmenta gauzatzeko baimenduriko tokian bertan egiten ahalko dira.

11. artikulua. Subjektuak.

1. Legez eratuta dagoen edozein pertsona fisiko edo juridikok gauzatzen ahalko du salmenta ibiltaria, txikizkako merkataritzan aritzen bada ohikotasunez edo noizbehinka eta ordenantza honetan zein aplikatu beharreko araudi orokorrean edo sektoreko araudian ezartzen diren betekizunak betetzen baditu.

2. Salmenta ibiltaria baimentzen ahalko zaie kooperatibetako edo legez ezarrita dauden eta, helburuen artean, salmenta ibiltaria duten enplegu kolektiborako beste mota bateko elkarteetako bazkideei. Dena den, horrelako elkarteak arautzen dituen araudian ezartzen diren zerga betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharko dira.

12. artikulua. Jarduera gauzatzeko betekizunak.

Salmenta ibiltarian aritzeko, legez eratuta dauden pertsona fisikoek edo juridikoek ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eta, zehatz-mehatz, honako hauek:

a) Toki entitatearen baimena izatea, saltokian agerian egonen dena.

b) Ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe egokian alta emanda egotea.

c) Dagokion ogasun publikoarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Gizarte Segurantzako dagokion araubidean alta emanda egotea.

e) Osasun arau teknikoek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuei buruz eskatzen dituzten baldintzak betetzea.

f) Elikagaiak saltzeko janari-erabiltzailearen txartela izatea, Nafarroako Gobernuko Zerbitzu Teknikoek emana.

g) Erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatua izatea, jardueraren ondorioz gertatzen ahal diren arriskuak estaltzen dituena (jardueren eta salmenta sistemen deskribapena).

h) Zerga ordenantzetan ezarritako udal tasak edo zergak ordaintzea.

i) Atzerritarrei dagokienez, egoitza baimena eta norberaren kontura lan egiteko baimena, edo Europar Batasuneko herritarrentzako egoitza baimena izatea, edo, pertsona juridikoa izanez gero, legez eratuta edo Merkataritza Erregistroan inskribatuta egotea, baita merkataritza jarduera hori gauzatzeko gaitzen duten gainerako agiriak ere.

j) Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko moduan.

k) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.

13. artikulua. Salmenta ibiltarian aritzeko udal baimena.

1. Edozein salmenta motatan aritzeko udal baimena emateko, aurretik Udalak egiaztatu beharko du eskatzaileak ordenantza honek eta txikizkako merkataritza antolatzeko araudiak eskatzen dituzten betekizunak, dena delako produktua arautzen duen araudiak salmentarako ezartzen dituenak eta indarra duten gainerako lege betekizun guztiak betetzen dituela.

2. Salmenta ibiltaria gauzatzeko udal baimenak honako ezaugarri hauek ditu:

a) Hura ematea Udalaren esku egonen da, eta interes orokorraren mende.

b) Hura emateko baldintzak bete ezean, ezeztatzen ahalko da.

c) Oro har, urtebeteko iraupena izanen du, urte naturalarekin bat etorriko dena. Horrez gain, urte naturaletarako berriztatzen ahalko da, interesdunak hala eskatuz gero, inbertsioen amortizazioa eta inbertituriko kapitalen ordainketa zuzena ahalbidetzeko asmoz. Baimenak urtebetetik beherako iraupena badu, iraungipen eguna baimenean bertan adieraziko da.

d) Norberarena eta besterenezina da. Hala eta guztiz ere, Udalak baimena eman ondoren, titularraren ezkontideari edo zuzeneko ondorengo edo arbasoei lagatzen ahalko zaie, erretiroa, gaixotasuna edo beste edozein arrazoi badago. Udal organo eskudunak arrazoi horiek aztertu, eta salmenta gauzatzea eragozten diotela egiaztatu beharko du behar bezala. Lagapenaren udal baimena ematen den unetik, titular berriak egiaztatu beharko du ordenantza honek jarduera gauzatzeko eskatzen dituen betekizunak betetzen dituela, eta lagapen-hartzaileak titular lagatzaileari zegozkion eskubideak eta betebeharrak hartuko ditu bere gain.

Udal lizentziak baimentzen duen salmenta gauzatzeko eragozpena aldi baterakoa edo iragankorra bada, titularrak titular izateari eutsiko dio, baina, Udalak baimena emanez gero, odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideek ordezten ahalko dute, proposaturiko ahaidea beste baimen baten titularra izan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon ezean. Hori guztia behar bezala dokumentatu beharko da.

e) Baimenaren edo lizentziaren titularrek ordezkoa hautatzen ahalko dute aldizkako azoka txikietan, eta haren datu pertsonalak baimenean adieraziko dira. Salmenta ibiltarian aritzeko gaituta egonen da, gaixotasuna, ezinbesteko betebehar publiko edo ofizialak, ezinbesteko zirkunstantziak edo ohiz kanpokoak direla-eta, titularrak ezin duenean jarduera gauzatu. Haren ordezko jardunen du, zirkunstantzia horiek irauten duten bitartean. Ordezkoa ezin izanen da salmenta ibiltarian aritzeko inolako lizentziaren titularra izan. Ordezkoa izateak ez du inolako eskubiderik sortuko, salmenta ibiltarian aritzeko lizentziak ondoren emateari begira.

f) Baimenaren titularrak postuan lagunduko dioten langileak kontratatzen ahalko ditu. Kontratazio horrek ez du inola ere salbuetsiko titularra saltokian egotetik.

14. artikulua. Baimenaren edukia

Udalak identifikazio txartela emanen dio bere udal mugapearen barnean merkataritza ez egonkorra gauzatzeko baimentzen duen pertsonari. Txartel horrek baimenaren funtsezko datuak bilduko ditu, eta agerian eta bezeroen eskura egonen da.

Hartan hurrengo datuak adieraziko dira, gutxienez:

1. Zenbakia, eman den eguna, eta indarraldia.

2. Titularraren identifikazioa eta, hala denean, jardueran lagunduko dioten langileena edo odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideena.

3. Kontsumitzaileen erreklamazioei erantzuteko helbidea. Nolanahi ere, helbide hori bera azaldu beharko da fakturan edo salmenta frogagirian.

4. Baimenduriko salmenta mota, instalatuko den postu edo merkataritza instalazioaren mota, haren neurriak eta bide publikoan edo erabilera publikoko gunean okupatu beharreko azalera.

5. Salmenta ibiltarian aritu daitekeen lekuak edo postuaren kokapena.

6. Saltzeko baimena duten produktuen zerrenda.

7. Merkataritza jarduera gauzatzeko egunak eta, hala denean, salmenta ordutegia.

8. Jarduera gauzatzeak berekin dakartzan baldintza partikularrak, zerga ordainarazpenak ordaindu beharra, higiene eta osasun betebeharrak, hala denean, eta okupaturiko jabari publikoa kontserbatu eta mantendu beharra barne.

9. Aldizkako azoka txikiei dagokienez, titularraren eta baimenduriko pertsonen argazkia itsatsita izanen du, txartel neurrikoa.

15. artikulua. Eskaeren onarpena.

1. Salmenta ibiltarian aritzeko bide publikoa edo erabilera publikoko eremua okupatzeko baimena interesdunek eskatu beharko dute.

2. Salmenta ibiltaria gauzatzeko baimen eskaerak oro har jarduera hasteko ezarri edo aurreikusten den eguna baino hilabete lehenago, gutxienez, aurkeztuko dira. Hala eta guztiz ere, zenbait motatako salmenta ibiltarirako hurrengo mugaegunak ezarri dira:

-Izozkien salmenta: martxoaren 30era arte.

-Herriko feriak, jaiak eta egunak direla-eta egiten den salmenta ibiltaria: hasi baino 30 egun lehenago.

-Salmenta ibiltarirako lizentzien urteroko berriztapena: urriaren 31ra arte.

3. Aurrekoa gorabehera, produktuaren izaera edo jardueraren ezaugarriak direla-eta epe ezberdina ezarri behar bada, hori udal organo eskudunak zehaztuko du, eta legez ezarri bezala argitaratuko da.

16. artikulua. Eskaerako datuak.

1. Salmenta ibiltaria gauzatzeko udal lizentziaren eskaeran honako datu hauek adieraziko dira:

a) Pertsona fisikoak: interesdunaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, edo haren ordezkariarenak, baita jakinarazpenak egiteko helbidea ere.

b) Pertsona juridikoak: lege ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita jakinarazpenak egiteko helbidea (kalea, ataria, udalerria, posta kodea eta probintzia) ere. Horietaz gain, telefono zenbakia, fax zenbakia, sakelako telefonoaren zenbakia eta helbide elektronikoa.

c) Atzerritarrak: izen-abizenak, nortasun agiri nazionala edo pasaportea, eta kasu bakoitzean eskatzen diren egoitza eta lan baimenak, baita jakinarazpenak egiteko helbidea ere.

d) Hala denean, titularrari jarduera garatzen lagunduko dioten langileen identifikazioa edo odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideena.

e) Baimena behar duen salmenta ibiltariaren mota, jarduera, lanbidea edota saltzeko produktuak eta instalazioen ezaugarriak (neurriak, egitura eta abar) deskribatuta.

f) Salmenta ibiltaria gauzatzeko lekua eta egunak.

g) Salmenta ibiltariari dagokionez, hori gauzatzeko kontzejua edo eremuak.

h) Akzioen osaera, pertsona juridikoek egiten baldin badute jarduera.

i) Saltzeko erabiltzen den ibilgailuaren matrikula, marka, modeloa eta kolorea.

j) Tokia, data eta eskatzailearen sinadura.

17. artikulua. Agiriak.

1. Aipatutako eskaerarekin batera, eskatzaileak hurrengo agirien kopia aurkeztu beharko du, jatorrizkoekin batera, erkatu eta konpultsatzeko.

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiriak: IFZ, IFK, NANa edo pasaportea edo Europar Batasuneko herritarren egoitza txartela, edo Europar Batasunetik kanpokoen egoitza eta lan baimenak.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria edo ordainketa horren geroratzea frogatzen duen agiria.

c) Titularraren izenean jarduera garatuko duten pertsonen lan harremana frogatzen duten lan kontratuak, titularra pertsona fisikoa ala juridikoa den kontuan hartu gabe.

d) Elikagaien salmentari dagokionez, erabiltzailearen txartela edo elikagaien erabileraren arloan behar adina prestakuntza jaso duela egiaztatzen duen ziurtagiria, jarduera egiten duten langileen indarreko araudiaren arabera.

e) Hala denean, merkataritza jardueraren ondorioz sortzen ahal den edozein arrisku mota estaltzen duen erantzukizun zibileko asegurua sinatu dela frogatzen duten agiriak.

f) Sozietatearen eraketa eskrituraren, haren estatutuen eta akzioen osaeraren fotokopia konpultsatuak, jarduera pertsona juridikoek egiten baldin badute.

g) Titularraren edo sozietateak merkataritza jarduera egiteko baimenduriko langilearen txartel neurriko bi argazki eta haren nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia konpultsatua.

h) Aurreko bi urteetan jardueran arau-hauste oso larria egiteagatik zehapenik jaso ez duela adierazten duen zinpeko aitorpena.

i) Eskatzaileak Udalaren arauak eta ordenantzak ezagutzen dituela adierazten duen berariazko aitorpena.

j) Baimenduriko langilearen lan bizitzari buruzko ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak ematen duena eta sozietatearen kontura Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanda dagoela frogatzen duena. Jatorrizko agiria edo horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.

k) 19. artikuluan baloratu beharreko irizpideak justifikatzen dituzten jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

l) Salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria frogatzen dituzten agiriak.

2. Salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako kasuetan ezinezkoa bada eskatutako agiriak eskaerarekin batera aurkeztea, 15 eguneko epea egonen da haiek aurkezteko, baimena esleitzen denetik zenbatuta.

3. Salmenta ibiltarirako lizentziaren eskaera interesdunak sinatutako agiri batean agertu beharko da idatziz. Agiri hori Udal Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduren bat erabilita aurkezten ahalko da. Ondorio horretarako, Udalak inprimaki normalizatuak edo bestelako euskarri elektronikoak eta optikoak, besteak beste, ematen ahalko ditu, eskaerak aurkeztu ahal izateko.

18. artikulua. Baimena emateko betekizunak.

1. Salmenta ibiltaria baimentzen duen udal baimena emateko, eskatzaileak honako hauek egiaztatzeko eskatuko da:

a) Lizentzia emateagatik eta jarduera gauzatzeagatik eskatzen ahal diren udalaren zerga ordainarazpenak ordaindu izana. Udal ogasunarekiko betebeharrak egunean izatea.

b) Tributudunen erroldan, egin beharreko jarduerari dagokion epigrafean, hain zuzen, alta emanda dagoela adierazten duen errolda aitorpena.

c) Gizarte Segurantzaren araubide egokian alta emanda egotea eta betebeharrak ordaindu izana.

d) Atzerriko langileei dagokienez, kasu bakoitzean eskatzen diren egoitza eta lan baimenak.

e) Hala denean, titularraren kontura jarduera egiten duten langileen lan harremana.

f) Hala denean, lizentziaren titularrarekin batera salmentan lagunduko duten eta Gizarte Segurantzan alta emanda egonen diren ahaideen ahaidetasun maila.

g) Elikagaiak saltzeko, janari erabiltzailearen indarreko txartela edo elikagaien higienearen arloan prestakuntza jaso duela adierazten duen ziurtagiria, baimenduriko entitateak emana, izatea.

h) Merkataritza jardueraren ondorioz sortzen ahal den edozein arrisku mota estaltzen duen erantzukizun zibileko asegurua sinatu dela frogatzen duten agiriak.

i) Salmenta jardueran argindarra erabili behar bada, instalazio elektrikoaren ziurtagiria.

j) Udal organo eskudunak ezartzen ahal duen beste edozein betekizun, salmenta mota zehatzaren arabera eta hura arautzen duen berariazko araudia aplikatuta.

19. artikulua. Emateko irizpideak.

1. Lizentzia eskaerak azoka txikietan edo bide publikoan eta erabilera publikoko guneetan salmenta ibiltariaren gainerako motetarako baimentzen ahal diren postuak baino gehiago badira, hautaketa prozedurak prozesuaren hasierarako, garapenerako eta amaierarako gardentasun, inpartzialtasun eta publizitate egokiak bermatuko ditu.

2. Udal organo eskudunak baremoaren bidez urtero lizentziak emateko ezartzen dituen irizpideak aplikatuko dira, objektiboak izanen direnak beti. Honako hauek baloratuko dira: azoka txikian saltazileak duen antzinatasuna, Galarren erroldatuta egotea, tokiko loturak, eskatzailearen zirkunstantzia sozioekonomikoak, gizartean eta lurraldean dituen sustraiak, haren lan ibilbidea eta esperientzia (bereziki Galarko Udalarekin zerikusia duena), udalerriko eta probintziako produktu tipikoak, eskaeraren xede den merkataritza jarduera, Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikita egotea, erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea eta haren historian zehapen espedienterik ez egotea.

3. Ez da baimen bat baino gehiago emanen pertsona fisiko edo juridiko beraren izenean, lan elkartuko kooperatibei, lan sozietateei eta gizarte ekonomiako beste eragile batzuei izan ezik; izan ere, horiek bi postu izaten ahalko dituzte, gehienez, entitateko.

4. Hautatua izan ondoren, 10 eguneko epean 17. artikuluan aipatutako agiriak aurkezteko eskatuko zaio. Baimena eman eta gero, 15 eguneko epea izanen du jarraian, salmenta gauzatzen hasteko; bestela, esleipena ezeztatuko da.

20. artikulua. Lizentzien eskualdaketa.

1. Salmenta ibiltarirako lizentziaren eskualdaketa bakarrik baimenduko da titularrak gaixotasun larria (behar bezala egiaztatua) badu, hiltzen bada, erretiroa hartzen badu edo ezintasun iraunkorra badu. Eskualdaketa odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideen alde eginen da, ordenantza honetan ezarritako betekizunak biltzen badituzte.

2. Titularra hiltzen bada, eskualdaketa odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideek beren artean hautatzen duten ahaidearen alde eginen da. Ados jartzen ez badira, lizentziaren eskualdaketa salmenta gauzatzen lagundu ohi duen lehen mailako ahaidearen alde eginen da, eta, horrelakorik ez badago, ahaideen artean egindako zozketa bidez erabakiko da nor den hartzailea.

Erabakia eraginkorra izan dadin, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

-Titularraren heriotza ziurtagiria.

-Familia liburuaren fotokopia konpultsatua.

-Aipatutako gainerako ahaideen berariazko ukoa.

-Bidezko tasen ordainketa egunean izatea.

3. Erretiroari edo ezintasun iraunkorrari dagokionez, eskualdatzaileak lizentziaren hartzaile berriaren nortasuna zehaztu beharko du eskualdaketaren eskaeran. Dena den, hartzaile hori odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaidea izan, eta ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak bete beharko ditu.

Erabakia eraginkorra izan dadin, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

-Familia liburuaren fotokopia konpultsatua.

-Tasaren ordainketa egunean izatea.

4. Bi kasuetan, zerga ordenantzak eskualdaketarako adierazten duen zenbatekoa ordaindu ondoren tramitatuko dira eskualdaketak. Eskualdaketa egin ondoren, titular berria aurreko titularraren eskubide, betebehar eta erantzukizunetan subrogatuko da.

21. artikulua. Postuen banaketa eta trukea.

1. Postuen azoka txikiko ordena eta banaketa dekretu bidez ezarriko dira, eta horiek postuen kopurua, neurriak eta berezitasunak kontuan hartuta zehaztuko dira.

2. Aldizkako eta noizbehinkako azoka txikietan, Udalak postuak trukatzea baimentzen ahalko du, lizentzien edo baimenen titularrek eskatuta. Ondorio horretarako, postuak trukatu nahi dituzten lizentzien titularrek idatziz eskatu beharko diote Udalari. Bi interesdunek sinatu beharko dute eskaera hori, eta trukeak ez du eraginik sortuko, Udalak behar bezala onetsi eta tasa ordaindu arte.

22. artikulua. Tasa. Araubide ekonomikoa.

1. Udalak salmenta ibiltariaren mota ezberdinetan bide edo eremu publikoen erabilerak eragiten dituen administrazio egintzengatik eta aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak ezarriko ditu; horretarako, gastuak kontuan hartuko dira.

2. Tasak eskaerarekin batera ordaindu beharko dira. Tasa ordaintzen ez bada, prozedura ez da hasiko.

23. artikulua. Udal baimenaren ezeztapena eta iraungipena.

1. Interesdunari entzunaldia eman ondoren, salmenta ibiltarirako udal baimena ezeztatzen ahalko da hurrengo kasuetan:

a) Lizentzia/baimena ematea ekarri duten zirkunstantziak desagertzen direnean, edo beste batzuk sortzen direnean, bere garaian lizentzia ukatzea ekarriko zutenak.

b) Onura publikoko edo interes orokorreko arrazoiak daudenean, adibidez, merkatua kokatzen den tokietan obrak egitea edo kokaleku horiek berregituratzea, edo instalazioa eta eremuan egiten ari diren beste zerbitzu eta obra batzuk bateraezinak direnean.

c) Merkatua edo feria kentzen denean edo haren neurriak murrizten direnean.

d) Ordenantza hau betetzeari dagokionez sektoreko araudian (hala nola uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legea eta Kontsumitzailearen babesaren eta nekazaritzako elikagaien produkzioaren arloetako arau-hauste eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua) sailkaturiko arau-hauste larriak edo oso larriak egiten direnean.

e) Lizentzian ezarritako baldintzak betetzen ez direnean, ez betetze horrek lizentzia ezeztatzea badakar, administrazio espedientea tramitatu eta interesdunari entzunaldia eman ondoren.

f) Lizentzia ematea ekarri duten zirkunstantziak aldatzearen ondorioz lizentzia ukatu behar denean, edo oker ematearen ondorioz hura baliogabetu behar denean.

g) Urtean elkarren segidako 3 egunetan edo tartekako 8 egunetan arrazoirik gabe postuan ez egotea, Udalaren baimenik gabe.

2. Salmenta ibiltarirako baimenak hurrengo arrazoiengatik iraungiko dira:

a) Salmenta baimentzen den aldia amaitzen denean, zirkunstantziek eta salmenta ibiltariaren motak onartzen dutenean berriztatzeko aukerari kalterik egin gabe.

b) Titularrak uko egin edo uzten duenean.

c) Ordenantza honetan aurreikusitako zehapen oso larria ezartzen denean.

d) Lizentziaren titularra hiltzen denean. Kasu horretan lizentzia berria ematen ahalko da baimenduriko aldia amaitu arte geratzen den denborarako, odol edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideen alde. Titularrak inor hautatu ez badu, lehentasuna izanen du, aurreko ahaideen artean, salmentan lagundu ohi duenak.

e) Lizentziaren titularra den entitatearen edo sozietatearen nortasun juridikoa iraungitzen denean. Kasu horretan lizentzia berria ematen ahalko da geratzen den denborarako, edozein bazkideren alde. Betiere ere, bazkide horrek salmenta ibiltarian aritzeko eskatzen diren betekizunak bete beharko ditu.

f) Titularrak bere kabuz edo hirugarrenekin batera salmenta ibiltaria xede duen entitatea edo elkartea eratzen duenean. Kasu horretan lizentzia berria ematen ahalko da geratzen den denborarako, ondoriozko pertsona berriaren alde. Nolanahi ere, horrek salmenta ibiltarian aritzeko eskatzen diren betekizunak bete beharko ditu.

III. TITULUA

Betebeharrak eta funtzionamendu arauak

24. artikulua. Saltzaileen betebeharrak.

1. Elikagaiak saltzea onartzen den azoka txikietan berariazko araudi baten arabera saltzen ahal diren eta indarra duten xedapenetako elikadura arloko higiene, osasun, kalitate eta segurtasun baldintzak betetzen dituzten produktu guztiak saltzea onartuko da. Produktu horiek lurretik gorago 50 cm-ra, gutxienez, eta beiraz estalita dauden apalategi edo salmahaietan salduko dira.

2. Salmenta ibiltarian aritzeko baimenen titularrek, elikagaiak merkaturatzen dituztenek, postuetako higienearen, merkaturatzen dituzten produktuen kalitatearen, higienearen eta jatorriaren eta elikagaiak biltegiratzea, garraiatzea, erabiltzea eta banatzea arautzen duten berariazko arau guztiak betetzearen ardura daukate.

3. Salmenta ibiltarian aritzeko baimenen titularrek, elikagaiak merkaturatzen dituztenek, postuan elikagaiak erabiltzen eta banatzen esku hartzen duen edozein pertsonak, elikagaien erabileraren arloan indarra duen legedian ezarri bezala, behar adinako prestakuntza jaso duela bermatzearen ardura dute.

4. Jardueran ari direla, ordenantza honek ukitzen dituen saltzaileek merkataritzaren, osasunaren, kontsumitzaileen defentsaren eta ingurumenaren babesaren arloan indarra duten arauak bete beharko dituzte, eta saltzen dituzten produktuen erantzuleak izanen dira, legeek eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ezarritakoaren arabera.

5. Merkatari ibiltariek produktuen jatorria frogatzen duten derrigorrezko fakturak, albaranak, frogagiriak eta behar diren gainerako agiriak izanen dituzte saltokian. Agiri horiek falta badira edo aurkeztu nahi ez badira, salgaia identifikatu gabekotzat jotzen ahalko dira. Kasu horretan salgaiak atxikitzen ahalko dira, saltzaileak hamar eguneko gehieneko epean haien jatorria zehaztu arte. Produktu galkorrak badira, epe hori laburtu eginen da. Epea iragan ondoren, zehapen prozedura abiaraziko da, indarra duen araudiaren arabera.

6. Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eskaintzen zaizkien produktuen prezioak adierazi beharko dira. Saltzeko jartzen diren gai guztietan publikoarentzako salmenta prezioaren berri emanen da argi eta garbi, eta ageriko lekuan; prezio hori neurketa unitateari (kiloa, litroa edo metroa) eta saltzen den produktu unitateari (poltsa, kutxa, lata, etab.) buruzkoa izanen da, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

7. Pisatu edo neurtu beharreko gaiak saltzen dituzten saltzaileek horiek pisatzeko edo neurtzeko beharrezko tresnak izanen dituzte saltzeko unean. Tresna horien egiaztapen ziurtagiriak udal ikuskatzaileen eskura egon beharko dira.

8. Saltzaileak erosleari produktuak iragarritako prezioan eta eskatutako pisu zehatzean ematera behartuta daude. Horretan ez da sartuko bilgarriaren prezioa, eroslearentzat doakoa izanen baita beti.

9. Halaber, merkatariak erosketaren faktura, tiketa edo ordainagiria eman beharko du, erosleak eskatzen dion guztietan.

10. Salmenta ibiltariaren modalitatean merkaturatzen diren produktu guztiek ontzi, etiketa, aurkezpen eta publizitateari buruz indarra duten arauak errespetatuko dituzte, kasu bakoitzean aplikatu beharreko berariazko araudiak ezarritako zehaztapenekin batera.

11. Publikoarentzako ageriko lekuan bere datu pertsonalak eta udal baimena adierazten duen agiria erakutsiko du, baita balizko erreklamazioak jasotzeko helbidea ere.

12. Saltzen dituen produktuen erantzulea izanen da. Agintariek edo agenteek eskatuta, saltzeko jartzen diren produktuen jatorria egiaztatu beharko du faktura bidez, legeetan eta indarra duten gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera. Beren produktuak saltzen dituzten nekazariei dagokienez, produktuen jatorria frogatu beharko dute, lantzen dituzten lurren jabetzaren edo errentamenduaren agiriak, besteak beste, erabilita.

13. Postuetan erreklamazio orriak izanen dituzte kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura, Kontsumoak behar bezala zenbakitu eta zigilatutakoak. Gainera, postuetan kartel bat izan beharko dute ageriko lekuan, hurrengo hitzak dituena: "Nahi duenak eskuragarri ditu erreklamazio orriak". Era berean, udal lizentziak baimenduriko jardueraren ondorioz egin litezkeen kontsumo arloko erreklamazioak ebazteko, merkatariak Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren bidez kontsumoko arbitrajeari men egiten diola adierazten ahalko da.

14. Salmenta ibiltarirako udal lizentziaren titularra postuan egon beharko da azoka txikia egiten den bitartean, gaixorik egoteagatik, ezinbesteko betebehar publiko edo ofizialei erantzuteagatik, ezinbesteko zirkunstantziengatik edo ohiz kanpokoengatik alde egiten duenean izan ezik; kasu horietan bere ordezkoa baino ezin izanen da aritu postuan.

15. Salmenta ibiltarian aritzeko lizentzien titularrek tasak ordaindu beharko dituzte, aplikatzen ahal den zerga ordenantzan ezarri bezala.

16. Postuen titularrek azoka txikia egiten den egunetan salmentan aritzeko betebeharra dute. Hori betetzen ez bada, zehapena ezarriko da, ordenantza honen V. tituluan xedatutakoaren arabera. Arrazoi justifikatuengatik agertzen ez bada, Udalari jakinarazi beharko zaio, eta hark arrazoia frogatzeko dokumentazioa edo bestelako frogabideak eskatzen ahalko ditu. Aurrekoa gorabehera, uztailean eta abuztuan, lehentasunez, saltzaileek postua muntatzea aukerakoa izanen da. Dena den, lizentzia berritzeko asmoa duten ala ez jakinarazi beharko dute behar adina denbora lehenago.

25. artikulua. Azoka egunak aldatzea edo aldi baterako etetea.

1. Azoka txiki ezberdinetako egunak eta salmenta ordutegia udal organo eskudunak ezarriko ditu haietako bakoitzerako, eta aldatu ere egin ahalko ditu.

2. Aldizkako azoka txikiak egiteko egunak aldatzen ahalko dira, jai edo gertakariren batekin batera suertatzen badira, eta saltzaileei azoka txikia zein egunetan eginen den jakinaraziko zaie, hamabost egun lehenago, gutxienez.

3. Azoka txikiak egiteko baimenak aldi baterako eteten ahalko dira bide publikoan, zerbitzuetan edo zirkulazioan obrak edo interes publiko beste arrazoi batzuk badaude.

4. Aldi baterako etenak azoka txiki bateko baimen guztiak edo horietako batzuk ukitzen ahalko ditu, beharrizanen eta interes orokorraren arabera, ukituriko postuen titularrei kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe.

5. Aldi baterako etena badago, espedientea presaz tramitatu eta ukituriko sektoreetako ordezkariei entzunaldia eman ondoren, Gobernu Batzordeak ukituriko postuen behin-behineko kokapena erabakiko du, etena justifikatzen duten arrazoiak desagertu arte.

6. Erabakia saltzaileen ordezkariei entzunaldia eman ondoren hartu, eta hiru eguneko epean jakinaraziko zaio merkatuez arduratzen den zinegotzigoari.

26. artikulua. Aldizkako azoka txikien lekualdaketa.

1. Indarra duen legediak eskatzen dituen betekizunak kontuan hartuta, Udalak azoka txiki finkoak eta aldizkakoak baimendutako lekua ez den beste batera lekualdatzea baimentzen ahalko du aldi baterako edo betirako. Ez da kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortuko postuen titularrentzat.

2. Udal intereseko edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta, azoka txikietarako seinalaturiko lekuak aldatzen ahalko dira, udal organo eskudunaren erabakiaren bidez.

3. Zirkunstantzia bereziak direla-eta azoka txiki bat behin betiko lekualdatu behar bada, ordenantza honen 7. artikuluaren arabera espedientea tramitatu eta saltzaileen ordezkariei entzunaldia eman ondoren, Udalaren osoko bilkurak lekualdaketa hori erabakiko du.

4. Jada instalatuta dauden azoka txikietako baten bat desagertzen bada edozein arrazoirengatik, azoka txiki horretako saltzaileak beste azoka txikiek berenganatuko dituzte.

27. artikulua. Salmentaren ezaugarriak eta baldintzak.

1. Udalak baimentzen ahalko diren postuen gehieneko kopurua, salmenta egunak, saltzeko diren produktuak eta haiek jartzeko eta aurkezteko modua, postuak esleitzeko berariazko irizpideak (objektiboak izan beharko dira), funtzionamendu arauak eta baimenaren gainerako baldintzak zehaztuko ditu azoka txiki bakoitzerako.

2. Azoka txikietako salmenta behar bezala egokitutako kamioi-denden modalitatean baimentzen ahalko da, kasuan kasuko produktu mota kontuan hartuta, baldin eta lekuaren baldintzek, postuen banaketak eta baimenduriko azalerak halakoak instalatzea ahalbidetzen badute.

3. Lizentziaren baldintzetako edozein (azoka txikiaren funtzionamendu arauak barne) betetzen ez bada, zehapen espedientea abiarazten ahalko da, ordenantza honetan ezarritako ondorioekin.

4. Postuak eta azoka txikiak ezin izanen dira kokatu erabilera publikoko eraikinetarako (adibidez, ospitaleak, ikastetxeak, merkatuak edo antzekoak) sarbideetan, ezta sarbideak edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen dituen edo herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duen beste edozein lekutan ere. Hala ere, udal agintariek erabakitzen ahalko dute ibilgailuei zenbait bidetako zirkulazioa oztopatzea eta azoka txikiak instalatzea onartzen duten oinezkoentzako eremuak prestatzea, beren eskumenak erabiliz.

5. Baimendutako salmenta ibiltariak inguruko auzokoei edo herritarrei, oro har, eragozpenak sortzen badizkie, beste pertsona batzuen lasaitasuna edo legezko eskubideak gauzatzea nabarmen hausten badu edo beste jarduera batzuen garapen arrunta edo osasungarritasuna, ondasunen eta pertsonen segurtasuna edo apaindura publikoa ukitzen badu, Udalak beharrezko neurriak hartzen ahalko ditu. Besteak beste, emandako lizentziak eteten ahalko ditu, arazoaren arrazoiak desagertu edo akatsak konpondu arte.

6. Salmenta ibiltarian aritzeko instalazioek Galarko Udalak xedatutakoa bete beharko dute. Horrek diseinua, eraikuntza ezaugarriak eta postuetan erabiltzen diren materialak berdindu eta bateratzea eskatzen ahalko ditu, sektorea ordezkatzen duten erakundeei entzunaldia eman ondoren. Arau horiek ez betetzeak salmentaren lizentzia ezeztatzea ekarriko du berekin.

7. Postuen neurriak honakoak izanen dira: kasuen arabera, 4, 6 eta 8 metroko fatxada x 3 metroko hondoa, salmentarako, gehi 2 metro, onarturiko lekuan ibilgailua jartzeko. Nolanahi ere, postuen neurriak bide publikoaren edo azoka txiki bakoitzaren egoera berezira moldatuko dira, Udalak ezarritako azalera edo mugak gainditu gabe beti.

8. Saltegiak eta haien instalazioak desmuntagarriak izanen dira; debeku da lurrean edozein gauza landatzea, eta orobat debeku arbola, zutoin, kale-argi, banku, hesi edo esparru honetan dagoen beste edozein muntaduratan lotzea edo finkatzea, kalteak sortzen ahal baditu.

9. Azoka txikia osatzen duten kaleetan 4 metroko zabalera, gutxienez, utziko da, pertsonak edo edozein unetan behar diren larrialdietako ibilgailuak erraz pasa daitezen.

10. Erabat debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea merkatuaren kokalekuaren perimetroaren barnean eta haren espaloietan edo oinezkoentzako eremuetan, berariazko baimenik izan ezean. Ez da onartzen salgaiak garraiatzeko ibilgailuak edota etxebizitzarako ibilgailuak modu egonkorrean aparkatzea salmenta ibiltariko postuen inguruan. Zamalanak amaitu ondoren, zeregin horietarako erabilitako ibilgailuak postuen instalaziorako eta iraganbideetarako mugaturiko perimetrotik kendu, eta horretatik kanpo aparkatuko dira, aparkatzea onartzen den tokietan.

Ibilgailuak ezin izanen dira berriro sartu esparru horretan zamalanak egiteko, salmentarako ezarritako ordutegia amaitu arte. Betebehar hori ez betetzeak Udaltzaingoak ibilgailua kentzea ekarriko du, beste ondorio batzuen artean.

28. artikulua. Postuen esleipena.

1. Ezein saltzaile ezin izanen da postu baten baino gehiagoren titularra izan azoka txiki berean, pertsona fisikoa ala juridikoa den kontuan hartu gabe. Ondorio horretarako, salmenta ibiltaria xede duen lan elkartuko kooperatiba edo beste elkarte bateko bazkide bati emandako lizentzia berari ematen zaiola ulertuko da, eta ez pertsona juridikoari.

2. Udalak baremoa onesten ahalko du urtero, azoka txiki finkoetan eta aldizkakoetan edozein arrazoirengatik hutsik geratzen diren postuak esleitzeko oinarria izanen dena, ordenantza honen 19. artikuluko irizpideen arabera.

3. Aldizkako azoka txiki batean titular berri bati postu bat esleitu baino lehen, jada han kokatuta dauden saltzaileek postuak lekualdatzeko edo trukatzeko egiten dituzten eskaerak ebatzi beharko dira. Nolanahi ere, sektore bereko postuak pilatzea saihestuko da, eta, trukeei dagokienez, horien xede diren postuen titularrak ados daudela adierazi beharko da.

4. Eskainitako postuen %10 eta gutxienez bi gordeko dira egoera sozioekonomiko txarra duten eta esleipenetik kanpo geratzen diren guraso bakarreko familientzat edo familia ugarientzat. Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko Zerbitzu Teknikoek egindako txostenaren bidez egiaztatuko da betekizun hori. Eskatzaileak eskainitako postuak baino gehiago badira, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera jardunen da.

5. Udalak azoka txikiko postu guztien %10 eta gutxienez bi gordetzen ahalko ditu, udalerrian kokatuta dauden eta, merkataritza sektorekoak ez diren arren, jarduera gauzatu edo beraiek egindako gaiak merkaturatu nahi dituzten enpresaburuentzat. Banaketa horretan Espainiako Konstituzioaren 130.1 artikuluan aipatutako sektoreak aintzat hartuko dira bereziki, eta Udalak eskaera bakoitzaren zirkunstantzia bereziak baloratuko ditu.

6. Aldizkako azoka txikian postua eskatu duten eta horren esleipenik jaso ez duten merkatariak urte naturalean eta esleipen berria egin arte sortzen diren bajak behin-behinean estaltzeko lan-poltsan sartuko dira.

7. Lizentzia iraungitzeko edozein arrazoirengatik sortzen diren postu hutsak aipaturiko irizpide objektiboak aplikatuz esleitzen ahalko dira.

8. Azoka txikian postu finkorik ez badute ere, egun horretarako postua eskatzen duten merkatariek titularrak goizeko 9:00ak baino lehen okupatzen ez duen postua erabiltzen ahalko dute. Onuradunek 18. artikuluko betekizunak bete, eta okupatuko duten postuari dagokion tasa ordaindu beharko dute. Azoka txikian noizbehinkako postu baten onuraduna izateak ez du postu finkoa eskuratzeko eskubiderik sortzen.

29. artikulua. Ordutegia.

1. Oro har, publikoarentzako salmenta ordutegia 9:00etatik 14:00etara bitartekoa izanen da, baimenaren bidez beste bat ezarri ezean.

2. Azoka txiki arruntetan zamalanak 7:30etik 9:00etara eta 14:00etatik 15:00etara bitartean eginen dira. 15:00etatik aurrera esparrua libre, garbi eta trabarik gabe utzi beharko da.

30. artikulua. Garbiketa eta apaindura publikoa.

1. Saltzaileek saltegiak okupatzen duen gunea eta inguruak behar bezain garbi eta apainduta eta hondakinik gabe izan beharko dituzte, jarduera egiten den bitartean eta amaitu ondoren. Hori dela eta, beraiek dira sorturiko hondakinak (hala nola bilgarriak, poltsak, paperak, kutxak eta abar) bildu eta antolatzeko ardura dutenak. Salmenta ordutegian hondakin horiek sakabanatzea eragotziko dute eta hondakin birziklagarriak gaika biltzeko bide publikoan dauden edukiontzietan edo helburu horretarako instalatzen diren edukiontzietan sartuko dituzte.

2. Azoka txikiei dagokienez, edukiontzietan sartzeaz gain, hondakinak antolatu, eta kutxa edo poltsetan jartzen ahalko dira, lanaldiaren amaieran, garbiketa zerbitzuak horiek ken ditzan sakabanatu gabe.

Jarduera egiten den bitartean hondakinak sortzen dituen postuak ontzi egokia izanen du, baldintza higienikoei jarraikiz hondakinak utzi eta biltzeko. Horrela, lanaldi bakoitza amaitutakoan, jarritako tramankulu guztiak kendu, eta beren postuak eta ingurua hondakinik eta zaborrik gabe utzi beharko dituzte.

3. Saltzaileek Udaltzaingoak / udal aguazilak eta gainerako udal langileek horri buruz ematen dizkieten jarraibideei jarraituko diete uneoro.

31. artikulua. Sektore lankidetza.

1. Salmenta ibiltaria kudeatzen duten Udaleko administrazio unitateen eta baimenduriko saltzaileen arteko komunikazioa eta informazioa errazteko asmoz, aldizkako azoka txiki bakoitzean Kontsulta Batzordea osatuko da. Kide hauek izanen ditu:

-Udalaren aldetik, Zerbitzuko zinegotzi eskuordetua eta azoka txikiaren kudeaketaz arduratzen den Zerbitzuko kategoria goreneko funtzionarioa edo hark eskuordetzen duen pertsona.

-Saltzaileen aldetik, bost saltzaile, gehienez, indarra duten udal lizentzien titularrek beren artean bi urteko eperako hautatutakoak.

2. Azoka txikiaren Kontsulta Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Azoka txikiaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko gaiei eta aldeei buruzko informazioa ematea.

b) Azoka txikia hobeto ibil dadin, proposamenak eta iradokizunak egitea, eta txostenak idaztea.

3. Kontsulta Batzordearen erabakiak ez dira inoiz ere betearazleak eta lotesleak izanen Udalerako. Bilerak Zerbitzuko zinegotzi eskuordetuak edo saltzaileen ordezkari gehienek proposatuta eginen dira.

IV. TITULUA

Salmenta ibiltariaren ikuskapen eta kontrol araubidea

32. artikulua. Eskumenak.

1. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legeak, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako lege orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak, Merkataritza Ez Egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak eta Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloko arau-hausteen zehapen prozedura ezartzen duen irailaren 19ko 172/1994 Foru Dekretuak toki erakundeei esleitzen dizkieten eskumenen arabera, Udalari dagokio udal mugapean salmenta ibiltariaren ikuskapen eta kontrol jarduketak egitea, udal baimenaren baldintzak betetzeari eta eskatzen ahal diren ezaugarri teknikoei eta segurtasun eta merkataritza arlokoei dagokienez legezkoa dela egiaztatzeko.

2. Salmenta ibiltariaren udal ikuskapentzat joko da Udaleko organo eta unitate eskudunek gauzatutako ekintza, arlo horretan beste administrazio batzuei dagozkien eskumenak deusetan galarazi gabe; ekintza horren bidez, ordenantza honetan arautzen diren salmenta jarduerak aztertzen dira, horri lotutako langileak zuzenean behatuz, horiek dituzten eginkizunen, debekuen edo mugen betetze-maila egiaztatzeko asmoz.

3. Udaltzaingoak salmenta ibiltariaren eta bereziki baimenik gabearen gaineko kontrola, udal lizentzian edo baimenean ezarritako baldintzak eta azoka txikien funtzionamendu arauen betetze-maila gauzatuko ditu, kontsumoko ikuskatzaileek edo Komunitate Batzordeko Osasun Publikoko zerbitzu ofizialek beren eskumenen esparruan parte hartzeari kalterik egin gabe.

4. Arloaren eta produktu motaren arabera eskumena duten ikuskatzaileek gauzatuko dituzte salmenta ibiltariaren zaintza eta kontrol zerbitzuak, udaltzainen laguntzaz. Udal ordenantzak betetzeari dagokionez administrazio poliziak direnez, bidezkoa denean, ordenantza honen aurkako jokabideak salatuko dituzte, eta, hala denean, gainerako aplikazio neurriak hartuko dituzte.

5. Ikuskapen eta kontrol jarduketak bide publikoan edo erabilera publikoko guneetan derrigorrezko udal lizentziarik izan gabe egiten diren salmentetan gauzatuko dira lehentasunez, ukituriko sektoreen legezko interesak babesteko eta jabari publikoaren arrazoizko erabilera antolatua saihestu edo kaltetzen duten egoerak sortzea eragozteko. Gainera, hala denean, jabetza intelektual industrialak, merkatu ekonomiako bidezko lehia eta kontsumitzaileen eskubideak babestuko dira.

6. Udalak azoka txikiaren antolaketa aldeei (adibidez, postuen instalazioa eta kokapena) buruzko kontrol eginkizunak eta saltzaileak azoka txikira joateari buruzko kontrola egiten dituzten langileak aukeratzen ahalko ditu.

33. artikulua. Ikuskapen jarduketa.

1. Udaltzaingoak eta, hala denean, ikuskatzaileek behar beste jarduketa eginen dituzte garatu beharreko ikuskapen eginkizunak betetzeko, eta bereziki, honako hauek gauzatuko dituzte:

a) Instalazioak eta salmentaren xede diren produktuak kontrolatzea.

b) Salmenta ibiltaria baimentzen duen udal lizentziaren baldintzak egiaztatzea, baita salmenta ibiltariaren mota ezberdinetarako ezartzen diren funtzionamendu arauak ere.

c) Ikuskatutakoei oharrak, ohartarazpenak eta eskaerak egitea.

d) Ikuskatutakoei aholkularitza eta informazioa ematea.

e) Salgai faltsutuak, iruzurrezkoak edo zehaztugabeak, edo behar ez bezala merkaturatuak edo eskaturiko betekizunak bete gabe merkaturatuak hartzea edo konfiskatzea, baldin eta zehapen prozedura baten barnean hartzen ez badira eta ebazpena luzatu ezin bada, arau-haustearen ondorioek irautea eragozteko asmoz.

f) Administrazio prozeduretan parte hartzea.

2. Ikuskatzaileek ikuskatzaileak direla esanen dute, ikuskapen eginkizuna gauzatzen ari direnean, arrazoi horrengatik ikuskapenaren helburua zapuzten ahal den kasuetan izan ezik.

3. Ikuskatzaileak agintaritzat joko dira ondorio guztietarako, bereziki zerbitzuan edo horren ondorioz haien aurka erresistentzia erakusten duten edo erasoak edo izatez edo hitzez desmen egiten dietenen administrazio eta zigor erantzukizunei dagokienez.

4. Ikuskatzaileek oro har beren jarduketak dokumentatuko dituzte akta bidez; horretan, ondoko hauek adieraziko dira:

a) Saltzaile ibiltariaren edo udal lizentziaren titularraren nortasuna.

b) Ikuskatzaile jardule(ar)en nortasuna eta agertzen denarena.

c) Ikusitako gertaerak, zirkunstantziak eta, hala denean, agertzen denaren adierazpenak.

d) Aktaren ordua, tokia eta eguna.

e) Hala denean, aktarekin batera aurkezten diren agirien zerrenda.

f) Hala denean, kautelaz hartzen diren salgaien zerrenda eta identifikazioa, eta horiek hartzeko tokia.

g) Hala denean, ikuskatzaileek egiten dituzten oharrak, ohartarazpenak edo eskaerak.

34. artikulua. Ikuskatutakoen betebeharrak.

1. Ikuskatutako saltzaileen betebeharrak honako hauek izanen dira:

a) Ikuskapenak onartu eta erraztea.

b) Saltegiari, produktuari edo salmenta gauzatzen duten langileei buruzko mota guztietako informazioa ematea, emandako datuak zuzenean egiaztatzeko aukera emanda ikuskatzaileari.

c) Merkaturatutako produktuen jatorria justifikatzeko balio duen dokumentazioa erakustea.

d) Eskaturiko dokumentazioaren kopia eskuratzea erraztea.

e) Ikuskatzaileak edo organo eskudunek eskatuta, ikuskapena osatzeko behar diren datuak aurkeztea.

2. Hala denean, ordenantza honen aurkako jokabideak izateagatik salatzen diren eta Galarko udal mugapean bizi ez diren pertsonek agintari jarduleari jakinarazi eta egiaztatu beharko dizkiote beren identifikazio pertsonala eta ohiko bizilekua, eta, bidezkoa bada, herrian non hartzen duten ostatu ere, jakinarazpen ondorioetarako. Identifikazio hori egin ezin bada edo emandako bizilekua zuzena bada, agintaritzako agenteek arau-hausleari eskatzen ahalko diote beraiekin batera joateko identifikazio eginbideak egiteko baliabide egokiak dituzten bulegoetara, helburu horretarako.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Prozedura

35. artikulua. Arau orokorrak.

1. Hala denean, sektoreko legedian ezartzen ahal diren arau-hausteei kalterik egin gabe, arau hauek ez betetzeak zehapen prozedura abiaraztea ekarriko du. Hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko arauen eta printzipioen arabera tramitatuko da.

2. Salmenta ibiltariaren arloko zehapen ahalmena Udaleko organo eskudunak gauzatuko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 127.1 l) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako prozedura baliatuko da zehapen ahalmena erabiltzeko, eta zehapen espedientea abiaraziko da.

4. Ordenantza honek aipatzen dituen arau-hausteak legez kontrako ekintza penalak izan badaitezke, Udalak horren berri emanen dio Fiskaltzari, eta administrazio espedientea tramitatzeari utziko zaio, artxibatu edo instantzia horretan ebazpen irmoa hartu arte. Horren ondorioz, administrazio arloko arau-haustearen preskripzio epea etenen da.

36. artikulua. Erantzuleak.

1. Ordenantza honetan ezarritako zehapenak jasoko ditu arau-hauste tipifikatuak egin dituen salmenta ibiltariaren udal lizentziaren titularrak edo, derrigorrezko baimenik gabe, salmenta ibiltaria gauzatzen duen saltzaileak.

2. 40.c) artikuluan tipifikaturiko arau-haustearen erantzuleak izanen dira gune publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzen dietenak.

3. 39.i) artikuluan tipifikaturiko arau-haustearen erantzuleak izanen dira gune publikoan baimenik gabeko salmenta ibiltaritik datozen produktuak erosi edo eskuratzen dituztenak.

4. Zehapen prozeduratik ondorioztatzen diren administrazio erantzukizunak bat etorriko dira arau-hausleari aldatutako egoera lehengoratzeko eta okupaturiko jabari publikoko ondasunetan egindako kalte-galerak ordaintzeko eskatzearekin.

5. Baimenik gabeko salmenta ibiltaria gauzatzea dakarren arau-haustea egiteagatik erantzukizuna deklaratzearekin batera, arau-hauslea onuradun duen edo izaten ahal duen edozein laguntza sozial edo Udalaren bestelako ordaina galdu edo ukatzen ahalko da.

6. Kultura, jai, kirol edo bestelako ekitaldi publikoen antolatzaileek udaltzainei jakinaraziko diete ordenantza honen arau-haustea dakarten jarduerak eginen dituzten.

37. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 72. eta 136. artikuluetan ezarritakoaren arabera, beharrezko behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira hartzen ahal den ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren amaiera ona, arau-haustearen ondorioei eustea eragoztea eta interes orokorren eskaerak bermatzeko.

2. Behin-behineko neurriek salgai faltsutuak, iruzurrezkoak edo zehaztugabeak, edo behar ez bezala merkaturatuak edo eskaturiko betekizunak bete gabe merkaturatuak kautelaz hartzea, salmentarako erabiltzen diren tresnak eta gainerako elementuak kautelaz hartzea, baimenik gabeko salmenta ibiltariaren jarduera eten edo amaitzea, eta udal lizentzia aldi baterako baliogabetzea ekartzen ahalko dute.

3. Zehapena ezartzeko eskumena duen agintariak neurri horiek kautelaz hartzen ahalko ditu zehapen espedientearen tramitazioaren edozein unetan. Prozedura tramitatzen den bitartean, horiek kendu edo aldatzen ahalko dira, edo, bestela, indarrean egoten ahalko dira, legez kontrako egoerak irauten duen bitartean. Halaber, hala denean abiarazten den zehapen prozedura alde batera utzita hartzen ahalko dira.

4. Ikuskapena egiten duen agintariak behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu, zehapen prozedura baten barnean hartzen ez badira, salmenta ibiltariaren zirkunstantzia bereziak kontuan hartuta, salbuespen gisa, eta prozeduraren ebazpena luzatu ezin denean. Dena den, bermatu nahi diren helburuen intentsitatera, proportzionaltasunera eta beharrizanetara egokitu beharko dira.

5. Neurri horiek ondorio horretarako egiten den aktan adieraziko dira, eta, ukorik ezean, interesdunaren alegazioak eta adierazpenak jaso beharko dira horretan.

II. KAPITULUA

Arau-hauste motak

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

38. artikulua. Arau-hauste arinak.

1.-Hauek arau-hauste arintzat joko dira:

a) Azoka txikiaren funtzionamendu arauak ez betetzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada.

b) Salmentarako ezarritako egunak eta ordutegiak ez betetzea.

c) Jarduera gauzatzen den bitartean udal baimena ageriko lekuan ez erakustea, hori izan arren.

d) Baimendu gabeko produktuak, elikagaiak ez direnak, saltzea.

e) Salmentarako udal lizentzian baimendutako azalera edo espazioa baino handiagoa okupatzea.

f) Ibilgailuaren barnean gaua pasatzea azoka txikirako eremuaren inguruan.

g) Baliabide debekatuak edo baimendugabeak erabiltzea saltzeko diren produktuak edo zerbitzuak iragartzeko.

h) Salgaiak lurrean jartzea. i) Salgaiak korridoreetan eta postuen arteko guneetan jartzea.

j) Merkatua instalatzeko mugaturiko perimetroaren barnean ibilgailua aparkatzea, salmentarako ezarritako ordutegian edo ondorio horretarako prestatu ez diren bestelako esparru edo tokietan.

k) Gaien publikoarentzako salmenta prezioaren berri ematen duen zerrendarik edo errotulurik ez izatea.

l) Postuan edo inguruan hondakinak edo zaborrak uztea.

m) Postuaren auzokoei saihesten ahal diren eragozpenak, errespetu txikiko tratua edo gisakoa ez dena eragitea.

n) Ordenantza honen arauak ez betetzea dakarren eta arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo ez-egite.

39. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek arau-hauste larritzat joko dira:

a) Baimendu gabeko lekuan instalatzea.

b) Udal lizentzian ezartzen diren eta baimenean finkatzen diren baldintza partikularrak ez betetzea.

c) Jarduera baimendu gabeko pertsonek gauzatzea.

d) Apaindurarik edo garbiketarik ez izatea, jarduera gauzatzen den bitartean edota hori amaitu ondoren.

e) Okupaturiko bide publikoaren edo erabilera publikoko gunearen garbiketari eta, jarduera gauzatzen den bitartean sorturiko hondakinak biltzeari buruzko arauak ez betetzea.

f) Urtean ondoz ondoko 3 egunetan edo txandakako 8 egunetan azoka txikian ez egotea, Udalaren berariazko baimenik gabe.

g) Ikuskatzaileek beren eginkizunak betez eskatzen dituzten datuak edo informazioa emateari uko edo aurka egitea.

h) Udal agintariek edo agenteek beren eginkizunak betez egindako aginduak edo berariazko eskaerak ez betetzea.

i) Gune publikoan baimendu gabeko salmenta ibiltaritik datozen produktuak erosi edo eskuratzea.

j) Baimendu gabeko elikagaiak saltzea.

k) Erreklamazio orririk ez izatea edo horiek emateari uko egitea.

l) Jarduera baimendu gabeko pertsonek gauzatzea.

m) Bidezko zergen ordainketa egunean ez izatea.

n) Eskatzen diren administrazio erregistroetan inskribatuta egon gabe jarduera gauzatzea.

ñ) Oinezkoen zirkulazioa eta etxebizitza edo lokal partikularretarako sarbidea eragoztea edo oztopatzea.

o) Postuak, tresnak eta salgaiak edo ingurua garbi ez egotea.

p) Diseinua, eraikuntza ezaugarriak eta postuetan erabiltzen diren materialak homogeneizatzea eta bateratzea xede duten udal jarraibideak errespetatu beharra ez betetzea.

q) Postuen beste titular batzuei edo erabiltzaileei edo erosleei errespeturik ez agertzea.

r) Administrazio edo jurisdikzio bidean irmotasuna hartzen duen prozeduran zehatu diren arau-hauste arinak berriro egitea.

40. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Postuak instalatzea edo jarduera gauzatzea, derrigorrezko udal baimenik izan gabe edo hori iraungita.

b) Bide publikoan edo erabilera eta jabari publikoko guneetan ibilgailuen publizitatea egitea edo saltzeko erakustea, ibilgailu horietan ageriko iragarkiak jarriz udal baimenik gabe.

c) Udal agintariei, ikuskatzaileei eta agenteei desmen egitea, erresistentzia agertzea, indarkeria erakustea edo horiek mehatxatzea, haien eginkizunak betetzean edo horren ondorioz, eta Udalaren ikuskapen edo kontrol zereginak ukatzea.

d) Gune publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea, salgaiak ematen edo agenteak dauden zaintzen eta ohartarazten.

e) Baimendutako pertsona edo ordezkoa ez den pertsonak jarduera gauzatzea. Hala denean, arau-haustearen erantzuleak izanen dira jarduera baimenik gabe gauzatzen duena zein, lizentzia hori izanda, hirugarren batek edozein motaren bidez gauzatzea toleratu edo onartzen duena.

f) Eskola ordutegian postuan adingabeak egotea.

g) Ordenantzak eta produktu horiei aplikatzen ahal zaien araudiak debekatzen dituzten gaiak saltzea.

h) Akastun produktuak saltzea, kontsumitzaileen osasunerako edo segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal direnak.

i) Baimena edozein tituluren bidez eskualdatu, saldu edo lagatzea, ordenantza honetan ezarritako kasuetatik kanpo.

j) Eskatzen diren datuak edo informazioa emateari uko edo aurka egitea, eta informazio okerra, osagabea edo faltsua ematea udal agintariei, funtzionarioei eta agenteei, haien eginkizunak betetzean.

k) Salgaien edo saltzen diren materialen jatorria erakusteari uko egitea edo hori egin ezin izatea.

l) Beharrezkoak izan arren, salmenta pisatzeko edo neurtzeko tresna egokirik gabe gauzatzea, edo, hala denean, tresna akastun edo trukatuez baliatzea.

m) Pisuan edo neurrian iruzur egitea.

n) Salmenta ibiltaria arautzen duen ordenantzak ezarritako udal tasa ez ordaintzea.

o) Baimenaren eskaeretan datuak faltsutzea edo ezkutatzea.

p) Administrazio edo jurisdikzio bidean irmotasuna hartzen duen prozeduran zehatu diren arau-hauste larriak berriro egitea.

III. KAPITULUA

Zehapenak

41. artikulua. Zehapenak.

Zehapenak zehapen espedientea tramitatu ondoren ezarriko dira, indarra duen araudian ezarritako prozeduraren arabera.

1. Arau-hauste arinak egiteagatik honako zehapenak ezarriko dira:

a) Idatzizko kargu hartzea.

b) 100 euro arteko isuna.

2. Arau-hauste larriak egiteagatik, honako zehapen hauek ezarriko dira banan-banan edo batera:

a) 101 eta 200 euro arteko isuna.

b) Udal baimena aldi baterako baliogabetzea.

c) Udal baimena ezeztatzea.

3. Arau-hauste oso larriak egiteagatik, honako zehapen hauek ezarriko dira banan-banan edo batera:

a) 201 eta 300 euro arteko isuna.

b) Udal baimena ezeztatzea.

4. Osasun arloko arau-hausteak antzematen direnean, haien zehapen ahalmena beste administrazio organo bati edo beste administrazio bati esleitzen zaionez, espedientea bideratzen duen organoak horien berri eman beharko die berehala osasun agintariei, hala bada, horiek tramitatu eta zeha ditzaten.

42. artikulua. Mailaketa.

1. Ordenantza honetan aipatutako zehapenak ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Arau-haustea noraino den nahita egina.

b) Aurretiko ohartarazpenak edo eskaerak ez betetzea.

c) Arau-hauslearen fakturazio bolumena.

d) Arau-hauslearen ahalmen edo kaudimen ekonomikoa.

e) Lortu den onuraren zenbatekoa.

f) Baimenik gabeko merkataritza ibiltarian eskaintzen diren ondasunen edo produktuen izaera.

g) Arau-haustea behin eta berriro egin den eta horren iraupena.

h) Behin baino gehiagotan egin den.

i) Kaltea.

j) Sorturiko arriskugarritasuna edo osasun arriskua.

k) Gertaeren oihartzun soziala.

2. Urtebeteko epean ordenantza honen arau-hauste bat baino gehiago egiten denean eta hori epai irmoaren bidez onartu denean berriro egin dela ulertuko da.

3. Ordenantza honen arau-hausteengatik erantzuleak zehapenak jaso dituenean edo ordenantza honen arau-hausteengatik beste zehapen prozedura batzuk bideratzen ari direnean errepikapena dagoela ulertuko da.

4. Isunaren zehapenak ezartzeko orduan, kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Diruzkoak ez diren zehapenak, hautazkoak nahiz nahitaezkoak, ezartzen direnean, proportzionaltasunaren printzipioa kontuan hartuta zehaztuko da haien edukia edo iraupena.

43. artikulua. Konfiskatzea.

1. Espedientea ebatzi behar duen agintariak baimenik gabeko salmentan hartutako salgaiak edo horretan erabilitako tresnak eta gainerako elementuak konfiskatzea erabakitzen ahalko du, zehapen osagarri gisa. Arau-hauslearen konturakoak izanen dira, hala denean, salgaiak hartzeko, gordetzeko, konfiskatzeko eta suntsitzeko lanek sortzen dituzten gastuak.

2. Konfiskatzea erabakitzen duen zehapen organoak salgaiekin eta konfiskaturiko gainerako objektuekin zer egin adierazi beharko du. Honako hau egiten ahalko da:

a) Salgaiak suntsitzea, horiek erabiltzea edo kontsumitzea arriskutsua izan badaiteke osasun publikorako.

b) Agintari eskudunari ematea, salgai faltsutuei edo iruzurrezkoei dagokienez.

c) Ongintzazko establezimenduei ematea.

d) Enkante publikoaren bidez saltzea.

e) Udalak komenigarritzat jotzen duen beste edozein.

44. artikulua. Zehapenak pilatzea.

1. Kausa-efektuaren erlazioa duten bi arau-hauste edo gehiagoren ondorioz zehapen prozedura abiarazi ondoren, zehapen handiena baino ez da ezarriko.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den kausa-efektuaren erlazioa ez dagoenean, bi arau-hauste edo gehiagoren erantzuleei egindako arau-hausteetako bakoitzari dagozkion zehapenak ezarriko zaizkie, subjektua, gertaera eta oinarria berberak direla antzeman ezean. Izan ere, kasu horretan legeen aurkako jokabidea ahalik eta neurri handienean zehatzen duen mailaketa araubidea aplikatuko da.

3. Zehapen bat larriago bihurtzeko ezin izanen da kontuan hartu beste arau-hauste bat pilatzea, baldin eta azken hori banan-banan zehatzen ahal bada, edo arau-hausteak pilatzea, larritzat edo oso larritzat jotzeko.

45. artikulua. Zehapenen ordainketa.

1. Salaturiko pertsonek beren erantzukizuna beren gain hartzen ahalko dute isunaren zehapenak ordainduz. Zenbatekoaren %50 murriztuko da, ordainketa zehapen prozedura abiarazi baino lehen egiten bada.

2. Ustezko arau-hausleek beren erantzukizuna aitortzen ahalko dute isunaren zehapenak ordainduz, zehapen prozedura abiarazteko dekretuan adierazten den zehapenaren zenbatekoa %30 murriztuta.

3. Isunaren zehapenaren zenbatekoa ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, ezartzen ahal den zehapen bakarra isuna denean, bidezko errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe. Arau-haustea isunarekin eta bestelako zehapen mota batekin hautaz edo batera zehatzen ahal bada, isunaren zehapenaren zenbateko murriztua ordaintzeak ez du ekarriko prozedura amaitzea, nahiz eta horri buruz hartzen den ebazpenak ezin izanen duen gehitu ordainduriko isunaren zenbatekoa.

4. Ordenantza hau ez betetzeagatik zehapenak ezartzeak ez du arau-hauslea salbuesten sorturiko kalte-galerak konpondu beharretik. Ondorio horretarako, zehapen espedientearen ebazpenean kalte-ordaina zehaztuko da.

5. Ordenantza honetako arauen arau-hausteen ondoriozko zehapenak ordaintzeko, borondatezko ordainketarik ezean, premiamenduzko administrazio prozedurari jarraituko zaio. Ordenantza honetan ezarritako zehapenetatik datozen eta Galarko udal mugapetik kanpo egin behar diren diru-sarreren derrigorrezko dirubilketa arloko jarduketak Toki ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina onesten duen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu.

46. artikulua. Preskripzioa.

Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteek honako preskripzio epe hauek izanen dituzte: arau-hauste arinek hiru hilabetekoa, arau-hauste larriek hamazortzi hilabetekoa, eta oso larriek, aldiz, bi urtekoa. Zehapenek arau-hausteen preskripzio epe bera izanen dute.

47. artikulua. Nahitaezko betearazpenerako neurriak.

Jarduera arau-hauslea eteteko edo bertan behera uzteko neurriak bermatzeko, ohartarazpena egin ondoren, Udalak zehapenaren %10era arteko hertsatzeko isunak ezartzen ahalko ditu, ohartarazpena jaso ondoren arau-hausleak amaiera edo etena egiten ez duen egun bakoitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan arautzen ez den orotan Merkataritza Ez Egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legea, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloko arau-hausteen zehapen prozedura ezartzen duen irailaren 19ko 172/1994 Foru Dekretua eta aplikatzen ahal diren gainerako arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantzaren garapena.

Ordenantza honetan aipatzen diren salmenta ibiltariaren motak arautu behar dituzten baldintza partikularrak alkateak xedatuko ditu, berari baitagokio salmenta ibiltariaren udal lizentziak ematea, Gobernu Batzordea horretarako eskuordetzeko ahalmenari kalterik egin gabe.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarririko epea iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1107564