85. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

48/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ematen dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera arte ikasketen barruan goi mailako arte ikasketak daude; ikasketa horien antolamendua ezarri zuen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak graduko eta graduondoko ikasketak bereizten ditu; azken maila horretan master eta doktorego ikasketak sartzen dira.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak musikako graduko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen du, eta Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 110/2010 Foru Aginduak musikako goi mailako ikasketen plana arautzen du Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan Nafarroako Foru Komunitaterako.

Musikako graduko goi mailako ikasketek lau ikasturte dituzte, 60 kreditukoa bakoitza, eta ikasketa horiek gainditzean musikako graduatu titulua eskuratzen da.

Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketak 2010-2011 ikasturtetik aurrera ezarri direnez gero, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak arauak ezartzea ikasketa horietan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko prozesuetarako.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du, musikako graduko goi mailako arte ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman daitezen Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da arauak ematea Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako arte ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

2. Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan, goi mailako musika kontserbatorioetan edo goi mailako musika eskoletan eta baimendutako ikastetxe pribatuetan aplikatuko da foru agindu hau.

II. KAPITULUA

Sarbidea

2. artikulua. Musikako graduko goi mailako ikasketetan sartzea.

Musikako graduko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Batxiler-titulua izatea, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditua izatea.

b) Hezkuntza Departamentuak araututako sarrera proba berariazko bat gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasunak dituela erakusteko. Lanbide titulua izatea aintzat hartuko da probaren azken kalifikazioan.

3. artikulua. Ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

3.1. Foru agindu honen 2.a) artikuluan ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 19 urtetik gorako pertsonak Hezkuntza Departamentuak antolatutako heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba horretan, izangaiak frogatu beharko du Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela, baita ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak ere. Proba horrek betiko balioko du goi mailako arte ikasketetan sartzeko Estatu osoan.

3.2. Berariazko sarrera proba egin aurretik, Hezkuntza Departamentuak heldutasun proba baterako deialdia eginen du urtero.

4. artikulua. Berariazko sarrera proba: probaren helburuak eta balioa.

Berariazko sarrera probaren helburua da egiaztatzea izangaiek badituzten musikako graduko goi mailako ikasketak, bakoitzak eskatzen duen espezialitatean, probetxuz egiteko behar diren ezagupen eta gaitasun profesionalak. Proba gainditzen dutenak haren deialdian adierazitako ikasturtean bakarrik matrikulatzen ahalko dira.

5. artikulua. Berariazko sarrera proba: ikasturtez ikasturteko deialdiak.

Ikasturtea hasi aurretik, urtero, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da gutxienez ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke.

Hezkuntza Departamentuak bere eskumeneko ikastetxeei dagozkien deialdiak onetsi eta argitaratuko ditu.

Ikastetxe pribatuen kasuan, ikasturte bakoitzeko deialdiak egiteko ardura ikastetxe horietako titularrek izanen dute.

6. artikulua. Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Gainera, Interpretazioaren espezialitatean, musika tresnaren araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

7. artikulua. Berariazko sarrera proba: probaren edukia.

Nafarroako Foru Komunitatean gaur egun ezarrita dauden espezialitateetarako berariazko sarrera probaren edukia eta haren balorazio partziala foru agindu honekin doan eranskinean agertzen dira.

Eranskin horren edukia Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez alda edo zabal daiteke.

8. artikulua. Proba gainditu izanaren ziurtagiria.

Ikastetxeek ziurtagiri bat emanen diete sarrera proba gainditzen duten izangaiei. Bertan, gutxienez, ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa agertuko dira, dena epaimahaiko idazkariak sinatua eta epaimahaiburuak ontzat emana.

9. artikulua. Ikaspostuen eskaintza.

Hezkuntza Departamentuak ahalmena du bere eskumeneko ikastetxeetan espezialitate eta kurtso bakoitzerako eskuragarri dauden ikaspostuen kopurua ezartzeko.

10. artikulua. Onarpena.

10.1. Musikako titulu profesionalaren balorazioa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 54.2 b) artikuluan eta abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, titulu profesionala edukitzea kontuan hartuko da goi mailako musika ikasketak egiteko sarrera probaren azken kalifikazioan.

Horrenbestez, sartzeko berariazko proba gainditu duten izangaiei, Musikako titulu profesionala izanez gero, hauxe aplikatuko zaie:

Ikastetxeetan sartzeko azkeneko puntuazioan berariazko sarrera proban lortutako kalifikazioari balorazio gehigarri bat gehituko zaio, izangaiaren ikasketa espedientearen batez bestekoaren arabera.

Aurkeztutako ikasketa espedientearen araberako puntu gehikuntza 0,5 eta 1,25 puntu bitartekoa izanen da, taula honetan adierazten denaren arabera:

MUSIKAKO TITULU PROFESIONALEKO
ESPEDIENTEAREN BATEZ BESTEKO NOTA

GEHIKUNTZA

5etik 5,50era

0,50

5,51tik 6,50era

0,65

6,51tik 7,50era

0,80

7,51tik 8,50era

0,95

8,51tik 9,50era

1,10

9,51tik 10era

1,25

Musikako titulu profesionala benetan baloratu ahal izateko, izangaiak, berariazko proba gainditzeaz gainera, ikasketa horietan lortutako batez besteko notaren egiaztagiria edo ikasketa ziurtagiri oso bat aurkeztu beharko du.

Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, musikako irakasle titulua duten izangaiek, atal hori baloratzea nahi badute, tituluaren fotokopia konpultsatua eta ikasketa ziurtagiri bat aurkeztu beharko dituzte. Kasu horretan, espedientearen batez besteko nota baremo honi jarraikiz kalkulatuko da:

-Ohorezko saria/matrikula: 10 puntu.

-Ohorezko aipamena: 9,5 puntu.

-Bikain: 9 puntu.

-Oso ongi: 8 puntu.

-Nahikoa: 6 puntu.

10.2. Ikaspostuen esleipena.

Berariazko sarrera proba gainditzen duten izangaiei ikasketa profesionalen balorazioa gehitu ondoren, espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, musika tresna bakoitzerako zerrenda bakar bat osatuko da, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Espezialitate guztietan, onarpena izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera eginen da, puntu gehien lortzen duenetik hasita. Berdinketa izanez gero, ordena zozketa publikoaren bidez finkatuko da.

Esleitu gabeko ikasposturik geldituz gero, eta ez bestela, proba beste zentro batean gainditzen duten izangaiei esleitzen ahalko zaizkie. Dena dela, ikastetxeek proba bat egin dezakete, ikusteko izangai horiek eskatutako espezialitatea probetxuz ikasteko behar diren gaitasun eta trebetasun berariazkoak dituzten. Proba horren eguna, tokia eta edukia behar den denborarekin iragarriko dituzte.

III. KAPITULUA

Matrikulazioa eta ikasten jarraitzea

11. artikulua. Matrikulazio prozesua.

Ikastetxeek finkatuko dute matrikulazioa egiteko epea, hala onartzen diren ikasle berrientzat, nola ikastetxeko ikasleentzat.

12. artikulua. Matrikulan hartu beharreko kreditu kopurua ikasturtearen arabera.

12.1. Graduko ikasketen lehenengo ikasmailari buruzko zehaztapenak.

Graduko ikasketen lehenengo ikasmailan ikasleak maila horri dagozkion ECTS kreditu guztietan matrikulatu beharko dira, hots 60 kreditutan.

Graduko ikasketen bigarren mailako irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da lehenengo mailako gutxienez 40 ECTS kreditu gainditu izatea.

12.2. Graduko ikasketen gainerako ikasmailei buruzko zehaztapenak.

Lehenengo ikasmaila osoa, edo lehenengo mailako 40 ECTS kreditu edo gehiago, gainditzen duten ikasleak hurrengo ikasmailako irakasgaietan matrikulatzen ahalko dira.

Une horretatik aurrera, ikasturte bakoitzean gutxienez 30 ECTS kreditutan eta gehienez 80 ECTS kreditutan matrikulatu beharko dira. Azkeneko mailan, salbuespenez, 30 ECTS kreditu baino gutxiagotan matrikula daitezke, baldin eta hori ikasketak bukatzeko gainditu behar dituen irakasgai guztietan matrikulatzearen ondorioa bada.

13. artikulua. Matrikulatzeko mugapenak.

Lehenengo mailako irakasgai guztiak gainditu ezean ezin da hirugarren mailako irakasgaietan matrikulatu, eta bigarren mailako irakasgai guztiak gainditu ezean ezin da laugarren mailako irakasgaietan matrikulatu.

Era berean, ezin izanen da matrikulatu ikasmaila bateko ezein irakasgaitan non eta ez den ikasturte berean matrikulatzen aurre-aurreko ikasmailan gainditzeko dituen irakasgai guztietan.

Bestalde, ezinezkoa izanen da eduki progresiboa duten bi irakasgaitan ikasturte berean matrikulatzea, foru agindu honetan matrikula zabaltzeko azaltzen diren kasuetan izan ezik.

Horri dagokionez, ikastetxeek argitara emanen dute matrikulatu ahal izateko beste irakasgai bat gainditzea eskatzen duten irakasgaien zerrenda.

14. artikulua. Gainditzen ez diren irakasgaietan matrikulatzea.

Oro har, ikasturte batean matrikula egin baina irakasgairen bat gainditzen ez duten ikasleak, hurrengo ikasturtean, gainditu ez dituzten irakasgai eta kreditu berberetan matrikulatu beharko dira berriro.

Aukerako irakasgairen bat gainditzen ez badu, ikasleari aukera emanen zaio hurrengo ikasturtean ikastetxeak eskaintzen duen beste irakasgai batean matrikulatzeko, deusetan galarazi gabe aukerako irakasgai hartako deialdiak erabilitzat kontabilizatzea.

15. artikulua. Ikasketa espedientea lekuz aldatzearen ondorioz sartzen diren ikasleen matrikulazioa.

Beste ikastetxe batzuetatik espedientea aldatuz sartzen diren ikasleen kasuan, ikasle horiek ikasketetan aurrera egin dezaten gomendagarria baldin bada, Zuzendaritzak baimena eman dezake, salbuespen gisa, matrikula foru agindu honen 12. artikulutik 14.era bitarte ezarritako moduaz bestela egiteko.

16. artikulua. Matrikulari uko egitea.

Ikasleek egiten ari diren irakasgai batzuen edo guztien matrikula deuseztatzeko eska diezaiokete ikastetxeko zuzendaritzari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute ondoko inguruabarretariko bat gertatzen dela:

-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

-Lanpostu bat eskuratu izana.

-Familia beharrak izatea.

Egokitzat jotzen diren txosten guztiak aztertu ondoren, zuzendaritzak eskaerak ebatziko ditu eta matrikula deuseztatzeko baimena emanen du, betiere lehen aipatutako kausaren bat gertatu dela egiaztatua baldin badago eta, horren ondorioz, eskatzailea ezin izan baldin bada eskoletara ohiz joan eta ezinezkoa izan baldin bada kalifikatu etengabeko ebaluazio prozesua erabiliz.

Matrikulari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da uko horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela. Halakoetan, ikasleari ez zaizkio zenbatuko deuseztatutako irakasgaiei dagozkien deialdiak.

Kurtso bateko irakasgai bakoitza behin bakarrik deuseztatzen ahalko da.

Ikasturte batean matrikulatutako irakasgai guztiak deuseztatzea behin bakarrik egiten ahalko da. Halakoetan, ikasturte hori ez da aintzat hartuko graduko ikasketak egiteko kontaketan.

Matrikula deuseztatu arren ez dira ordaindutako tasak itzuliko.

Hurrengo ikasturtean, ikasle ofizial gisa jarraitu ahal izateko, aurrekoan deuseztatutako irakasgai guztietan matrikulatu beharko dira ikasleak.

17. artikulua. Matrikula luzatzea.

Salbuespenez, ikasleek zilegi izanen dute matrikulatuta dauden eduki progresiboko irakasgai baten matrikula luzatzea hurrengo kurtsorako edo kurtsoetarako, baldintza hauek betez gero:

-Ikastetxeko zuzendaritzari urtarrilean eskatu beharko diote, ikastetxeak berak ezartzen duen epean. Eskaerarekin batera, idazki bat aurkeztuko dute, irakasgaiaren irakasleak sinatua, adostasuna adierazten duena. Zuzendaritzak ebatziko du eskaeren gainean. Horrek baimendu edo ukatuko ditu eskaturiko luzatzeak. Horretarako, bidezkotzat jotzen dituen txosten osagarriak eskatuko ditu. Matrikula arrunten kasuan bezala, foru agindu honetan matrikulatzeko eskatzen diren baldintza orokorrak betetzea eskatuko da.

Ikasleak prozedura arruntaren bidez matrikulatutako kurtsoko irakasgaian kalifikazio positiboa lortu beharko du matrikula luzatuta egiten duen irakasgaia kalifikatu aurretik.

-Banakako arreta duten irakasgaietan, matrikula luzatzeak ez du ekarriko irakas-denbora ere luzatzea.

18. artikulua. Musikako graduko goi mailako ikasketetan egoteko denbora muga.

Ikasleek zortzi ikasturte izanen dituzte musikako graduko ikasketak bukatzeko, irakasgai bakoitzean ezarritako gehieneko deialdi kopurua deusetan galarazi gabe.

Beste autonomia erkidego batzuetatik ekarritako espedienteen kasuan, ikasketa hauek egiteko gehieneko denbora kalkulatzearen ondorioetarako, aurretik egindako ikasturteak ere aintzat hartuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.-2010-2011 ikasturtean graduko ikasketak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan hasi dituzten ikasleen 2011-2012 ikasturterako matrikulazioa.

Salbuespenez, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan graduko ikasketen lehenengo mailan matrikulatu diren ikasleei ez zaie eskatuko lehenengo mailako 40 ECTS kreditu gainditurik izatea 2011-2012 ikasturtean bigarren mailako irakasgaietan matrikulatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Garatzeko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari, foru agindu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak har ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko martxoaren 29an.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

A) Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia, espezialitatearen arabera.

1.-Espezialitatea: Interpretazioa.

Ariketa hau ikastetxeak finkatu eta aditzera emanen dituen irizpideetara egokituko da. Irizpide horietan analisiaren eta lan edo azterlanen zailtasun maila, estilorik adierazgarrienak eta, hala badagokio, programa osoa edo zati bat buruz interpretatu beharra ezarriko dira; irizpideetan, orobat, erreferentziarako lan batzuk adieraziko dira. Era berean, bakarka edo beste musika tresna batek lagundurik jo beharreko pieza kopurua zehaztuko da, musika tresna ez-polifonikoen kasuan.

1.1. Musika tresnak: Akordeoia, Harpa, Kantua, Klarinetea, Kontrabaxua, Fagota, Zeharkako flauta, Moko-flauta, Gitarra, Oboea, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronpa, Tronpeta, Tronboia, Tuba, Biola, Biolina, Biolontxeloa.

a) Hogeita hamar minutu inguruko programa bat interpretatzea, maila horri dagokion zailtasuna duten lanez eta/edo azterlanez osatua.

b) Epaimahaiak proposatuko duen lan edo puska baten analisia.

c) Bistako irakurketa.

1.2. Musika tresnak: Klabea, Organoa.

a) Hogeita hamar minutu inguruko programa bat interpretatzea, maila horri dagokion zailtasuna duten lanez eta/edo azterlanez osatua.

b) Epaimahaiak proposatuko duen lan edo puska baten analisia.

c) Melodia baten akonpainamendu inprobisatua, epaimahaiak emanen duen baxu zifratu batetik abiaturik kontinuo bat eginez.

1.3. Jazzeko musika tresnak: Baxu Elektrikoa, Bateria, Kantua, Kontrabaxua, Gitarra Elektrikoa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia eta Tronpeta.

a) Hogeita hamar minutu inguruko programa bat interpretatzea, maila horri dagokion zailtasuna duten lanez eta/edo azterlanez osatua.

b) Epaimahaiak proposatuko duen lan edo puska baten analisia.

c) Inprobisazio saio bat egitea epaimahaiak emanen duen sekuentzia harmoniko batetik abiatuta.

2.-Musika tresnetakoak ez diren espezialitateak: Konposizioa, Musikologia eta Pedagogia.

a) zatiko lanetan zailtasun ertaineko lau lan sartu beharko dira gutxienez, musika tresnaren literaturako estilo adierazgarrienetakoak, izangaiak berak aukeratuak. Kantuaren kasuan, zerrendan zortzi lan agertuko dira gutxienez. b), c) eta d) zatiak egiteko, zentroek behar bezalako denborarekin, zati bakoitzaren edukiaren eta zailtasun mailaren gaineko orientabide batzuk emanen dituzte, bakoitzaren ezaugarrien eta berezitasunaren arabera.

2.1. Osaera.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantuaren kasuan) interpretatzea hamabost bat minutuz hautagaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak.

b) Hautagaiak egindako lanen aurkezpena eta ahozko defentsa.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea.

d) Lehen begi-kolpeko irakurketa pianoan.

2.2. Musikologia.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantuaren kasuan) interpretatzea hamabost bat minutuz hautagaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak.

b) Lan baten edo zati baten analisia.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea.

2.3. Pedagogia.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantuaren kasuan) interpretatzea hamabost bat minutuz hautagaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak.

b) Kantu proba, bakarka eta taldeka.

c) Pieza labur baten konposizio didaktikoa, epaimahaiak emanen duen melodia edo testu batean oinarrituta.

d) Lehen begi-kolpeko irakurketa pianoan.

B) Berariazko probako atal bakoitzaren balorazio partziala, espezialitatearen arabera.

Proba bakoitzaren zatia batetik hamarrera puntuatuko da, dezimalik gabe.

Kalifikazioak ehunekotan ponderatuko dira, taula honi jarraikiz:

ESPEZIALITATEAK

PROBAREN ZATIAK

a

b

c

d

Interpretazioa. 1.1 ataleko musika tresnak

45

35

20

Interpretazioa. 1.2 ataleko musika tresnak

45

35

20

Interpretazioa. 1.3 ataleko musika tresnak

40

30

30

Konposizioa

20

30

30

20

Musikologia

20

45

35

Pedagogia

25

25

25

25

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa bada. Emaitzak, hala guztirakoak nola partzialak, aktetan jasoko dira eta proba egiten den ikastetxeko iragarki oholean argitaratuko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: F1106175