65. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 14an hartua, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana"ren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena, A tarteak eta 1. alternatibak osatzen duten trazaduraren arabera, eta AP-15ekin bat egiten duen tarterako proposatutako hirugarren erreiaren soluzioa aldatzen duena, bide biltzailea ezarriz.

I.-Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2010eko uztailaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen, jendaurrean jarri eta mugapea ukitua duen udalari entzunaldia eman zitzaion, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, baita Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere. Erabaki hori 2010eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Lizarra eta Zangoza arteko NA-132 errepidearen Tafallako hegoaldeko saihesbiderako soluzioen definizioa, analisia, balorazioa eta konparazioa ditu xede azterlanak.

Azterlanak hasieran hamalau alternatiba hartu zituen kontuan. Ingurumen, lurralde, sozioekonomia eta eginkizunen aldetik analizatutako baldintzekiko bateragarritasun-mailaren arabera, hamalauetatik lau aztertu ziren zehatzago. Lauetako bakoitzean litezkeen bi hasiera agertzen ziren: bata, A tartea izenekoa, NA-132 eta NA-6140 errepideen arteko egungo gurutzagunetik abiatzen dena, biribilgune batez aldatzen duena; eta bestea, B tartea izenekoa, NA-132 errepideko 31. k.p.tik. abiatzen dena.

Araudiak ezarritako baldintza geometrikoez gain -bide segurtasuna bermatzea, ingurumenaren gaineko eragina eta elementu sozio-ekonomikoetan, kulturakoetan, historikoetan eta ondarekoetan duen ukipena gutxitzeko helburua betetzea-, baldintza partikular batzuk finkatu ziren alternatiba guztientzat, honako hauek hain zuzen:

. Tafalla eta Miranda Arga arteko NA-6140 errepidearekiko lotura.

. Iruña eta Tutera arteko N-121 errepidearekiko lotura.

. Iruña eta Zaragoza arteko AP-15 autobidearekiko lotura.

. Ukipenak saihestea dauden eraikinetan eta, oro har, eraikitzen ari direnetan eta, bereziki, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan.

. Lurzati berrantolamendu egin berria, eskualdeko ureztatze proiektuaren ondoriozkoa, errespetatzea, lurzati eta bideetan ukipena gutxituz.

. Kontuan hartzea planeatutako abiadura handiko trenbidearen trazadura.

. Industria lurzoruaren okupazioa, aisialdiko baratzeen plan bereziko lurzoruena eta nekazaritzako produktibitate handiko lurzoruena gutxitzea.

Azkenean hautatuko den alternatibaren trazadura doituko da hura eraikitzeko proiektuan. Gauza bera esan daiteke hainbat biderekiko loturei eta bide lehengoratzeari buruz, zehatzago aztertuko baitira aipatu eraikuntza proiektuan.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean sei alegazio idazki aurkeztu dira. Haien eduki laburtua, balorazioa eta erantzuna ondoren azaltzen dira:

1. alegazioa.-Cristina Sota Pernaut andrea, Tafallako Udaleko alkatea.

Edukia:

Aurkeztu da Tafallako Udaleko hirigintza alorraren txosten teknikoa. Txostenean adierazten da Tafallako hegoaldeko saihesbiderako trazadura egokientzat jotzen dela B tartea (edo A) eta 1. tartea-1. alternatiba, eta zehazten da A eta B tarteen artean, A tartea jotzen dela egokientzat.

Aurrekoa gorabehera, txosten horrek beharrezkotzat jotzen du NA-115, NA-121 eta NA-8602 errepideetako loturetan dauden trafiko arazoak konpontzea, industrialdeetarako sarbideak oztopatzen baitituzte, eta, horregatik, 4. alternatiban proiektatutako biribilgunea ere egitea eskatzen du.

Erantzuna:

Onartu egin da eskatutakoa, zati batean. Eraikuntza proiektuan garatuko den alternatiba A tartea-1. alternatiba izanen da, eta sartuko da NA-115, NA-121 eta NA-8602 errepideetako biribilgunea egitea, aurreikusten den trafikorako beharrezko neurriak eta kokapena izanen dituena.

2. alegazioa.-Cristina Sota Pernaut andrea, Tafallako Udaleko alkatea.

Edukia:

Aurkeztu da Tafallako Udaltzaingoaren txostena. Hartan, adierazten dira A tartearen abantaila batzuk, B tartearekin alderatuta, eta proposatzen dira 1. alternatibari buruzko zuzenketa eta kontuan hartuzko hauek:

-Eskatzen da, biak ordaintzea ezinezkoa bada, 1. alternatiban proposatutako Club San Gregorio atzekaldeko bide gaineko pasabidea, NA-121ean sortzen den biribilgune berritik hurbil, aldatzea aztertzeko, Camino del Curtidoren gaineko pasabide batez ordezteko. Izan ere, alegatzailearen iritziz, azken hau askoz ere ibiliagoa da.

-Ez da aurreikusi sarbide zuzen eta motzagoa, Iruñetik autobidetik etorri eta, NA-132 errepidera pasatzeko, biribilgunean sartzen diren ibilgailuentzako.

-Ez da aurreikusi saihesbiderako sarbiderik NA-121 errepidetik, gaur egungo biribilgunearen bidez, La Tafallesa autobusen garajeren zati baten okupazioa beharrezkoa delako (konpon litekeena) edo Carrocerias Barásoain enpresaren patioaren zati baten okupazioa (alegatzailearen iritziz, zati hori beharrezkoa delako maniobratu eta aparkatzeko).

Erantzuna:

Eraikuntza proiektuan garatuko den alternatiba A tartea-1. alternatiba izanen da.

Eraikuntza proiektuaren idazketan ukitutako bideak lehengoratzea aztertuko da, behar bezainbeste pasabide, maila ezberdinetan, eginen dira eta, horien osagarri, saihesbidearen trazadurarekiko zerbitzu-bide paraleloak.

Tafallako Udaltzaingoaren txostenean agertzen denez, AP-15 gaineko NA-132 errepideko pasabidearen kokapenak eta kotek baldintzatzen dituzte lotuneko adarren ezaugarriak. Ez da aurreikusi saihesbidera sartzea NA-121 errepideko egungo biribilgunetik, industrialdeko adarrek behar diren neurriak ez dituztelako.

3. alegazioa.-Carmelo Martínez Arellano jauna, bere izenean eta La Nava induatrialdearen ingurunean edo N-121 eta NA-115 errepideetatik hurbil dauden hainbat enpresa, ostalaritzako establezimendu, merkataritza gunetako titular eto tailer ordezkatuz.

Edukia:

Jendaurrean jarri ziren alternatibak aztertu ondoren, haien ustez "4. alternatiba-A tartea edo B tartea + 1. tartea-4. alternatiba" da Tafallako beharrak hobekien asetzen dituena. Haien iritziz, alternatiba horrek La Nava industrialdearen inguruko enpresa eta jarduera-zentro guztien aintzinako eskaera bat asetzen du: N-121, NA-8602 (Erriberriko zeharbidea) eta N-115 errepideen bidegurutzea eta AP-15ekiko lotura konpontzea. Alde horretatik, adierazten da biribilgune handi batek errepide horien bidegurutzetan egun dauden trafiko arazoak konponduko lituzkeela.

Hala ere, alegatzaileek badakite 1. alternatiba dela baloraziorik hoberena duena eta, horregatik, eskatzen dute Nafarroako Gobernuak, hura hautatuz gero, errepide horien bidegurutzean 4. alternatiban aurreikusten den biribilgunea baino neurri txikiagoko bat eraiki beharko lukeela.

Erantzuna:

Eraikuntza proiektuan garatuko den alternatiba A tartea-1. alternatiba izanen da, baina, alegatutakoa kontuan hartuta, sartuko da NA-115, NA-121 eta NA-8602 errepideetako biribilgunea egitea, aurreikusten den trafikorako beharrezko neurriak eta kokapena izanen dituena.

4. alegazioa.-Pedro Jurío Esquíroz jauna, Juan Serafín Jurío Zubiri eta "Construcciones Serafín Jurío, S.L." ordezkatuz.

Edukia:

Alegazio idazki horren arabera, UPSen aurreikusten den NA-132an AP-15ekiko lotura berria egiteak Tafallako 3. poligonoko 65. lurzatirako sarbidea ukituko du. Lurzati horretan "Construcción Serafín Jurío, S.L." merkataritza-sozietateak bere jarduera garatzen du, eraikuntza sektorean.

Alde horretatik, eskatzen da behin betiko proiektuaren idazketan lurzati horretarako sarbidea kontuan har dadila, tonelaje handiko kamioiek erabiltzen baitute eta horiek biraketa-erradio handiagoa behar dute.

Erantzuna:

Eskatutakoa onartzen da, eraikuntza proiektuaren idazketan saihesbidea egiteak ukitzen dituen lurzati guztietarako sarbideak lehengoratuko dira.

5. alegazioa.-Francisco Iribarren Sagüés jauna.

Adierazten du informazio azterlanaren 2. alternatibak bere jabetzako lurzati bat ukitzen duela, lurzati berrantolamendu baten ondoriozkoa. Bertan ureztapeneko inbertsio handiak egin berri dira, eta alternatiba hori hautatuz gero erabilgaitz geratuko litzateke ureztapena.

Erantzuna:

Eraikuntza proiektuan garatuko den alternatiba A-1. alternatiba izanen da, eta horregatik lurzati hori ez da ukituko.

6. alegazioa.-Juan José Pérez de Iriarte Ruiz jauna.

Edukia:

Azaltzen du informazio azterlanaren 3. alternatiba egitearen kontra dagoela, bere jabetzako lurzati bat ukitzen eta erdibitzen baitu.

Erantzuna:

Eraikuntza proiektuan garatuko den alternatiba A-1. alternatiba izanen da, eta horregatik lurzati hori ez da ukituko.

III.-Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10eko Erabakian ezarritako determinazioak betetzeari buruz.

Erabaki horrek, xedapen zatiko 2. atalean, ondokoa ezarri zuen:

"2. Aipatu departamentuari adieraztea, UPSa ebatzi aurretik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko duela."

2010eko urriaren 4ko txostenean, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak adierazten du proposatzen diren bi alternatibek ukipenak sortzen dituztela Nafarroako Ubidearen IV-1 Sektoreko eremu ureztagarrian, 1.750 metroko tartean, eta horregatik aplikatzekoa dela Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 50.5.a) artikuluan ezarritakoa, hau da, ureztalur bihurtzeko inbertsio publikoaren zati bat Administrazioari itzultzeko galdatzea.

IV.-Proposatu den alternatiba.

Proiektuaren alternatiba guztiak, alegazioak, eskaerak eta arlokako txostenak aztertu ondoren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposatu du A tarteak + 1. alternatibak osatzen duten saihesbidearen trazadura onestea, eraikuntza proiektuaren mailan gara dadin, eta bide biltzailea ezartzea, AP-15ekin bat egiten duen tarterako proposatutako hirugarren erreiaren soluzioaren ordez. Aurrekoaz gain, jarduketa osatuko da N-121, NA-115 eta NA-8602 errepideen arteko bidegurutzean 4. alternatibakoaren antzeko biribilgune bat eginez. Proposamen horrek espedientea ebazteko departamentu sustatzaileak erantsitako plano batean daude.

V.-Ingurumen ondorioen adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 21ean emandako 293/2010 Ebazpenaren bidez, UPS honen ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Adierazpen horrek adierazi du proiektua gauzatzen ahal dela ingurumenean eragin nabarmenik izan gabe, eta eraikuntza proiektuan eta obren exekuzioan aplikatu behar diren zuzenketa neurriak ezarri ditu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana"ren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, A tarteak eta 1. alternatibak osatzen duten trazaduraren arabera, eta AP-15ekin bat egiten duen tarterako proposatutako hirugarren erreiaren soluzioa aldatzea, bide biltzailea ezarriz.

3. Aurreko jarduketa osatzea, N-121, NA-115 eta NA-8602 errepideen arteko bidegurutzean 4. alternatibakoaren antzeko biribilgune bat eginez.

4. Eraikuntza proiektuaren idazketan eta obrak egiterakoan, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 21ean emandako 293/2010 Ebazpenean ezarri ziren baldintzak beteko dira. Ebazpen horretan hartutako soluzioaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

5. Nolanahi ere, obren exekuzioa baldintzatzen duten edo exekuzioaren ondorioz ukituta gelditzen diren bestelako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau Tafallako Udalari, "Autopistas de Navarra, S.A."ri (AUDENASA), "Nafarroako Industria Lurzorua, S.A."ri (NASUINSA) eta alegaziogileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Corellan, 2011ko martxoaren 14an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1104781