57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, Iturengo eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Turistikoko Festa direla adierazten duena ofizioz.

Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" izendapena sortzea.

Foru dekretu horren 9. artikuluak ezartzen du "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena turismo arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen dela. Era berean, 4. artikuluan aurreikusten denez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Interes Turistikoko Festaren adierazpen prozedurari hasiera eman ahalko dio ofizioz.

Iturengo eta Zubietako inauteriak naturari estuki lotutako erritua dira, eta baldintzak betetzen dituzte Nafarroako Interes Turistikoko Festa direla ofizioz adierazteko; izan ere, ospakizun originala dira, herritarrengan errotuta daude -hala erakusten dute horien antzinatasunak eta balio etnografiko eta soziokulturalek-, herritarrek parte-hartzen dute eta bisitari ugari, gure Foru Komunitatekoak bertakoak nahiz kanpokoak, erakartzen dituzte. Gainera, ondasun ez-materialaren adierazpena badute, interes kulturaleko ondasunen kategoriaren barnean. Adierazpen horrek, noski, berresten ditu gorago horien kulturaren adierazpen gisa eta Nafarroako baliabide turistiko gisa azaldutako baldintzak.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du, foru agindu bidez, Iturengo eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Turistikoko Festa direla adieraztea ofizioz, abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Iturengo eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Turistikoko Festa direla adieraztea ofizioz.

2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Foru agindu hau Iturengo eta Zubietako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 3an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F1104351