45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Udal ordenantza, Udal hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Aurizko Udalak, 2010eko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza (2011ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Auritzen, 2011ko otsailaren 14an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

Aurizko udal hilerria 1965ean eraiki zen; Miguel Gortari Beiner arkitekto iruinsemearen lana da eta, diseinatu zen garairako, abangoardia filosofiko eta arkitektonikoa izan zen bete-betean.

Hilerri honetan forma da nabarmentzekoa, zirkulu bat baita ? (omega) itxuratzen duena, hau da, alfabeto greziarraren azken letra, lurreko biziaren amaiera sinbolizatzen duena; sarbidea alfabeto greziarraren lehen letraren itxura duen ate batetik egiten da: A (alfa), bizi berriaren hasiera irudikatzen duena.

Haren barnean lauki-sare bat aurkitzen dugu; lauki bakoitza -"fuesa" erraten zaio Auritzen- karrikek zedarritua dago eta hiru hilobi ditu. Lauki edo "fuesa" bakoitza familia bakoitzari esleiturik dago, eta familiaren bereizgarria disko-formako hilarrian dago; gisa horretara uniformetasun bat lortzen da, gizaki guztiek heriotzaren aitzinean duen berdintasuna sinbolizatzen duena.

Hilerriaren hondarrean gurutze bat, guztiendako bakarra.

1965ean, eraiki ondoan, erabileraren gaineko ordenantza onetsi zen, baina hura maiz ez da bete eta zaharkiturik gelditu da.

Hori dela-eta hilerri "estatiko" bat da, "dinamikoa" izan beharrean, eta haren erabilera mukurutzea ekartzen ari da; handia bada ere, egun ezinezkoa litzateke gaurko bizilagunei lur ematea.

AURIZKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN
ORDENANTZA

Erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Aurizko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian gutienez ere 10 lauki edo "fuesa" izanen dira eta, beraz, 30 hilobi huts, hori baita udalerriko zentsuari ongi dagokion kopurua. Artikulu hau betetzeko Udalak, urtebeteko epean, lauki edo "fuesa" bat esleiturik izanik ehortziak izateko eskubidea galdu duten lagunei aditzera emanen die epe horretan laukian dauden gorpuzkiak atera ditzaten hustu beharreko lauki edo "fuesatik"; bertze hilerri batera eramaten ahalko dituzte edo hilerri honetako hezurtegira. Ez badute gorpuzkirik eramaten, Udalak eginen du lan hori, eta orduan gorpuzkiak hezurtegira eramanen dira.

5. artikulua. Luze-zabal murritzekoa baita eta arkitektura aldetik berezia, Aurizko udal hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute Auritzen erroldaturik eta egiazki udalerrian gutienez ere bederatzi hilabetez bizi direnek, baita osasun kontuak direla-eta udalerritik kanpora bizi behar izan dutenek ere.

6. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira Aurizko udal mugapean hiltzen diren lagunak, haien hilotza erreklamatzen ez bada.

Horretarako, Udalak hiru hilobiren lauki edo "fuesa" gordeko du, inolako hilarri edo idazkunik gabe.

7. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira ordenantza hau onestean 1. xedapen iragankorra betetzen duten hilotzak, aitzineko bi artikuluetako baldintzak bete gabe ere.

8. artikulua. Lauki edo "fuesa" baten titularraren ahaide edo hurbilekoen gorpuzkiak ehorzten ahalko dira, betiere haien baimena izanez gero. Halakoetan gomendio egiten da zenduen hilotzak errausteko udal hilerri honetara ekarri aitzin.

9. artikulua. Hilerrian lurra emanen zaie ehorztera ekartzen diren hilotz guztiei, betiere legezko tramite guztiak bete badira, eta 5, 6, 7 eta 8. artikuluetan aipatzen diren baldintzak bete badira. Horrez landa, ordenantza honen I. eranskinean aipatzen diren tasak ordaindu beharko dira.

Hilerriaren erabilera

10. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien arabera.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

12. artikulua. Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

13. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan. Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek manatu ezean.

14. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

15. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

16. artikulua. Hilotza ateratzeko baimena idatziz eskatu beharko diote interesdunek Udalari; honek hura egiteko eguna eta ordua finkatuko ditu.

17. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko.

18. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

19. artikulua. Ehorzteko errausteko diren hilotzen errautsak zeramikazko kutxatila edo ontzietan egon beharko dira.

20. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

Apaindura eta garbitasuna

21. artikulua. Lauki edo "fuesak" segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

22. artikulua. Lauki edo hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira; debeku da zolak paratzea eta orobat edozein motatako fabrika-obra.

23. artikulua. Laukiaren goiburuan disko-formako hilarri bat paratzen ahalko da, hilerriaren ezaugarrien araberakoa, 80 cm garai baino gehiago izanen ez dena; debeku da arrunt hilarriak paratzea, disko-formakoak ez badira. Udal Plan Orokorrean hilerriak duen babes egiturazkoaren ondorioz, eta disko-formako hilarriak multzo horren atal direnez, ehorzketa eskubidea galtzeagatik kendu behar direnak hezurtegiaren aldean edo kapera-gorputegiarenean aldean ezarriko dira, haien kontserbazio egoera nolakoa den eta horrela.

24. artikulua. Hilarrirako erabili beharreko harri mota da Baztango harri gorria, hareharria, Induraingo harri grisa edo Sepúlvedako harri zuria.

25. artikulua. Udalak, horretarako, komenigarri iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu; laukia baldintza desegokietan egonez gero, haren erabiltzaileei jakinaraziko die, 10 egun naturaleko epean tokia txukun dezaten.

26. artikulua. Konplitzen ez badu Udalak titularra zehatuko du; behar diren garbiketa lanak egin ditzake titularraren bizkar.

27. artikulua. Debeku da 80 cm baino gehiagoko landareak landatzea; ezin izanen da inola ere arbolarik landatu.

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

28. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilotzak hobitik ateratzea.

c) Hilobiei lotutako bertze lan batzuk.

29. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak izan.

30. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

31. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude. Tasak kobratzean, bi ehorzketa edo gehiago balira bezala kontatuko dira.

32. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertze batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

33. artikulua. Hilotz bat ehorztean edo hobitik ateratzean disko-formako hilarriak kentzea (eta gero paratzea) beharrezkoa bada, subjektu pasiboak horren ardura hartu beharko du, edo bertzenaz Udalari zerbitzu horrek dakarkion kostua ordaindu.

Disko-formako hilarriak kentzean (eta gero paratzean) objektu horietan edo bertze hilobi batzuetan zerbait hondatzen bada, subjektu pasiboak bere gain hartu beharko du konponketa, edo Udalari konponketak dakarkion kostua ordaindu.

34. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuarekin bat.

35. artikulua. Tasa horiek Aurizko Udalak eguneratzen ahalko ditu osoko bilkuran bilduta; bertzenaz, urtero igotzen direla ulertuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoaren Prezio Indizearen arabera.

36. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Egun ehortzirik daudenak errespetatuko dira, harik eta Udalak ordenantzaren 5. artikulua betetzeko beharra ikusten duen arte. Artikulu hori bete behar den aldiro, lehentasuna emanen zaio laukiak edo "fuesak" libratzeari, erregela honen arabera:

a) Lurperaturik 10 urte baino gehiago dutenak, beren familiak udal katastroan jabetzarik ez badute. Horien artean, lehentasuna izanen dute ehortzirik denbora gehien dutenek.

b) Udal katastroaren arabera jabetzak izanik, laukia edo "fuesa" erabili gabe denbora gehien dutenak, izanik azken ehortziak egoera horretan dauden guztien arteko antzinatasunik handiena.

Bigarrena.-Urtebeteko epean ordenantza hau onesten denetik, ordenantza honen aitzinetik egindako esleipenetako egoerak erregulatzeko interesa duten guztiek esleipena eskatu beharko dute, Udal honek erregistro bat sor dezan emandako esleipenekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Tasak

Lurrean ehorzteko eta hobitik ateratzeko tasak: 100 euro.

Iragarkiaren kodea: L1103116