26. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKAROZE

Aldaketa, Ur horniduraren tasa arautzen duen
ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Ezkarozeko Udalak, 2010eko azaroaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Ur horniduraren tasa arautzen duen udal ordenantzaren tarifetan. Iragarkia 2010eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ezkarozen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Alkatea, Juan José Layana Barber.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

Salbuespenak.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak.

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak.

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik: 12,02 euro urtean.

b) Etxeko beharretarako hornidura, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,46 euro urtean.

c) Ur hargune berrirako kuota, 180,30 euro.

Likidatu beharreko kuota.

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sorrarazpena.

7. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sorrarazi eta ordainaraziko da.

Kudeaketa arauak.

8. artikulua. Bai kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

9. artikulua. Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Diru-bilketa.

14. artikulua. 1. 5. artikuluaren a) eta b) ataletan aipatzen diren ordainarazpenak urtean behin ordainduko dira.

2. Artikulu beraren c) atalean aipatzen den tasa, sortzen den unean ordainduko du erabiltzaileak.

Arau-hausteak eta zehapenak.

15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda ere.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Ezkarozen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Alkatea, Juan José Layana Barber.

Iragarkiaren kodea: L1101189