238. ALDIZKARIA - 2011ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1737/2011 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Lakuntzako udal mugapean dagoen galdaketa instalazio baterako, instalazioan funtsezko aldaketak egiteko proiektu baten ondorioz. Jardueraren titularra Sakana Sociedad Cooperativa da.

Espediente mota: Ingurumen baimen integratua (funtsezko aldaketa).

Espedientearen kodea: 1076/06.

Aplikatu beharreko araua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B - 2.4.

Instalazioa: Galdategia.

Titularra: Sakana Sociedad Cooperativa.

Zentroaren zenbakia: 3113801416.

Kokalekua: Sagarrarte, z.k.

UTM koordenatuak (Huso 30N, Datum ED50): X = 579.040; Y = 4.752.606.

Udalerria: Lakuntza.

Proiektua: Galdategi baten handitzea - galdategi berria.

Lehendik baden instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 2.4. epigrafean jasota dago, hots, "Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.4 epigrafean sarturik dago, "Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan; eta Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. taldeko e) atalean ere bai.

Azaroaren 30eko 2491/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman zion.

Titularrak aurkeztu duen handitze proiektuak aldaketa funtsezkoa dakar, Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Horrenbestez, instalazioa, oro har, handitu ahal izateko, beste Ingurumen baimen integratu bat lortu behar du, Erregelamenduaren 24.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Handitze horrek emisioen eta natur baliabideen erabileraren funtsezko gehikuntza dakar eta, horregatik, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren II. eranskineko 9. taldeko k) taldean sartzen da. Horri dagokionez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erabaki zuen beharrezkoa dela proiektuaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi ziren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den denboran.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehen.-Ingurumen baimen integratua ematea Lakuntzako udal mugapean dagoen galdaketa instalazio baterako. Instalazioaren titularra Sakana Sociedad Cooperativa da.

Bigarrena.-Instalazio hori handitzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.-Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1076/06 espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Laugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bosgarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Seigarrena.-Instalazioa hondakin arriskugarrien ekoizleen erregistroan inskribatzea 15P01138014162004 erregistro zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Zazpigarrena.-Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, baita ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoaren arabera ere. Aipatu erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zortzigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.-Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean. Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamargarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Sakana Sociedad Cooperativari, Lakuntzako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko azaroaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea; Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1118458