150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1066/2011 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Arazuriko (Oltza) udal mugapean ibilgailuak fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Volkswagen Navarra, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Oltzako (Arazuri) udal mugapean ibilgailuak fabrikatzeko instalaziorako. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra, S.A. da.

Gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 26ko 1870/2010 Ebazpenaren bidez, instalazio horren Ingurumen baimen integratua aldatu zen.

2011ko apirilaren 15ean, titularrak aldaketa baterako eskaera egin zuen, hau da, egina dagoen eraikin bat egokitzea, zehazki, pinturak nahasteko erabiltzen zen 2. nabeko aretoa zoruko biltegi bihurtzea, motorrak egiteko naberako eta kalitate ikuskapenak eta lineen aurremuntaketa txikiak (warenfilter) egiteko beharrezkoak diren produktuak biltzeko bertan. Halaber, markesina bat jarriko da, materialak nabe batetik bestera eramateko logistika errazagoa izan dadin.

Era berean, egokitzat jo da emisio guneak sailkatzea urtarrilaren 28ko 100/2001 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez, airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak eman ziren.

Horretaz gainera, 2. nabean disolbatzailea erabiliz pintatzeko prozesuaren ondoriozko aldi bateko emisioari dagokion 7.1 puntua kendu egin da, jarduera hori bukatu baita.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz -erregelamendu horrek garatzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea-, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Arazuriko (Oltza) udal mugapean ibilgailuak fabrikatzeko dagoen instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2011ko martxoaren 30ean eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Wolkswagen, S.A. da. Ingurumen baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez eman zitzaion.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, 2015eko azaroaren 23an bukatuko dena. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Volkswagen Navarra, S.A.ri, Arazuriko (Oltza) Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 28an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1111803