150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1323/2011 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, erlijio katolikoko irakasleen destinoak esleitzeko jarraibideak onesten dituena 2011-2012 ikasturterako.

Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 28an emandako 64/2007 Foru Aginduak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako erlijio irakasleen destinoak esleitzeko prozedura eta mugikortasuna arautu zituen. Foru agindu hori Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 3ko 80/2007 Foru Aginduak aldatu zuen.

Aipatutako foru aginduaren laugarren oinarriak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen ikasturte hasierako plantillan zehaztutako lanpostuak betetzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuak apezpikutzak proposatutako irakasleei esleituko dizkie, oinarri horretan bertan xedatutako irizpideei jarraikiz.

Halaber, bosgarren oinarrian izangaiei ordezkapenetarako deitzea xedatzen da.

Erlijio irakasleen lan-harremana arautzen duen ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluak dio kontratazioa denbora mugagaberako izanen dela, ordezkapen kasuetan izan ezik, kontratuan agertzen den lanaldiari eta/edo ikastetxeari dagokionez egin beharreko aldaketak galarazi gabe, kontratuak irauten duen bitartean eta hezkuntza planifikazioa dela kausa betiere.

Administrazio honen mendeko ikastetxeetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak neurriak hartzeko eskatzen du, 2011-2012 ikasturterako lanpostuak modu arin eta eraginkorrean esleitzea ahalbidetzeko.

Hori dela eta, bidezkoa da erlijio katolikoko irakasleen destinoak 2011-2012 ikasturterako esleitzeko jarraibideak onestea; beharra dagoen bitartean destino berberean gelditzeko modua bermatuko da.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2011-2012 ikasturterako destinoak esleitzeko jarraibideak onestea, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz:

Lehena.-Lan-kontratu mugagabea duten erlijio irakasleak.

1. Lan-kontratu mugagabea duten erlijio irakasleek euren ikastetxean segituko dute 2011-2012 ikasturtean, salbu eta ikastetxe horretan irakastordurik ez badute.

Dena den, destino berri bat aukeratzen ahalko dute horretarako eginen den ekitaldi publikoan.

Aukera hori Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez egin beharko da, horretarako ezarriko den epearen barruan. Epea Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da: www.educacion.navarra.es.

Ekitaldi publikoan destino berria hautatu behar duten lan-kontratu mugagabeko erlijio irakasleak betetzen ari diren lanpostu hutsak ekitaldi horretan eskainiko dira. Ekitaldi publikoan destinoa aukeratzen ez badute, haien lan-kontratu mugagabea deuseztatu eginen da.

2. Lan-kontratu mugagabea duten erlijio irakasleek, hezkuntza planifikazioa dela kausa, 2010-2011 ikasturteko destinoko ikastetxean beren irakastorduak galtzen badituzte, 2011-2012 ikasturterako destino berria aukeratu beharko dute ekitaldi publikoan. Ekitaldi publikoan destino berririk aukeratzen ez badute, haien kontratu mugagabea deuseztatu eginen da.

Kidego eta/edo maila eta hizkuntza berean lanpostuak betetzen dituzten irakasle batzuen artean zehaztu behar denean irakastordu faltagatik destinoa nork galduko duen, haietako inork ez badu bere borondatez hautatzen, berdinketa kasuan irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

1. Lan-kontratu mugagabearekin erlijio irakasle lanetan antzinatasun txikiena izatea.

2. Ikastetxean lan-kontratu mugagabearekin erlijio irakasle lanetan etengabeko antzinatasun txikiena izatea.

3. Ikastetxean erlijio irakasle lanetan etengabeko antzinatasun txikiena izatea.

4. Irakasten duen irakasleen kidegoan erlijio irakasle gisa denbora gutxien eramatea zerbitzu ematen.

3. Hezkuntza planifikazioa dela kausa, irakastorduak aldaturik dituzten erlijio irakasleek 2010-2011 ikasturtean zuten destino berean jarraitzea hautatzen ahalko dute, 2011-2012 ikasturterako zehaztutako irakastorduak onartuz, edo destino berri bat aukeratzen ahalko dute ekitaldi publikoan.

Hautu berdina egin ahalko dute 2010-2011 ikasturtean destino ibiltaria duten erlijio irakasleek, 2011-2012 ikasturtean irakastorduak edo ibilbideko ikastetxeak aldatzen direnean.

Hautu horiek Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez egin beharko dira, horretarako ezarriko den epearen barruan.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) ikusgai jarriko da 2011-2012 ikasturtean irakastorduak edo ibilbideko ikastetxeak aldaturik izanen dituzten irakasleen zerrenda, azaldutako hautuak ezartzen den epean egin ditzaten.

Aipaturiko hautuetako bat ere egiten ez duten izangaiek aurreko ikasturteko destino berean jarraituko dute eta 2011-2012 ikasturterako finkatutako irakastorduak edo ibilbideko ikastetxeak onartuko dituzte. Haien kontratuak aldatu eginen dira, ikasturte horretarako behar zehatzetara egokitzeko.

Bigarrena.-Erlijio irakasle aritzeko kontrataziorako izangaiak.

Hezkuntza planifikazioa dela eta, zerrendetako izangai berriak kontratatzen ahalko dira, ebazpen honen hirugarren oinarrian xedatutakoari jarraikiz. Nolanahi ere, lan-kontratu mugagabea duten irakasleen atzetik aukeratuko dute destinoa, ekitaldi publikoan.

Hirugarrena.-Arau komunak.

1. Lanpostuak hautatzeko, ezinbestekoa izanen da kidego eta hizkuntza bakoitzari dagokion zerrendan egotea eta Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 28an emandako 64/2007 Foru Aginduan xedatutako beharkizunak betetzea.

2. Ekitaldi publikora bertaratzen diren langileek lanpostuak hautatuko dituzte zerrendan dagokien ordenari jarraikiz, merezimenduen baremoa aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera. Lan-kontratu mugagabea duten erlijio irakasleei destino berria esleitzeak lehentasuna izanen du kontratatzeko dauden izangai berrien aurretik.

3. Lanpostuak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz jakinaraziko da iragarkia Hezkuntza Departamentuaren web orrian jarrita: www.educacion.navarra.es.

Interesdunak berak edo bere ordezkari batek -betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazki bat aurkezten baditu- parte hartzen ahalko du lanpostuak aukeratzeko jendaurreko ekitaldietan.

4. Eskainitako lanpostuak, ekitaldi publikoan 2011-2012 ikasturterako destino berria aukeratu behar duten lan-kontratudun mugagabeak eta, hala denean, kontrataziorako izangaiak Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) egonen dira ikusgai, destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak egin baino lehen.

Kontratua hautatuta, hautapena ezin izanen da aldatu hurrengo deietan.

5. Interesdunek aurkeztutako eskaerak.

Eskaerak aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2011ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

Interesdunek beren eskaerari uko egiten ahalko diote haiek aurkezteko epearen barrenean. Epea bukaturik, ez da uko egiterik onartuko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpena igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalari, Langileriaren Araubide Juridikoaren Atalari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Iruñeko Artzapezpikutzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko uztailaren 4an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1111874